LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/10/30

Abertzaleak eta Euskara (3)

ABERTZALEAK ETA EUSKARA

(3)
JOXE MANUEL ODRIOZOLA 



Lehendabiziko gurutzea:

EUSKALDUNAK MAIZTER
ABERTZALEEN NAZIOAN
 (2)

 Ideologia abertzalearen jardunak Euskararen alde egin dezake, noski, nahiz eta jardun hori hizkuntza arrotzean hezurmamitua izan. Jardun ideologikoa dela, jardun politikoa dela, jardun kulturala dela eta abar. Jarduera-andana hau hizkuntza arrotzean gauzatzen da, baina hizkuntza azpiratuaren aldeko zentzuan gara liteke. Horra zertan den erdal euskaltzaletasunaren logika. Haatik, hori ez da gertatzen Herri euskaldunaren izaera-gunean, Herri horren izateko eta jarduteko moduaren bihotzean, euskalgintzaren gain-azaletan baizik. Euskal izatearen periferian, nolabait esateko.
(...) Guztiarekin ere, inork inoren alde egingo badu, alferrik egingo du ahalegin hori lagundu behar duenaren egoera ia ikusezina bihurtu bada. Esan nahi nukeena zera da: Herri euskaldunaren alde ezer egingo bada, Herri euskaldunak ikusten den zerbait izan beharko lukeela, ez egungo mamua. Mamu bihurtu baitzaigu Herri euskalduna, ikusi eta ukitu ezin den izaki lurrinkorra. Iparraldean, berriz, zer esanik ez.
Nolanahi ere, Euskararen alde erdaraz jardutea zilegitzen duen ideologia abertzalea ez ote zaigu ari nolabait ere adarra jotzen? Ez ote zaigu ari mamuaren aldeko hizkuntza-politika bultzatzen? Herri euskaldunak hizkuntza-komunitate erreal baten identitatea balu, ulertzekoa litzateke kanpotik, beste hizkuntza-komunitate ahaltsuago batetik alegia, babes ideologikoak eta politikoak jasotzea. Haatik, Herri euskaldunari kanpotik eman dakiokeen laguntza ideologikoak, politikoak eta legalak ez du ezertan aldatuko komunitate soziolinguistiko horren atarramentua, baldin eta aldi berean barruko barne-kemenak bizkortzen eta indartzen ez badu. Herri euskaldunaren bizitasuna eta autodeterminazioa ez baita erdfal komunitatearen egitekoa, bere-berea baino; bera izango baita, inor izatekotan, nazio euskaldunaren askapen-subjektu nagusia."
(...) 
"Hizkuntzaz eta kulturaz espainoldua dagoen abertzaletasunaren botere nazionalaren izaera ezin da izan euskal nazio euskaldunaren ezpalekoa. Horregatik, hain zuzen, nazio politikoaren beregaintasunak ez liguke  Herri euskaldunaren naziorik eraikiko inola ere. Kontua ez baita egungo abertzaletasunaren garaipena; izan ere, garaipen hori Irlandakoaren atarramentu etsigarria litzateke."
 
"Nazioaren askapen prozesuan gabiltza, ustez. Alabaina, Euskal Nazioa nola askatu gue mentalitateak kolonialismoaren  mendeko tasunezs eta keriaz josita daudenean?"                           
"Bidegurutze honen hondarren, harriduraz eta espantuz, azken burutaziook isuri nahi nituzke: nork esan behar zigun guri, alajaina, gure buruzagi eta militante abertzale asko, filosofia politiko modernoetan horren ikasiak, kultura juridikoaren irakaspenetan hain jantziak -delako herritartasunaren naziotasuna edo naziotasunaren herritartasuna deritzan auzia argitzen ez badigute ere-, kolonialismo ideologikoaren gatibu izan behar zutenik? Bai, hau ere ulertezina da, Calvet-ek salatu berri digun zentzu bertsuan ("Hizkuntza-arazoa, harrigarria bezain ulertezina baldin bada ere, batez ere azken bolada honetara arte, kolonizazioaren aurkako pentsaeratik at egon da zeharo") Nazio modernoaren kontzeptu juridikoetan galdu, alajainkoa!, nazio etnokulturalaren arazoa gaindituta balego bezala. Nazio kolonizatzaileen filosofia politikoetan bazka eta bazka ibili, Herri menderatuen berezko teoria eta ideologia sortu eta garatu ordez?

 
Honelakoetan, inondik ere, metropoliaren lilurak indar ikaragarria dauka periferian bizi diren herritar demokrata eta iraultzaileengan, eta haien paradigmen baitan pentsatu eta hausnartu ezean nora ezean sentitu bide gara. Hori ulertzekoa ere bada neurri batean, botere-sistemaren orbitan hazten eta hedatzen baita batez ere jakintzaren eta kulturaren uhina. Baina, nolanahi ere, horrela gertatu izanak ez gintuzke haien diskurtso eta ideologien mirabe bihurtu behar, geure pentsaera propiorik sortzeko gaitasunik ez dugulakoan-edo. Hain zuzen, hortxe dago gakoa, inon egotekotan: bestelakoak izatekotan, bestela pentsatu beharko genuke, eta zer esanik ez hizkuntzaren arazoan. Hizkuntza bera baita besterengandik bereizik eta gure baitan batzen gaituen kohesio-elementu nagusietako bat. Hori eta horrenbestez, zergatik ez ezarri geure inperatibo teorikoa hementxe bertan: hau da, bestelako hizkuntza xume eta baztertu batean bizitzeak dakarren problematikak berariazko pentsaera eta jakitea izan behar lituzkeela eskakizun."
 

Lenin : Estatua eta Iraultza (8)



ESTATUA ETA IRAULTZA
(8)





ESTATUARI BURUZKO 
TEORIA MARXISTA
ETA 
PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN


LENIN
 
II.- KAPITULUA
ESTATUA ETA IRAULTZA
1848tik 1851ra BITARTEKO URTEETAKO ESPERIENTZIA
3.- NOLA PLANTEATZEN ZUEN MARXEK AUZIA 1852an

1907an Mehringek Neue Zeit aldizkarian (XXV, 2. or. 184), 1852ko martxoaren 5ean Marxek Weydemeyerri idatziriko gutun aten zatiak argitaratu zituen. Gutun honek, beste batzuen artean, ondorengo pasarte aipagarria dauka:
"Niri dagokidanez, ez da nire meritua sozietate modernoan klaseen esistentzia ezt hauen arteko borroka aurkitu izana. Ni baino askoz lehenago, historialari burges batzuk jada azaldu zuten klase arteko borroka honen garapen historikoa, eta enomilari burges batzuk, hauen anatomia ekonomikoa. Nik eginiko ekarpen berria honakoa frogatzea izan da: 
1) Klaseen existentzia ekpizpenaren garapen fase historiko jakin batzuei bakarrik loturik doala; (historische Entwiclungsphansen der Produktion)
2) Klase borrokak, nahitaez, proletalgoaren diktadurara eramaten duela.  
3) Diktadura hau ez dela, izatez, klase guztien aboliziorako eta klase gabeko sozietate baterako igarotzea besterik..."
Hitz hauetan, Marxek modu harrigarri argian bi gauza adieraztea lortu zuen: lehena, bere doktrinaren eta burgesiaren pentsatzaile aurreratuenen eta sakonenen doktrinen arteko ezberdintasun funtsezko eta kardinala; eta bigarren, bere Estatuaren teoriaren esentzia.





Funtsezkoa Marxen doktrinan klase arteko borroka da. Horrela esaten da eta idazten da sarritan. Bainan ez da zehatza. Zehaztasun gabezia honetatik ondorioztatzen da sarritan marxismoaren desitxuratxe oportunista, honen faltsutzea burgesiarentzat onargarria den zentzu batean. Zeren eta klase arteko borrokaren teoria ez zuen Marxek sortu, burgesiak baizik, Marx baino lehenago, eta burgesiarentzat, oro har, onargarria da. Klase arteko borroka soilik onartzen duena ez da oraindik marxista, oraindik ere pentsamendu burgesaren eta politika burgesaren markoaren barnean manten daiteke. Marxismoa klase arteko borrokara xedatzea, marxismoa mugatzea, desitxuratzea, burgesiak onar dezakeen zerbaitera murriztea da. Marxista, klase arteko borrokaren onarpena proletalgoaren diktadura onartzera zabaltzen duena bakarrik da. Honetan datza, marxista baten eta burges txiki (edo handi) baldar baten arteko ezberdintasunik sakonena. Giltzarri honetan da marxismoaren benetako ulermena eta onarpena egiaztatu behar den puntua. Ez du ezer harrigarritik, Europako historiak langile klasea praktikoki auzi hone aurrean jarri duenean, oprtunistak eta erreformistak ez ezik, "kautskiar" guztiak ere (erreformismoaren eta marxismoaren artean balantzaka dabilen jendea), proletalgoaren diktadura ukatzen duten filistear miserableak eta demokrata burges txiki direla gertatu izana. Kautskyren Proletalgoaren Diktadura foiletoa, 1918an, hau da, liburu honen lehen argitalpena baino askoz beranduago argitaratua, marxismoaren desitxuratze filistearraren eta honen ukamen birtual desohoragarriaren eredu bat da, nahiz eta hipokritaki hitzezkotzat hartzen den (ikus nire Iraultza proletarioa eta Kautsky damutua foiletoa, Petrogrado eta Mosku, 1918).
 


Gainera, Marxen Estatuari buruzko teoriaren esentzia soilik beregana dezake ulertzen duenak, klase baten diktadura beharrezkoa dela, ez bakarrik klase sozietate ororentzako orokorrean, ez bakarrik burgesia eraitsi ondoren proletalgoarentzat, Kapitalismoa "klase gabeko sozietatetik", Komunismotik, banatzen duen aldi historiko guztirako ere beharrezkoa dela. Estatu burgesen formak ikaragarri pluralak dira, bainan hauen esentzia berdina da: Estatu guzti horiek, forma batean edo bestean, bainan azken finean, nahitaez, burgesiaren diktadura bat dira. Kapitalismotik Komunismorako trantsizioak noski, forma politikoen oparotasun eta aniztasun izugarri bat eskainiko du gutxienean, bainan hauen guztien esentzia ezinbestean bakarra izanen litzateke: proletalgoaren diktadura.