KOMUNISTA IRAULTZAILE BATEN DEKALOGO KRITIKOA
1.- Zein izanen da oraingo Ezker Abertzaleak maiz aipatzen duen 
Euskal Estatuaren klase izaera? Estatu burgesa izanen da? Langileena? 
Zein izanen da ekonomia kapitalistaren tokia hor? 
2.- Zein izanen da balizko Euskal Estatu horren hizkuntza-egoera? Zein
 izanen da Euskararen estatusa hor? Irlandako bidea hartuko dugu? Egun 
hauetan azken inkesta soziolinguistikaren emaitzak agertu dituzte… 
Etnozidioaren egoeraz eta tamainaz ohartzen gara? Ipar Euskal Herria 
hiltzen ari zaigu begi aitzinean… eta Hego Euskal Herrian, Gipuzkoa kenduta, egoera hobea dea?
 
  
3.- “Europa” aipatzen denean, izendatze geografiko hutsaz ari gara? 
Ala kokatze politiko eta ekonomiko batez, hots, Europako Batasuna, 
ekonomia kapitalista eta inperialista, OTAN, MDF, eta abar? Zer nahi 
dugu izan, Arnaldoren azken elkarrizketak irakurrita? Luxenburg basko 
bat? Andorra txapelduna? Corporación Mondragon eredua Euskal Herri 
osorat zabaldu? Euskal Estatuko enpresek Txinako langileak esplotatuko 
dituzte? Indonesiakoak? Vietnamgoak? Dena “ad maiorem gloriam Euskal 
Herriae"?
4.- Zein izanen dira LABek aipatzen duen Estatu Sozialistaren 
ezaugarriak? Nola egituratuko da? Zer da Estatu Sozialista bat izatea 
Sobiet Batsuna, Txina, Vietnam, Korea, Kubako esperientzien argitan? 
Sozialismoa herrialde bakar batean posible dea? Nola? Zein dira 
trantsizio sozialistarako bideak XXI. mendean? Gure helburu estrategikoa
 Sozialismoa da, ala Komunismoa? Ekosozialismoan kokatzen gara? 
Deshazkundean?
5.- Zein da LABek eta oro har oraingo Ezker Abertzaleak proposatzen 
duen estrategia Estatu Sozialista hori erdiesteko? Iraultza Sozialista 
beharrezko izanen da? Nolakoa? Zergatik ez da hitz hori nehoiz aipatzen? 
Zergatik ez da Euskal Herri Langilea erramoldea sekulan erraten? 
Zergatik erabiltzen dira behin eta berriz burgesiaren hizkera 
hiperideologizatuak: “gizartea”, “hiritarrak”, “arduraz jokatzea”, eta 
abar? …
 
 
6.- Zein da oraingo Ezker Abertzaleak aipatzen duen “Iraultza 
demokratikoa” kontzeptua? Nola uztartzen da Espainiako Monarkia 
borboniko eta Frantziako V  Errepublika jakobinoarekiko haustura 
demokratikoarekin? Zer egiten dugu bi Konstituzio kapitalista eta 
etnozidekin? Guri bortz axola? Haiek indargabetuko gabe gure Nazio 
proiektua egingarri dea?
7.- Mitchell senatari estatubatuarraren biografia politikoa ezagutzen
 du oraingo Ezker Abertzaleak? Militantziari helerazi zaio nor den 
benetan Mitchell jauna? Uste dute bere printzipioak neutroak direla 
duela 60 urte Euskal Herri Langileak abiatu zuèn nazio askapen 
prozesuarekin? Ezagutzen ditugu inperialismo anglo-saxoiaren plangintzak
 eta egitasmoak? Jose Antonio Agirrek bereziki eta PNVk oro har II Mundu Gerran egindako 
aliantza politiken bilan historikoa egin dugu? Berriz errepikatuko 
ditugu akats berberak? Ingelesak eta estatubatuarrak hainbertze kanbiatu
 dira 70. urte hauetan? 
8.- Zer bilan historiko egiten dugu Irlandako esperientziaz? Maila 
politikoan, linguistikoan, ekonomikoan… Zein da hango  “peace process”i 
buruzko balantzea? 
9.- Haratago, zer bilan historiko egiten ahal dugu munduan zehar 
gertatu diren negoziazio prozesuez? Ertamerika, Hegoafrika, Irlanda, 
Nepal… Nazio Askapen mugimenduak indarturik irten dira prozesuetatik? Iraultzak piztu dira ala itzali? Negoziazioa ez al da izan Inperialismoak maisuki erabili duen estrategia Herri Langileen borrokak zapuzteko?
10.- Kapitalismo Inperialistaren krisi global honetan, hats handiko 
eta uhin luzeko ateka dela jakinda, eta III. Mundu Gerran sartuta 
gaudela oharturik, zein da Euskal Herriaren tokia? Zein da Euskal Herri 
Langilearen kokapena? Zeren eta noren alde/kontra jokatuko dugu? Egoera 
geopolitiko honetan zein dira gure aukerak Euskal Herri independente, 
sozialista, birbatu eta euskalduna eraikitzeko? Eta nola?
 
  
  
 



 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina