LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/10/16

HITX : Herri Iraultzailearen Txinparta (3)

HITX

HERRI IRAULTZAILEAREN TXINPARTA

 (3)


Euskal Herri Langilearen
 formakuntza, antolakuntza 
eta borroka iraultzailearen alde






GAUZAK ZERTAN DIREN




Ez dugu behin eta berriro zertan aipatu behar kapitalismoaren fase goren eta dekadentea den inperialismoa krisi sakonean murgilduta dagoela, begi bistako zerbait da. Inperialismoaren aroaren gainprodukzio krisi hau, inolako planifikaziorik gabeko ekonomi jarduera kapitalistaren ondorio dena, plusbalioan, merkantzian, ganbio-balioan eta eskaintza eta eskaeraren lege objektiboak ditu bere oinarrian. 

Klase borroka ukatzen dutenek edo berau desitxuratzen saiatzen direnek, espekulatzaile baztuek sortutako krisi baten aurrean gaudela diote. Zergatik? Euren asmoak eta egitarau burges eta sozialdemokratak justifikatzeko, hots, "bestelako gizarte bat eraiki daitekeela" esaten amaitzeko. Mende pasatxo badaramate berdin, gizarte kapitalistak onarturiko mugen baitan dantzan, kudeaketa "garbi, parte-hartzaile eta eredugarriaren" printze-printzesak.

XXI. mendearen hasieratik, "bestelako" Sozialismo bat aldarrikatzen omen daude, XXI. mendekoa, hain zuzen. Hori bai, bere zutabe ideologiko iraultzaileak zeintzuk diren ez dute oraindik azaldu, antza, izena behin eta berriro errepikatzearekin nahikoa daukate. Hauteskunde burgesetara aurkeztu eta irabazi ondoren hasten omen dira XXI. mendeko Sozialismo hori eraikitzen, produkzio bideen gaineko jabetzaren inguruko eztabaida "baldintzak ematen direnerako" utziz. 

Baina bada klase borroka adarretatik heldu eta Kapitalismoa, kategoria historikoa baino ez duen Burgesiak Langileriaren aurka gidatutako gizarte hau borrokatzen duenik teoria eta praxi iraultzaile batetik. Geroz eta herrialde gehiagotan agertzen eta gorpuzten ari da Marxek eta Engelsek Manifestu Komunistan aipatu zutèn "Mamua", Komunismoaren mamua. Krisi ekonomiko zorroztu orok klase borrokak bere baitan biltzen dituen kontraesan guztiak ageriago bihurtzea, indartzea, gogortzea, eta, hainbat kasutan, lehertzea erakarri egiten du. Horrek guztiak Demokrazia Burgesaren askatasun eta eskubideen aitortza legala ezabatzen du, eta gizarte kapitalistak faxistatze progresibo baten zurrunbiloan murgiltzen hasten dira, askotan muturreraino iritsiz. 

Adierazpen askatasunaren gabeziak, lanerako, oinarrizko beharrak asetzeko eta etxebizitza duinetarako eskubideak ezereztatzeak, antolaketa librearen galarazpenak, langile klaseko emakume eta gazteen marginalizazioak, gutxi batzuen merkatuen eta ondasunen zorionerako Aberriaren izenean edo terrorismoaren aurkako eraso, guda eta inbasio inperialisten ugaltzeak ... eta, oro har, kaos eta basakeriara garamatzan etorkizunik gabeko orainaldi kapitalista honek, krisi iraultzaileak azkartu, eragin, sortzen ditu.





Zer da krisi iraultzaile bat? Krisi iraultzaile baten aurrean al gaude Europa kapitalistan? Kapitalismoaren amaierara iristen ari gara eta krisi honek jarriko dio amaiera? ... Etengabeko zalantzak entzuten dira Langileriaren etorkizunaz aritzeko sortzen diren lantokiko, kaleko, tabernako ala militantzian ematen diren eztabaidetan. Puntu honetara iritsita, lehenego atalean aipatu ditugun euskal militante iraultzaile handien ezagutzarako iturri izan den Leninen hitzak gogora ekartzea ezinbestekoa iruditzen zaigu, krisi eta egoera iraultzailearen argitzean sakontzeko.

"Marxista batek ez du zalantzarik: ezinezkoa da Iraultza egitea egoera iraultzailerik izan gabe, baina, aldi berean, egoera iraultzaile orok ez du esan nahi Iraultza datorrenik

Zeintzuk dira  egoera iraultzaile baten ezaugarri nagusiak? 

- Klase menperatzaileak euren boterea mantendu ahal izateko, euren domeinua aldaezin mantentzeko aukerarik ez izatea; "altueretan" zabalduriko edozein krisi, klase menperatzaileen krisi batek, pitzadura zabaldu egiten du, non zapaldutako klaseen haserrea eta sumindura sartzen diren. Goikoak, unerarte bizi izan diren moduan ezin jarraitzea.

- Maila arrunta gainditzen duen klase zapalduen miseria eta sufrikarioen areagotzea. behekoek unerarte bizi izan diren moduan jarraitu nahi ez izatea.

- Aurreneko arrazoien ondorioz emandako masen ekintzen gorakada. Garai "baketsuetan" lasai daude esplotatzen dituzten bitartean, baina garai gatazkatsuetan krisi orokorrak edo "altueretakoak" ekintza historiko independente batera eramaten dituzte.

Aldaketa objektibo hauen gehiketak osatzen du egoera iraultzailea.

(...) Iraultza ez da edozein egoera iraultzailetik sortzen, aipatutako aldaketa objektiboekin batera aldaketa subjektibo bat behar delako. Honek zera esan nahi du: gobernu zaharra suntsitzeko (edo urratzeko) klase iraultzaileak masa-ekintza iraultzaileak burutzeko duen ahalmena, aintzat hartuta gobernu hori ez dela ezta krisi garaietan ere "berez eroriko", ez bada erditik kentzen.

(...) Sozialista guztien oinarrizko betebehar ukaezina honakoa da:

- Masei egoera iraultzaile baten aurrean daudela azaldu.

- Egoeraren sakontasuna eta anplitudea azaldu.

- Proletalgoaren kontzientzia eta erabakimena esnatu.

- Ekintza iraultzaileetara pasa daitezen eta egoera iraultzaileari erantzuna eman eta norabide horretan mugitzeko baliagarri izango diren antolakundeak sortzeko lagundu proletalgoari.

(II. Internazionalaren porrota, 1915eko ekaina) 


Leninek, lehen aipatutako gaur egungo XXI. mendeko "Sozialismoa"ren defendatzaileen idei berdinekin amaitu zuèn II. Internazionalaren hondamendiaren kari izatzi zituen hitz hauek. Guk, Leninen ideiekin bat egiten jarraitzen dugu, moden eta kapitalismoaren bihurgune ezberdinen gainetik, oinarriko ezaugarri bedinak mantentzen direlako gizarte apitalista honetan.

Eta honetan ere, ez gara bakarrak. Azken urte hauetako datuen arabera, marxismoaren autore klasiko guztien obren irakurketa, hedapena eta salmenta biderkatu egin da mundu osoan. Horrekin batera, herrialdez-herrialde lan eta bizi baldintza duinen aldeko langile masa borroka antikapitalista gogorrak pizten doazela ikusten dugu egunero, mundu osoan klase borrokaren azkartze fasean sartuta gaudenaren isla. Europa kapitalistaren bihotzaz beste horrenbeste esan dezakegu, eta noski, Estatu Espainol eta Frantsesaz ere.


Gure aburuz baldintza objektiboak mahai gainean ditugu, eskura, errealitate sozialean txertatuak. Ez diogu inori alegiazko kataklismo baten ipuina kontatu behar gauzak zertan diren ohartzeko. Nahiko katastrofiko egin du Burgesiak Herri Langilearen oraina non gauzak beltzera doazela esateaeguneroko ogi bilakatu zaigun.  Badago zer borrokatu, modu iraultzailean bideratu gabeko haserrea, frustrazioa, perspektiba-eza, eskubide galera orokortua, miseria gorria... baldintza subjektiboak, alegia, guk eta ez beste inork sortu, gorpuztu eta antolatu beharrekoak. Alderdia, ildo iraultzaileak, taktikak eta estrategiak, antolaketa, mugimenduak, masa fronteak, langile sindikatu borrokalariak, langile asanbladak, borroka moldeak... Eta beste hainbeste betebeharrez aritzen diren baldintza subjektiboak, guk, Herri Langileok, protagonista izango garen baldintzak, gure zereginak.

Bada, zeintzuk dira Euskal Herri Langilearen askapenerako sortutako mugimenduak egun eskaintzen dituen baldintza subjektiboak? Bere askapen prozesua azkartuko ote du? Klase borrokaren baitako langileriaren kontzientzia iraultzailea esnatzeko sortuak dira?

Euskal Herrian, "Nazio Eraikuntza" bezalako ideia interklasista eta anbiguoek ez diote funtsean mesede handirik egin, orain artean behintzat, Euskal Herri Langileak behar dituen aterabide eraldatzaile eta iraultzaileei. "Nazio Eraikuntza" deituriko ilusio nazionalistak ez du inolako zerikusirik abertzaletasun iraultzailearen praktikarekin. "Nazio Eraikuntza" deiturikoaren itzalpean iruzur handiak egin dizkiote hanibatek Euskal Herri Langileari. "Nazio Eraikuntza" barra-barra, Nazio ororren barruan, naziokideen artean ematen den klase borroka alboratu egiten duten bitartean. "Nazio Eraikuntza" horren totemizazioak klase interesak alboratu eta behin eta berriz ENAMen oinarri sozialaren hamarkadetako borroka Burgesiaren interesen menpe kokatzea eta ezarritako legalitate faxistan giltzaperatzea erakarri du. "Nazio Eraikuntza"ren estrategia horrek interpretazio anitzerako tartea zabalik utzi du hasieratik, eta azkenean, urte baztuen buruan eta modu berezian, Lizarra-Garaziko prozesu politikotik aurrera hedatuz joan zen ENAMen egitura politiko guztietan, eta ondorioz, Ezker Abertzalearen oinarri sozialetan. Euskal Herri Langilearen ordez "euskal hiritargoa" agertzen hasi zen, Gizarte Sozialistaren aldeko Klase Borrokaren ordez "lan harremanaterako euskal esperru propioa", Sozialismoaren ordez, "justizia soziala", herri borrokaren bortxa ekintza oror, "gatazkaren ondorio mingarri" hutsizatera pasa zen arbuiatazen amaitu aurretik, Euskal Herriko Lurralde Batasuna (edo gutxienez Hego Eusal Herriko Batasuna), eremu autonomikoen borondate elektoralaren esku geratzen hasi zen erkidego bakoitzaren berezitasunen eta pragmatismoaren izenean, Espainiar Konstituizoak, Moncloako itunek eta PNV zein UPNk inposaturiko minbizi autonomistaren amua irentsiz... Badakizue, "lehenengo independentzia lortuko dugu eta gero erabakiko dugu zer-nolako sistema soziala hautatzen dugun". Hori bai, agian udaletxeko piperpotoa izan gabe, baina auskal zer lurraldeko eta zer klaseren "independentzia" lortuko duen Euskal Herri Langilearen zerbitzura egon beharko lukeen zuzendaritza iraultzailerik gabeko "Ezker Abertzale Berria"k.


"Nazio Eraikuntza"ren estrategia barneratzeak Ezker Abertzalean utzitako hondar iraultzaileak kolpez kolpe desagerrarazi  ditu azken urte hauetan, Bateragune auzi ospetsuko kideek eta beste hainbat lagunen konplizidadeaz, makurtzeaz edo ixiltasunaren laguntzaz "Zutik Euskal Herria" ponnetzia eta ildo politiko berriaren inposizioa abian jarri zutenetik. Hortik aurrera gertatutakoa euskal iraultzaile batek barneratu eta asumitu ezineko zaparrada likidatzaile eta sozialdemokrata lotsagarri bat baino ez da izan.


Gauza jakina da borroka armatua egokitasunaren arabera erabili beharreko bailabide politikoa dela. Gauza jakina da Herri zapaldu batek baliabide hori martxan jartzeko eskubide osoa duela eta ondorioz, berau desaktibatzekoa ere, baduela. Gauza jakina da borroka armatuan ibilitako gizon eta emakumeek Euskal Herri Langilearen babes politiko eta laguntza praktiko zabala, oso zabala, topatu dutela euren Herriarengan. Gauza jakina da babes politiko eta laguntza praktiko hori bitarteko faxistekin, gerra-propagandarekin eta muturreko basakeriaz zigortua izan dela eta ondorioz, onura eta kalteen, tasun eta kerien arteko balantzak eztabaida sakonak eragin dituela gure Herrian. Baina hori guztia horrea izanik ere, printzipio iraultzaileak ikutu gabe mantenduz aurrera egiteko betebeharra eta ardura historikoa mahai gainean darrai borrokatu diren helburu politikoak erdietsi ez diren bitartean.

Hau guztia zertara datorren? "Ezker Abertzale Berria" deriotzoren horretako kideek euren printzipioak ezertarako aldatu ez dituztela aldarrikatzen dute. Guk, ENAMen barneko krisialdi hau hasi zenetik urte batzuetara, soldatapeko sozialdemokrata horiek printzipiorik ote duten galdetzen diogu geure buruari, poltikari profesionalen antzera euren agerraldietako bakoitzean gauzak behar bezala doazela antzezten duten bakoitzean. 

Badira ere krisialdi hau forma kontu hutsek eragindakoa dela pentsatzen dutenak. Hauek, "Ezker Abertzale Berria" ENAMen printzipio historikoen oinordeko izaten jarraitzen duela uste dute, arazoa "estrategia aldaketa" deritzoten eufemismo lotsagarri hori inposatzeko moduen egokitasuna delarik. Amildegi erreformistara garamatzan Ezker Abertzalearen "batasun" faltsu at bilakatu da beste askoren helburu eta argudio, noraezean ibili arren eta taldexka batzuek inoloako irizpide iraultzailerik gabe Ezker Abertzalearekin nahi dutena egin eta desegiten duten bitartean.

 

"Batasunaren" izenean, ETAko lehen kimuek PNVren epelkeria demagogiko eta burgesaren menpe geratu izan balira, V. Asanblada gidatu zutèn militanteek jarrera bera mantendu izan balute kulturalista eta likidazionistekin, Argalak Estatu Espainolak egin beharreko Erreformaren irakurketa taktiko-estrategiko zuzena egin eta ondorioz, likidatzaile baztuen esku geratu zirèn polimilien ildoarekin apurtu izan ez balu, Euskal Herri Langileak antolakunde iraultzailerik gabe jarraituko zuen auskalo nozi arte. Aipatu kasu horietan militante gutxi batzuk izan ziren Euskal Iraultza Sozialistaren bandera altxatu zutenak. Une historikoak eta belaunaldi ezberdinen bizipen militanteak alboratuz, gaur egun gertatzen ari den bezala.

Itxaropen idealistaz baino, ziurtasun iraultzailearekin diogu Estatu ala Estaturik gabeko Nazioetako Herri Langileontzako garai latzak izan arren teorkizuna gorriz datorkigula, hobe esateko, antolakuntzaz eta borrokaz ekarriko dugula. Une historiko zehatz honetan klase batasuna ezinbesteko giltza da zapalkuntza nazionala pairatzen dugun eta pairatzen ez duten Herri Langile guztientzat, ekidinezin bilakatzen hasten den uhinkada iraultzaile bat abian delako munduan zehar. Hori bai, Estatu kapitalista guztien legedi errepresiboen gogortzeak, gastu eta industria militarren handitzeak, herri eta langile masen alienaziorako bitartekoen ugaltzeak eta euren botere faktikoen eraginaren handitzeak, ez dira txantxatzat hartu beharreko aldagaiak. Izan ere, XXI. mendeko faxismoa da aurrean duguna eta aro historiko berri bati hasiera ematea, edozein jaiotzarekin gertatzen den bezala, latza, gogorra eta odoltsua izango da.

Kapitalismoak eragindako basakeriaren aurrean Iraultza Sozialista antolatzea da irtenbide bakarra.



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina