LENINISMOAREN
OINARRIAK (3)
J.V. Stalinek,
Sverdlov Unibertsitatean 1924an
belaunaldi leninistari emandako hitzaldiak
BI: METODOA
Arestian, alde batetik Marx eta
Engelsen, eta beste alde batetik Leninen artean, II Internazionalaren
oportunismoa nagusi zèn aro luze bat iragan zela aipatu dugu. Zehazkiago esan
beharra daukat; oportunismoaren nagusikeria ez zela azaleko nagusitasuna,
nagusikeria praktikoa baizik. Itxuran, II Internazionalaren buruan, marxista
“fidelak” eta “zuzenak” ageri ziren, Kautsky eta enparauak. Hala ere, berez, II
Internazionalaren lan praktikoa oportunista zen oso. Oportunistak, euren
berezko moldatze gaitasuna eta euren izaera burges-ttipia zirela eta, Burgesiaren politikara egokitzen ziren. “Ortodoxoei” zegokienez, oportunisten
egiteetara moldatzen ziren “batasun politikoa” edota “alderdian bakea”
gordetzearren. Ondorioz, oportunismoa gailentzen zen; burgesia eta “ortodoxoak”
kate bereko katebegiak zirelarik.
Garai hau, Kapitalismoa era
baketsuan garatu zenekoa izan zen, Inperialismoaren hondamenezko kontraesanak
agerian agertzen ez zirenekoa, langile eta sindikatuen greba ekonomikoak
“normaltasunez” burutzen zirenekoa, hauteskundeetan eta talde parlamentarioen
ekintzetan garaipen “handiak” lortzen zirenekoa, borroka legezkoa goraipatzen
zenekoa eta Kapitalismoa modu legezkoan “akatu” ahal zela uste zenekoa izan
zen; laburbilduz, II Internazionaleko alderdiak herdoiltzen ari zirenekoa eta Iraultzan, Proletalgoaren Diktaduran eta masen heziketa iraultzailean pentsatu
nahi ez zuteneko garaia izan zen.
Teoria Iraultzaile sendo baten
ordez, tesi kontraesankorrak eta Teoria Iraultzailetik aldendutako pasarteak,
hauek dogma zahar bihurtzeko bidean. Noski, itxura gordetzeko, Marxen teoriari
hel egiten zioten, baina betiere bere izate biziki iraultzailea kentzeko asmoz.
Politika
iraultzailearen lekuan filisteismo gogobakoa, praktizismo merkez betetako
politikakeria, legebiltzar “diplomazia” eta legebiltzarreko tratukeria. Eta
jakina Biltzar Nagusietan erabaki “iraultzaileak” hartzen zirela, baina soilik
ohe azpiko kutxan gordetzeko asmoz.
Alderdia
hezi eta honi taktika iraultzaile zuzen bat erakutsi beharrean, garrantzia
zutèn aferak alde batera utzi eta ezkutatu egiten ziren. Jakina itxurak egiteko
noizbehinka aipatzen zirela, baina eztabaida “ez atzera ez aurrera” egiten ez
zuen aurpegibiko ebazpen batekin ixten zen beti.
Bitartean,
garai berri bat hurreratzen zen, guda inperialistez eta Proletalgoaren borroka
iraultzailez jositako aro bat; non finantza-kapitalaren erabateko boterearen
aurrean borroka molde eta taktika zaharrak nahikoa ez zirela nabarmentzen zen.
Hau izan zen Leninismoaren metodoa
sorrarazi eta landu zuen testuingurua
Zeintzuk dira
metodo honen
derrigorrezko betebeharrak?
Lehena: II Internazionalak ezarri
dituen dogma teorikoak masa iraultzaileen borrokaren gorrian frogatzea, praktikan egiaztatzea. Hots,
teoria eta praktikaren arteko batasun apurtua berrezartzea, euren arteko banaketari
amaia ematea, horrela bakarrik eratu baitaiteke Teoria Iraultzailez jantzitako
benetako Alderdi proletario bat.
Bigarrena: II Internazionalaren kide
diren alderdien politika zein den aztertzea,
ez euren kontsigna eta erabaki teorikoetan oinarriturik (hauetan inork ezin
baitu ezer sinetsi), euren praktikari so eginaz baizik; honela bakarrik lortu
eta izan baitaiteke langile masen konfiantza.
Hirugarrena: Alderdi barneko lan
osoa berrantolatzea, norabide berri
eta iraultzaile bat emanaz, langile-masak borroka iraultzailean heziz; horrela
bakarrik presta baitaitezke masak Iraultza Proletariorako.
Eta laugarrena: Alderdi
proletarioaren autokritika burutzea,
Alderdiaren hankasartzeak aztertzea eta hauek zuzentzea, eta autokritika
honetan militanteak heztea; honela bakarrik sortu baitaitezke benetako koadroak
eta Alderdiaren benetako zuzendariak.
Hauek dira metodo leninistaren
oinarriak eta benetako izatea.
Nola ezarri da metodo hau
praktika
errealean?
Begira ezazue; II Internazionaleko oportunistek,
dogma teorikoz betetako zaku bat dute eta dogma hauetatik abiatzen dira beti.
Hauek dira horietako batzuk.
Lehenengo dogma: Proletarioek
boterea hartzeko baldintzei buruz. Oportunisten arabera, “langileek ezin dute
herri batetan botererik hartu, Herri horretako populazioaren gehiengoa osatzen
ez badute”. Baina ez dute tesi zentzugabeko hau balioztatzeko inolako frogarik
edota argudiorik ematen. Ongi da, momentuz onar dezagun hori horrela omen dela;
erantzuten die Leninek oportunistei. Baina egoera historiko bat ematen bada,
esaterako, guda bat edota nekazal krisi bat... non Proletalgoa, nahiz eta
populazioarekiko gutxiengoa izan beharginen masen gehiengoa bere ingurura batzeko
gai den, egoera honetan zergatik ez du Proletalgoak boterea hartuko? Zergatik
ezin du Langileriak (bai barrura begira zein kanpora begira) aldekoa zaion
testuinguru bat Kapitalismoaren posizioak puskatzeko eta ondorioa azkartzeko
baliatu? Ez al zuen Marxek esan, XIX. mendeko 50. hamarkadan, Alemanian Iraultza Proletarioak “zuzen-zuzen” aurrera egin zezakeela, baldin eta
“bigarren nekazal gatazka” baten babesa bazuen? Nork ez daki garai hartako Alemanian, 1917ko Errusian baino proletario
gutxiago zegoela? Ez al du errusiar Proletalgoaren Iraultzaren esperientziak
agerian jarri II Internazionaleko gizon prestuen dogma kuttun hau Proletalgoarentzat erabat garrantzirik gabekoa dela? Ez al da nabarmena masen
borroka iraultzailearen esperientziak dogma zaharkitu hori zokora botatzen
duela? Horra leniniston erantzuna.
Bigarren dogma: “Proletalgoa ezin da Herri batean boterean mantendu Herria administratzeko gai den koadro
nahikorik, gizon ilustraturik eta administratzaile formaturik ez badu.
Lehenbizi, Kapitalismoaren pean, koadro hauek prestatu behar dira eta gero,
behin hau eginda, boterea hartu behar da”. Momentuz, onar dezagun hau ere egia
omen dela, dio Leninek. Baina zergatik da ezinezko lehenik Proletalgoarentzat
baldintza onuragarriak sortze aldera boterea hartzea; eta gero, ziztu bizian,
baldintza horietan, langile masen maila kulturala handitzeko, langile jatorriko
zuzendari koadro eta administratzaile pila formatzea? Ez al du frogatu
Errusiako Iraultza Proletarioaren esperientziak langileak Proletalgoaren
boterearen pean Kapitalismoaren pean baino ehun aldiz azkarrago formatzen
direla? Ez al da egia borroka iraultzailearen praktikak berez oportunisten
dogma hau apurtzen duela? Ez al da nabarmena masen borroka iraultzailearen
esperientziak dogma zaharkitu hau ere zokora botatzen duela? Hori da leninistok
eman behar dugun erantzuna.
Hirugarren dogma: “Greba orokor politikoaren bidea (Engelsek esan
zuenez) Proletalgoarentzat jasangaitza
da, horrez gain arriskutsua ere bada (nazioaren ekonomi jarduera oztopa
dezakeelako eta sindikatuen erresistentzia kutxak hutsik uzten dituelako), eta
gainera ezin ditu Proletalgoarentzat garrantzitsuenak diren borroka molde
parlamentarioak ordezkatu”. Leninistok, berriz ere, hau onartuz gero, galdera
batzuk bururatzen zaizkigula esan behar dugu. Lehenik eta behin Engelsek ez
zituen greba orokor guztiak kritikatu, baizik eta anarkisten greba orokor ekonomikoa soilik, anarkistek
proletalgoaren borroka politikoa ordezteko
proposatu zuten bide gisa. Zer zerikusi du honek greba orokor politikoarekin? Eta bigarrenez; nork esan du eta nork frogatu du,
borroka parlamentarioa proletalgoaren borroka molde nagusia denik? Ez al du
frogatu borroka iraultzailearen egunerokotasunak borroka parlamentarioa borroka
molde soil bat dela, eta are gutxiago, parlamentuz kanpoko borrokarentzat
laguntza soil bat dela; eta gainera, Kapitalismoaren pean, Langileriarentzat
funtsezkoak diren gaiak indarrez eta matxinadaz erabakitzen direla?
Hirugarrenez; nork esan du batak bestea ordeztu behar duenik? Noiz planteatu
dute greba orokor politikoaren aldekoek borroka parlamentarioak alde batera
uztea eta hauek parlamentuz kanpoko borrokengatik ordeztea? Ez al dira
bateragarriak? Eta laugarrenez; ez al du frogatu Errusiar Iraultza Proletarioak
greba orokor politikoa langile Iraultzarako eskola politiko paregabea eta mobilizaziorako tresna ordeztezina
dela? Eta zertara datoz nazioaren ekonomiarentzako oztopoei eta sindikatuen
kutxei buruzko intziri barregarri horiek? Ez al da agerikoa borroka
iraultzailearen egunerokotasunak oportunisten dogma hau ere bazterrera botatzen
duela?
Eta honela behin eta berriz.
Eta horretxegatik, Leninek, “Teoria Iraultzailea ez da dogma bat” eta “benetan iraultzailea eta masazkoa den
mugimendu baten esperientzia praktikoarekiko etengabeko harremanean sendotzen
da teoria iraultzailea” zioen. Izan ere, teoriak praktikaren zerbitzuan egon behar du,
“teoriak, praktikak planteatzen dituen aferei erantzun on bat emateko” balio duelako, hau da, Teoria praktikan egiaztatzen delako.
II Internazionaleko alderdiek
erabakitako kontsigna eta ebazpenak direla eta, euren azpilan anti-iraultzaile
osoa erabaki farfailtsu eta kontsigna iraultzaileez ezkutatzen duten alderdi
horien praktika politiko osoaren zurikeria eta ustelkeria guztia agerian
uzteko, “guda gudaren aurka!” kontsigna gogoraraztea besterik ez dago. Jende
orok gogoratzen du Basileako Biltzar Nagusia; non inperialistak gudara joanez gero, sekulako matxinada ikaragarriaz
mehatxu egiten zitzaien, “guda gudaren aurka!” kontsigna beldurgarria aitzinean
esanda. Baina nork ez du gogoratzen, handik gutxira guda hasi zenean, Basileako
Biltzar Nagusian adostutako erabakiak armairuan gorde zirela eta II
Internazionalak langileei beste kontsigna bat eman ziela, hau da, Nazio
kapitalistaren izenean euren artean akatzea? Ez al da argi geratzen kontsigna
eta ebazpen iraultzaileek ez dutela ezertarako balio praktikaren indarraz
berresten ez badira? II Internazionaleko jauntxo politikarien axolagabekeria
eta metodo leninistaren handitasuna ulertzeko, guda inperialista guda zibilean
bihurtzean datzan politika leninista II Internazionalaren traizio politikarekin
konparatzea besterik ez dago.
Leninen Iraultza Proletarioa eta
Kautsky damutua liburuaren pasarte bat hemen jarri beharrean nago; bertan Leninek,
alderdiak izenetik eta ez izanetik aztertzean zetzan II Internazionaleko buru
zen Karl Kautskyren saiakera oportunista gogor deitoratzen du:
“Kautskyk
aurrera daraman politika guztiz filisteoa eta burges-ttipia da (...) kontsigna batekin gauzak erabat alda
daitezkeela uste du. Demokrazia burgesaren historia osoak ilusio hau larru
gorritan uzten du, izan ere burgesek herriari iruzur egiteko era guztietako
“kontsignak” erabili baitituzte. Koxka, kontsignon zintzotasuna aztertzean, erranak eta eginak alderatzean eta hitzontzien
esaldi idealistekin konformatu gabe, esaldi horien klase izaera aztertzean datza”. (XXIII lib, 377. orr)
Eta oraindik ez dut hitzik ere egin
II Internazionaleko alderdiek autokritikari dioten beldurraz, euren hutsegiteak
estaltzeko duten ohituraz, garrantzia duten arazoak alde batera uzteko eta
euren akatsak poztasun faltsu bat adierazten duen erretolikaz ezkutatzeko
ohituraz; Leninek gogor salatutako ohitura hau, adimena ahuldu eta bere akatsen
analisian oinarritutako heziketa iraultzailea oztopatzen duen ohitura bat da. Ezkerkeria,
komunismoaren haurtzaroko gaixotasuna liburuan, honela idazten du Leninek
alderdi proletarioen autokritikaz:
“Alderdi batek bere
hankasartzeen inguruan duen jarrera, alderdi horren seriotasuna eta bere klasearekiko eta langile masekiko fidagarritasuna epaitzeko
irizpide nagusietako bat da. Akatsak
aitortzea, euren arrazoiak plazaratzea, akats horiek eragin dituen egoera
aztertzea eta hauek zuzentzeko moduak arretaz eztabaidatzea; horixe da alderdi
serio baten ekiteko modua, horrela hezten eta trebatzen dira klasea lehenik eta
masak ondoren”. (XXV lib, 200 orr.)
Norbaitek nork bere akatsak agerian
jartzea eta autokritika egitea Alderdiarentzat arriskutsua dela esanen du,
etsaia Langileriaren Alderdiaren aurka egiteko horretaz profitatu daitekeelako.
Leninen aburuz, autokritikaren kontrako arrazoi horiek zentzugabekoak eta
okerrak dira. Honela mintzatzen zen bere Pausu bat aurrera, bi atzera liburuxkan, 1904an, oraindik gure Alderdia txikia eta ahula zenean:
“Eurek
(hau da, marxiston etsaiek, J. St.), gure eztabaidak poz maltzurrez behatzen
dituzte; eta noski, liburuxka honetako gure Alderdiaren akatsei eta gabeziei
buruzko pasarte soil batzuk aterako dituzte, euren onerako erabiltzeko asmoz.
Errusiar sozialdemokratak jada borrokan nahiko trebatuta daude halako
ziztadengatik urduri ez jartzeko, eta haien (etsaien) atsekaberako, autokritika
lanarekin jarraitzeko, akatsak gupidagabe agerian jartzeko; akats hauek,
derrigorrez, langile mugimenduaren garapenaz konponduko direlarik”. (VI lib,
161. orr)
Hauek dira metodo leninistaren
ezaugarri nagusiak.
Leninen metodoaren ekarpena,
oinarrian, jada Marxen doktrinan zetzan, zeinek bere egilearen hitzetan,
“funtsean izate kritiko eta iraultzailea” zuen. Izate kritiko eta iraultzaile hau da Leninen metodo osoa janzten
duena. Baina Leninen metodoa Marxen ekarpenak berpiztera mugatzen dela esaten
badugu, oker egongo ginateke. Leninen metodoa ez da berpiztera mugatzen, izan
ere Marxen dialektika materialista, metodo kritiko eta iraultzailea konkretatu
eta garatzen ditu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina