
“Marra hori pasatuz gero puta bat izango zara”
2013 Maiatzak 31
 
   Iragan urteko ekimena, Donostian
 
Sexu langileen nazioarteko eguna 
ospatuko da ekainaren 2an, igandea. Bilgune Feministako kideek 
ohartarazi dute ezinezkoa zaigula onartzea haien kabuz lan horretan lan 
egitea erabakitzen duten pertsonen autonomia. Emakume onaren eta 
txarraren arteko marra baginetan kokatu dutela gaineratu dute, eta marra
 horrek auto-kontrolatzera eramaten duela emakumea: “Neska gaiztoak izan
 gaitezke, errebeldeak, apurtzaileak… Baina, putak, mesedez, inoiz ez”.
Bilgune Feministako kideen artikulua:
Putak eta besteak. Emakume txarrak eta emakume onak. Marra bat, 
pasaezina den marra bat. Jendearekin ohera zaitezke, baina marra hori 
pasatuz gero puta bat izango zara. Zure gorputza ezagutu eta ezagutu 
arazi ahalko duzu, baina marra hori pasatuz gero puta bat izango zara.
Zein da marra hori? Non dago kokatua? Zer dago alde batean? Zer 
bestean? Marra hori gure buruetan dago. Egin ariketa, zein da zuretzako 
marra? Nahiko argi izan dezakezu, gutxi gora behera, badakizu non 
kokatu. Eta marra horiek, sentitzen dut horrela esatea, baina eragin 
izugarria du gure bizitzetan. Marra horrek, auto-kontrolatzera 
garamatza, neska gaiztoak izan gaitezke, errebeldeak, apurtzaileak… 
Baina putak, mesedez, inoiz ez. Eta marra hori guk margotzen dugu gure 
egunerokotasunean, feministak agian bai, baina putak ez.
Gure marra, emakume onaren eta txarraren arteko marra, gure baginetan
 kokatu dute. Eta tamalez, askotan, onartu izan dugu gure sexuaren 
arabera sailkatuak izatea. Bagina on eta eredugarriak, eta bagina zikin 
eta nazkagarriak.
Sexuaren langileak nola ez, bestea ordezkatzen dute. Sakratutzat 
hartzen den sexualitate eredu nagusitik ateratzen direlako, duintasun 
eza ezartzen zaio haien lanari. Prostitutak gaiztoen bandoan sartzen 
ditugu, kasu askotan, ekonomikoki askeak direlako, haien sexualitatea 
modu ireki batean azaltzen dutelako, egiten dutenagatik kobratzen 
dutelako eta prezioa haiek jartzen dutelako. Emakumeoi debekatzen 
zaizkigun muga asko gainditzen dituztelako.
 
Eta emakume hauen inguruan sortzen den estigma horrek, ez du balio 
haiek kontrolatzeko, modu batean “askeak” direlako, estigma horren 
sorreran, “beste” emakumea (gu) kontrolatzean datza. Estigma hain da 
handia, norberak ez duela zaku horretan erortzerik nahi, eta edozer 
egiten duela kontrol minimo baten bidez puten taldean sartua ez izateko.
 Baina erraza da norbera marraren “beste” aldean ikustea. Putek 
emakumeoi debekatzen zaigun guztia kondentsatu egiten dute, eta egin 
ezin ditugun gauza askoren ordezkariak eta gainditu ezin dugun muga 
dira.
Kontuz ibili behar dugu ere, kolektibo osoa biktima bezala 
izendatzerakoan. Zaila egiten zaigunez horrelako erabakiak beraien kabuz
 hartu ditzaketen pertsonak daudela onartzea, sexu langile guztiak 
“biktimatzat” hartzen ditugu. Engainatuta etorri ziren hona, mafietan, 
gizon gaiztoek konbentzituta… Baina ezinezkoa zaigu onartzea, haren 
kabuz lan horretan lan egitea erabakitzen duen pertsonaren autonomia. 
Bada garaia, beraz, sexu langileek duten indar eta erabakimenaz 
ohartzeko. Erabakimenez jarduten duten putak subjektu aktiboak dira, 
euren bizitzaren jabeak, emakume indartsu eta boteredunak.
Euskal Herrian prostituzioa errealitate bat da, nahiz eta zenbait 
udalek osatu dituzten ordenantzetan errealitate hau ezkutatzeko ahalegin
 handia egon. Prostituzioa kaleetatik ateratzea da haien helburua, 
alfonbrapean ezkutatzea azken finean. Kaleetatik bota eta etxe eta 
klubetara mugatu arazi nahi dute lanbide hau. Haien politiken eta 
jardunaren bidez patriarkatua eta bereizkeria sozialak bultzatzen 
dituzten instituzio berdinak dira, egoera hauei aurre egiteko hartzen 
den lan erabakia oztopatu eta kriminalizatzen dutenak. Eta argi izan 
behar dugu ere, erabaki honekin, ezberdintasun sozialak eta ekonomikoak 
erreproduzitzen jarraitzen dutela, prostituzio inmigrante eta txiroa da 
zigortzen eta ezabatzen saiatzen direna, eta ez elitezko prostituzioa.
Iaz, Donostiako kaleetan Transmarikabollofeminista koordinakundeak abesten zuen bezala:
Gure hautua,
 errespetatu,
bizi baldintzak,
eskubideak,
 defendatu.
 
 
Elkarlanerako garaia da, puten bandoan gauden guztiak elkartzeko 
garaia da, langileak eta afizionatuak, patriarkatuaren arauak betetzen 
ez ditugun horiek asko diogu elkarri erakusteko eta kontatzeko. 
“Haiengatik” erabakiak eta eztabaidak emateari utzi, eta haiekin, 
guztiok, lan egiten hasi behar dugu. “Besteak” garen horiek, norman 
sartzen ez garen horiek, asko gara.
Epaiketa moralak alde batera utzi, eredu dikotomikoak ezabatu, eta 
“gu” bat osatu dezagun sexu langileen eskubideen alde. Puton marra 
gorriak identifika ditzagun, eta ez daitezela hemendik pasa! 
 
  
Ametsaren espaloitik
Maddi Ane Txoperena Iribarren
Hendaia - Lesaka
Kale ixkinan exeri eta 
mundua ikusgai. Ikusteko; begiradaz itotzeko. Kontatzeko; apainduraz 
islatzeko. Haserretu, aldatu eta nahasteko, erortzeko. Azazkal more 
baten azpitik, mundua aldagai.
 
Denok gara putak
2013 Ekainak 1
Honen antzeko esaldi batekin hasten du Itziar Zigak Devenir Perra liburua: “Beste inork esan aurretik abixatzen zaituztet: puta, euskaldun, feminista, erradikal eta panfletaria bat naiz”.
 
Itziar Ziga
 
Erabat markatu ninduen libururuaren sarrerak berak. Irakurtzen nuen 
kutsu transfeministako lehenengo liburua zen. Orduz geroztik, pixkanaka 
artista ezberdinak deskubritzen joan naiz : Itziar Ziga bera, baina baita Virginie Despentes, Diana J.Torres, eta oraindik deskubritzeke ditudan hainbat eta hainbat.
(Trans)Feminismoaren ildo ezberdinak garatu arren, 
denek egiten dute bat prostituzioari buruzko diskurtsoan, aldaketak 
aldaketa. Bereziki gaia sakonki lantzen du Itziar Zigak berak Devenir Perra liburuan, nire ustez.
Hain zuzen, puten estigmatizazioa salatzen du alde batetik, lanbidea 
defendatuz, baina badago ulertzeko zailagoa egin zitzaidan bertze 
zerbait. Puta izendapena, janzkera, jarrera, izaera… gisara hartzearena.
 Izan ere, jokabide batzuk izateagatik emakume batzuk puta deitzen 
gaituzte. Hark proposatzen duena, ematen diguten izen horren jabe egin eta harrotasunez erabiltzea da. Vulpess taldeak zion bezala : “Me gusta ser una zorra” (puta izatea gustatzen zait).
 
Las Vulpess musika taldea
 
Gauza bera egiten du Diana J.Torres-ek ere “pornoterrorista” edota 
bertze izendapen batzuekin ere. Izan ere, horiek onartuz eta bere 
eginez, alderdi txarra edo estigmatizatzailea kentzen zaie hitzei, eta norberak nahi duen zentzua eman. Interesgarria iruditzen zait niri oso, ikusteko modu hori.
Eta Euskal Herrian ere, ekainaren 2a
 ospatzen hasi ziren joan den urtean, oker ez banago, prostituten 
eskubideen alde. “Denok gara putak” leloa erabili zuten horretarako.
Hortaz, atera gaitezen gu ere bihar kalera, eta gure egin ditzagun 
irain modura botatzen dizkiguten adjektiboak. Izan gaitezen gaizto, 
bihurri, lizun, izan gaitezen puta.
Behin lagun bati aditu nion bezala,
“Neska txintxuak zerura, besteak, nahi dugun lekura !”
P.D.: irakurgai interesgarriak:
http://topatu.info/marra-hori-pasatuz-gero-puta-bat-izango-zara/
- ZIGA, Itziar. Devenir Perra, (2009), Melusina.
- DESPENTES, Virginie. “Coucher avec l’ennemi”, Théorie King Kong (2006), Grasset. –>gazteleraz era badago
- J.TORRES, Diana. “La puta monstruosa : prostituciones divergentes y una reflexión sobre la profesión”, Pornoterrorismo(2011), Txalaparta.
 
 
Atzo bertan honen gainean eztabaida bat zalabdu zuen oso atsegin dudan twittera feminista batek. Orain ezin dut aurkitu twitter eztabaida hori(asko twitteratzen baitu), baina horrelako gaiak atsegin badituzue gomendatzen dizuet bera jarraitzea twitterren, bere gunetxo hori altxon handi bat baita feministontzat: @Lena_Prado
Jarraitu ezazue eta gozatu!
Geografia eta gorputzak (II): Sexual Herria