LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/07/19

Eraiki dezagun Euskal Errepublika Sozialista!




LABeko BILTZAR NAZIONALAK ZENTSURATU ZUÈN 
PONENTZIA KRITIKO ALTERNATIBOA


Gaur abiatzen dugu blog hau, eta lehendabiziko testua hauxe izanen da. Iadanik argitaratua izan da bertze bi blogetan: "Borroka Garaia da!" eta "Euskal Herria Sozialista". Hemendik gure esker ona adierazi nahi diegu, garai latz eta gogor batean erakutsi zigutèn elkartasunarengatik. Zuen laguntza ez dugu inoiz ahantziko, lagun eta burkideok!
Prozesu horretan ohartu ginen euskaldunok ez genuela alor eta espazio propiorik Euskal Iraultzaz gogoeta eta eztabaida egiteko, blog gehienak erdaldunak direla edota "elebidunak". Eta euskaldunok, tamalez, ederki asko ikasi dugu aunitzetan, "elebitasuna" zinezko elebikeria izaten dela, hau da, Espainola eta Frantsesa nagusi, jaun eta jabe, eta Euskara toki sinboliko-minorizatuan. 
Horregatik erabaki genuen blog bat eraikitzen hastea, eta abuztuan abiatzea. Bainan egoera soziopolitikoa oso fite ibilki da, hala nazioartean nola Euskal Herrian ere, eta gaur hastea erabaki dugu. Barkatu kontu eta gauza aunitz findu gabe aurkezten baditugu, bainan uste dugu situazioak eskatzen duela plazan agertzea eta gure ideia komunista iraultzaileak argiro eta ozenki defenditzea.
Ponentzia hau lasterka eta tarrapataka idatzi genuen, 2012ko maiatzaren 18, Iruñeko SORTZEN bestarako lanean gau pasa egin ondoren (Takonerako xapitoak eta haimak zaintzen eman genuen gaua ...). Horregatik, exkaxa da eta akatsez betea. Bainan egun horretan bertan aukeztu behar zen, emendakinak bidalteko epea orduantxe amaitzen zelakotz. Eztabaida estrategiko iraultzailea piztea zen gure helburua.
Ondoren gertatu zena kontu jakina da: LABeko zuzendaritzak ez zuen bat ere ongi hartu ponentzia kritiko eta alternatiboa aukeztu izana, are guttiago afilatu huts batek egina, eta erretiratzen saiatu ziren behin eta berriz, afiliazioak eta militantziak haren berri izan ez zezaten. "Onez eta bakebidez" beren helburua erdietsi ez zutenez, Komite Nazionalak lehenik eta Biltzar Nazionalak gero, atzera bota zuten. Hau da, zentsuratu egin zuten, LABen baitan ponentzia kritiko alternatiboari buruzko eztabaida sor ez zedin. Hots, zinezko eta benetako eztabaida estrategikoa sahietsi eta ebitatu nahi izan zuten, oraingo Ezker Abertzalearen ildo erreformista eta sozialdemokrata zalantzan eta kolokan ezartzen zelakotz.
Nork bere ardurak hartu behar ditu bizitza honetan, eta espero dezagun LABeko zuzendaritzako kideek ere holaxe eginen dutela noizbait. Bidenabar erran dezagun Biltzar Nazionalean sei lagunek ponentzia Biltzar Nagusian eztabaidatzearen alde bozkatu zutela. Haiei gure goraintzirik beroenak eta esker ona! Euskal Iraultza Sozialistaren aldeko lan eta borroketan elkartuko gara, burkideok!
Hemen duzue, bada, ponentzia. Zatika agertuko dugu, irakurketa errazteko. Osorik nahi baduze, gustora igorriko dizuegu posta elektronikoz. Espainolezko itzulpena prest dago, eta Frantsesezko eta Katalanezko itzulpenak prestatzen ari gara. Ingelesezko geroago eginen dugu.
Irakurri, kritikatu, eztabaidatu, zabaldu, hobetu denon artean... atxik eta jo aitzina!
GORA EUSKAL HERRI LANGILEA!
GORA EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina