Jon Bienzobas
euskal presoaren bizitza arriskuan funtzionario baten axolagabekeriagatik Frantziako Saint Maur espetxean
 
 
Jon
 Bienzobas preso galdakarra azaroaren 12an Saint Maur espetxetik atera 
zuten, hurrengo egunean Parisko ospitale batean ebakuntza bat egin behar
 ziotelako. Kirofanoan zein Jon egon zen bestelako dependentzia 
guztietan, momentu oro E.R.I.S talde berezia presente egon zen. 
Sudurreko ebakuntza bat izan zen eta dena ondo atera zenez azaroaren 
15ean, espetxera eraman zuten berriro ere.
Azaroaren
 21ean, ospitaleko mediku bat joan zen espetxera, ebakuntzan sudur 
barnean babesteko jarri zioten sarea kentzera. Eta guzti hau normaltasun
 osoz eta arazorik gabe eman zen, azaroaren 24a arte. Egun horretan 
19:00ak inguruan Jon Bienzobas sudurretik odoletan hasi zen, eta une 
horretan bertan Administrazio Penitentziarioa jakinaren gainean jarri 
zuen bi funtzionarioren bitartez, 10 egun lehenago ebakuntza bat izan 
zuela sudurrean adieraziz. Larrialdietakoak jakinaren gainean zeudela, 
sudurra tapatuta izateko eta gelditzen ez bazitzaion berriz ere 
abisatzeko erantzuten zioten. Hala ere, Bienzobasek egoeraren 
larritasuna baieztatzeko arduraduna bera ikustera joateko eskatu zien. 
Baina, ez zen inor agertu. Ordu erdi beranduago odola isurtzeari utzi 
zion.
Goizaldeko 01:45etan berriro odoletan hasi
 zen, eta berak lortu zuen hemorragia gelditzea. Baina, ez zuen luzaro 
iraun; 02:30ean berriro hasi baitzen odoletan. Une horretan interfonotik
 jakinarazi zien, berriro ere, Administrazio Penitentziariokoei odoletan
 ari zela eta ez zitzaiola gelditzen. 02:45etan lehen aldiz, 
funtzionarioen arduraduna Bienzobasen ziegan sartu zen beste hiru 
funtzionariorekin batera. Funtzionarioen arduradunak ziega guztia odolez
 zegoela ikusi arren, ez zion kasurik egin eta 20 minutuz sudurra 
estutzeko esan zion, beraiek larrialdietara deituko zutela bitartean. 
Egoera hain zen kezkagarria, funtzionario batek arduradunari zerbait 
egin beharko luketela esan ziola; arduradunak isilarazi egin zuen, 
ordea.
02:50ean jada egoera oso gogorra zen. 
Beinzobasek beste presoei laguntza eskatu zien, eta denek 
interfonoetatik eskatu zuten larrialdietakoak etortzen ziren bitartean 
norbait egotea Bienzobasekin, konortea galduko zuen beldur zirelako. 
Jada ahotik odol koaguluak eta guzti botatzen zituen. Egoera benetan 
larri hau beste ordu betez luzatu zen, benetan kritikoa izatea iristen 
zelarik. Funtzionarioak benetan kezkaturik eta urduri aurkitzen ziren, 
arduradunagatik ere gaizki esaka aritu zirelarik, honek ez baitzuen 
Bienzobasen ziegaren atea irekitzen. 04:00ak pasatxo zirenean, eta 
funtzionarioek egoeraren benetako larritasuna  eta arduradunaren jarrera
 ikusita ziegako atea zabaltzea erabaki zuten. Bienzobas oso ahul 
zegoen, gorputzeko tenperatura jaitsia zuen, hanken sentsibilitatea ere 
galdua zuen eta funtzionarioen artean erizaindegira eraman zuten. Bertan
 funtzionarioek txandatu egin behar izaten zuten bere hemorragiari 
eusteko.
05:30ean, egoera oso kritikoa izatera pasa zen. Ahotik eta sudurretik botatzen zituen koaguluak, eta ondorioz ezin zuen ezta arnasa hartu ere. Konortea galtzeko zorian ere egon zen. Funtzionarioak eurak ere oso urduri zeuden, ez baitzuten ulertzen larrialdietakoak zergatik atzeratzen ari ziren, eta Bienzobasengatik oso kezkatuta zeuden.
Goizeko 06:10etan iritsi zen 
anbulantzia. Erizaindegitik espetxearen sarrera eraman zuten Bienzobas 
funtzionarioek, eta bertan ordura arte desagertuta egon zen 
funtzionarioen arduraduna berragertu zen eskuburdinekin eta hankak 
lotzeko beste burdin batzuekin. 06:30ean iritsi zen Chateauroux 
ospitaleko larrialdietara. Egoera ikusgarria zen, izugarrizko koaguluak 
ateratzen zitzaizkion.
Hemorragiaren zergatia 
azaldu zioten larrialdietan. Badirudi ebakuntzan sudurraren barruan 
ebaki bat egin ziotela eta glandula horren postilla edo zolda apurtu 
egin zela, eta horregatik sortu zitzaiola hemorragia. Larrialdietan 
zauria itxi zioten eta sudurrean zituen koaguluak atera zizkioten. Hala 
ere, Bienzobasek odol asko galdu zuenez, eta espetxeak gau horretan izan
 zuen jarrera ikusita, larrialdietako medikuek erabaki zuten 36 
orduzospitaleratua izatea, berriro espetxera eraman zuten arte.
  

