GREBA OROKORRAZ HARATAGO, ESTRATEGIA IRAULTZAILEA BEHAR DUGU!
Atzo bertan, pozaren pozez, jakin genuen Hego Euskal Herrian greba orokorra eginen dugula irailaren 26an, hainbat eragile sozial (ehundik gora!) eta sindikatuk deituta: ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNTk, hain zuzen ere. Badugu bi hilabete greba orokor hau ongi eta sakonki prestatzeko, eta datu guztiek adierazten dute oso greba indartsua izanen dela, Euskal Herri Langilearen kezka eta haserrea handitzen ari delakotz. Eta berdin gertatzen da "Espainia"-ren mende zapalduta (mal)bizi diren bertze Herri Langileekin: Herri Langile Katalana, Galegoa, Asturiarra, Leondarra, Aragoitarra (aupa meatzari borrokalari heroikoak!), Gaztelarra, Andaluza, Kanariarra..., eta "Europa"ren botere kapitalistaren azpian dauden gainontzeko Herri Langileak: Greziatik Irlandaraino.
Gaur bertan greba prestatzen hasi behar dugu, lantokietan, herrietako kaleetan, parke eta plazetan, piszinetan, hondartzetan, mendietan, kanpinetan, oporretan bagara ere (batzuk), Kapitalaren diktadurak ez baitu oporrik hartzen! Milaka eta milaka langile xinaurri lanetan hasi behar dugu gure herkideak, auzoak, lagunak, ahaideak motibatzeko, haien klase-kontzientzia indartzeko, borrokarako gogo eta grina pizteko, egoerari buruzko informazio ona eta sakona emateko (eta hartzeko ere...).
Bainan halakoetan betiko galdera eginen digute: "Greba? Zertarako? Zendako?" "Balio al du greba egiteak?" "Dirua kenduko digute eta denak berdin segituko du!" ... "Bai, bai, irailaren 26an greba eginen dugu, eta biharamunean, denok lanerat, txintxo-txintxo, betiko legez, guztiok lerro-lerro, eta Kapitala lasai, ez baita deus ere kanbiatuko..." Euskal Herri Langilearen gaur egungo kontzientzia-maila apaletik hasi behar dugu Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko kontzientziatze-lana egiten, eta aunitzetan honelako gogoetak entzuten ditugu lantokietan. Lan ikaragarria dugu aitzinean, hurrengo bi hilabeteetan, lan xume eta praktikoa: jendea mobilizatzea, motibatzea, informatzea, eztabaidatzea, hortzez eta haginez, buruz eta bihotzez.
Gaur bertan hasi behar dugu denok galdetzen, gure sindikatuetan, gure herrietako batzarretan, gure bilkuretan, gure lantokietan, gure tabernetan, gure kuadriletan, leku guztietan: "bale, irailaren 26an greba eginen dugu, eta gero? Zer eginen dugu ondoren? Zer estrategia dugu/duzue Kapitalaren eraso basatiari aurre egiteko? Noiz izanen da hurrengo greba orokorra? Zergatik ez egin 48 ordukoa, hasteko? Noizko greba mugagabea? Noizko greba orokorra "Europa" osoan? Noizko estrategia iraultzaile bat Iraultza Sozialista egiteko?"
Bai, badakigu, gaur egun greba mugagabea planteatzea ameskeria da, bainan ametsak urratsez urrats eta pausoz pauso eraikitzen dira, eta hil ala biziko kontua da Euskal Herri Langilearendako bere klase kontzientzia indartzea eta perspektibak zabaltzea. Eraso kapitalista eta inperialista hau ez dugu geldituko greba orokor bakar eta isolatu bat eginez, ezta hurrengo hauteskundeetan EHBildu Hegoaldeko lau herrialdeetan nagusitzen bada ere. Oroitu Grezia, Portugal, Irlandako zati bat, Italia bera ere, aspaldian "independenteak" dira, bainan honek ez die askorik lagundu hango Herri Langileei, Sistema kapitalista eta inperialistan ez baitago Herri Langileentzako eta Nazio zapalduentzako zinezko burujabetzarik. Ez dago benetako independentziarik sozialismorik gabe! Eta euskaldunondako eta gainontzeko Nazio zapaldu guztiendako ere, ez dago benetako sozialismorik independentziarik gabe!
Bistan da, independentzia behar dugu, lehenbailehen, bainan ez nolanahiko independentzia. Independentzia Sozialista behar dugu, Independentzia eta Sozialismoa. Laburbilduz: Euskal Iraultza Sozialista egin behar dugu, Euskal Errepublika Sozialista erakitzeko. Hori da hurrengo hilabete eta urteetako erronka nagusia, greba orokorraz haratago. Kapitalismoaren krisia oso sakona da, hori denok ikusten dugu orain, eta ez dago erasoa gelditzerik Kapitalaren Tirania eta Diktadura bera suntsitu gabe. Momentuz Euskal Herri Langilearen gehiengo zabal batek ez du hori ikusten, baina datozen hilabeteetan praktikaz ohartuko da alternatiba bakarra dagoela: Sozialismoa ala basakeria! Iraultza Sozialista ala Esklabutza Kapitalista!
Sinbolismo eta erranahi sakoneko biharamuna dugu, gainera, irailaren 27an Gudari Eguna dugulakotz. Une ezin egokiagoa da argiro eta ozenki errateko Txiki eta Otaegi Euskal Iraultza Sozialistaren alde eman zutela bizitza, euskal iraultzailea zirelakotz fusilatu zituztela, Kapitalismo eta Inperialismo Espainolistaren aurka armak eskutan borrokatu zirela eta horregatik Frankismoak asasinatu zituztela. Ez ziren militante "antifrankistak", erreformistek eta sozialdemokratek sinestarazi nahi izan diguten bezala, miltante independentista eta antikapitalistak ziren, euskal iraultzaile sozialistak. Eta gauza bera erraten ahal dugu FRAPeko hiru burkideei buruz. Euskaldunok haiekin zorretan gara, urte luzez beren izenak eta borrokak, beren bizitzak eta idealak atzendu (eta aunitzetan ahantzi) ditugulakotz: José Humberto Francisco Baena Alonso, 24 urtekoa, José Luis Sánchez-Bravo Sollas, 21 urtekoa, eta Ramón García Sanz, 27 urtekoa. Militante iraultzaile armatuak, militante komunista iraultzaileak, agur eta ohore zuei, betiko argia! Zuen borroka gurea ere bada: kapitalismoa suntsitzea eta komunismoa eraikitzea! Biba zuek!
Eta bai, bi hilabete dugu aurrean greba indartsu, borrokalari eta iraultzailea antolatzeko, sindikatuen epelkeriatik haratago, Herri Langilearen haserrea eta gorrotoa areagotu eta sustatzeko, kontzientzia iraultzaile bilakatuz, praxi iraultzaile bihurtuz. Eta haratago ere: bi hilabete dugu Euskal Herri Langilearen antolakunde iraultzaileak sortu eta eraikitzen hasteko. Borroka da bide bakarra! Atxik eta jo aitzina!
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!
IRAILAREN 26an, GREBA OROKORRA!
IRAILAREN 27an, GUDARI EGUNA!
IRAILAREN 28an, BORROKA EGUNA!
JOTAKE IRABAZI ARTE!!!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina