LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/03/14

ZER EGIN?





"BASQUE PEACE PROCESS" 
KOLAPSOAREN ATARIAN:

ZER EGIN BEHAR DUGU
EUSKAL IRAULTZAILEOK?



 
Lehendabizi, prentsa euskaldunean azken egunetan agertutako albiste batzuk:


1.- ARGIAn agertutakoa, martxoaren 5ean:

argia


ETAko buruzagitza kanporatu du Norvegiak, Ser irratiaren arabera

ARGIA

2013-03-05

Josu Urrutikoetxea izango litzateke kanporatuetako bat.

"Ser irrati kate espainiarrak zabaldutakoaren arabera, zortzi hilabetez Norvegian izan diren ETAko kideak kanporatu ditu herrialdeko Gobernuak, bake prozesuan aurrerapausorik eman ez dela-eta. Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal dagoeneko Frantzian leudeke, informazio hauen arabera.


Ezker abertzaleak ez du gaiari buruzko adierazpenik egin oraingoz.


Ser-eko iturrien arabera, zortzi hilabetez, hiru buruzagiek bilerak egin dituzte nazioarteko egiaztatzaileekin, Oslon eta Norvegiako beste hainbat herritan. Helburua, preso politikoentzako bide-orria zehaztea zen. Negoziazioek, ordea, ez dute aurrera egin, egoera blokeatuta dago eta Frantziara berme guztiekin kanporatzea erabaki zuen Norvegiako Gobernuak. Polizi iturrien esanetan, Espainiako Gobernuaren oniritzia du erabakiak, nahiz eta Barne Ministerioak ofizialki esan duen ez dagoela jakinaren gainean.


ETAren jardun armatuaren amaiera Egiaztatzeko Nazioarteko Batzordeak kezka agertu du azken asteotan, "urratsik ez delako eman duela hilabete batzuetatik, bi aldeetatik".

Filtrazioak aurretik ere


Otsailaren 11n Efe berri agentziak zabaldu zuen ETAko buruzagitza Nazioarteko Harreman Taldearekin bilerak egiten ari zela Norvegian. Albiste hartan hainbat datu ematen ziren, eta ezker abertzaleak filtrazioen inguruko kezka agertu zuen. Alderdi independentistako iturriek adierazi dute "halako informazioak filtratzen dituztenek nazioarteko egiaztatzaileek ezarritako soluzioen agenda desbirtuatu nahi dute"."



2.- EITBn agertutakoa egun berean:

EiTB.com


Politika

Frantziara itzuli ei dira


NORVEGIAK KANPORATU EGIN DITU 

ETAren BURUZAGIAK 

 


Erredakzioa

2013/03/05


Negoziazioek porrot egin eta gero, herrialde horretako agintariek babesa ukatu diete ETAren buruei, Ser irrati-kateak jakinarazi duenez.

Norvegiako agintariek nazioarteko egiaztatzaileekin eta Espainiako eta Frantziako gobernuen ordezkariekin negoziatzeko helburuz Oslora joan ziren ETAren buruzagiei babesa emateari utzi diote, eta, horrenbestez, kanporatu egin dituzte herrialdetik.


Poliziaren eta Espainiako Estatuaren Informazio Zerbitzuak aipatuta Ser irrati kateak iragarri duenez, Norvegiatik egotzitakoak Josu Urrutikoetxea, Josu Ternera; David Pla; eta Iratxe Sorzabal dira.


Duela zortzi hilabete heldu ziren Norvegiara, eta otsailaren 12an joan omen ziren.


Vasco Press informazio agentziaren esanetan, Espainiako eta Frantziako gobernuek ETAko buruei babesa emateari uzteko eskatu zioten Norvegiako Gobernuari.


Aipatu iturrien arabera, ETAk desarmatzearen eta desegitearen bidean pausoak ematea baztertu duelako erabaki du orain Norvegiak babesa ukatzea.


Urtarrilean nazioarteko egiaztatzaileekin egindako bileretan, ETAren buruek errefusatu egin zuten aurrerapausorik egitea, horrek Norvegiako Gobernuak babesa ukatzea ekar lezakeela bazekiten arren, betiere Vasco Pressek azaldu duenez.


ETAren buruek Espainiako eta Frantziako gobernuekin negoziatzea jarri ei zuten desamartze eta desegite prozesua abiatzeko baldintza gisa, baina Madril eta Paris aurka agertu ziren.


Barne Ministerioa: "Atxilotu egingo dituzte, nonahi"


Francisco Martinez Espainiako Gobernuaren Segurtasun estatu idazkariak adierazi duenez, ETAko kideak atxilotu egingo dituzte, "nonahi".


Martinezek ez du hizpide hartu nahi izan Norvegiako Gobernuaren erabakia, eta terroristek krimenak ordainduko dituztela baino ez du adierazi.


EAJk "logiko"tzat jo du Norvegiaren erabakia


Aitor Esteban EAJk Kongresuan duen bozeramaileak "logiko"tzat jo du Norvegiako agintariek ETAren buruak kanporatu izana.


Horren esanetan, "ezaguna" zen ETAren buruzagiak Norvegian zeudela, bertan "egiaztatzaileekin" batzartzeko, baina bilera "amaitu" egin zen eta egiaztatzaileak "Euskadira joan ziren", eragileei horren berri emateko."



3.- BERRIA egunkarian martxoaren 6an argitaratutakoa:
2013-03-06


Espainiak esan du 

ETAko kideak 

atxilotu egingo dituztela «nonahi»

 

SER irratiak dio ETAko buruzagitza kanporatu egin dutela Norvegiatik; Espainiako Gobernuak ez du baieztatu albistea.

Erredakzioa

Bake prozesuan aurrera egiteko asmoz, nazioarteko egiaztatzaileen, Espainiako eta Frantziako gobernuko ordezkarien eta ETAko buruzagitzaren arteko elkarrizketa saio bat egon da azken hilabeteotan, baina negoziazioek porrot egin dute, SER irrati kateak atzo zabaldu zuen informazioaren arabera. Komunikabide horrek jakinarazi duenez, bake prozesuan aurrerapausoak emateko asmoz zortzi hilabetez egon dira Norvegian ETAko buruzagitzako hiru kide, baina herrialde horretako gobernuak bertan egoteko baimena berritzeari uko egin eta herrialdetik kanporatu ditu, erakunde armatuko kideek negoziazioetan urratsak egiteko borondate nahikorik ez zutela ikusirik.

Informazio horri buruzko iritzia galdetu zioten atzo Francisco Martinez Estatuko Segurtasun idazkari nagusiari, eta hark ez zuen albistea gezurtatu. Adierazi zuen hedabideek zabaldutako albisteei buruzko iritzirik ez zuela emango, baina ohartarazi zuen etakide eta buruzagi guztiei «jazarriko» zaizkiela eta guztiak «atxilotuko» dituztela, «nonahi» daudela ere.

Espainiako irrati kateak emandako informazioaren arabera, baina, Espainiako Gobernuaren oniritzia izan du ETAko zuzendaritza Norvegiatik kanporatzeko erabakiak. Alabaina, Barne Ministerioak ofizialki esan duen ez dagoela jakinaren gainean.
Ustez Ram Mannikalingam buru duen nazioarteko egiaztatzaile taldearekin eta Espainiako eta Frantziako gobernuen ordezkariekin negoziatzeko helburuz joan ziren Oslora duela zortzi hilabete inguru Josu Urrutikoetxea, David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAren zuzendaritzako kideak, baina bake prozesuan aurrerapausorik ez zen egon denbora tarte horretan, eta Norvegiako agintariek etakideei babesa emateari utzi zioten. SER irrati kateak dioenez, erakunde armatuaren hiru buruzagiek bilerak egin zituzten nazioarteko egiaztatzaileekin, Oslon eta Norvegiako beste hainbat herritan. Besteak beste, elkarrizketa horietan euskal presoen auzia konpontzeko bide orria eta desarmatze prozesua zehazten saiatu ziren bi aldeak. Negoziazioek, ordea, ez zuten aurrera egin, eta ETAko buruzagiak Frantziara kanporatzea erabaki zuen Norvegiako Gobernuak. Otsailaren 12an kanporatu omen zituzten herrialde horretatik Urrutikoetxea, Pla eta Sorzabal.

Ez da lehen aldia halako informazio bat zabaltzen dena. Joan den otsailaren 11n Efe albiste agentziak jakinarazi zuen ETAren buruzagitza Nazioarteko Harreman taldearekin bilerak egiten ari zela Norvegian. Orduan, ezker abertzaleak filtrazioen inguruko kezka agertu zuen, eta horiekin bake prozesua oztopatu nahi zela salatu zuen.
             Sinesgarritasuna eman diote

Atzo zabaldutako informazioari sinesgarritasuna eman diote ordezkari politikoek. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak uste du Norvegiako Gobernuak ETAko buruzagiak kanporatu dituela horrek ez duelako «keinu argirik» egin bake bidean. Josu Erkoreka gobernuko eledunarentzat, «kezkagarria» da ETAk oraindik armak behin betiko lagatzeko erabakia hartu ez izana. Gogorarazi du egiaztatzaileek ETAri ohartarazi diotela solaskidetza utziko dutela baldin eta datozen hilabeteetan urrats argirik egiten ez badu. Haren ustez, Norvegiako Gobernuaren erabakia bat dator egiaztatzaileek diotenarekin, eta ETAk kontuan izan beharko luke.

PPko presidente Antonio Basagoitik, berriz, adierazi du ETAko buruzagitzak armak utzi eta «damua» agertzen ez badu «Norvegiatik, Frantziatik eta toki guztietatik» kanporatua izango dela. ETAk egin beharreko «gutxieneko urratsak» dira horiek, Basagoitiren ustez.



Orain gogoeta labur batzuk, eztabaida eta hausnarketa eragiteko:

1.- Albisteak logikoak dira, Inperialismoaren "txakur onak" soka estutzen ari dira Euskal Nazio Askapenerako Erakunde Sozialista Iraultzailearen lepo inguruan, normala denez, gero eta gehiago amore eman dezan, orain arte gutti egin izan balu bezala. Lakioa, segada eta intoxikatze operazioak ongi funtzionatu du: xake mate! Helburua ETAren errendizio absolutua baita, umiliazioa, desagertzea eta damutze publikoa. ""Vencido y derrotado el Ejército Rojo..." Bitartean, Inperialismoaren "txakur gaiztoek" militanteak atxilotzen dituzte Euskal Herrian, Frantzian, Espainian eta nonhai, eta espetxe zigor gogorretara kondenatzen dituzte gatibu dauden militanteak, lasai lasai eta inolako ondoriorik gabe. Den-dena "normaltasun demokratikoan".  Eta Herria, gero eta harrituago; presoak, gero eta kezkatuago...

 

2.- Duela jada urte batzuk errepikatzen dugu behin eta berriz "Basque Peace Process" delako horren helburua, inperialista anglo-saxoi eta sionistendako, ez dela inolaz ere balizko "Estatu Baskoa" ahalbidetzea, Oraingo Ezker Abertzaleko zuzendaritza sozialdemokrata eta erreformistak saldu eta sinestarazi nahi izan digun bezala, baizik eta Euskal Herri Langilearen borroka iraultzaile molde oro likidatzea eta ENAM suntsitzea, Sistema Kapitalista eta Inperialistan integratuz erabat. Inperialismoa errepikatzen ari da 1937-1957 urteetan PNVrekin egindako jukutria bera. Eta Oraingo Ezker Abertzalea orduko EAJ burges, kristau-demokrata eta filoinperialista bezain zozoa da, edota okerrago dena, orduko PNV bezain traidorea. Biak batera, seguraski. Bergarako besarkada eta Santoñako paktua batera! Burgesia nazionalista baten estrategia koherentea, batzuk burges ertain eta handiak, bertze batzuk, aldiz, burges txiki eta politikero profesional burokrata koadrila bat. Tragikoena da erreformisa eta likidazionista hauen atzetik Euskal Herri Langilearen sektore handiak direla, laño-laño den-dena sinetsita eta lerro-lerro Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua izan zena galbiderat daraman estrategia batean parte hartzen... Noiz arte?

3.- Zer egin behar dugu euskal iraultzaileok? Lehenik eta behin, elkartu eta eztabaidatu. Gero, antolatu eta ekin. Honetaz guztiaz mintzatuko gara heldu den larunbatean, martxoaren 16an, arratsaldeko 7etan, Ondarruko Gaztetxean. Garaia iritsi da euskaldun iraultzaileok eta iraultzale euskaldunok aurpegia emateko eta alternatiba bat eskaintzeko Euskal Herri Langileriari, gure betiko helburuen alde: Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea. Eta jakina, Amnistia osoa eta baldintzarik gabea gudari eta iraultzaile ororendako. Tenorea iritsi da Euskal Herri Langileak jakin dezan badela bertze bide bat, betikoa, zaharra eta berria aldi berean: Euskal Iraultza Sozialista, Euskal Errepublika Sozialistaren bidean. Hau da, haustura iraultzailea Espainia monarkiko neofrankista eta kapitalistarekin, eta Frantzia etnozida, jakobino, nuklear eta inperialistarekin. Haustura Estatu burges horiekin, eta elkartasunezko harreman internazionalistena hango Herri Langile guztiekin, denon artean, nork bere erritmoan, Iraultza Sozialista egin dezagun. Orain ez bada garaia Iraultza Sozialista egiteko, noiz izanen da?


Larunbatean Ondarrun elkar ikusiko dugulakoan, besarkada bero eta erraldoia Euskal Iraultzan oraindik sinesten duzuen guztiondako!!! Orain borroka da bide bakarra!!! Jotake irabazi arte!!! 

 
 

 


  



6 iruzkin:

  1. flipau oa popatik hartzera!!

    ErantzunEzabatu
  2. Anonimoa haiz, honek erakusten dik heure ausardia! Nik neure iritziak beti sinatzen ditiat neure izen eta abizenekin. Zuzen ala oker, ez nauk ezkutatzen. Hi bai.

    Bertzalde, blog honen aurkezpenean hau erraten duk: "Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita. Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez." Garbi zegok hik ez dituala baldintza horiek bete, eta hala ere, hire iraina argitaratu diat, batzuen eztabaida maila agerian uzteko. Hik heuk kalifikatu duk heure burua. Zakarra eta iraintzalea haiz, honek hire adimena erakusten dik!

    Eta bukatzeko, homofoboa haiz heure iraintzeko maneran, honek erakusten dik nolakoa haizen.

    Hire arrazoi eta argudioen zain gelditzen nauk, anonimo koldar, zakar eta homofoboa, azaltzen ahal duk modu arrazional batez zendako uste dukan flipau bat naizela? Ala iraintzea bertzerik ez zaik gelditzen?

    Eta jakina, ni ez nauk inora joanen. Segituko diat ene indar guziez Oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzaren oportunismoa, erreformismoa, errebisionismoa, likidazionismoa eta ildo sozialdemokrata salatzen, dataz eta datuz, arrazoiz eta argumentuz, buruz buru eta frontalki, 2007ko urtarrilaz geroztik egin izan dudan bezala. Ez nauk ixilduko, eta jananik ezin nauzue ixildu. Euskal Herri Langileak erabakiko dik, praxian, nork duen arraoi.

    Lagun anonimoa, hoa hi heure argumentuak prestatzera, baldin eta badituk, eta ekarri honat, eztabaidatu ahal izateko. Biyartean, faborez eta mesedez, ez iraindu inor.

    Adeitasunez,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  3. Lagun anonimoak ez du erantzun, argi geratu da bere helburua ez zela eztabaidatzea, baizik eta "Zutik Euskal Herria!" eta Oraingo Ezker Abertzalearen likidazionismoa onartzen ez duen jarrera eta pentsamendu bat iraindu eta deskalifikatzea. Urduri daude, gero eta urduriago, Inperialismo anglo-saxoi eta sionistarekin batera diseinatu zuten operazioa kolapsatzen ari delakotz, Euskal Herri Langilearen gero eta sektore zabalagoak haien tranpaz, jukutriaz eta mixeriaz ohartzen ari direlakotz, eta ondorioz, "Basque Peace Process" kontrako erresistzentziak, neurri likidazionista bakoitzaren kontrako jarrerak gero eta indartsuagoak direlakotz. Jendea ez dago poizk, preso aunitz ere ez, eta Oraingo Ezker Abertzalearen krisia areagotzen ari da.

    Oso esanguratsua da erreformista sozialdemokrata hauen jokaera: prest daude klase-etsai eta nazio-etsaiekin edozertaz eztabaidatzeko, PPrengana eta PSOErengana hurbiltzen saiatzen dira behin eta berriz, neofaxista hutsak diren sasi biktimengana ere jotzen dute, behin eta berriz saiatzen dira haiekin adeitsuak izaten, haiekin adiskidetzen, "Demokrazia", "Bakea" eta "Giza Eskubideen" izenean... Bide iraultzailea mantendu nahi dugunokin, Euskal Iraultza Sozialistaren bandera altxatzen dugunokin, aldiz, egurra, indiferentzia, irainak, deskalifikazioak... Gero eta argiago dago SORTU sistema kapitalistan erabat integratu dela, eta beraz, iraultzaile antikapitalistak etsaitzat gaituztela. Hori bai, erretolika eta estetika "iraultzailea" mantendu behar dute, Euskal Herri Langilea liluratzeko, eta "Euskal Iraultza Demokratiko Nazionala" bezalako kontzeptu etapista, nahasgarri eta azken finean kontrairaultailea erabiltzen dute.

    Euskal iraultzaileok geure kritika mantendu, zorrotu eta areagotu behar dugu, arrazoiz eta argudioz bete, behin eta berriz azaldu Euskal Langileriari SORTUk plantetazen duen bideak ez gaituela inora eramanen, sisteman integratzera eta Burgesiaren besoetara ez bada.

    ErantzunEzabatu
  4. Zer egin?

    Euskal iraultzaileok plataforma eta estrategia argi baten inguruan elkartu behar dugu: Euskal Iraultza Sozialista. Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren historian baditugu hamaika iturri teoriko eta praktiko gure mugimenduare berreraikitzeko betiko zutabeen inguruan: Independentzia, Sozialismoa, Birbatasuna eta Berreuskalduntzea. Gainera, XIX. eta XX. mendeko iraultzaileen esperientzia guztiak ditugu. Bilan eta balantze historikoa egin behar dugu: Iraultza Sozialisten ibilbidea, Sozialismoaren eraikuntza eta bere porrotaren zergatiak. Eta hori guztia, XXI. mendeko Euskal Herrian egokitu eta aplikatu, egindako akatsak argiro aitortuz, zorrozki autokritikatuz eta borroka guztiak indarberrituz.

    Sakontze teoriko sistematikoa egin, Teoria Iraultzaileak estudiatuz eta ikasiz gogor eta goz: Marx, Engels, Lenin, Stalin, Mao, CHE, Etxebarrieta anaiak, Argala... gainontzeko iraultzaile guztiak ahantzi gabe; Rosa Luxemburg, Trostki, Preobazhenski, Pannekoek, Korsch, Bordiga, Lukacs, Gramsci, Grossmann, Hoxha, Miguel Enriquez, Marcial komandantea, Ho Txi Minh, Santucho, Fidel Castro, eta berte mila hamaika...

    Blog honek lan gogor horretan lagundu nahi du. Badakigu zerbait mugitzen ari dela, plataforma iraultzaile baten inguruan, nahiz eta etsaia dena kakazten eta zikintzen saiatu. Garaia heldu da aurpegia emateko eta bide iraultzaile berria Euskal Herrian jorratzeko. Bide zaharra eta berria aldi berean. Lehengo lepotik dugu burua!

    JO TA KE IRAZAZI ARTE!

    IRAULTZA ALA HIL!

    ErantzunEzabatu
  5. Nik ikusten dudana da azken urteetan ezker abertzalean formazio politikoa abandonatu dela. Formazio marxista esan nahi dut. Oraingo militantziak ez daki tutik ere horretaz, eta zerbait dakiena, autodidakta bezala egin dut, bere kabuz-eta... Blog honetan beti ari zarete marxismo gora eta marxismo behera... Zergatik ez duzue organizatzen formazio ihardunaldi batzuk, marxismoa ikasteko, edo marxismo-leninimo, edo dena den. EHK eta Boltxe kolektiboa horretan ari dira, eta Matxingune bloga... Portzierto, zergatik ez dituzue aipatzen? Ez zarete pixka bat sektarioak? Nik uste dut Euskal herriko iraultzaile guztiok batu egin behar dugula. Elkarrekin ez bagoaz, jai dugu, benetan!

    ErantzunEzabatu
  6. Lagun anonimoa: zuk aipatutako akatsa konpondu dugu. Ez dugu sektario izan nahi, eta zureak bezalako iruzkinek horretan laguntzen digute. Saiatzen gara ahalik eta esteka gehien agertzen, askotarikoak eta pluralak. Bloga irakurtzen dutenak jakinen dute zer eta nola irakurri.

    Formazioari dagokionez, jakin dugu udarako Euskal Unibertsitate Gorria prestatzen ari direla lagun batzuk, Euskaraz, jakina, eta bertan honako gai hauek jorratu nahi dituztela:

    1.- Marx eta Engels: biografia intelektuala. Sozialismo Zientifikoaren oinarriak.
    2.- "Das Kapital": ekonomia politikoaren kritika.
    3.- Henryk Grossmann eta Marxek "Das Kapital" idazteko erabili zuèn metodoa.
    4.- Gaur egungo krisi kapitalista globala "Das Kapital"-en argitan.
    5.- Lenin eta Alderdi Iraultzailearen eraikuntza.
    6.- Lenin eta Nazioen auzia.
    7.- Lenin eta Estatu Proletarioa.
    8.- Lenin eta Inperialismoa, Kapitalismoaren fase gorena.
    9.- Gaur egungo Inperialismo globala Leninen teoriaren argitan.
    10.- Stalin-en biografia politikoa. Bere sei idazki mugarri.
    11.- Boltxebikeen "Eztabaida Handia": Sozialismoa Herrialde bakar batean versus
    Iraultza Iraunkorra: Stalin, Trotski, Preobazhenski, Zinoviev, Piatakov,
    Bukharin, Varga...
    12.- Mao Tse Tung eta Txinako Iraultza.
    13.- Ernesto CHE Guevara.
    14.- "Bigarren eztabaida Handia": "Vietnam bat, bi hiru, asko sortu" versus
    "Koexistentzia baketsua". Errebisionismo sobietarra versus Etengabeko Iraultza.
    15.- ENAM-en historia eta bihurguneak: 1952-2012.
    16.- Euskal Teoria Iraultzailea: Etxebarrieta anaien eta Argalaren pentsamendua,
    ETAko V., VI. eta VII. Biltzarrak.
    17.- Euskal Iraultza Sozialista gaur: estrategia iraultzailea Euskal Herrian XXI.
    mendean.

    Ikusten duzunenez, programa oso anbizioatsua da, aberatsa eta sakona. Ea lagun hauek aurera eramatea erdiesten duten!


    ErantzunEzabatu