LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/06/18

Hizkuntzak eta internazionalismoa


Irlandar hizkuntzaren, Gaelikoaren, arazoaz ere, sozialista gehienak nahasten dituen arazoa, erabat ados nago [Sinn Feinekin]. Sinesten dut nazioarteko hizkuntza bat beharrezkoa dela. Areago, saihestezina dela. Ez dut uste, baina, nazio txikiek euren hizkuntzen desagerpena onartzeak hura ekarriko duenik, ez eta erraztuko ere. Ekimen honek edo, hobe esanda, pasibotasun otzan honek ez du aurreratuko nazioarteko hizkuntzaren eguna. Aitzitik, ekarriko digu botere handien arteko borroka, bakoitzak bere hizkuntza nagusi bihurtzeko asmoz.
Bestalde, hizkuntz komun bat adostea errazago da hizkuntz ezberdinak mintzo diren komunitate txiki askoren artean, beti boterea galtzeagatik kezkatuta eta nagusitasunaren bila ibiltzen diren inperio handi gutxi batzuen artean baino.
(James Connolly, 1908, Sinn Féin and Socialism artikuluaren pasartea)

2013/06/14

ERABATEKO NORMALTASUN DEMOKRATIKO BAKETSU-BAKEZALEKO EGUN ARRUNT BAT ALDEBAKARTASUNAREN LURRALDE MIRESGARRIAN...


Berria.info 


Arkaitz Agirregabiria

 eta

 Zuhaitz Errasti presoek

 gose grebari ekin diote

 

Neurriak zorroztu dizkiotela salatu nahi du Agirregabiriak, eta Errastik elkartasuna azaldu nahi dio.
Berria.info   2013-06-14 - 18:17:18

Bordeaux-Gradignan espetxean dauden Arkaitz Agirregabiria eta Zuhaitz Errasti presoak gose greban daude atzotik. Joan den astean, erregimen bereziko preso sozial batek ihes egin zuen Bordeleko beste espetxe batetik, eta geroztik erregimen bereziko presoei dituzten neurriak zorroztu dizkiete.

Agirregabiriaren kasuan, erregimen bereziko presoa denez, baldintzak zorroztu dizkiote. Bereziki salatu nahi du bisitak egiteko baldintzaren okertzea. "Hala ere, neurrien gogortze horrez gain, beste gertakari bat ere jasan behar izan du azkenaldian Bordeaux espetxean. Joan den astean preso sozial batzuen jipoia ere jaso baitzuen", salatu du Etxerat-ek.

Egoera hori salatzeko Agirregabiriak atzotik gose greba egitea erabaki du, eta espetxe berean dagoen Errastik ere elkartasuna adieraziz bat egin du gose grebarekin.

Eskubideak errespetatzeko 
eskatu du Etxerat-ek

Etxerat-eko senideek adierazi dute azken asteetan jasaten duten hirugarren erasoa dela, eta oso epe laburrean Frantziako Estatuko espetxe batean egiten duten bigarren gose greba. "Honek erakusten du gure senide eta lagunek espetxeetan zein bizi-baldintza gogorretan bizi behar izaten duten", adierazi dute. Horregatik, euskal presoen eskubideak "errespetatu" egin behar direla nabarmendu dute.


Londresek

 Antton Troitiño estraditatzea

 onartu du

Antton Troitiño 2011ko apirilean Donostian, harrera egin ziotenean.

24 urteko espetxe zigorra bete zuen Espainian, eta bete ostean ezarri zioten 'Parot doktrina'. 2012an atxilotu zuten, Londresen.
Berria.info   2013-06-14 - 17:05:06


Antton Troitiño euskal presoa (Donostia, 1957) Espainiaratzea onartu du Londreseko Auzitegiak. Parot doktrina ezarri zion Espainiak, eta zigor hori betetzeko estraditatuko dute. Aurtengo urtarrilaren 14an hasi zuten epaiketa, Espainiak egindako estradizio eskaera onartu edo ez erabakitzeko.

24 urteko zigorra betea du jada Troitiñok; aske geratu ondoren ezarri zioten 197/2006 doktrina. 2012ko ekainean atxilotu zuten Londresen, eta gaur auzitegiak atzera bota du presoak jarritako helegitea.

Presoaren abokatuak ez du jakinarazi berriro ere helegitea jarriko duen ala ez. John Thomas epaileak maiatzean adierazi zuen Auzitegi Gorenera hel daitekeela kasuaren "konplexutasunagatik". Epaileak esan zuen hamalau eguneko epea emango ziela bi aldeei helegitea jartzeko, eta Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko tramiteak hasiko dituzte orain abokatuek.

Doktrinaren aplikazioa

Berez, 2011ko urtarrilaren 4an behar zuen aske, baina espetxealdian prebentibo moduan emandako denbora zela-eta 2017ra luzatu zioten zigorra. Baina, azkenean, 2011ko apirilaren 13an aske geratu zen. Aske uzteak polemika handia eragin zuen Espainiako politikagintzan eta Justizian. Lehen harrera jaso ostean, desagertu egin zen Troitiño.

Aske geratu bezain laster, hurrengo egunean, Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak Troitiño aske uzteko erabakiaren kontra egin zuen. Lau egun geroago, aske geratu eta bost egunera, Parot doktrina aplikatu, eta berriz espetxeratu nahi izan zuten, beste sei urterako. Auzitegi Nazionalaren aginduz, hura atxilotzen saiatu ziren, baina ez zuten topatu.


2013-06-14

Egotzitakoa ukatu dute atxilotuek, 

eta kartzelatu egin ditu epaileak

 

2002ko paper batzuetan eta 2005eko auto batean oinarritu da epailea Gelbentzuri eta Lizarribarri lau atentatu leporatzeko

Inkomunikazio aldian mehatxatu eta kolpatu egin zituztela salatu dute biek

Hodei Iruretagoiena

 
 Elkarretaratze bat egin zuten atzo Lizarribarren lankideek, atxilotuei elkartasuna adierazteko. / BERRIA

Inkomunikatuta eduki dituzten denboran guardia zibilek mehatxatu eta kolpatu egin dituztela salatu dute Ruben Gelbentzuk eta Jon Lizarribarrek Espainiako Auzitegi Nazionaleko Ismael Moreno epailearen aurrean. Atzo goizean eraman zituzten epailearen aurrera; inkomunikazioa kenduta deklaratu zuten, konfiantzazko abokatuarekin. Moreno epaileak baldintzarik gabe espetxeratu zituen, «behin-behinean».

Epailearen aurrean salatu zuten bi atxilotuek Guardia Zibilaren eskuetan jasotako tratua. Aiert Larrarte abokatuak BERRIA-ri kontatu dionez, Madrilera bidean jarri orduko galdeketekin hasi zirela salatu dute atxilotuek. Gelbentzuk bidaia «oso gogorra» izan zuela esan du, une oro eskuak atzean lotuta eta burua hanka artean jarrita eraman dutela. Kotxetik ziegara oihu, kolpe eta mehatxu artean eraman zituztela salatu dute biek, eta torturatuko zituztela mehatxatuz izan zituztela gau osoan.

Legez kanpoko galdeketak egin zizkietela salatu zuten atxilotuek epailearen aurrean. Lizarribarrek galdeketa horietako bat «nahiko gogorra» izan zela kontatu zion abokatuari: kolpatu egin zutela, eta poltsarekin mehatxatu zutela. Asteazken goizean, guardia zibil bat aurpegia agerian zuela etorri zitzaiela kontatu dute bi atxilotuek, eta tratua «oso egokia» izan dela ordutik aurrera. Orduan, Gelbentzuk eta Lizarribarrek kontatu dutenez, guardia zibil batek aurrerantzean atxiloketak egiten jarraituko dutela esan zien: «Hilero bi eroriko zarete». Gainera, atxilotuek kontatu dute «argitu gabeko atentatuak» aukeratzeko esan zietela, «biktimak presio egiten ari direlako», eta beraiei ez bada besteren bati leporatuko dizkietela.

Epailearen aurrera eraman zituztenean, baldintzarik gabe espetxeratzeko eskatu zuen Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak, eta hala erabaki zuen Moreno epaileak. Soto del Realeko kartzelan (Espainia) sartu dituzte biak. ETAko kide izatea eta 2002ko lau atentatutan «txikizio terroristak» eragin eta sei «hilketa saio terrorista» egitea leporatu die epaileak. Autoan dioenez, «argitu gabeko» ETAren atentatuak ikertzen ari dira Auzitegi Nazionaleko Fiskaltza eta Guardia Zibila, eta «ikerketa horren emaitza» izan dira astearteko atxiloketak.

Interpretazio berria, orain

Ustez ETAri 2002an atzemandako paper batzuetan eta 2005eko Baltasar Garzon epailearen auto batean oinarritu da Moreno atentatu haiek atxilotuei leporatzeko. Larrartek azaldu du paper haien interpretazio berria egin dutela epaileak hamaika urte beranduago, eta salatu du Garzonen autoaren aipamena egin arren, Morenok ez duela besterik zehazten. Hain zuzen, 2003ko azaroan Garzonek agindutako operazio batean atxilotu zuten Gelbentzu, eta auzi horretakoa da autoa. Beste hamaika lagunekin batera atxilotu zuten orduan —tratu txarrak salatu zituzten gehienek—, baina errugabetzat jo zuten. Garzonek hura atera eta lau urtera, 2009an, Frantziako Poliziak Espainiaren esku utzi zuen Lizarribar, Frantzian sei urteko zigorra bete ondoren. Orduan, Espainian kargurik gabe libre utzi zuen Espainiako Poliziak.

Astearte goizaldean atxilotu zituen Guardia Zibilak Gelbentzu eta Lizarribar, Andoainen eta Urnietan (Gipuzkoa). Espainiako Barne Ministerioak berehala zabaldu zuen ETAk 2002an egindako lau atentatutan parte hartzea egozten zietela. Hala ere, epaileari esan ziotenez, Auzitegi Nazionalera deklaratzera eraman arte ez zekiten zer zen leporatzen zietena: Guardia Zibilak ez zizkien egozten zitzaizkien karguak jakinarazi atxilotu zituztenean.

CPT Europako Torturaren Prebentziorako Elkarteak hainbat gomendio egin zizkion Espainiari: konfiantzazko medikuarekin eta abokatuarekin egoteko eskubidea bermatu behar zaie atxilotuei, eta senideek atxilotuak non dauden jakiteko eskubidea dute. Hiru baldintza horiek behintzat ez dira bete Gelbentzuren eta Lizarribarren kasuan.

Atxiloketak gertatu bezain laster ohartarazi zuen Amaiur koalizioak Gelbentzuk eta Lizarribarrek «arrisku handia» zutela tratu txarrak jasotzeko, inkomunikatu egin zituztelako. Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diazengana, Kongresuko Barne Gaietarako batzordeko presidentearengana eta Espainiako arartekoarengana jo zuten, baina ez zituzten bete eskaerak.

Atxiloketen ondorengo egunetan salaketa adierazpen eta mobilizazio ugari izan da. Atzo, atxilotuak askatzeko eskatu zuen LABek, eta Espainiako Gobernuak «errezeta zaharretan» tematuta dirauela salatu zuen. Lizarribarren lankideek «babesik sentikorrena» helarazi zieten ingurukoei. Nabarmendu zuten egunero «gehien behar duten pertsonen ondoan» aritu dela lanean. «Lehenbailehen ikusi nahi dugu guren ondoan».




IKASTOLAK

Otsailean Hendaiako ikastolaren alde egindako manifestazioa.

Hendaian ikastola eraikitzeko erabakia

 legez kanpokoa dela esan du suprefetak

 

Herriko etxeak ikastola hartutako erabakia atzera botatzeko agindu du, esanez hezkuntza legearen aurkakoa dela. Bi urtez atzeratu daiteke eraikuntza erabaki horren ondorioz. "Haserre eta kezkaz" dago Seaska.
Berria.info   2013-06-14 - 19:18:12



Hendaian ikastola berria eraikitzeko bideak beste oztopo bat jaso du Frantziako administraziotik. Suprefetak Hendaiako Herriko Etxeari agindu dio bertan behera utz dezala ikastola eraikitzeko hartutako erabakia, legez kanpokoa dela esanez. Uste du hezkuntza legearen aurkakoa dela. Erabaki horrek bi urterako behintzat atzeratu dezake Hendaian ikastola bat eraikitzea. Erabakia aztertzen ari da Seaska, baina aurreratu du "haserre eta kezkaz" hartu duela gobernuko ordezkariaren erabakia.

Joan den urtarrilean hasi zuen suprefetak proiektuaren aurkako ekinbidea. Egungo eraikina txiki geratuta, beste bat eraikitzeko asmoa du Seaskak, eta herriko etxea laguntzeko prest agertu zen. Falloux legea gogora ekarrita, suprefetak hori egitea galarazi egin zion, ordea; eskola pribatuei dirua ematea galarazten du arau horrek.

Kontrakotasun handiak jaso zituen suprefetaren erabakiak, eta beste bide batzuk mahai gainean jarri zituen, betiere diruz laguntzea debekaturik; egoitza alokatzea eskaini zion udalari. Egoerak aurrera egiteko zantzurik ez, eta otsailaren 2an jendetza bildu zen Hendaian, ikastolaren babesteko.

Pirinio Atlantikoetako prefeta sartu zen tartean horren ondoren, eta konponbidearen aldeko agertu zen. Egoera bideratuta zegoelakoan, apirilaren 24an ikastola berria eraikitzeari baiezkoa eman zion Hendaiako Herriko Etxeak.


BURGESIAREN USTELKERIA EGUNEROKOA...
 


NAFARROAKO KUTXA



'CAN auziaren' inguruko ikerketa batzorde bat sortzea baztertu du Nafarroako Parlamentuak

Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, PPNk eta Geroa Baik egin dute batzordea sortzearen alde; UPNk eta PSNk, aldiz, kontra.
Berria.info   2013-06-14 - 16:38:54
 
Nafarroako Parlamentuak baztertu egin du Nafarroako Kutxako dieten auzia argitzeko ikerketa batzorde bat osatzeko aukera. Hala egiteko proposamen bat aurkeztu dute Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak, eta Geroa Baik, eta haien aldeko botoei batu zaizkie PPNkoak. Batzordea, ordea, ez da sortuko, UPNk eta PSNk kontra eginda. 
 Maiorga Ramirez Bilduko Nafarroako Parlamentuko bozeramaileak esan du "Nafarroari egia zor zaiolako" aurkeztu dutela mozioa, eta galdetu du zer gertatu behar den Nafarroako Kutxaren inguruko ikerketa batzorde bat osatzeko.

Aralar-NaBaiko bozeramaile Txentxo Jimenezek, berriz, esan du "egiazko arazoa Nafarroako Kutxa bezalako entitate bat galdu eta dirutza desagertu izana" dela. Ikerketa batzordea "gizartearekiko erantzukizun bat" da, Jimenezen hitzetan.

PPNko parlamentari Ana Beltranek adierazi duenez, "jakin beharra dago Nafarroako Kutxarekin zer gertatu den", eta gaineratu du parlamentua ezin dela geratu ardura politikoak eskatu gabe.

UPN eta PSN, kontra

UPNko bozeramaile Carlos Garcia Adaneroren arabera, ikerketa batzordeetan "ondorio batzuk onartzen dira eta epaitegietara bidaltzen dira, baina gai hau Auzitegi Nazionalean nahi Iruñeko epaitegietan dago jada".

PSNko parlamentari Juan Jose Lizarbek iragarri du PSNk Nafarroako Kutxari buruzko txosten bat egiteko eskatuko diola Nafarroako Kontu Ganberari. Halaber, nabarmendu du auzia epaitegietan ikertzen ari direla: "Auzi hori zabalik da eta amaituko da amaituko den lekuan, zorionez epaileak onak direlako".

 


Espainiako Auzitegi Nazionalak

 Garaialde eta Etxaburu senar-emazteak 

absolbitu ditu

"Terrorismoa goratzea" egozten zieten, eta absolbitu egin dituzte; hala ere, Garaialderi sei hilabeteko zigorra ezarri diote, "autoritateari desobeditzea" egotzita; 200 euroko kalte ordaina eman beharko dio ertzain bati.

Berria.info   2013-06-14 - 15:57:24



Espainiako Auzitegi Nazionaleko Angela Murillo epaileak ebatzi du Joseba Andoni Garaialde eta Garbiñe Etxaburu senar-emazteek ez zutela ”terrorismoa goratu”. Garaialderi, ordea, sei hilabeteko zigorra ezarri dio ”autoritateari desoditzea" egotzita. 200 euroko kalte ordaina eman beharko dio ertzain bati.

2010eko irailean Itxaso Lekuona Askapenako kidearen atxiloketa salatzeko manifestazioan gertatutakoen ondorioz izan ziren epaituak Joseba Andoni Garaialde eta Garbiñe Etxaburu senar-emazteak.

Carlos Bautista Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak urte eta erdiko kartzela zigorra eskatu zuen bientzat "terrorismoa goratzeagatik". Era berean, bi urte eta zortzi hilabeteko zigorra gehitzea eskatu zuen Garaialderentzat, "autoritateari atentatua" egin ziola uste zuelako, kontzentrazioan zegoen ertzain bati ustez "zaplasteko" bat eman ziola-eta. Iñigo Iruin abokatuak absoluzioa eskatu zuen senar-emazteentzat.

Fiskalaren arabera, "Gora ETA" oihukatzeak erakunde armatua goratzen du, eta beraz, ekintza armatuak babesten ditu. Iñigo Iruin abokatuak, berriz, absoluzioa eskatu zuen, indarkeria goratu zutela erakusteko nahikoa frogarik ez zegoela argudiatuta; zaplastekoa ere ez zela frogagarria adierazi zuen abokatuak.

2013-06-14

Absoluzioa ez den beste epairik 

ez dute onartuko 

Iruñerriko auzipetuek

 

Ekainaren 22an eginen duten herri harresian parte hartzeko eskatu diete norbanakoei eta taldeei

Iker Tubia


Herri harresian harria jarri nahi dute Iruñean, eta ekainaren 22an hasiko dira Gazteluko plazan. / IDOIA ZABALETA / A. PRESS

Absoluzioa. Luis Goñi, Xabier Sagardoi, Maider Caminos, Mikel Jimenez eta Aritz Azkonak ez dute beste epairik onartuko. Espainiako Auzitegi Nazionalak sei urteko kartzela zigorra ezarri zien Segi eta Ekineko kide izatea leporaturik, eta uztailaren 3an epaia berretsi edota bertan behera utzi beharko du Auzitegi Gorenak. Hori dela eta, herritarrei eta taldeei herri harresian parte hartzeko eskatu diete auzipetuek. «Herriak du hitza, eta denon artean esan behar diegu Espainiako eta Frantziako estatuei bukatu direla atxiloketa, inkomunikazio eta tortura garaiak, eta, konponbidearen kontra pausoak ematen jarraitzen badute, herri bat topatuko dute aurrez aurre», esan du Azkonak.

Beraz, herritar reieta talde guztiei herri harresia babesteko eskatu die. Ekainaren 22an irudikatuko dute harresi hori, Iruñeko Gazteluko plazan. 11:30ean hasita, hainbat jarduera antolatuko dituzte. Iruñerriko kultur taldeei emanaldiak eta tailerrak antolatzeko eskatu diete. Batzar txikiak ere osatuko dituzte egoera politikoari buruz mintzatzeko, eta tokian-tokian eman beharreko erantzunez hausnartzeko.

Jarduerak goizean eginen dira, eta herritar guziek parte hartu behar dutela nabarmendu du Azkonak. «Denon artean eraiki beharreko zerbait da, bakoitzak nahi eta ahal duen moduan herri harresia sortuko duen harria jarri beharra du».

Bestalde, gisa horretako auzien aurrean «beste aldera begiratu dutenak» gogor kritikatu ditu Azkonak. «Injustizia» babestu izana leporatu die, eta «konplizetzat» jo ditu. Esan duenez, hurrengo hilabeteetan 200 euskal herritar baino gehiago sar ditzakete kartzelan. «Argi utzi nahi dugu ez ditugula epai politiko hauek onartzen, eta ez dugula absoluzioa ez den beste ezer onartuko», azaldu du Azkonak. Dioenez, Herriaren etorkizuna dago jokoan.

AURRERA LANGILERIAren kritika marxista-leninista





Gaur blog honen orriotara ene posizio politiko eta filosofikoen kritika zorrotza ekarri nahi dut. Eta ez nolanahiko kritika, marxismo-leninismotik egindakoa baizik. Marxista-leninista batek egina, Euskaraz.

Ez da erran beharrik ere biziki pozten naizela honelako kritikak agertzeagatik, zeren blog honen sarreran erraten den bezala: "Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da. Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri".

Azken egunetan denetariko gezur, irain eta mehatxu agertu dira "Euskal Herria Sozialista" blogean nire aurka. Ez dut erantzunen, ez baitu merezi. Kritika politikoa, lan teorikoa eta ideologia alienatzaile guztien aurkako borroka da iraultzaile euskaldunok behar duguna, aitzina joko badugu. Bide horretan, "Aurrera Langileria" blogak egiten didan kritika biziki interesgarria delakoan nago, eta horregatik argitaratu dut hemen, lehenago KIMETZ erakunde komunistari egin zioten elkarrizketa egin nuen bezala. Blog honen sarreran erraten den legez:  "Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen". Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita. Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua: OMNIA SUNT COMMUNIA!!!"

Beraz, ongi etorriak kritikak eta azterketak, horrela joko baitugu aurrera, Euskal Iraultza Sozialistaren bidean. Egiten zaizkidan kritikak ongi aztertu eta gero, hemen berean erantzunen dut eta polemika zein eztabaida abiatuko dira. Gogor eta gogoz, baina zakarkeriarik gabe, militante iraultzaileen artean...

 


KRITIKA MARXISTA LENINISTA 

FERMINTXOREN PENTSAMOLDEARI,

MATERIALISMO DIALEKTIKOAN

 OINARRITUA



euskaliraultzasozialista blog
Ziur? ...


Euskal Iraultza Sozialista blogaren kudeatzaile eta IBIL antolakundearen bultzatzaile dugu Fermintxo, ibilbide politiko luzeko militantea, klandestinitatea eta espetxea ezagutu dituena. Azken urteotan ENAMen barneko sozialdemokrata eta likidazionisten aurka aurpegia eman duen militante bakarrenetarikoa da, honek bai txakurren, bai ustatxen erasoak ekarri dizkiolarik. Bere burua Langileriaren askapenean kokatzen duenez, eta bere blogak duen arrakasta ikusita, Aurrera Langileria-tik materialismo dialektikoan oinarritutako kritika zorrotza egingo diogu bere pentsamoldeari.




Bere esanetan bere burua marxista-leninista izendatzea galarazten dion gauza “bakarra” “fededuna” izatea da, eta ondorioz Askapen Teologian kokatzen da. Xehadura txikia hau, “fedearena”, baina tamalez materialismo dialektikoarekin guztiz bateraezina. Halako trikimailu metafisikoa gizartearen, baita naturaren ezagutza zehatzari eta honen irakurketa zuzenari ateak ixten dizkio, honetan oinarritutako ildo politikoari zilegitasun osoa kenduz. 

Baina bere erlijioa ez da edozein, Kristautasuna baizik (dirudienez ez Katolizismoa, Vaticanoa,  Kapital monopolistaren diru zuritzaile, inperialismo mendebaldarraren ONGen begirale eta abarren, denaren menera dagoena).


Antzinako garaietan, non ekoizpen baliabideen garapenak ez zion ezagutzaren arloan metodo zientifiko-teknikoari erabateko nagusitasuna ematen, erlijioa zen gainegitura ideologikoaren oinarri eta zapalkuntzak bidezkotzeko sostengu nagusia ematen zuena.

Hau da, betiereko izatea eskainiz, garaiko klase zapaltzailearentzat onuragarria zen oinarri ekonomikoaren funtzionamendua bermatzeko beharrezko jarrerak eskatzen (edo behartzen) ziren. Jatorri Biblikoa duten erlijioen (Judutasuna, Kristautasuna, Islam-a…) arrakasta Erdi Aroan, tradizio semitikoan jasotako portaerek garai honetako oinarri ekonomiko feudalaren funtzionamendurako zuten baliagarritasuna dela eta izan da: patriarkatua eta mendekotasuna, dena sortu duen, denaren jabe den, leku guztietan dagoen eta zigortzeko gaitasuna duen “Jauna”ren irudian biltzen dena. Kapitalismoa aurreko oinarri ekonomikoaren baitan ernetzen denez, gainegitura berriak honen herentzia ere izan du, nahiz eta ez duen lehen zuen indarra, Kapitalaren beharrak ez baitira berdinak . Askapen Teologiak guzti honi kutsu “iraultzailea” eman nahi dio… ba oso ondo, baina ez dio zapalkuntzaren aldeko eta Sozialismoaren aurkako tresna izateari uzten.


Materialismo historikoan, oinarri ekonomikoaren eta lanaren ikuspegitik egindako giza garapenaren azterketan, ez dabil oso fin ezta ere. Bere esanetan Euskal Herri Langilea “betidanik” existitu da, “Jesusito maiteari” gurtza Euskal Herrian ezarri baino lehenago ez klase borrokarik ez bestelako gizarte antolakuntzarik egon izan ez balira bezala. Berez, kristautasunaren “sarrera” ( oso berandu gainontzeko mendebaldearekin alderatuta ) eraikitzen ari ziren inperio feudalen boterearen irudikapena besterik ez da, hauen eta bertako lur jabeen, Erromatar Inperio esklabistako garaiko zapaltzaileen ondorengoen, boterea finkatzeko, Eliza Katolikoaren banderapean.

Honek badu zerikusia egiten duen Euskararen mitifikazioarekin (oso ohikoa nazionalista burges-ttipietan ). Hizkuntza, gizarteen historian zehar aldatzen eta moldatzen, hedatzen eta murrizten, jaiotzen eta desagertzen den fenomenoa da. Euskararen sorkuntza gizarte pre-klasistetan kokatzen da, bere izatea oso baliotsua bihurtzen duena. Honen hedadura gaur egun Euskal Herria deitzen denarena baino zabalagoa izan da, eta egon dira ere (eta daude), beste zenbait hizkuntza eremu honetan, bestelako Herrien aztarna edo zapalketa azpiegitura desberdinen eraginaren ondorioz ezarri direnak, Euskaran ere eragin nabarmena izan dutenak. Hegoaldean, kapitalismoa garatzen hasi zen unean, euskal burgesia izan zen honi muzin egin zion lehena, espainiar Monarkiarekin zituen harremanak gaztelera bereganatzera bultzatzen baitzioten, honek ekoizpen harremanetan gazteleraren aldeko indarra emanez. Kapitalismoa erabat finkatu zenean, Gaztelako herrietatik iritsitako etorkin andanak euskal gizartean gaztelera hizkuntz eramailea bihurtu zuten. Iparraldean, aldiz, industrializazio ezak Paris erdigunea duen kapitalismoak eragindako kolonizazio prozesua eman da. Hizkuntza bat gizarte osoarentzat baliagarria ez denean desagertzeko abiada bizia hartzen du. Horregatik da hain garrantzitsua Estatu kapitalistentzat beraiek aukeratutako hizkuntzaren nahitaezkotasuna, beren gainegiturarentzat honen irudizko ikuskerak izan dezakeen eraginaz gain.  Eta gerora garatutako burgesia euskaltzalearen geruza desberdinen negarrek ez dute hau aldatuko.

Guk, marxista-leninista euskaldunok, komunismorantz bideratuko den Estatu Sozialista baten eraikitzearen bidez herri honi orain arte izan ez duen naziotasuna eman nahi diogu, Proletalgoaren Diktaduran oinarritutako berreuskalduntzearen bitartez, eta Euskal Herriaren ondare historikoa, Euskara honen zati garrantzitsua delarik, beste herri guztiekin lortu beharreko lanaren askapenean baliagarria den uste osoa dugu. Baina hau euskaldunok Iraultza Sozialistan izango dugun paperaren araberakoa izango da.

Nahiz eta duela gutxi Stalin nazioarteko proletalgoaren heroiaren inguruko bere usteei “auto-kritika” egin diola esan, honi dion gorrotoa nabarmena da ( ordena burgesaren edozein zaindarik duenaren parekoa). Hau, Stalin burkidea “errusiarzalea” eta “kolonialista” izan zelako omen da. Benetan Lenin-en enkarguz “Marxismoa eta auzi nazionala” idatzi zuen; Alderdi boltxebikearen X. Kongresuan txobinismo errusiar-handia irmoki salatu zuen; Lenin-ekin batera Errepublika Sobietarra, bakoitzak bere hizkuntz eta arau propioak zituzten Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna bihurtzeko proiektua aurrera eraman zuen; horretarako garapenik ez zuten herriei naziotasuna eraman zien eta abar eta abar. Urte luze eta latzetan komunisten buru izan zen georgiarrari buruz ari da? Beharbada autodeterminazioa, nazioarteko langileriaren interesak aintzat hartu gabe,  metafisika hutseko totem bat izango balitz bezala, ezartzearen alde dagoelako izango da? Zeren badakigu zeintzuk izan ziren auzi nazionala inperialismoaren alde erabili zuten lehenak…

Amaitzeko, bere ildo politikoa izendatzeko “sozialismo iraultzailea” zehaztapen anbiguoa erabiltzen du, nolabait zapalkuntzari aurka egiten dioten “sozialismo” mota guztiak biltzen dituena ( guztiak, Zientifikoa izan ezik). Hemendik eratortzen da Euskal Behargin klasearentzat ezinbestekoa den Alderdi proletarioaren eraikuntzaren aurkako ikuspegia, oinarrizko lan hau zehaztugabeko etorkizun batera geroratzen duena. Honen zergatia azken urteetan ENAMen nagusitu zen nazionalismo burgesa da, berak bere proiektu politikoan bildu nahi dituen iraultzaile guztiak kutsatuta dituena. Baina ba al dago iraultzailerik otegista sozial-txobinista eta pro-inperialistek hain erraz erabateko botere politikoa eskuratzea ahalbidetu duen mugimenduaren baitan?


Aurrera Langileria-n Euskal Langileria Botere politikoaren eskuratzera eta Sozialismoaren eraikuntzari ekiteko beharrezko tresnak eskainiko dion mugimendu marxista-leninista eta euskaldunaren alde gaude, ideologia burgesaren amarru guztiez ongi arazturiko ildo politikoari ekiteko garaia dela uste baitugu. 

Euskal Herriko baita nazioarteko marxista-leninista orori honen bidean lan egiteko deia zabaltzen dugu, Sozialismo Zientifikoan oinarritutako nazioarteko proletalgoaren ildoak Garaipenera eramango gaituen uste irmoaz.


Iraultza ala hil!

 socialismalbanianmosiac


ENE ERANTZUN KRITIKOA

Egun pare bat utzi dut pasatzen "Aurrera Langileria" blogeko lagunak niri egindako kritikari erantzun aitzin. On izaten da kontu hauek pausatzen uztea, pertspektiba hartzeko. Gaur igandea, ekainaren 16an, bere gogoeta eta iruzkin kritikoei arrapostua emanen diet.

Erran behar dudan lehendabiziko gauza hauxe da: idazki hau hasiera-hasieratik herrenka abiatzen da. Zergatik? Irakurri hau: "Euskal Iraultza Sozialista blogaren kudeatzaile eta IBIL antolakundearen bultzatzaile dugu Fermintxo, ibilbide politiko luzeko militantea, klandestinitatea eta espetxea ezagutu dituena. Azken urteotan ENAMen barneko sozialdemokrata eta likidazionisten aurka aurpegia eman duen militante bakarrenetarikoa da, honek bai txakurren, bai ustatxen erasoak ekarri dizkiolarik.

Barkatu, bainan hau ez da egia osoa. Hasteko, nik ez dut onartzen "ustatxa" terminoa Oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritza izendatzeko. Iduritzen zait irain bat dela, irain zital eta zikina, eta gainera, guztiz gezurra. Gauza bat da gaur egungo nazionalismo burges ttipia, "ezkerrekoa" eta erreformista, mugimendu abertzale-independentista eta sozialista iraultzaile politiko-militar batetik datorrena, eta gaur egun sozialdemokrazian erabat kokatzen dena, eta bertze bat, oso bertzelakoa, II. Mundu Gerran nazien aliaturik fidel eta krudelenak, arrazista ultrakatoliko genozidak, judu, ijito eta serbiarren aurka ikaragarrizko sarraskiak egin zituztenak, eta iraultzaile kroaten kontra (komunistak, bereziki) errepresio izugarria baliatu zutenak. Badira aldeak, ezta? Ala ez? 

Arnaldo Otegi eta berarekin bat egin duten Ezker Abertzaleko militanteak sozialdemokratak dira, erreformistak, borroka iraultzaileen likidazionistak, nahi duzun guztia, bainan ez dute zer ikusirik Ante Pavelic-ekin. Hori edonork ikusten du. Nire ustez, begi bistako kontua da baietz, alde izugarri handiak direla, fanatismorik itsuenak eta sektarismorik zitalenak bakarrik ikusten ez dituenak...

"Aurrera Langileria" blogeko lagunak ezagutzen al du Mugimendu Ustatxaren historia? Eta ezagutzen badu, hala ere, termino hori mantentzen du? Ez zaio exagerazio iraingarri eta mixerable bat iduritzen? "Marxista-leninista" omen diren batzuk holaxe ibilki dira munduan: Iraultza Sozialistaren bidean haiekin guztiz bat ez datozenak, "eusko-naziak" dira, "faxistak", "ustatxak", "arratoiak", "Herriaren etsaiak", "trotskistak"... eta ez dakit zenbat epiteto gehiago. Hori bai, ez eskatu ustezko eta balizko "marxista-leninista" horiei azterketa politiko seriorik... eta are guttiago ordenagailua utzi eta kalean aurpegia ematea...

Berdin dio aurrean daudenak benetako klase eta nazio-etsaiak izan, adibidez, zinezko frankistak, falangistak, PPko neofrankistak, PSOEko sozialdemokrazia espainolista, PNVko burgesia baskoa, edota aurkari politikoak, Oraingo Ezker Abertzaleko erreformismoa konparazione, edota haiekin bat ez datozen iraultzaile euskaldunak... Bortz axola! Ñabardurak eta azterketak zehatzak ez omen dira biziki "marxista-leninistak". Zertarako?

Bainan horrek erakusten duena ez da balizko aurkari edota etsai politikoen gaiztakeria diabolikoa, baizik eta ustezko "marxista-leninista" horien mixeria politiko eta pertsonala, eta prestakuntza teoriko komunista iraultzaile eta zinez marxista-leninistaren exkaxia, falta edota inexistentzia.

Bai, ongi irakurri duzue, mixeria politiko eta pertsonala, eta prestakuntza teoriko komunista iraultzaile eta marxista-leninista exkaxa (zerbait errateagatik). Hori begi bistako kontua da EHS "Euskal" Herria Sozialista" izeneko blogaren kasuan, "Marxistas-leninistas de Euskal Herria" omen diren horiek, eta espero dut, bihotz-bihotzez, ez dela "Aurrera Langileria" aitzina eramaten duen lagunaren kasua. Benetan espero dut "Aurrera Langileria" blogak marxismo-leninismo euskaldunaren bidean kokatuko dela, tinko printzipio eta kritiketan, bainan argia eta zorrotza argudio eta eztabaidetan. 

Baina momentuz, eta tamalez, EHSren bide berdintsua hartu du, terminologian, bederen. Hori bai, Euskaraz, eta arrazoi eta argumentazio politiko minimo batekin. Horregatik erantzuten diogu, gogor bainan adeitsu, hala ere. Iraultzaile bati erantzunen diogu, iraultzaile euskaldun bati. Adeitasunez, bainan aldi berean tinkotasunez. Polemika gogor honetatik biok zerbait ikasiko dugulako esperantzan...

Praktika iraultzaileaz, militantzia iraultzaile errealaz ere luze mintza gintezke, bainan "Aurrera Langileria" blogeko laguna biziki gaztea denez, agian denbora ukanen du bere bizitzan, hurrengo urteetan, adibidez, bere marxismo-leninismoak zer fruitu praktikoak ematen dituen erakusteko. Oxala baietz! Agian gure laguna ez da sartuko EHS blogaren balizko eta ustezko "marxismo-leninismo" zakar, fanatiko, zital horretan. Gu bere zain izanen gara, eta zinez poztuko gara lan iraultzaile errealean hasten bada noizbait. Bitartean, begira nolako "perlak" idatzi zituen pasa den maiatzaren 30eko Greba Orokorrari buruz: 

"Aurrera Langileria-n ELA eta LAB sindikatu erreformistek deitutako Greba Orokorraren deialdiaren aurka azaltzen gara, hauek zuzentzen duten behargin aristokraziaren sektoreek Euskal Langileria bloke zapaltzailearen baitan beren interesak defendatzeko erabiltzen baitute, Estatu burgesaren aurrean Langileria makurtuz eta beren ildoa jarraituta eraldaketa iraultzailerako beharrezko tresnak (teoriko zein praktikoak) alboratuz. Herri Langilearen aurrean behargin klasearen ordezkari aurkezten dira, Kapitalismo Inperialistaren egituren barnean egokitutako bizimodu eta ordainsariak zaintzeko, Estatu kapitalistak patronalaren eta langileen artean egiten duten su-hiltzaile egitekoaren truke eskaintzen dizkiena."


Hona hemen, beraz, marxista-leninista honek erran zuena: Greba Orokorraren aurka azaldu zen. Blogean bertan oso ongi ikusten ez diren bi argazkiek iradokitzen dute Donostiako Miramar Jauregian pankarta bat edo bi jarri zitu(zt)ela. Eta Greba egunean, zer? Gure laguna txintxo-txintxo Unibertsitaterat joan zen, bere ikasketak egitera? Ala piketeetan ibili zen? Ez litzateke lehendabiziko aldia izanen, Greba egun batean Unibertsitaterat joan izan dela, ikastera, bere gurasoek ordaintzen dioten karrera aprobetxatu behar baita! Hori bai, gero ordenagailuaren aitzinean denoi bere marxismo-leninismoa erakutsi eta irakatsiko digu... Beharrik petsonalki ezagutzen dugun eta badakigun nor den, bertzenaz hau guztia seriotan hartzeko arriskuan jausiko ginateke... eta biziki haserretuko!

Seriotan hartuko ditugu bere arrazoi eta argumentuak, jakina, eta horrelaxe erantzunen diogu idazki honetan zehar, bainan ezagutzen dugunez, noizbehinka aipamenen bat-edo irristatuko zaigu, uste baitugu gazte zintzoa dela, bere idealak dituena, zerbait egin nahi duela, bainan oraindik asko ikasi behar duena, eta batez ere, asko EGIN behar duena. Etorkizunean iraultzaile integrala izatera heltzen ahal dena, agian. Eta biziki estimatzen duguna, gainera!


Eta bai, kritika hau herrenka hasten da, zeren eta txakurren eta Oraingo Ezker Abertzalearen erasoez aparte (oso eraso desberdinak bai forman nola fondoan, jakina), "Aurrera Langileria" blogeko lagunari "ahantzi" zaizkio bertze eraso batzuk, aste honetan bertan gertatutakoak. "Euskal Herria Sozialista. Marxistas-leninistas de Euskal Herria" izeneko blogean denetarik erran didate: "eusko nazia", "trotskista" (hau ez dut uste irain bat denik, izendapen politiko bat baizik, baina sentitzen dut, ez naiz trotskista izan sekulan...), "arratoia", "arrazista", eta abar... Zergatik "ahaztu" zaio "Aurrera Langileriari" eraso hau, kritika politiko minimo bat egin gabe, inolako arrazoi eta argumentu teoriko-ideologikorik eman gabe egin dutena? Eraso pertsonal zital hori egin duena "marxista-leninista" omen delakotz? Eta zergatik kritika egin oraintxe bertan? Txiripa ote da? "Aurrera Langileria"k egin duen kritika argumentatua da, eta horregatik erantzunen diogu. Bainan ez dugu txiripetan sinesten, eta uste dut gure laguna, "materialista dialektikoa" den heinean, ere ez. Biak lotuta daudela uste dugu. Hori bai, bata kritika politikoa da. Bertzea... zer nahi duzu erratea?


Beraz, ongi dioen bezala, "BAKE FALTSUARI GERRA". Eta bai, laguna, bake faltsuari gerra, baina jende faltsuari ere bai.


Gero segituko dut.

Gure esku dago...ala ez?


 Berria.info


2013-06-14

HORRELA... GURE ESKU EZ DAGO

 

Oraintxe jarri da abian ekimen berri bat, «Gure esku dago» izenez. Gure ustez, ordea, gaur egungo egoeran, ez dago baldintzarik euskal aldarrikapen nazionala hor adierazten den moduan planteatzeko. Izan ere, 2005eko «Ibarretxe plana» izan zenaren errepikapena delakoan gaude, J. J. Ibarretxe lehendakari ohiak aurkeztutakoaren oinarri bera baitauka. Berriro ere, bere mugak agerian utzi zituen, eta Estatu espainolak hasiera-hasieratik moztu zuen bide beretik ibili behar ote dugu?

«Erabakitzeko eskubide» sonatua tranpa bat da, beste bat gehiago, tranpa guztietan erortzen baikara, haur inozoen antzera. Begiak estalita hartzen dugu parte jolas horretan, eta aurkariak, berriz, zabal-zabalik dauzka, eta, gainera, berak erabakitzen ditu arauak. Zer da «erabakitzeko eskubidea»? Kontsulta batean bozkatzea? Kontsulta, ados; baina, nork antolatzen du? Zein lurraldetan? Zer-nolako bermeak daude? Zein agintek babestuko du horko erabakia? Zein da parte hartuko duen populazioa, zentsua? Eta gaia? Zein izango da galdera? Gainera, zenbat kontsulta egongo lirateke? Gure herrian dauden administrazioak adina kontsulta? Estatu bakoitzean bat? Probintzia bakoitzean? Pirinio Atlantiarreko departamendu osoan bat?


 
«Erabakitzeko eskubidea» ez da nazioarteko Zuzenbide publikoan jasotako figura bat. Nahi demokratiko bat adierazten duen figura testimoniala da, baina ez du inolako balio eratzailerik. Nazioartean, gauza batek bakarrik balio du: «libre xedatzeko eskubidea», «autodeterminazio-eskubide» ere esaten diotena.

«Gure esku dago» manifestuan ez da aipatzen nor den ekintzaren subjektua. «Gure» horrekin nori buruz ari den, alegia. «Independentisten» eta «demokraten» arteko totum revolutum bat planteatzen da.  

Askatze-prozesuaren gunea Euskal Nazioa da. Baldintza hori gabe, ez dago berez prozesurik. Ezin dira leku berean jarri eta, horrexegatik, plano berean, nazionalki euskaldunak direnak eta beren burua «espainol» edo «frantses» izendatzen dutenak, nahiz eta horiek ondoren «euskaldun» direla esan, «euskal eskualdekoak», alegia. Proiektu historiko honen ekimena gure Nazioaren gizarte zibilak eduki behar du, eta ezin da bestela izan. Bera da prozesu hau amaieraraino eramateko bide-orria egin behar duena.

Manifestuan, independentziaren kontra daudenak inplikatu nahi dira, hain zuzen ere. Hori tolesgabetasun eta sineskortasun itzelaren erakusgarria da, are gehiago kontuan hartzen badugu inguruko beste prozesu batzuetan, Katalunian adibidez, agerian uzten duten etsaitasuna. Lainotasun horren ordez, gaude helburua dela jendea independentziaranzko benetako prozesu batera erakartzea, hau da, subjektu politiko horretara gauzak garbi ikusten ez dituztenak edo zer diren ez dakitenak ekartzea. Horretara bideratu beharko litzateke kanpaina, eta ez Herriaren beharrizan demokratikoei erantzuten dieten helburuak urardotzera. Gaurko egoeran, ez dauka balio berbera geure Estatu propioa lortu nahi dugunon posizioak eta gure Herria Espainiako eta Frantziako estatuei lotuta jarrai dezan nahi dutenenak. Hori nahasmena sustatzea da. Horrixe deitzen diote haiek «joko demokratikoa», errealitatean hala ez bada ere. Euskal Herria Espainiako eta Frantziako estatuen menpe edukitzea ekintza funtsean antidemokratikoa delako.


 
Gure Herrian helburu bat lortu behar dugu, zalantzarik gabe: independentzia da. Eskozia eta Katalunia zuzen-zuzenean doaz norabide horretan; guk, berriz, atzera egin dugu nabarmen eta, gainera, harrotu egiten gara horretaz. Benetako «erabakitzeko eskubideak», izatekotan, «autodeterminazio-eskubidea» izan behar du, bestela paper bustia izango da. 

Ez dira bi fase, lehenbizi «demokrazia» eta gero «independente izan nahi duzun» bozkatu. Ez dago demokraziarik autodeterminazioa gauzatzen ez bada. 

Eta autodeterminazioaren bidea ez da igarotzen, hasteko, Inperio menperatzaileen bozketa-sistemetatik. Sistema politiko espainola eta frantsesa oso ongi diseinatuta daude, beren baitatik eta beren arauen arabera autodeterminazioari dagokion ezer lor ez dadin. Euskal gizartearen inguruan egindako manifestu batean, garbi utzi beharko litzateke autodeterminazio eskubidea, Estatu propio bat izatearena, lehen giza eskubidea dela, hori baita herritarrei gainerako eskubide guztiak bermatzen dizkiena.


Hori horrela, bide-orri bat planteatu eta eztabaidatu behar da, eta oraingo une historikoko errealitate jakina kontuan hartuta, hau da, lehenik eta behin, Espainiako estatuak duen krisi latza, arlo guztietakoa: ekonomikoa, legitimitateari dagokiona, egiturazko ustelkeriak ekarritakoa, katalanen ekinaldia, eta abar. Bide-orri horretan, helburu bakarra independentzia lortzea izango dela kontuan hartuta, bideak eta borroka-moldeak erabaki ahal izango dira, baina xede horretara bideratuta betiere. Beste edozein helburu, bidean estatu menperatzaileek egindako kontzesio gisa besterik ez dira izango onargarriak, baina inoiz ez azken helburu gisa.

Artikulu hau pertsona hauek sinatu dute: Tasio Agerre, Victor Alexandre, Luis M. Martinez Garate, Ferran Suay i Lerma, Mikel Sorauren, Humberto Astibia, Fernando Sanchez Aranaz, Hector Lopez Bofill, Jose Miguel Martinez Urmeneta, Antton Soroa, Mirari Bereziartua, Jaume Renyer, Angel Rekalde, Patxi Goikoetxea, Beñi Agirre, Josu Sorauren...
 

HERRI BOTEREA KLASE BORROKARIK GABE ETA KAPITALISMOA SUNTSITU BARIK?

Hasier Arraiz | Sortuko koordinatzailea

Herri boterea eraikiz



Ezin uka Euskal Herrian egoera ekonomiko eta soziala gero eta zailagoa dela, euskal herritar asko oso bizi-baldintza gogorrak pairatzen ari baitira. Nahiz eta «finantza aztiek» eta gainontzeko «merkatariek» erraztasunik eman ez, gutxi gorabehera guztiok ulertu dugu norberaren «mikro-ekonomia» nola -eta zergatik- iritsi den honaino, baina hona ekarri gintuztenek ere ez omen dute egungo ataka gaizto honetatik irtenbidea hain argi antzematen. Europar Batasunean hartutako erabakien ondorioz, Ongizate Estatuaren hondakinak badoaz, uholde batean bezala herritar xehe ugariren bizitzak amildegira eramanez, gaur galtzen ari garen oinarrizko eskubideak inoiz berreskuratuko ote ditugun zalantza airean utzita. 

Ostiralero jasotzen ditugun erasoen sakontasuna hain da handia, ezen eta eraso uholde neoliberal honetan -«shock» efektupean bageunde bezala- erreakzio gaitasunik ez izatearen sentsazioa ere badugula. «Eraso-jasa» hain bortitza izanda, erantzute soila, bitartean alternatiba-aterkirik eraikitzeari ekin gabe, etxe bateko teilatu-hegalaren azpitik hurrengo etxeko teilatu-hegalaren azpira korrika igarotzea bezalakoa da, akaso tarte labur batez mela-mela eginda ez amaitzeko beharrezkoa, baina une luzeago batean guztiz ez-nahikoa. Ongizate Estatuaren suntsiketa planifikatuaren ondorioz, Euskal Herrian Europa osoan bezala lan eskubide eta eskubide sozialak abiadura handiz galtzen ari dira. Gainera, Europako botere-gune ekonomikoek espainiar Estatuak oparotasunean bizitzeari uztea eta duela hamarkada batzuetako maila ekonomikora itzultzea erabaki dute. Zeresanik ez, erabaki hauek Hego Euskal Herriko etorkizun hurbilean ondorio zuzenak izaten jarraituko dute.

Euskal Herriko agertoki politiko eta soziala argitzen ari da: Gehienetan gure Herritik urrun hartzen dituzten erabakiak Euskal Herrian era lazgarrian eragiten ari diren bitartean, bertako agertoki politiko eta soziala argitzen doa, bi multzo nagusi nabarmenduz: alde batetik, egungo ereduari -statu quo honi- kosta ahala kosta eutsi nahi dioten alderdi politiko, hedabide, sindikatu eta gainontzeko eragileak eta, bestetik, aldaketa politiko eta soziala gauzatuz, burujabetzaren bidez beste eredu ekonomiko eta soziala eraiki nahi dugun indar politiko, sindikal eta sozial abertzale eta ezkertiarrak. Azken greba orokorrak gure kaleetara eta gure instituzioetara erakarri zuen agertokia, non bi multzo horiek argiki aurrez aurre zeuden; ez zen une zehatz bateko argazkia izan, datozen urteetako film luzearen aurrerapena baizik. Beraz, alternatibarik izatekotan, bakarrik ezkertiar eta abertzaleen multzotik etortzea espero daiteke. Noski, horretarako ezkerreko esparru sozio-politiko abertzale zabalean ados jartzeko gai izan beharko genuke.

Ez da lan erraza izango, baina ez dago beste biderik. Ezkerretik eredu neoliberala gaindituko duen alternatibarik jaio eta indartzea nahi ez dutenek oraindik sekulako indarra daukate. Euskal Herri osoan indar politiko-instituzional handia izateaz gain, sektore horiek batez ere euskal jendartearengan eragiteko indar mediatiko itzela daukate. Azken greba orokor guztietan ere ikusi egin dugu: milaka eta milaka herritar kalera ateratzea lortu duten deialdiek aurretik eta ondoren oso oihartzun murritza izan dute. Gauzak horrela, ezkerreko alternatiba eraiki nahi dugunok antolakuntza eta borroka eskainiz jarraitu behar dugu; noski, betiere norabide argi batez. Sortu-k euskal sindikatuek eta eragile sozial ugarik aurkeztutako Eskubide Sozialen Gutuna osatzeko egitasmoa pozarren hartu zuen, zeren eta greba orokorrari normalean izaten duen azken geltokiaren zentzua baino dinamika berri baten abiapuntuaren zentzua antzeman baikenion. Gutun Soziala osatzeko dinamika, eredu berri baten bidean, Euskal Herriko milaka ezkertiar eta abertzaleren elkargune bihur daiteke.

Boterea hartzetik boterea eraikitzera: Ezker klasikoak garai batean zerabilen «boterea hartzeko» kontzeptua honezkero alboratu dugu, gure iritziz, boterea hartu baino boterea eraiki behar dugulako. 


Gainera, behetik gora eraiki nahi dugu, herritarrei boterea emanez, beraien etorkizuna -gure etorkizuna- guztion esku utziz. Demokrazia burgesaren instituzioetan parte hartzea erabaki dugunok ederki asko dakigu gehienetan instituzio horietan politika -guk nahiko genukeen politika- egiteko marjinak nahi baino dezente estuagoak izaten direla. Halaber, eredu berria eredu zaharraren erraietatik sortu beharko dela pentsatzen dugu, horregatik Boliviako presidenteorde Alvaro Garcia Linerak esaten duen bezala, guk «kontraesanak zamalkatzea» erabaki dugu. Sortu-n «argiak» hizpide hartzen ditugu, auto baten argiak, hain zuzen ere. «Argi luzeak» pizten ditugu, ez baitugu nora joan nahi dugun inoiz ahaztu nahi. Gure argi luzeek Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa erakusten dizkigute, prozesu gisa ulertuta, demokrazia sozialista egunez egun garatuko duen Euskal Estatua, alegia. «Argi motzek», ordea, hara iristeko bidean hurrengo metroak erakusten dizkigute: burujabetza ariketa praktikoak eginez -gure herritarren beharren arabera Euskal Herrian bertan erabakiz- eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraiki nahi dugu.


Bertako instituzioak kudeatu arren, boterea -egiazko boterea- hemendik urrun dago, zeren eta Euskal Herriak herri ukatua eta zapaldua izaten jarraitzen du. Egoera politikoa normalizatu gabe, herri burujabea izan arte, Euskal Herrian dagoen botere apurra menpekotasunezko harremanetatik eratorritakoa izango da

Hala eta guztiz ere, Euskal Herrian estatuak ordezkatzen dituzten instituzio eta eragile guztiez gain, Euskal Herriko alderdi politiko nagusiak, EH Bildu izan ezik, hedabide talde nagusiak, enpresaburu elkarteak, besteak beste, guk nahi dugun aldaketa politiko eta sozialaren aurka daude. Ondorioz, ez dirudi haiekin eredu ekonomiko eta sozialaren gaineko akordiorik egitea lan samurra izango denik. Ereduen arteko konfrontazioaren garaia da; beraz, gaur egun ereduen arteko talka hori eremu guztietan -kalean, lantegian, instituzioetan...- egitea ezinbestekoa da.

Kontraboterea gara: Aldaketa politiko eta soziala eremu desberdinetan borrokatzen ari garenok kontraboterea gara, nahiz eta instituzio batzuk kudeatu. Hala, EH Bildu udaletxeetan zein Gipuzkoako Foru Aldundian kontraboterea da, zailtasunak zailtasun, egiazko botere horiei egunez egun aurre egiten baitie. Ezin gaitezke, ordea, kontrabotere izatearekin konformatu, Herri Boterea osatzea helburu dugulako, Euskal Herriko jendartean aldaketa ahalbidetuko duen pentsamendu hegemoniko berri bat eraikiz. 

Jendearen pentsaera aldatzea, ordea, ez da egun batetik bestera gertatzen. Beraz, aldaketak guk nahi baino motelago etorriko direlakoan, fase politiko berri honetan pazientzia eta pertseberantzia iraultzaile ororen ezinbesteko lan-tresnak izango dira. Noski, dinamika horretan abangoardia kalean behar dugu, herri mugimendu sendo eta zabalean, hain zuzen ere. Alta, instituzio baten edo bestearen gobernuan egotea indar sozial handiagoa sortzeko baliatu behar dugu. Prozesua ezin daiteke inoiz alderantzizkoa izan, ez dugu indar sozialik nahi gobernuak osatu ahal izateko, gobernuak nahi ditugu indar sozial zabalagoa lortzeko, alegia. 

 Eraldaketa soziala ezein gobernurik gabe oso zaila baina posible da. Eraldaketa soziala indar sozialik -herri botererik- gabe orain eta gero ere ezinezkoa izango da. Bide horretan herri mugimenduaren eta instituzioetan dauden indar politiko ezkertiarren arteko dialektika funtsezkoa da, herri mugimenduaren indar soziala zabaltzeko eta gaur egun instituzio nagusietan dauden indar harremanak kontuan hartuta, instituzio horiek beste eredu baterantz aurrerapausorik egin dezaten bultzada (eta presio) soziala ezinbestekoa izango baita. Sortukideok, batean, herri mugimenduan, eta bestean, instituzioan, izango gara, baina gure esku dagoen botere instituzionala eredu berria sortzearen mesedetan jarriko dugu, betiere Herri Boterean bat eginez eta agian horretarako botere-gune ekonomiko (eta instituzio arrotz) horien aginduei desobedituz, horrelaxe, beti bertan -Euskal Herrian- zer eta nola egin erabakiz, gero eta burujabeago, eraldaketa soziala bururaino eraman dezagun.

2013/06/11

TXETXENIA

 TXETXENIA: 

HERRI MADARIKATU HORI

(EZTABAIDAN SAKONTZEKO INFORMAZIOA)

Borroka garaia da! 
webgunerako kolaborazioa.

 Egilea: I.Larrea

Chechenia11

Tituluaren hitzaldia burutik pasatu zitzaidan Dzhokar eta Tamerlan anai txetxeniarren aurkako giza ehiza telebistan zuzenean ematen zutela ikustean. Bostonen apirilak 15 izandako leherketen ardura leporatzen zieten eta, azken garaiotan Hollywooden pelikuletan erakusten dituzten legez, txetxeniarrak berriro ziren “terrorista” bihozgabearen pertsonifikazioa. Baina honetan ez zen pelikula bat; ala bai?

Ibragim Todashev
Ibragim Todashev

Albo batean utziko dugu Bostonen gertatukoari buruzko konspirazio teoria, baina ikusita FBIk  ze grinarekin akabatzen ari den ustezko lekuko eta susmagarri guztiak zerbait arraro dagoela ondorioztatu daiteke. Hain zuen ere, joandako maiatzaren 22an Tsarnaev anaien laguna eta konplizea omen zen Ibragin Todashev gazte txetxeniarra erail zuen FBIk….. atxilotuta egonda eta itaunketa egiten zioten bitartean !!

Esan bezala, Bostoneko gertakariak eta gero Txetxenia eta txetxeniarrak berriro egon dira bolo-bolo, baina erreakzioak ikusita antza denez Mendebalean oso gutxi dira, ezkerrekoak zein eskumakoak, inperialistak zein antinperialistak, haien autodeterminazio eskubidearen alde daudenak.

Mendebaleko inperialismoaren bozgorailuak diren komunikabideen informazioek Txetxenia terrorismo, islamismo, yihadismo eta antzeko esanahiekin lotzen dituzte gehienbat. Beste aldetik, ikusi ditudan ezkerreko azterketa eta balorazioetan antzekoa gertatzen da, baina Saudi Arabiak ematen dien laguntzaz eta Sirian edota Libian CIAk eta Ameriketako Estatu Batuek txetxeniar yihadisten erabilerari buruz antzeko azterketak gehituta.

Nire ustez argi dago AEBk eta Europak Txetxeniaren afera erabiltzen dutela haien lehiakidea eta helburua den Errusia kapitalista ahultzeko, baina era berean ez dutela batere atsegin Txetxeniaren independentzia. Horrela uler daiteke beste kasu batzuekin erakusten duten oldarkeriaren ordez Txetxeniaren kasuan erakusten dituzten geldotasuna eta baita aurkako kriminalizazioa ere.

Baina artikulu honen helburua ez da zapaldutako Herriekiko Mendebaleko kapitalismoaren zinismoa kritikatzea, ezkerrean dauden jarrera batzuk baloratzea baizik, Txetxeniaren independentziaren aurka daudenak hain zuzen ere.

Lehen aipatu ditut ezkerreko sektore batzuk Txetxeniaren independentziaren aurka egoteko erabilitako argudioak: terrorismo, islamismo, yihadismo, Saudi Arabiak, Siria, Libia, CIA….. ez dago Txetxeniarekin lot daitekeen  ezaugarri positibo bat ere…. Errusiarekin daukan menpekotasun “zibilizatzailea” izan ezik, noski.

Baina beti izan da horrela? Txetxenia noiztik da Errusiaren zati? Txetxeniarrak beti izan dira yihadistak? Beti eman die laguntza Saudi Arabiak? Estatu Batuek erabiliak izan dira beti? Galdera hauei erantzuten saiatzeko, eskematikoki bada ere, perspektiba historiko apur bat hartu behar dugu.

TXETXENIA
 NOIZTIK DA ERRUSIAREN ZATI?
alejandro-II
Alejandro II.a

Txetxenia, Kaukaso osoa bezala, menperatzeko saiakerak askoz lehenagotik gertatu baziren ere, 1818an inbaditua eta 1859an Alejandro II. Tsarrak Errusiako inperioaren herrialdea ofizialki deklaratu zuen. Hau da, gaur egun Txetxenia Errusia da Tsarren Inperioak militarki inbaditu zuelako.
 
Bitxikeria moduan aipatu beharra dago 1851an Leon Tolstoi idazlea Errusiako Armadan alistatu zela txetxeniarren aurka borrokatzeko, baina bertako errealitatea ezagututa bere iritzia aldatu eta Txetxeniaren askatasunaren aldeko jarrera hartu zuen urte batzuk beranduago.

TXETXENIARREK
 IRAULTZA BOLTXEBIKEA
  LAGUNDU ZUTEN

Iraultzarekin independentzia lortuko zutelakoan txetxeniarrak Tsarren armadaren aurka borrokatu zuten.
Haien itxaropena zapuztuta hasten dira boltxebikeen aurkako borroka, eta egoera ezegonkorrak  eta borrokek irauten dute hamarkada luzeetan.

II. MUNDU GUDAN
 NAZIEN ALDE EGIN ZUTEN TXETXENIARREK
 
Txetxeniako Gobernu independentistak herritarrei eskatzen die haien independentzia  errespetatzen bazuten naziei ongi etorria emateko.

Jarrera hau dela eta 1944an herri txetxeniar osoa, komunistak barne, gehi Ingushetiakoa, Kazajistanera deportatu zuten.

1957an haien lurretara itzultzea baimendu zien SSEBren gobernuak.

ERREPUBLIKA UGARIK
 EGIN ZUEN BEZALA,
 SOBIET BATASUNAREN ERAISPENAREKIN
 HASTEN DA
 INDEPENDENTZIA
 ALDARRIKATZEKO PROZESUA

dudayev-2
Dudayev

1990an hasten dira egiten ebazpenak eta erabakiak Txetxeniaren independentzia aldarrikatzeko. Tira bira ugari eta gero 1991an independentzia aldarrikatu zuten, lehendakaria Dzyojar Dudayev jeneral sobietar ohia izendatu zutelarik.

1996an Yeltsinen gobernu errusiarrak Dudayev misil baten bidez erailtzen du. Datu batzuen arabera Estatu Batuetako sateliteen sistemaren laguntzarekin erail zuten, eta une horretan Dudayev bakea negoziatzen ari zen Errusiako bitartekari batekin.

1997KO HAUTESKUNDETAN ASLÁN MASJADOV 
KOMANDANTE SOBIETAR OHIA ERREPUBLIKAREN LEHENDAKARIA AUKERATU ZUTEN

Masjadov
Masjadov

1999an eta Putinen agindupean Txetxenia inbaditzen dute berriro, Moskun gertatutako atentatu bat aitzaki hartuta. Txetxeniarri egotzitako atentatu susmagarri baten ondorioz 240 zibil baino gehiago hil ziren Moskuko etxebizitza eraikin batzuen aurka. Errusiako hainbat funtzionario ohiaren arabera ekintza hori Errusiako zerbitzu sekretuek prestatu zuten Txetxeniaren aurkako guda errazteko.

2005EAN ERRUSIAK
 MASJADOV ERAIL ZUEN

masjadov-hila

Dudayevekin egin zuten bezala Masjadov erail zuen Errusiako Gobernuak, bertsio batzuen arabera bakea negoziatzen zuen bitartean. Berarekin desagertu zen txetxeniarren azken buruzagi moderatua.

ORDUDANIK ERRESISTENTZIAREN IKURRA ISLAMISTEN ESKU DAGO

Zeuden sektore eta buruzagi moderatua eta nazionalistak sarraskitua izan eta gero, eta beste laguntzarik gabe borroka independentistaren protagonismorik nagusiena sektore islamisten esku geratu zen, eta hauek bai, Saudi Arabiaren laguntza oparoa daukate.

Umarov
Umarov

Une honetan matxinoen lehendakaria Doku Umarov islamista da, zeinak Txetxeniaren (edo Ishkeria) Errepublikaren desagerpena iragarri eta Kaukasoko Emirato aldarrikatu du.

Txetxeniaren egungo lehendakaria Errusiak jarritako Ramzán Kadirov zipaioa dugu.

ARGI ETA GARBI: 
ZAPALKETA  NAZIONALA

kadrirov
Kadirov

Datu historiko guzti hauek jakin eta gero nola ukatu daiteke Txetxeniaren gatazkaren muinean nazio zapalketa dagoela? Nola erabili daitezke, ikuspegi ezkertiarra eta  iraultzaile batetik, islamismoak daukan indarra eta Mendebalaren manipulazioa Errusiak  Herri honekin egiten duen bidegabekeri historikoa ukatzeko?

GEOESTRATEGIA
 HERRIEN ESKUBIDEAK UKATZEKO

Txetxenia eta Kaukasoren independentziaren aldeko borrokan egun islamistek daukaten protagonismoa eskubide horren aurkako arrazoi garrantzitsu moduan aipatzen da ezkerreko sektore batzuen aldetik, baina nire ustez hori ez da benetako arrazoirik nagusiena. Eta froga da beste gatazka batzuetan islamistak diren beste mugimendu eta gerrillekin ez dutela erabiltzen irizpide berbera.

Hamas Palestinan, talibanak egungo Afganistanen, Hezbollah Libanon…. Mendebaleko inperialismorako etsaiak diren mugimendu horien Nazio Askapen helburuak ez dira ukatzen islamistak izan arren, ontzat ematen dira haien borrokek AEBen eta Europar inperialismoa ahultzen dutelako. Hau da, arazoa ez da islamismoa, geostrategia hutsa baizik; ikuspegi honen arabera mendebaleko Inperialismoa ahultzen duten borrokak zilegi eta lagungarria dira, baina Inperialismo horren aurka dauden Estatuen indarra ahultzen duten herrien borrokak, alta, ez omen dira zilegi ezta askatzaileak ere. Eta hau da Txetxeniaren kasua.

Eta ez dira falta ere egungo Errusia Kapitalistan Sobiet Batasunaren sinonimoa ikusten duten haluzinatuak.

ehsblogspot1


ZENBAT INPERIALISMO DAGO?

bases-militares-de-eeuu-en-el-exterior
Ezagutzen diren Estatu Batuetako base militarrak munduan zehar

Nire erantzuna: Herri zapaldu bezain beste, nahiz eta inperio batzuk erdipurdiko izan. Baina honekin batera une honetan mundu mailako inperialismo bakarra, genozidena, basatiena eta hiltzaileena Mendebalekoa, AEB eta Europa buru dela azpimarratu nahi dut ere.  Eta hori gutxi balitz, inbasio militar horiek gure botoekin aukeratutako Gobernuek agintzen dituzte.

Azken hamarkadetan Irak, Afganistan, Libia, Mali, Siria…. eta zerrendan dauden Iran, Ipar Korea eta abarrek, ondo erakusten dute ez dagoela inolako mugarik mendebaleko Kapitalismoak bere base militarrak edonon jartzeko edota milioika errugabe hiltzeko inolako gupidarik gabe.

Azken urteotan Sirian gertatzen ari denarekin Errusia eta Txina Mendebaleko inperialismoaren oztoporik nagusienak direla erakutsi dute. Libiaren aurkako NATOren erasoa errazteko NBEren Segurtasun Kontseiluan izan zuten jarrera lotsagarria aldatu dute zorionez, ziurrenik ikusita haien interes ekonomiko eta politikoak larriki kaltetuta suertatu zirela eta AEB eta Europa haien aurka egiten ari diren inguratzea  militarra eta politiko arriskutsua haien mugetara hurbiltzen ari dela.

Horretaz gain Errusia eta Txina Hego Amerikan gauzatzen ari diren prozesu askatzaile eta aurrerakoien laguntzaile garrantzitsuak bilakatu dira, AEBren “atzeko patioan” zeukan hegemonia ahulduz. Ikuspegi honetatik  Errusia eta Txinaren papera nazioarteko mailan mendebaleko Inperialismoaren zapalgailu guztiahalduna galgatzea lortu dute eta, nire ustez, ikuspegi antinperialista eta askatzaile batetik hori positiboki baloratu behar da.

Baina horrek ez du esan nahi Errusia eta Txinak zapaltzen dituzten herrien okupazioa ontzat eman edo zuritu behar denik. Eta zoritzarrez hori egiten ari dira ezkerreko sektore batzuk.

sirian
Txetxeniako islamistak Sirian

Ustekabea ez bada ere, Irak, Afganistan, Libia, Mali edo Siriaren aurkako eraso inperialista salatzeko nahiko jarrera koherentea eta txalogarria erakutsi duten ezkerreko sektore batzuek Txetxeniarekin soilik islamismorako deriba edo CIArekiko harremanak aipatzen dituzte, Errusiak gauzatzen duen inbasioa aipatu gabe eta, de facto, ontzat ematen dute.

Besteak beste, Thierry Meissan, Chossudovsky edota berriki Euskal Herrian egon eta gure herriaren borrokarekin elkartasun jarrera erakutsi duen James Petrasen azterketak irakurtzeak kritikatzen dudan jarreraren erakusle argiak dira. Terrorismoa, yihadismoa, CIA, ….. benetakotzat hartzen ditut datu gehienak, baina Txetxenian gertatzen denaren errudunik nagusiena nor den onartzeari uko egiten diote; gutxienez 1859tik Errusiak burutzen duen zapalketa nazionala hain zuzen ere.

GURE DILEMA

Iñaki Gil de San Vicente euskal komunistak 2005ean “Chechenia como reto” idazlanean azaldu zuen bezala erronka ideologikoa  eta praktikoa agertzen dizkiote Txetxenia bezalako Herrien egoerek ezkerra antiinperialistari: Nola aldarrikatu Txetxeniaren independentziarako eskubidea, bere borroka islamismoaren eskuetan egonda eta mundu hau hondamendira eramaten duen Mendebaleko inperialismoari jokoa egin gabe? Ez zen horrela izan beharko, baina praktikan argi dago batzuei gaindiezinezko oztopotzat ikusten dutela. Baina Afganistan, Palestina edo Libanon posiblea bada, zergatik Txetxenian ez?

ISPILUAK

Libia eta Siriarekin bi jarrera antagoniko horiek ikusi ditugu ezkerraren eremuan. Gure artean batzuk nahiko era lotsagarrian, hainbat faktore artean, kurduen eta zenbait gutxiengoen eskubide nazionalak goraipatu dituzte Mendebaleko erasoari, gauzatzen ari zen unean, zilegitasuna emanez. Beste batzuk ordea, ispilu baten antzera, Estatu burujabe horien aurkako Mendebaleko eraso militarra argudiatu dute arrazoi gisa Herri horien eskubideak ukatzeko eta Mendebaleko txotxongilo hutsak gisa aurkezteko.

Antza denez eta borondate ona izan arren, bi puntu hauek era integral batean bateratzea, une bakoitzean lehentasunezko kontraesana xedatu eta praktikara eramatea zail samar izateaz gain, 
sakoneko kontraesan handiak sortzen ditu.

RT

AMAITZEKO

Aurrean esan dudan bezala Siriaren gatazkan Errusiak jokatzen ari den papera positiboki baloratzen dut: NATOren eraso zuzena oztopatzea, Golkoko Monarkiek, Turkiak eta Mendebalak matxino islamistei ematen dieten laguntza dela eta, Siriako Gobernuari babesa ematea (Iran, Hezbollah, erakunde palestinar batzuk…. bezala) eta horretaz gain, konponbide negoziatua eta elkarrizketatua bultzatzea ere, zehazki EEBB eta Europar Batasuna boikotatzen ari direna.

Zoritzarrez jarrera negoziatzaile hori ez dauka Errusiak ez Txetxenian ez Kaukaso osoan, bere “atzeko patioan”, eta Txetxeniatik edota Errusiatik  bertatik egin diren proposamen negoziatzaileak baztertuak izan dira, haien erantzuna genozidioan eta guda basatian oinarritu dutelarik.

Nik, neure txikitasunetik proposamen negoziatzailearen alde egiten dut; errusiarrek  nahi izatekotan soberazko tresnak dauzkate denbora luze honetan sortu diren zauriak sendatzeko eta Txetxenia independente batekin elkartasun, eta hartu-emanean oinarritzen den elkarbizitza gauzatzeko. Errusiarrak ere libreagoak izan ziren horrela. Antzeko zerbait proposatzen zuen Leninek hau bezalako arazoetarako.