Jon
 Bienzobasek lehen pertsonan egiten duen kontakizun hau benetan 
beldurgarria da. Hasiera batean konplikazio handiegirik ez duen kontu 
bat, oso muturreko egoera bat izatera pasatzen da espetxearen eta 
bereziki funtzionarioen arduradunaren arduragabekeriagatik! Jon 
Bienzobasek hil ala biziko egoera bat bizi behar izan du espetxean izan 
duen asistentzia faltagatik!
Hau
 da, gure senide bat konortea galtzeko zorian egon da espetxearen ardura
 faltagatik, eta bere osasun egoera muturrekoa izatera pasa zen arrazoi 
honegatik, bizitza bera arriskuan jartzera arte.
 Odola isurtzen hasi zenetik ospitalera eraman zuten arte 11 ordu igaro 
ziren, eta 11 ordu horietan espetxeak Jon Bienzobas odol husten utzi 
zuen. Eta guzti hau, jakinda hamar egun lehenago sudurreko ebakuntza bat
 jasan zuela.
Etxerat elkarteko senide eta lagunontzat gertakari hau oso larria da, gure senideen oinarrizko eskubideak urratzeaz gain, euren osasun egoera bera ere arriskuan jartzen duelako. Lotsagarria eta oso kezkagarria iruditzen zaigu. Saint Maur espetxeak eta bereziki gau horretan funtzionarioen arduraduna zenak arduragabekeria osoz jokatu zuten, euren jokabidea benetan makurra izan zelarik; eta horregatik, arduraz jokatzeko eta honen aurrean hartu beharreko neurriak hartu ditzaten exijitzen dugu. Berriro gure senide baten bizitza arriskuan egon ez dadin, espetxearen arduragabekeria soil bategatik. Izan ere, osasun eskubidea gure senide presoei ere badagokie, baina behin eta berriro urratua izaten da.
Honaino ETXERAT elkarteko testua. Zer gehiago erran? Nik ere zortzi urtez ezagutu nituen Frantses Errepublikako espetxeak, eta burgesiaren diktaduraren muina, izan errepublika ala monarkia, faxismoa ala parlamentarismoa, beti berdina da. Azalak aunitz dira, baina mamia berbera. Eta espetxeekin berdin.
Amnistia behar dugu, bi estatu burges, etnozida eta terrorista horiek preso eta bahituta dituzten gure lagun eta adiskide iraultzaileak etxerat joan daitezen. Amnistia osoa, eta baldintzarik gabe, euskal iraultzaileendako, eta gainontzeko iraultzaileendako ere bai, jakina, eta justzia iraultzailearen zorrotza Euskal Herri Langilea urtez urte zapaldu eta martirizatu duten mertzenarioendako!
Hau da, Amnistia, garaipenaren ondorioa. Urtarrilaren 12an hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon, euskal preso politikoen alde. Euskal herriaren sektore zabalengana egin da, minimoen planteamendu humanista batetik. Den-dena beharrezkoa da presoen alde, eta bide horretan, den-dena beharrezkoa delakotz, bada garaia Amnistiaren aldeko dinamika eta mugimendua berpizteko, gainontzeko dinamiken osagarri. Zeren eta Amnistia eskatzen baitugu preso abertzale, sozialista eta iraultzaileendako, ez baitute inolako deliturik egin, Euskal Herri langilearen defentsan aritu dira, bertzerik ez. Beren borrokaz eta duintasunaz harro gaude, eta hemen barkamena eskatu behar duten bakarrak, Frantzia eta Espainia dira, bi estatu etnozida, hiltzaile, torturatzaile eta terroristak. Eta beren mertzenarioak.
 PRESOAK KALERA, AMNISTIA OSOA!!! 
AMNISTIARIK GABE, BAKERIK EZ!!!
 
 
  
 

 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina