LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

Lenin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Lenin etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/06

KIMETZ






 ELKARRIZKETA
 "AURRERA LANGILERIA"
 BLOGEAN

 kimetz-logo


Nazioarteko Langileriak lehen uholde iraultzailearen amaiera ikusi du, Urriko Zikloa deritzona. Kapitalismo Inperialistaren jardute  zapaltzailearen aurrean ezindurik aurkitzen da, batez ere ideologikoki, gizarte klasista endekatuarekin amaitzeko eta Sozialismoaren aroari hasiera emateko. Datozen garai latz baina erabakigarri hauetan, etorkizun ilunaren aurrean begirada beste alde batera zuzendu ordez, badira Herri Langilearen indarrean sinesten jarraitzen dutenak, datozen borroketan Langileriari garaile ateratzeko beharrezko armak eskaintzeko lan egiten dutenak, edozein iraultzaile itxaropenez betetzen dutenak.


Hona hemen Aurrera Langileria-k Kimetz Kolektiboari egindako elkarrizketa, egungo auzi garrantzitsuez Euskal Herritik eta Langileriaren marxismo-leninismoaren ikuspegi burujabe eta hilezkorraz egina.




Aurrera Langileria: Egunon Kimetz kolektiboa. Erakunde komunista gisa aurkezten zaretela dakigu, nola definituko zenukete zuen izatearen zioa?


Kimetz Kolektiboa: Kimetz 2000. urtean jaio zen, zehazki 1999ko abenduaren 31ean. Nazio honen ikuskera marxistari atxikitutako  zenbait militantek borroka guztiak norabide berean, iraultza soziala Euskal Herriaren testuinguruan, gidatu, antolatu, bateratu eta bideratuko zuen behargin klasearen erakunde burujabe baten beharra egiaztatzen zuten. Une horretatik aurrera gure egiteko garrantzitsuena euskal behargin klasearen alderdi komunistaren sorkuntzan lan egitea izan da. 


Data hartatik aurrerako gertaerek gure azterketaren egokitasuna berretsi besterik ez dute egin. 2008. urteko krisialditik aurrerako oligarkiaren erasoaren aurkako borroka prozesu osoko bateratze, antolatze eta gidatze gabezia gure azterketa berrestera etorri da, apurrengatiko borroka erreformistaren eraginkortasun eza eta euskal prozesu politiko osoa Iraultza, Sozialismo eta Independentziaruntz aurrera egitea ahalbidetzen duten behargin egiturak sortzeko beharra erakutsiz.


ENAMen krisiak, Ezker Abertzalearen ondorengo etsitzea  ekarri duena, egitura instituzionaletan erabat integratuta eta erreforma frankistak ezarritako marko legaletik ateratzeari bere ukatzeak, euskal behargin klasea umezurtz utzi du.  

Gidaritza ezartzen duen iraultzaileen alderdi edo antolakunde homogeneo bat ez egoteak, koadro politikoz osatua eta abangoardiakoa, hots, aitzindaritza egiten duena, ENAM barneko gaurko printzipioen krisia  eta behargin mugimenduaren ikuspuntu eza orokorra ahalbidetu du. 

Gure nahia leku politiko hori betetzea da, eta mota berriko behargin alderdiaren sorkuntzara bideratutako abangoardiako indarren metatzea. 


Hala ere, hau ez ezin da egun batetik bestera egin eta prozesu osoa luzea eta zaila izango dela badakigu. Eremu sozialistako gehiengoaren desagertzeak, nazioartean jazotzen den blokeetako osaketarekin batera, behargin klasea egoera guztiz zailean ipini du. Krisi honetatik irteera Euskal Herrian soilik jarrera iraultzaileetatik izan daiteke. Bakezaletasun faltsuak, parlamentarismoak, erreformismoak eta errebisionismoak behargin klasea ezindurik uzten dute, bai maila ideologikoan zein praktikoan.



 A.L.: Zuen azterketetarako eta zuen antolakuntza lana eta langileenganakora gidatzeko marxismo-leninismoaren zientzia politikoa erabiltzen duzuela pentsatzen dugu. Zeintzuk dira zuen erreferente garrantzitsuenak? Eta Sozialismoaren eraikuntzaren kausari min gehien ematen dioten ideologiak?


K.: Gure antolakundea komunista gisa eta zehazkiago marxista-leninista gisa definitzen da. Zer esan nahi du honek? Marx-en doktrina egiazko bakartzat hartzen dugula, ekintzarako gida bat, prozesu historikoen izatetik eta Sozialismo Zientifikoaren ezagutzatik errealitate haren beraren ezagutzari heltzeko, errealitatearen azterketa metodo bat ematen digulako. 

Gure ideologia ezartzen den hiru ardatz nagusiak materialismo historikoa, materialismo dialektikoa eta ekonomia politikoa dira, Sozialismo Zientifiko gisa ezagutzen dena osatzen dutenak, dena behargin klaseak botere politikoa eskuratu eta beretzat Euskal Estatu Sozialista eraiki dezan amaierako helburuarekin.


Uste dugu Marx eta Engels-en gizarte kapitalistaren azterketa  Lenin-ek soilik osatu zuela bere Inperialismoaren garaiaren definizioarekin eta Estatu modernoaren azalpen pedagogikoarekin, Kapitalismoaren azken fase gisa edo Estatuko kapitalismo monopolista gisa; hala nola errebisionismoaren salaketa argi eta oinarrizkoa, non mota berriko behargin alderdi iraultzailearen beharra ere azaltzen den.  

Horregatik marxista eta leninista deitzen diogu geure buruari. 

Honek ez du esan nahi beste komunista handi batzuk kontuan hartzen ez ditugunik, Marx eta Lenin-en doktrina gainditu gabe marxismo-leninismoaren garapenera ere beren ekarpena egin dutenak. 

 

Argala, Txabi edota Pertur dira militanterik aurreratuenak euskal marxismoaren baitan, Herri-frontearen barneko behargin alderdi burujabearen, euskal auzi nazionalaren eta fronte horren beraren definizio eta beharraren inguruko  beren ekarpenekin, gerora Herri Batasuna deituko zena. 

Stalin edota Ernesto “Che” Guevara, hain garrantzitsuak diren Sozialismoaren garapen edota eraikuntza, auzi nazional edota internazionalismoaren auziak ikasten ditugun egileak dira. Alexandra Kollontai edota Clara Zetkin emakumearen eskubideen eremuan dira erreferentziak. Azken finean, marxismoaren klasikoez elikatzen gara gure formakuntza, azterketa eta ekintzen gidarako.


Gaur egun milaka arazo ditugu euskal behargin klasearen baitan. Euskal behargin klasea elementu homogeneo bat ez dela ulertu behar dugu, eta bere baitan antolatze eta ideologia maila desberdinak aldi berean daudela. Gaur egun, eta duela zenbait hamarkada, beren nahiera dabiltza hainbat joera ideologiko euskal behargin mugimenduaren barnean. Alde batetik, erreformismoa, Estatu burgesaren ustezko ontasunak adieraziz behargin klasea engainatzen saiatzeaz arduratzen dena, eta beste aldetik, errebisionismoa, marxismoa behargin klasearen berezkoak diren interesei arrotza den zerbait bihurtzen duena. Bi joerek gogo biziz egiten dute lan batera marxismoa bere printzipio iraultzaile eta burujabeez eranzteko; behargin klasea bere klase borrokatik aldentzen saiatuz.


Hitzaren eta lumaren profesionalek marxismoaz hitz egiten dute bere corpus ideologikoa ukatuz. Iraultzaz hitz egiten dute boterearen lortzeaz, behargin klasearen antolakuntza burujabeaz edo ekoizpen baliabideen jabetzaz hitz egin gabe, Euskal Herrian Sozialismoaren garapena eta eraikuntza ahalbidetuko dutenak. Euskal proletalgoarentzat askatasuna nahi dutela esaten dute, aldi berean instituzio burgesetara eta burgesia-ttipira lotzen dutelarik. Sozialismoa aipatzen dute Proletalgoaren Diktaduraz gabetuz, klase sozialekin nola amaituko duten azaldu gabe.


Hala Sozialismoa nazional edo identitario nola XXI. mendeko Sozialismoak, beren sortzaile propioek zehazteko eta garatzeko daudela onartu behar izan duten teoria huts eta azalekoak; antolakunde anitzetan erdigune ideologikoa betetzen dute gure nazioan. Teoria hauek ezer berririk gehitu gabe eta mementora arte gutxi zehaztuari eta garatuari buruz ezer zehaztu ezta garatu gabe dira onartuak. Zehaztugabeko zerbait ardurarik gabe onartzen da historiak jadanik frogatutakoa ukatzen den bitartean. Behargin mugimenduak duen ahultasunaren aurrean datozen teoria zaharrak.


Beste antolakunde batzuk, EHK bezala, beren burua komunista izendatzen dutenak, beren izatean zehar euskal proletalgoaren antolakunde burujabearen sorrera oztopatu dute mintzaira eta hiztegi marxistari uko egiten dioten aldi berean, burgesia-ttipiari lan zikina eginez.


Badira beren burua komunista izendatuz ezer praktikoagatik lan egiten ez dutenak, hauek ere sendi komunista osatzen dute. Beharrezkoa dena ez da kritika soilik, baizik eta aukera baten eraikitzea memento honetan ezinbestekoa bihurtzen da, zeina gabe ezinezkoa izango den garaiko egoeratik ateratzea eta euskal proletalgoa garaile ateratzea lortzea.


Beste batzuk, beraien arabera iraultzaileak diren hainbat sektoreen batasuna deitzen dute izendatutako antikapitalismoaren beste irizpiderik gabe, gizartearen azterketa zientifiko bati uko eginez. Beraientzat gauza bera da Proletalgoa, Behargin Klasea zein Herri Langilea eta euskal proletalgoaren aitzindari papera edo indar eragilea ukatzen eta/edo nahasten dute.


Denak balio du egungo nahasmen garai batean zeinetan oportunismoak bere nahiera nabarmentzen den behargin klasea nahastuz eta desantolatuz eta burgesiaren azpilana eginez.


Gure antolakundeak ideologia guzti hauek era irmoenean gaitzesten ditu euskal behargin klasearen antolakuntza ekidinezina atzeratzen dutenak egitura propio eta burujabeen inguruan.



A.L.: Euskal Estatu Sozialistaren eraikuntzaren alde lan egiten duen kolektiboa izanik, ezker abertzalearen eremu soziologikoaren baitan zaudetela jotzen dugu. Zein da zuen iritzia ENAMen barnean hegemonikoak izan diren antolakundeek azken urteetan izan duten jarrera politikoari buruz?


K.: Ez dira errespetatuak izan bai Argala-ren zein Pertur-en 1976ko azterketa marxista egokiak zeinetan proletalgoaren alderdi burujabe bat zehazte zen, aitzindaria, homogeneoa, taldeena eta erdi-isilpekoa mugimendu askatzailea iraunarazten eta gidatzen jakingo zuena, jarrera iraultzaile batzuetan,  ez militarismoan ezta Estatuaren egituretan integrazioan erori gabe. Biak ala biak etsitze ideologiko bat dira Herri honentzat.



Bistakoa da duela urte batzuetatik hona ENAM eta bere baitako antolakundeak krisian daudela, eta hori dela Ezker Abertzale ofizialari independentzia eta sozialismoa leloaz adierazten ziren jarrera klasikoei uko egitera eraman duena. Gure irakurketa argia da zentzu honetan eta laurogeiko hamarkadan hasten da gaur egun arte. Geure burua HASIren defentdatzaile sutsu izendatu gabe, bai ulertzen dugu alderdi honek Herritar Batasunaren baitan paper bat jokatzen zuela. Euskal proletalgoaren ordezkari ideologikoaren papera, bere huts eta asmatzeekin, baina zinez ezkerretik presioa egiten zuena Herri Batasunaren baitan .


HASI desagertzerakoan, eta eremu sozialistaren erorketarekin, sozialdemokrazia aurkaritzarik gabe garatu da Herritar Batasunaren baitan, alde batetik erakunde armatuaren fronte politikoaren urruntzea ahalbidetu duena,  eta beste aldetik narriatze ideologikoa izan da azkeneko haustura egitura instituzional burgesetan integratzerantz eragin duena. 

Edozein eratara ere ezin zaio erru osoa burgesia-ttipiari egotzi, historikoki mintzatuz bere ohiko egitekoari eustea besterik ez baitu egin. Erruduntasun hori bistan denez beren burua marxista izendatuz amore eman eta burgesia-ttipiari bide zabala irekiz horren menpera jarri zirenena da.


Guzti hau guztiz laburbildua dago noski eta horri buruz xehetasun asko daude prozesua nola izan denaren inguruan, baina gure aburuz ukaezina dena, ENAMren izateak berak Euskal Iraultzaren alde bikoitza egiaztatzen duela da, bata Iraultza sozialarena eta bestea, honen menera baina inoiz ez alboratuta, Askapen Nazionalarena. Azterketa honetatik urruntzea Zutik Euskal Herria! prozesua ezagutzen denaren egoera eragin duena dela ulertzen dugu, Aieteko Adierazpenarekin amaitu dena, non argi eta garbi eta nazioarteko inperialismoaren ordezkarien eskutik Estatuaren aurkako borroka aroaren amaitzea eta bere onespena Ezker Abertzalea sistemaren antolakundeetako klub apartekoan integratzeko eszenaratzen den.



A.L: Nazioarteko proletalgoari aurkezten zaion krisi kapitalista eta inperialisten arteko borroken aurrean, zeintzuk uste dituzue izango direla euskal herri langileak buruz buru izango dituen erronkak hurrengo urteetan, eta zein izango zuen kokapena eta lana haien aurrean?


K.: Alde batetik hurrengo urteetan inperialisten arteko borrokan indarren korrelazioa zein izango den zehazki jakiterik ez dagoela dago, baina badakizkigu zenbait gauza. Badakigu AEB alde batetik eta bere ohiko aliatuekin, Kanada, Japonia eta Britainia Handia, baliabide naturalen hegemonia mantentzen saiatzen ari dela Ekialde Ertainean, bere atzeko patio erdi- eta hego- amerikarra ernegazioz kontrolatzen saiatzen den aldi berean. Ez da ustekabekoa Honduras eta Paraguai-ko estatu kolpeen jauskera, historian lehen aldiz Papa latinoamerikar baten koroatzearen erritu berriarekin batera. Hala nola ez den ustekabekoa azkeneko hamabi urteetan Irak, Afganistan eta Libia inbaditu izana eta Siria inbaditua izaten egotea Iran antzezleku estrategiko lokaletik isolatzeko asmotan. Koreako Errepublika Demokratiko Herrikoi burujabearen aurkako erasoa, Errepublika Txinatarraren alboa hartzea bilatzen duena, AEBren beste oinatz bat da bere hegemonia mantentzeko bidean bere kide Japoniarra indartuz. Inperialismoak beti burujabea eta tutoretzarik gabeko garapena erabakitzen duena erasotzen du. Horretaz gain kontinente afrikarra dugu memento hauetan potentzia inperialisten arteko borroka itzelen tokia dena.


 Beste aldetik Errusia, Txina eta aliatu batzuk daude, Afrikako, Hegoamerikako eta Asiako baliabideengatik borrokatzen saiatzen direnak lurrazpiko diplomatiko eta merkatal guda baten erdian. Herrialde batzuk norgehiagoka inperialistaren jana diren bitartean, kapitalaren Europa bezalako zenbait egitura nabarmenki arriskuan aurkitzen dira. Ez dago leialtasunik aurkako interesetako mundu batean.


Gure ondorioa zentzu honetan da jasaten ari garen krisia baliabide eta merkatuengatik inperialisten arteko harrapaketa gerrate ireki baten ataria dela. 

Egindako galderari erreparatuz osaketan dauden blokeen garapen horren barnean Estatu espainiar eta Estatu frantziarraren kokapena hurrengo urteetan erabakigarriak izango dela ulertzen dugu, Euskal Iraultza era batean edo bestean izatea eragingo duena. Gure jarrera politikoa honen aurrean, marxista ororen antzera, inperialisten arteko harrapaketa gerratea guda zibil iraultzaile bihurtzea beharrezkoa dela da, era horretan kapitalaren jatuntasuna suntsituz. Gerra hasten den unean herrialde guztietako proletarioak elkar zaitezte kontsignak garrantzia handia hartuko du, burgesiak nazioarteko behargin klasea banatzen indarrak bilduko baititu, eta nola ez, behargin mugimenduaren barneko bere eragileek jarraituko dute gerraren benetako izate atzerakoia ezkutatzeko asmoarekin. Bakea nazioarteko behargin klasea nahia da, baina beharrezkoa da argi izatea munduan ez dela bakerik egongo zapalketa dagoen bitartean. Honen aurrean premiaz ikusten dugu euskal behargin klasearen antolakunde burujabe baten sorkuntza, euskal proletalgoarentzat Sozialismorako irteera iraultzailea ekitea ahalbidetuko diona.



A.L.: Zer esango zenieten marxismo-leninismoaz iritzi ezkorra duten  langileei eta soldatapekoei orokorrean? Zein uste duzue izan behar dela komunisten ekitea alienazio kapitalistak behargin klasean sortzen dituen taren aurrean?


 K.: Inperialismoaren taktika oinarrizkoena bat behargin klasearen alienazioa eta nahasmena da, bake soziala mantentzeko helburuarekin. Ez da ustekabekoa bialderditasuna Norvegia edo Euskal Herria bezalako herrialde hain ezberdinetan egotea eta ez da ustekabekoa ere herrialde inperialista guztietan komuna den behargin aristokraziaren fenomenoa, alderdi sozialdemokratak soldata pribilegioen eta laguntza-estatu batean sostengatutako oinarri sozial batez elikatzen dituena.


 Gertatzen dena da krisiak berak behargin aristokraziaren zati handi batekin eta laguntza-estatu horrekin amaitzearen beharra agerian utzi duela, eta ondorio gisa ekarriko duena mugimendu iraultzailearen gorakada izango da. Gainera, bistakoa da duela zenbait denbora hitzaldi iraultzailearen aurrean axolagabeak ziruditen langileak, aste bat igarota ausart eta kontzienteenen artean egon daitezkeela. Horregatik, auzia ez da komunismoaz fidatzen ez den behargin klaseari zer esan behar zaion, baizik eta ildo politiko bat eta bere ezartze praktikoa nola garatu. Langileek ekintza eta hitz bakoitzaren atzeko klaseen interesak ikusten ikasi behar dute.


Garrantzitsua da klase kontzientzia behargin kopuru handi bateri lotua egotea, baina bagara ere kontziente ezin dela eskatu behargin klasearen multzo osoari klase borrokan bere klaseak garatzera deitua dagoen egiteko konplexu guztiaren kontzientzia erabatekoa. Erabateko kontzientzia soilik militantzia aurreratuenera eskatu behar zaio. Kontzientzia goren hori proletalgoaren antolakunde burujabearen bidez  ordezkatua behar du egon; era honetan behargin borrokaren buruan eta ez isatsean aurkitzeko.


 Eta masen buruan joateko, gure garaiko Sozialismo Zientifikoa, marxismo-leninismoa,  bereganatzea ezinbestekoa den iritziari eusten diogu.



Errebisionismoaren aurkako etengabeko borroka eta salatzearen lan praktikotik eta errealitatearen etengabeko ikasketatik Euskal Nazio Askapen Mugimendu Iraultzailearen buruzagitza gauzatuko duen antolakundea aterako dela ulertzen dugu. Behargin klasearen partaidetza indartsuki egongo da eraginda, nahiz eta egun komunismoaz fidatu ala ez fidatu, bere baitan egingo den lan praktikoagatik, esplotazioaren eta auzi nazionalaren inguruko ildo egokiagatik eta militanteen arazo zehatzetan parte-hartzeagatik, soinez soineko borrokaz eta betiere buruan eredutik helarazteaz eta irakasteaz gain. Argiagoak izateko, prozesu iraultzailearen garapena soilik izango da posible bide horretan militante aurreratuenek borrokaren lehen lerroak betetzen badituzte.
 



A.L.: Eta zer esan edo gomendatuko zeniekete teoria eta praktika iraultzaile marxista-leninista  ikasteko grina izanda, eta beraientzat erreferentzia izandako antolakundeen suntsiketaren aurrean, nora joan edo zer egin ez dakiten dabiltza gazteei (ala ez hain gazteei)? Eta erreformisten menera daudenei hortaz jabetu gabe?


 K.: Guk beti adierazi dugu konprometitutako militantziari buruzko gure iritzia. Ez gara fidatzen auzi nazionalaren azterketa bi Estatuen izatetik eta auzi hori antolatze eremuan ere ekiteko beharretik egiten ez duten antolakundeen ildoan, bi estatuetan banandutako nazio batentzako konponbidea federaltasunean edo konfederaltasunean geratu ezin daitekeela ulertzen dugulako, arazoari bere osotasunean heldu gabe. 

Zehazki ez dakigun noiz edo non gauzatu beharreko autodeterminazio eskubide orokor eta abstraktu bat, ala burujabetza klase sozialen izatearen eta esplotazio kapitalistaren egiteari heldu gabe, ez dute ezer konpontzen euskal behargin klasearen burujabetze bidean.


 Hori dela eta, ulertzen dugu Euskal Herrian klase antolakundearen ikasketari eta sorkuntzari heldu nahi dionak, gure antolakundean sartzeko edo antolatu eta gurekin ideologiko eta borrokazko begizta estuak sortzeko posibilitatea serioski pentsatu behar duela, alderdiaren eraikuntzan aurrera egiteko helburuarekin. 

Ezin da gehiago atzeratu euskal proletalgoaren antolakunde burujabearen eraikitzeko beharra. Galtzen den denbora oro klase etsaiari emandako denbora da, gure aurkakoek beren nagusitasunarekin jarraitzeko eta behargin klasea oraindik gehiago nahasteko erabiltzen duten denbora.  

Une hauetan Iraultza, Sozialismoa eta burujabetzaren ikurra eusten duen klase, nazio eta aberkoi antolakundearen formako egitura politiko bakarra Kimetz da.

2013/04/21

ELEKA, JESUS LARRAÑAGA KOLEKTIBOA


 

FORMAZIO KOMUNISTA IRAULTZAILEA
INDARTZEKO SORTU DA 
ELEKA KOLEKTIBOA
 

 

NOR GARA

Orain dela 150 urte, Industria Iraultzaren hasieran, landatik hirira joateko beharrean aurkitu ziren milioika nekazari txirotu eta deserrotu, eta Burgesia industrial jaioberriaren eskuetan erori. Industria sortu berriaren lan-indar bihurtu zituen klase berri hark, eta esplotazio eta miseria izugarria jasanarazi, lanaldi amaiezinak eginez eta gose soldatak jasoz. Ondorioz, Teoria Iraultzaile berria sortu zen: Komunismoa. 

Lehenagoko beste filosofia sozialistetan ez bezala, helburua ez zen erreforma soziala edota Langileriaren eta nekazarien egoera hobetzea bakarrik, baizik eta baita Sistema Kapitalista suntsitzea ere, eta boterea langile-klaseak hartzea.


Harrezkero, mende eta erdi igaro dela, aurrerapen demokratiko faltsu baten eraikuntzaren bidetik joan da historia. Klase-kontraesanak Kapitalismoaren ildoen mende egituratu dira, betiere haren botere-interesaren arabera. Etengabeko krisi politiko eta ekonomikoek, menderakuntza-sistema sakontzeko diseinatuek, bi mundu gerra eragin zituzten, eta egonkortasun ekonomikoaren eta gizarte-ongizatearen egonkortasun-aldiak ekarri, baina mugimendu iraultzaileak saihesteko soilik, Parisko Commune, XIX. mendean, eta 1917ko Iraultza Errusian adibidez, gero eta aseezinagoa zen garapen kapitalista kolokan jar baitzezaketen. 

Petrolioaren krisialditik, 1970eko hamarkadatik, gainbeheran sartu zen ongizate estatu keynestarra, Sozialdemokraziak 1945etik kudeatzen zuena, eta, horrekin batera, lan- eta gizarte-eskubideak pixkanaka galtzen hasi ziren. Reagan eta Tatcher-ek bultzatu zituztenen moduko lege-aldaketen bidez, ekonomia kontrolatzeko gaitasuna mugatu zitzaien gobernuei, eta XIX. mendeko Liberalismo ekonomikoaren laissez faire delakora itzuli: ugazabaren erabateko agindua berrezarri zuten, industrializazioaren hasieran bezalaxe.


2008ko finantza-krisiak, 2013an modu basatian indartu zaigun Sistema-krisiak, arrakastaz burutu du borroka gogorren bidez irabazitako giza eskubide, eskubide sozial eta politiko guztiak deuseztatzeko zeregina. Ondorioz, pobrezia, bazterketa eta esplotazioa areagotu dira. Egungo egoeran, beraz, berebiziko garrantzia du, berriz ere, Marxen eraldaketa sozialerako filosofia eta ideologia komunistaren garapenak, Langileriaren alienazioaren kontra borrokatzeko eta askatzaileak eta gizakiaren duintasunerako bidezkoak diren beste bizimolde batzuk sortzeko.


Hainbat hamarkadatan zokoratuta egon ondoren, badirudi ostrazismotik ateratzen ari direla Komunismoaren printzipioak, Demokrazia burgeseko Sozialdemokraziak inposatu nahi zuen tokitik. Berriz ere eraldaketarako eta praktika iraultzailerako tresna erreal eta egokia dela ikusten da: Herri Langilearen baitara sistemak ekarritako zapalkuntza ikustarazteko beharrezkoak diren kontraesanak ezartzeko gai.


Euskal Herria ez da bereizten edo urruntzen errealitate horretatik. Aitzitik, era bikoitzean murgiltzen da bertan, egungo neoliberalismoaren politikek, Europan nagusi direnek, indartzen dituzten bi Estatuen mende, espainolaren eta frantsesaren mende egoteagatik, betiere, EBren helburu eta interes berdinak dituen Burgesia baskoaren lankidetzaz.

eleka



Egoera horrek behar politiko eta sozial bihurtu du Independentziaren aldeko borroka historikoa. Izan ere, Independentziak soilik eman ahal izango digu diruzalekeria kapitalistatik urrunduko den eta gure ametsetarako irekia izango den etorkizuna eraikitzeko ahalmena. Eraikuntza horretan, bere burua komunistatzat daukan orok parte hartu behar du, bere ekarpen iraultzaile eta militantearen bidez. Izan ere, geure burua komunistatzat jotzea ez da pentsamendu iraultzailea egituratzea edo teorizatzea bakarrik. Lan egitea ere bada, antolatzea eta kalean bizitzea, askatasuna, berdintasuna eta elkartasuna oinarri dituen praktika eta kultura iraultzailean. Errealitatearen eraldaketarantz egiteko, eta mendeko klase izatetik, berezko klase izateko. Kapitalismoaren aurka eta duintasunaren eta eskubideen alde borrokatzen den edozein lekutan, pentsamendu eta kultura komunista berpiztuko dira. Izan ere, hura eraikitzen ari gara Utopiarantz goazenean.


Horregatik guztiagatik jaio da ELEKA. Bide berriak egiteko. Aurreiritzi gris eta zaharrak desegiteko. Egungo euskal komunistok pentsatzen duguna ezagutzeko: zer ginen, zer garen eta zer izan gaitezkeen. Eta, batez ere, beste etorkizun bat izateko aukera dugula erakusteko. “Ortzemuga handituko den eremuan, lapurtu dizkiguten irribarre guztiak jaso ahal izateko”, Parisko Commune-ko poeta anonimo batek zioen moduan.


ELEKAk heziketa iraultzailearen eta lan teorikoaren alde egingo du, Ezkerrak irekitako bideak berriro aurkitzeko. Komunismo berrituaren alde eta etorkizunaz maitemintzeko xedea lagun. Izan ere, burkide batek idatzi zuenez, “etorkizunaz maitemintzeak bizi berria emango dio bizi izandakoari. Gaztetu egiten gaitu, eta ausardia itzuli”.


ELEKAk isilune urrundu bat urratuko du; aisialdiaren kultura globalizatuak herriarengandik hurbila eta kalitate handikoa den kulturari inposatzen diona, alegia. Beste kultura bat, sentipenaren edertasuna eta konpromisoaren indarra dituena. Ederto azaldu zuen haren izaera Pablo Neruda poeta komunistak, Nobel saria hartzen ari zela: “Ulertu nuen nire giza zeregina herri antolatuaren indar handiari lotzea zela, eta ez beste ezer, arimaz eta odolaz, suaz eta esperantzaz lotzea, uhar zabal horretatik soilik sor daitezkeelako idazleek eta herriek behar dituzten aldaketak”.


Burgesiak salbaziorako saltzen digun gehiegizko indibidualismoaren aurrean, giza elkartasun iraultzailea berreskuratuko du ELEKAk eguneroko praktikan zein egitasmo sozialetan, Herritik eta Herriarentzat. Elkartasun posible bat, egungo borroketan errotuta dagoena, eta oroimen historikotik ekarria. Eta ELEKAk irmo eskatzen ditu justizia eta egia harentzat. Ideien egia, Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo emakume eta gizon asko heriotza, espetxea edo tortura jasatera eraman dituzten ideiak. Euskal Herriaren Klase eta Herri Askapenaren alde tinko mantendu ziren militanteak izan ziren, euren borreroei aurre egin zietenak, eta ulertu zuten azken haiek eta ez beraiek zirela bidegabekeriaren errudun bakarrak.


Laburbilduz, ELEKA jaio zaigu benetako Euskal Herri independente eta sozialista baten beharra sentitzen dutenei irekitzeko, bizitza bizi izatea merezi duela sinetsi eta hura helburu duen militantziari irekitzeko. 

 


BERRIA
2013-04-21








Eleka sortu da, 

«heziketa iraultzailea

 eta ideologikoa sustatzeko» helburuz.

 

Elkarte berriak Ezker Abertzalean kokatzen du bere burua, eta «kultura komunista» berpiztu nahi du

Gotzon Hermosilla Portugalete


«Heziketa iraultzailea eta ideologikoa» sustatzea, «langileen prestakuntza politikoa» bultzatzea eta «kontzientzia kritikoa eta militantzia politikoa» suspertzea. Horiexek dira ELEKA erakunde sortu berriak bere buruari ezarri dizkion helburuak. Portugaleten egin dute elkarte berriaren aurkezpena, eta, dagoeneko, lehenengo egitasmoak iragarri dituzte: maiatzaren 2tik 4ra jardunaldiak antolatuko dituzte Donostian eta Bilbon.

Prestakuntza ideologikoa lehentasun izanik, jardunaldiak, mintegiak, hitzaldiak, hausnarketa taldeak, herri eskolak eta antzekoak antolatuko ditu Eleka-k. Baina «Nazio Askapenerako Mugimenduaren ondare ideologikoa jaso eta berregitea ere» izango da elkarte berriaren lan esparrua, eta, hortaz, memoria historikoaren auziari ere helduko diotela iragarri dute.

ELEKA-k Ezker Abertzalearen esparru politikoan kokatzen du bere burua, eta «independentzia eta sozialismoaren alde diharduten guztiei» gune irekia eskaini nahi die. Alde horretatik, tradizio politiko hori osatu duten «iturri guztiak» hartu nahi ditu aintzat, eta Jesus Larrañaga, Txabi Etxebarrieta, Jose Miguel Beñaran Argala eta «sasian askatasunaren alde jardun duten guztien ekarpenak» goraipatu dituzte.



Kultura komunista berpiztu

ELEKA-ren sorrera agirian, «komunismoaren oinarriak» aldarrikatzen dituzte, eta «eraldaketarako eta praktika iraultzailerako tresna egokiak» direla adierazten dute. «Komunismo berrituaren» ildo horretan, «aurreiritzi gris eta zaharrak desegin eta bide berriak egiteko» deia egiten dute aipatutako agirian.

Balio iraultzaileekin batera, Independentziaren beharra ere nabarmentzen dute ELEKA-ren sortzaileek, «independentziak soilik eman ahalko baitu diruzalekeria kapitalistatik urrunduko den eta gure ametsetarako irekia izango den etorkizuna eraikitzeko ahalmena».

Era berean, «pentsamendu iraultzailea egituratzeaz eta teorizatzeaz» harago, lan politiko zehatzetan parte hartzeko deia ere egin dute: «Geure burua komunistatzat jotzea lan egitea ere bada, antolatzea eta kalean bizitzea».

ELEKA-ren lehenengo ekimena maiatzaren 2tik 4ra Donostian eta Bilbon antolatuko dituzten jardunaldiak izango dira. Jardunaldi horien xedea «Euskal Herriko errealitatearen eta nazioarteko egoeraren arteko harremana aztertzea» eta «langile klaseari eragiten dioten gaien inguruan eztabaidatzea» izango da.
Omenaldia

ELEKA-ren aurkezpen ekitaldian Ezker Abertzalearen kide ezagun ugari agertu dira. Han egon dira, besteak beste, SORTUko Iker Casanova, LABeko Jagoba Zulueta, Askapenako Walter Wendelin eta beste zenbait. Beste aldetik, ekitaldian omenaldia egin diote Jesus Larrañaga euskal komunista historikoari, eta lore sorta eskaini diete haren senitartekoei. 

 

Jesus Larrañaga Txurruka













Jesus Larrañaga Txurruka, Goierri, (Urretxu, Gipuzkoa, 1901eko apirilaren 17a - Madril, Espainia, 1942ko urtarrilaren 21a) euskal herritar politikari eta sindikalista komunista izan zen.

Biografia

Joakin aita kontratista zuen, Azkoitiko Goierri baserrian jaioa. Haren lanbidea zela eta, familia osoak sarritan aldatzen zuen bizilekua, lana zegoen tokietara joateko. Margarita Txurruka ama ere azkoitiarra zuen, lisatzailea ogibidez. Lau anai-arreben artean hirugarrena zen Jesus. Familia elizkoia izaki, Jesusen bi anaiak apaiz jesuita egin ziren. Beasaingo (Gipuzkoa) Jose Martin Arana kalean bizi izan ziren.

1912an, Colegio Apostólico de Javier ikastetxera bidali zuten gurasoek, Zangozan (Nafarroa). Zentru hartan, apaiztegian sartu aurreko prestakuntza ematen zieten ikasleei. Ikastetxeko agirien arabera ikasle ona izan zen, izan ere, han egon zen hiru ikasturteetan "bikain" atera zuen ebaluazio guztietan (1912-1915). Jesuitek historikoki sakon landutako oratorian trebatu zen garai hartan, geroagoko bizitza politikoan baliagarri izango zitzaiona. Nahiz eta ikasle ona izan, ikastetxea utzi zuen, hango diziplina zurruna ezin zuelako eraman. Ikasketak utzi baino lehen, Comillasko Unibertsitate Pontifizioan (Kantabria) izena eman zuen 1916-1917 ikasturtean. 1917 edo 18an Beasainera itzuli eta CAF enpresan hasi zen lanean.

Lagun baten bitartez abertzaletu zen. EGIn izena eman zuen Ordiziko batzokian eta SOV sindikatu abertzale eta katolikoko kide egin zen. Irlandako mugimendu intependentistak, Eli Gallastegik Aberri aldizkaritik hainbeste goretsitakoak, izugarri erakarri zuen Larrañaga, garai hartako gazte abertzaleetan ohikoa zen bezala, eta berak ere erreferentzia egiten dio kausa horri zenbait artikulutan. SOVek deitutako greba batean parte hartzeagatik CAFetik kanporatu zuten.

1926an, Miguel Primo de Riverak Beasainera bisita egin zuenean, jendartean ezkutatuta Larrañaga eta lagun batek "Gora Euzkadi Askatuta" oihukatu omen zioten diktadoreari, horren ondorioz atxilotuak izanik.

Diktaduraren aurkako ekintzetan parte hartzeagatik Frantziara ihes egin behar izan zuen. Lapurdiko Bokaleren eta Landetako Tarnosen artean zen burdinolan hasi zen lanean, Hegoaldeko langile asko Frantziara lan bila joaten ziren garaian Lehen Mundu Gerran hildako langileak ordezkatzera. Bokalek Frantziako Alderdi Komunistako auzapeza izan du 1920. urteaz geroztik. Nahiz eta EGIn zebilenean ere komunistekin zenbait hartu-eman eduki, Bokaleko giroari esker bihurtu omen zen, azkenik, Larrañaga komunista. Larrañaga Komunismora hurbilarazi zuten gauzetako bat izan zen komunismoak, eta Leninek bereziki, aldeztutako autodeterminazio eskubidea.

Urte eta erdi ondoren, 1927an, erbestetik itzuli zenean, Donostian amarekin eta Maria arrebarekin bizitzera joan zen Artzai Onaren plazako etxebizitza batera, hango eraikin batean amak atezain gisa lana aurkitu zuelarik. Garai hartarako bi anaiak hilak ziren, eta aitak familia abandonatuta etxetik alde egina zuen. Karmen Agarrista Lauzirika, ahizparekin San Martingo azokan arraindegi bat zeukana, ezagutu eta harekin bikote-bizitza egiten hasi zen. Seme bat eta alaba bat eduki zituzten: Semea jaio eta berehala zendu zen. Alabari, 1934an jaioa, Rosa izena jarri zioten, Rosa Luxemburg komunista alemaniarrarengatik.

UGTko metal-alorreko sindikatuan izena eman zuen, Espainiako Alderdi Komunistako Euskal Federazioaren militante egin eta alderdiko zuzendaritzara iritsi zen. 1931ko apirilaren 12ko Donostiako udal hauteskundeetara hautagai aurkeztu zen Kontxako barrutian, baina botu gutxi eskuratzeko, izan ere, komunistak oraindik oso alderdi txikia eta ahula ziren. Gainera, garai hartan gainerako alderdi ezkertzaleekin batzearen aurkako politika ofiziala zuen Alderdi Komunistak, modu horretan Errepublika helburu estrategiko gisa ukatuz, nahiz eta lau urte geroago jokabide hori aldatu. Politika horren ondorioa izan zen Alderdi Komunistak bere burua inguru politikotik bakartzea.

1934ko Asturiasko matxinadaren ondoko errepresioaldian, Larrañagak muga pasatzen lagundu zien Asturiastik ihesi ateratako iraultzaileei, xede horrekin sortutako militante-sare batean parte hartuz.

1935ean Euskadiko Partidu Komunistaren sorreran parte hartu zuen, besteak beste, Dolores Ibarruri eta Juan Astigarrabiarekin batera. Urte hartako uztail eta abuztu bitartean egindako kongresuan, Kominternak jarrera aldatu zuen gainerako ezkerreko organizazioekin egin beharreko aliantzei zegokionez, eta sozialista, anarkista eta kristauekin elkalanean aritzera eta haiekin herri-fornteak osatzera deitu zituen Europako komunistak, modu horretan faxismoari aurre egiteko.

Donostiako pilotaleku batean 1935ean egindako mitin komunistan, Jose Calvo-Sotelok garai beretsuan esandakoari erantzunez, honek esan baitzuen nahiago zuela "Espainia gorria, Espainia apurtua baino", horrela esan zuen Larrañagak,: (itzulpena) "Calvo Sotelok badaki, eta hor duzue SESBko (Sobietar Batasuneko) adibidea, Espainia gorri bat, hain zuzen ere, berak gaitzesten duen horixe izango dela: hautsitako Espainia. Hau da: Federazioa, Sobietar Errepublika Sozialisten Batasun Iberiarra. Errusia gorria alegia, Sobietar Errusia, gaur Errepublika Sozialisten Batasuna dena, SESB, «antzinako» Tsarren Errusia Batuaren ordez. Espainia langilea, garailea, gorria, apurtutako Espainia inperialista baino ez da. Eta Euskadi librea eta Katalunia librea eta Galizia librea... Espainia gorria helduko balitz, Calvo-Sotelo eta beretarrak langileen fusilatze-pelotoien eskuetan utziko genituzke".


Horrela bada, Jesus Larrañaga Gipuzkoako Fronte Popularraren zerrendan hautagi aurkeztu zen 1936ko otsailaren 16ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Ez zen hautetsia irten. Boz haietan Gipuzkoan EAJak 4 diputatu eskuratu zituen, eta Fronte Popularrak 2, CEDA eskuinak osatutako koalizioak Gipuzkoan aurkezteari uko egin baitzion. Hauteskundeen ondoren, gazteria sozialistak eta komunistak erakunde bakarrean elkartzeko prozesuan parte hartu zuen, Juventudes Socialistas Unificadas (Gazteria Sozialista Batua) erakundea sortzeko.

Gerra piztu zenean 1936ko uztailean, altxatuei aurre egiteko asmoz Donostiatik Gasteiza abiatutako zutabearen buruetako bat izan zen Larrañaga, Perez Garmendia komandantearekin batera, altxamenduak Donostian oporretan arrapatu zuena. Loiolako militar altxatuak Donostia bereganatzen ari zirela ikusita, zutabeak itzultzea erabaki zuen hiriaren kontrola berreskuratzeko. Gero, Errepublikako gobernuaren indarra ia ezdeusa zelarik, Donostian milizien bitartez ordena publikoa mantentzeko lanak zuzentzen nabarmendu zen.

Gipuzkoako Defentsa Batzordean Gerra-Komisario izendatu zuten. Nonbait, gerra-presoak epaiketarik gabe fusilatzeko aginduak eman zituen. Geroztik Gipuzkoan, Bizkaian, Kantabrian eta Asturiasen borrokatu zen, harik eta errepublikaren Iparraldeko Frontea garaitua gelditu zen arte. Gipuzkoako fronteak iraun zuen bitartean, hornigaiak eta armak eskuratzeko arazoari aurre egin behar izan zion.

Gipuzkoa faxista frankisten eskuetan gelditu zenean, Larrañagak eta bere familiak Bilboko Kolon Larreategikoren 10. zenbakia hartu zuten bizilekutzat, kartzelaratutako faxista batena etxea. Gero, Oviedoren aurkako erasoan hartu zuen parte urriaren 1ean, batailoi baten buru zela: Larrañaga batailoia. Larrañagaren izena jendartean ezaguna eta errespetua izaten hasiko zen.

Francisco Largo Caballero Errepublikako presidente zela, Madrildik Goierri izendatu zuten Euzko Gudarosteko Komisario Ikuskatzaile. Erabaki hori EAJak ez zuen begi onez ikusi, alderdi hau arduratua baitzegoen komunistak bereganatzen ari ziren indarra zela eta.

Iritsi zelarik Bilbo hustu eta hiria frankisten eskuetan uzteko unea, industria-makinaria astuna suntsitzeko agindua eman zuen Indalecio Prieto Errepublikako defentsa ministroak, hauek faxisten eskuetan eror ez zitezen. Nahiz eta Larrañaga agindua betetzen saiatu, erabaki horri aurre egin zioten EAJak eta Jose Antonio Agirre lehendakariak. EAJko Gordexola batailoiak ametrailadora-tiroka defendatu zituen Bilboko Labe Garaiak, hauek suntsitzera joandako Larrañaga batailoiaren kontra. EAJaren erabakiari esker Bilboko industriak osorik iraun zuen gerraostean eta hiria ez zen suntsitua gelditu, baina horrekin batera, arma lantegiak eta Bilboko industria siderurgikoa faxisten eskuetara igaro ziren.

Ekainaren 19an, Jesus Larrañaga komisarioaren eta Prada koronelaren aginduetara zeuden 18.000 gudarik Santanderrerako bidea hartu zuten, eta Santander-Asturiasko armadan sartu ziren.

Abuztuaren 21ean Prieto ministroak komisario kargua kendu zion Larrañagari eta Euskadi Roja euskal egunkari komunista kalean banatzea debekatu zen, Larrañagak Turtziozeko mitin batean Euzko Jaurlaritzak Bilboren ebakuazioan hartutako jokabidea eta, orohar, Iparraldeko Fronteko deskoordinazioa salatu zituenean. Horrela, Larrañaga soldadu arrunt gisa borrokatzera pasa zen, Joan Ibarrola Goardia Zibileko Teniente Koronelaren agindupean, 51. dibisioan.

Urriaren 20an, erresistentziaren azken unean, Xixon ekialdean faxisten etorrera mantsotzea lortu zuten Larrañagaren bi batailoi komunistek eta zenbait gudari anarkistek. Handik portu aldera zihoazen, itsasoz alde egiteko asmoz. Portuan itsasontzi bat hartu ahal izan zuen, 9000 gudarirekin batera, Yeuko uhartera (Frantzia) bidean.

Frantziatik Espainia erdialdera itzuli zen gerrara, PCEren antolakuntza-lanetan aritzera. 1937ko Espainiako Alderdi Komunistaren Batzorde Zentralean parte hartu eta Euskadiko Partidu Komunistako iheslarien jardueretan egin zuen lan. EPKk Kataluniako San Donu herrian Batzorde Nazionalaren egoitza jarri zuen, Jesus Larrañaga batzorde politiko-militarrean sartua zegoela.

Valentzian, gerra geldiarazteko eta Francorekin bakea negoziatzeko asmoz Segismundo Casado koronel errepublikarrak Juan Negrinen gobernuaren aurkako golpea eman zuenean PSOEko eskuinaldearen, CNTren eta sektore militar baten laguntzaz, Larrañaga Valentzian egon zen golpearen kontrako erresistentzia antolatzen. Negrin Errepublikako presidenteak eta Alvarez del Vayo Gobernuko presidenteak ordurako Frantziara ihes eginak zirela jakinda, erabaki zen irtenbide bakarra ihesaldia antolatzea zela. Horrela, Larrañagak ahalik eta militante komunista gehien salbatzeko ardura hartu zuen bere gain.

Alacantetik itsasontzi gutxi batzuk irten ziren, eta Larrañaga zeraman ontzia italiar dibisio batek geldiarazi zuen. La Albaterako preso-esparruan sartu zuten, beste 25.000 lagunekin batera. Buruzagi komunista ezaguna baitzen, uneoro ezkutatuta egon behar izan zuen. Harrigarriki, esparrutik ihes egitea lortu zuen: Maribel Larrañaga arrebak dioenez, uniforme militar batez mozorrotuta lortu zuen; beste baten arabera, bazter batean pixa egiten ari denaren itxurak egiten; EPKren arabera, ordea, alderdikide batek emandako salbokonduktu pertsonal baten bitartez lortu omen zuen ihes egitea. Gainera, Goierrik Alacant, Valentzia, Zaragoza eta Nafarroa zeharkatu behar izan zituen, bakarrik, oinez eta gabezia izugarriekin, harik eta muga igaro eta Bokaleko komunisten artean babesa lortu zuen arte.

Erbestean zela, Frantzian, New Yorken eta Kuban bizi izan zen.

1941ean, alderdiak Lisboara bidali zuen itsasontzi batean ezkutatuta, handik Espainiara sartu eta Jesús Hernandez eta Pedro Checa burkideen laguntzaz alderdia berrosatzeko. Lisboan, baina, Portugaleko poliziak atxilotu zuen eta Espainiako agintari frankisten eskutan utzi. Gerra-kontseilu batean heriotzera kondenaturik, 1942ko urtarrilaren 21ean Madrilgo La Almudena hilerriko horma batean fusilatu zuten beste burkide batzuekin batera, haien artean Manuel Asarta, Jaime Girabau eta Isidoro Dieguez.

Bibliografia

  • Egido, José Antonio (1994): Jesús Larrañaga. Comunista y abertzale. Madril: Vosa.



ELEKAri  EGINDAKO PROPOSAMENA:

EUSKAL HERRI 
UNIBERTSITATE GORRIA
(EHUNGORRI)


Atzo lagun batzuk elkartu ginen Portugaleten, ELEKA, Jesus Larañaga kolektiboaren aurkezpenean. Ondoren bildu ginen, ELEKA elkarteari proposamen bat egiteko: uda honetan, zehaztu beharko liratekeen data eta tokian, Teoria Iraultzaileari buruzko mintegi intentsibo bat egitea, bortz egunekoa: EUSKAL HERRI UNIBERTSITATE GORRIA, (Ehungorri). Dena Euskaraz, jakina, zeren gaur egun, eta zorigaitzez, Teoria Iraultzaile Sozialista eta Komunista erdarez lantzen baita, Hego Euskal Herrian Espainolez gehienbat, eta Ipar Euskal Herrian Frantsesez oro har. Bada garaia euskal iraultzaileok lan teorikoa eta formazioa gure hizkuntza nazional bakarrean lantzeko, ez zaizue iduritzen?

Astebeteko programa litzateke, oporrrak eta bakantzak profitatuz. Hona hemen behin-behineko gaitegia:



ASTELEHENA: KARL MARX eta FRIEDRICH ENGELS

Goizeko saioa (9etatik 2ak arte)
 
- Marx eta Engels: biografia intelektuala.
- Sozialismo eta Komunismo Zientifikoaren oinarriak
  
Arratsaldeko saioa (4etatik 8ak arte)

- Das Kapital": ekonomia politikoaren kritika. 
- Henryk Grossmann-en ekarpena. 
- Marxek "Das Kapital" idazteko erabili zuèn metodoa.
- Kapitalari buruzko polemika: Eduard Bernstein, 
  Mikhail von Tugan-Baranovski, Rudolf Hilferding,  
  Rosa Luxemburg, Otto Bauer, Lenin, Karl Kautsky, 
  Nikolai Bukharin, Anton Pannekoek, Paul Mattick, 
  Roman Rosdolsky, Paul M. Sweezy...

Gaueko saioa (9etatik 12ak arte)

- Eztabaida: krisi kapitalista globalaren gaur egungo fasea,
  2007-2013: bilana eta pertspektiba iraultzaileak,
  "Das Kapital"-en argitan.

ASTEARTEA: LENIN  

Goizeko saioa (9etatik 2ak arte)

- LENIN eta Alderdi Boltxebikearen eraikuntza: 1893-1924. 
  9etatik 10etara.

- LENIN eta Nazio zapalduen autodeterminazioa. 
   10etatik 11etara.

- LENIN eta Sozialismoaren eraikuntza. Estatua eta Iraultza.
   12etatik ordu 1era.

- LENIN eta Filosofia. Materialismoa eta Enpirikritizismoa.
   Ordu 1etik  ordu 2etara 

 Arratsaldeko saioa (4etatik 8ak arte)
 
- LENIN eta Inperialismoa. 
  Inperialismoa, Kapitalismaren fase gorena. Azterketa kritikoa.

Gaueko saioa (9etatik 12ak arte)
 
- Gaur egungo Inperialismo globalaren azterketa,
  LENINen teoriaren argitan: Iraultza Proletarioen garai berria.
 
ASTEAZKENA:BOLTXEBIKEEN EZTABAIDA HANDIA

 Goizeko saioa (9etatik 2ak arte)

 - STALINen biografia politiko militantea.
 - Bere sei idazki teoriko nagusien azterketa kritikoa:
   Marxismoa eta nazio-arazoa, Leninismoaren oinarriak,
   Materialismo historikoa eta dialektikoa,
   Trotskiren aurkako idazkiak,
   Marxismoa eta hizkuntzalaritza
   Sozialismoaren arazo ekonomikoak 

 Arratsaldeko saioa (4etatik 8ak arte)  
 
- Boltxebikeen arteko Eztabaida Handia eta inguruko ekarpenak:
   Sozialismoa Herrialde bakar batean versus Iraultza Iraunkorra.

- Errusia, Alemania, Hungaria, Bulgaria, Italia, Txina, Espainia...
  eta gainontzeko Iraultzen azterketa kritikoa.

- III. Internazionalaren bilan eta balantze kritikoa. 
 
 - Stalin, Trotski, Zinoviev, Kamenev, Bukharin, Kollontai, Radek,
   Preobazhenski, Piatakov, Rakovski, Rosa Luxemburg,  
   Karl Liebknecht, Bordiga, Riazanov,  Pannekoek, Gorter,
   Gramsci, Lukacs, Korsch, Nin, Mao...

Gaueko saioa (9etatik 12ak arte)

 - Iraultza Sozialistak XXI. mendean:
 - Urriko zikloaren bilan kritikoa. Estrategia Iraultzailea
   gaur egun.



ORTZEGUNA: MAO TSE TUNG eta CHE GUEVARA

Goizeko saioa (9etatik 2ak arte)

- Mao Tse Tung eta Asiako Iraultzak: Txina, Korea, Vietnam, Laos, Kanputxea,  Indonesia, Filipinak, Nepal, India...

- Mao Tse Tung eta Errebisionismoaren aurkako borroka. 

- Sobiet Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. Kongresua.

- Enver Hoxharen kritika.

- Mao Tse Tung eta Kultur Iraultza Proletarioa. 
 

Arratsaldeko saioa (4etatik 8ak arte)   

 - Ernesto CHE Guevara: Vietnam bat, bi hiru... sortu!

- CHE eta "Das Kapital": balioaren legea Sozialismoan.

Gaueko saioa (9etatik 12ak arte) 

- "Bigarren Eztabaida Handia": 
   "Vietnam bat, bi hiru, asko sortu" versus
   "Koexistentzia baketsua". 

- Errebisionismo sobietarra versus Etengabeko Iraultza.


ORTZIRALA: ENAM, EUSKAL NAZIO ASKAPENERAKO
                         MUGIMENDUA, 1952-2012.

 Goizeko saioa (9etatik 2ak arte) 

- ENAM-en historia eta bihurguneak: 1952-2012.
     1.- Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren aurrekariak:
            EAE-ANV eta EPK-PCE, 1921-1937.
      2.-ETAren sorrera: Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Iraultzailearen
           abiatzea : 1952-1962.
      3.- V Biltzarra: Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialistaren sorrera
           eta espainolismo "marxista-leninisten" zatiketak: 1963-1973.
           Burgosko auzitik Carreroren exekuziora.
       4.- Zatiketen garaia eta ETAren estrategia berria: 1974-1981.  
           LAIA, Iparretarrak, ETA pm, ETA m.
           Estrategiaren zutabeak: KAS, HB, herri mugimenduak...
      5.- Bloke politiko-militarraren likidazioa: 1974-1984.
            EIAren marxismo-leninismotik PSOE eta PNVren besoetara.
       6.- Sozialdemokraziaren aurkako borroka, Aljeriako elkarrizketak eta
           negoziazioaren estrategiaren porrota: 1982-1992.
      7.- Alternatiba Demokratikotik Lizarra-Garazirat: 1993-2000.
           Subiranismo burgesaren porrota. 
       8.-  Inperialismoaren ofentsiba globala, ilegalizazioak, Loiolako elkarrizketen
           porrota eta aldaketa estrategikoa: 2001-2007.
      9.- Altsasuko prentsaurrea, Mitchell printzipioak eta ENAMen likidazioa:
          2008-2012.
 

Arratsaldeko saioa (4etatik 8ak arte)    

- Euskal Iraultza Sozialistaren Teoria eta Estrategia.

- V. Biltzarra eta Etxebarrieta anaiak.

- VI. Biltzarra eta "Por qué estamos por un Estado Socialista
  Vasco".

- ETA (m) eta Argalaren pentsamendua.

- ETA(pm)ren VII Biltzarra eta Otsagabia txostena. Pertur. 

- KAS, Euskal Iraultzaren Bloke Gidaria. 
 
Gaueko saioa (9etatik 12ak arte) 

- Zer egin? Euskal Iraultza Sozialista XXI mendean: bilan
  eta perspektibak.

 

http://eleka.org/sites/default/files/web/jardunaldiak20131.jpg