LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/07/25

Bobby Sandsen biografia (2)

Nuair a thigeann ar lá :  Gure eguna etorririk
Bobby Sandsen biografia 

(2)




Bobby Sands, Irlandako hizkuntza nazional bakarrean, Gaelikoz, alegia, Roibeard Gearóid Ó Seachnasaigh, 1954ko martxoaren 9an sortu zen, Belfastetik zortzi kilometrora dagoen Newtowabbey herrian, Antrim konderrian.

Bere ama, Rosaleen Kelly, 1951eko martxoaren 28an ezkondu zen John Sands, Bobbyren aitarekin,  eta bikoteak etxe berria erosi zuen Abbot Cross kalean, 6. zenbakian. Bi gurasoak Belfasteko langileak ziren, Markets auzokoak. Auzoko biztanle gehienak erlijioz katolikoak ziren, eta beraz, sentimendu eta nortasun irlandesa zuten. John Sandsen ama eta beraz, Bobbyren amatxi, aldiz, Elizabeth Forsythe, protestantea zen, presbiteriar erreformatua, hain zuzen. John Sands protestanteen artean bizi izan zen gurasoen etxetik joan zen arte. Orduan Mc Watters okindegian hasi zen lanean, Markets auzoan, eta hantxe ezagutu zuen Rosaleen, ehungintzako langilea. Bere aita zaldizaina zen, Johnen aita, tabernaria.

 


1920an Inperialismo britanikoak Irlanda bi zatitan hautsi zuen. Modu anker, basati, kolonial eta ezinago artifizial batean, Irlandako sei konderri “ebaki” zituzten gainontzeko hogeita sei konderrietatik: Aontroim (Antrim), Ard Mhacha (Armagh), An Dun (Down), Fear Manach (Fermanagh), Doire (Derry) eta Tír Eoghain (Tyrone). Ulster eskualde historikoa bera ere urratu zuten: hiru konderri, An Cabhán (Cavan), Dún na nGall (Donegal) eta Muineachán (Monaghan), zatiketa doilor honetan “bertzaldean” ezarri zituzten inperialista britanikoek eta kolaborazionista irlandesek, “Irlandako Estatu Askea”,  Saorstát Éireann izeneko egitura neokolonialean.



Jakin behar da Irlandak lau eskualde historiko dituela: Laighin (Leinster), bere hiriburua, Baile Átha Cliath (Dublin); Connachta (Connacht), bere hiriburua, Gaillimh (Galway); Ann Mhumhain (Munster), bere hiriburua Corcaigh (Cork), eta Ulaidh (Ulster), bere hiriburua, Béal Feirste (Belfast).
Kapitalismo inperialista britanikoaren asmoak ezin maltzurragoak ziren: gehiengo kolonial britaniko bat segurtatu Irlandako ipar-ekialdean, horretarako nortasun erlijiosoaz baliatuz eta sektarismo zein fanatismoa erabiliz. Azpimarratu behar da Theobald Wolfe Tone, Irlandako abertzaletasun errepublikanoaren sortzaile nagusia, protestantea zela, eta historian zehar irlandar protestante aunitzek eman dutela bizitza independentziaren alde. Egitura zapaltzaile, kolonial eta sektarioa zen Sei Konderri okupatuak, arrazismoan oinarritua: kolono britanikoek den-dena kontrolatzen zuten: parlamentu autonomoa, industria, hezkuntza, polizia, epaitegiak... “Estatu protestante bat Herri protestantearendako”.

Abbot Cross auzo berria zen, modernoa, ongi egina, baina sakonki sektarioa: sei eliza britaniko-protestante zeuden, bainan eliza irlandes-katolikorik ez. Eskola britaniko-protestantea zegoen, bainan ez irlandes-katolikorik. Sektarismoa jaun eta jabe zen itxura atsegin eta abegikorra zuèn Abbot Cross auzoan.
Bobby Sandsen ama, Rosaleen, oroitzen zen txikitan, bera oraindik haurra zela, nola sartzen ziren basatiki eta bortizki paramilitar britanikoak, “B-Specials”, Markets auzoan. 1920-1930 urteetan ekintza terrorista kolonial ugari bizi behar izan zuten Sei Konderrietan bizi zirèn irlandesak. Abbot Crossen polizia eta paramilitar kolonial britaniko aunitz bizi ziren. Gauzak honela Rosaleenek bere identitate irlandesa ezkutatu zuen: ez zion inori erran katolikoa zela, eta Sands abizenak ez zuen ezaugarri berezirik: aise izaten ahal zen britaniko-protestantea. Ezkonberriak lasai bizi ziren beren auzo berrian, eta 1954ko martxoan Robert Gerard, Bobby sortu zen. 1955ko apirilean, bere arreba Marcella jaio zen. Geroago, 1958ko azaroan, Bernadette.

 


1956an Óglaigh na hÉireann, Irish Republican Army, IRA, berriz hasi zen borroka armatuan Sei Konderrietako muga kolonial eta artifizialean. Giroa zakartu zen, eta tentsioak areagotu ziren kolono britaniko eta herritar irlandesen artean. Sektarismoa eta arrazismoa gogortu eta areagotu ziren, eta auzokide britaniko batek jakin zuen Rosaleenen identitatea: katolikoa eta irlandesa zen auzo birtaniko-protestante batean! Infernua hasi zen Sands familiarendako.

Auzokidea zèn emazte horrek Rosaleen izorratzeko ahalegin guztiak egin zituen, eguneroko bizitzan: zarata, irainak, irri maltzur eta ironikoak, etengabeko kolpeak paretetan... Azkenean Rosaleen, estresak jota, gaixotu egin zen. Medikuak argiro erran zion John Sandsi: bere emazteren eritasunaren iturburua auzokide britanikoen jazarpen gupidagabea zen. Salatu behar zituen, ala alde egin.

John Sands eta Rosaleen Kelly jende lasai, goxo, adeitsu eta bakezalea zen. Ez zuten inolako gatazkarik nahi, ez zituzten liskarrak maite. Beren etxe maitea utzi behar izan zuten, penaren penaz, 1961ean, eta sei hilabetez ahaideen etxeetara bizitzera joan, ahal bezala. Bobbyk zazpi urte zituen orduan. Bere haur jolasetan murgildurik, ez zekien Inperio Britanikoa zer zen. Bainan bere uztarpean bizi zen, eta zapalkuntza inperialista eta kolonial horren bere bizitza markatzen zuen goiti-beheiti. 1961eko abenduan, azkenean, Sands familak etxe berria lortu zuen Rathcoole auzoan, Doonbeg Drive kalean, 68 zenbakian. Etxe zabal eta ederra, Carnmoney Hill muinoaren magalean. Bizitza berri bat, sektarismo eta arrazekeriatik urrun, bakean...




4 iruzkin:

  1. Zure blogerako .es/ bukatzen den domeinua aukeratuta dena esaten didazu.
    Bide batez eskaera bat, zure ideiak agertzerakoan azaldu baita ere zure katolizismo muturrekoa (ez dakit nola josten den Berlingo ormatzarra erori aurreko zure bisio komunistarekin) eta baita zer nolako bizimodua daramazun, ez oso proletarioa nire ustez.

    ErantzunEzabatu
  2. Anonimoa, 7/28/2012 5:19 PM,

    Zure iruzkina uztailaren 28an igorri zenuen, eta gaur, uztailaren 30ean argitaratu dut. Uste dut azalpen bat zor dizudala. Kontua ez da zentsura, edota nire balizko haserrea. Afera xinpleagoa da: informatikan aski analfabetoa naiz eta gaur arte ez naiz ohartu, blogeko aukeretan saltseatzen nenbilela, iruzkin bat (lehendabizikoa!) iritsia zela.

    Informatikan ez dakit gauza askorik, eta horregatik blog honek badu ".es/" domeinua. Ni ez nekien blogak egiten eta antolatzen, lagun eta burkide komunista katalan batek irakatsi eta erakutsi zidan. Laguntza internazionalista izan zen, eta berak domeinuko kontu horri ez zion bat ere garrantzirik eman. Nik aski lan nuen blogeko arauak, aukerak eta funtzionamendua ikasten eta ulertzen, eta ez nintzen konturatu ere egin. Zuretako munta handiko kontua da domeinua ".es/" izatea, niretako detailetxo ttipia da. Zergatik? Zeren eta blog hau ez baita hizkuntzaz eta pentsamenduz espainola, hemen ez duzu ohiko erretolika abertzale-independentista-ezkerabertzaleroa ESPAINOLEZ aurkituko. Blog hau euskalduna da, EUSKARAZ idatzita dagoelakotz. Eta blog hau sozialista iraultzailea da, bere edukiak antikapitalistak eta antiinperialistak direlakotz. Baina badirudi zuri blog honen edukiak bortz axola zaizkizula, ez baitituzu aipatu ere egiten. Baduzu zerbait errateko Bobby Sands-en biografiari buruz? Iruzkina testu horretan egin baituzu ... Edota gainontzeko sarrerei buruz: Siria, Etnozidioa, Marx, Ateismoaren kritika, Dekalogoa, Greba, Ponentzia Alternatiboa ...

    Dena den, Anonimoa, 7/28/2012 5:19 PM, zuk baldin badakizu domeinuz nola aldatzen den, edota domeinu euskalduna ote dagoen, edota zein domeinutan sartzen ahal den blog hau, Espainia eta Frantzia sahietsiz, nik aski pozik eta kontent eginen dut aldaketa, jakina. Kontua da ez dakidala. Irakatsiko didazu? Zure laguntza pozik onartuko nuke.

    Burkide internazionalista honek "blogger" sisteman irakatsi zidan, ni ez bainekien aukera desberdinak zeudela. "Blogger" sisteman ez dago Euskarazko bertsiorik, eta beraz, Espainolez edo Frantsesez egin beharrean, are guttiago Ingelesez, blog honetako azalpen batzuk Katalanez agertzen dira. Hara bertze azalpen bat.

    ErantzunEzabatu
  3. Begira, Anonimoa, 7/28/2012 5:19 PM, zenbat informatika dakidan! Oraintxe bertan nik igorritako iruzki bat ezabatu dudala oharkabean, akats ortografiko bat zuzendu nahian, ez baitakit oraindik blog hau ongi gobernatzen. Dena den, ezabatutako iruzkina buruz berridatziko dut, gutti goiti-beheiti.

    Nire "katolizismo muturrekoa" aipatzen duzu, eta grazia egiten dit. Ez nauzu ezagutzen pertsonalki, zerbait aditu duzu eta hura lau haizetara erran, bertzerik ez (zein erraza den "anonimoa" izatea!). Benetan ezagutzen nautenek aski ongi badakite ez naizela katolikoa, Askapen Teologiako fededuna baizik. Ez baita gauza bera! Etiketak behar badituzu, kristaua naiz, Thomas Müntzer XVI. mendeko komunista eta Iraultzaren teologoaren ildotik. Anabaptistak, entzunak dituzu? Blog honetan bertan horren berri ageri da, "Ateismoaren kritika" izeneko sarreran, bainan uste dut zuri blog honen edukiak bortz axola zaizkizula, ez baitituzu irakurri ere egiten. Bertzenaz, zure iruzkinean Bobby Sands-en biogafia aipatuko zenuke, edota bloh honetako bertze testuren bat.

    Fededun iraultzailea naiz, fededun monoteista eta komunista, profeta guztien ildotik, eta ene erreferentziak ekumenikoak dira: Abraham, Isaak, Jakob, Moises, Buda, Isaias, Oseas eta judaismoaren gainontzeko profeta guztiak, Nazareteko Jesus, Muhammad, Ali, Alexandriako Klemente, Nestor eta kristau nestoriarrak, Prisziliano, Joakin Fiorekoa, Asisko Frantzisko, Kataroak, Dolcino(ikusia duzu "Arrosaren izena/Le nom de la rose/El nombre de la rosa" filma?), Tomas Moro, Wiclef, Huss eta iraultzaile hussitak, Savonarola, Thomas Müntzer, Bartolome de Las Casas (ikusia duzu "The Mission" filma?) Campanella, Giordano Bruno, Saint Simon, Cabet, Weitling, Lammenais, Camilo Torres, Ernesto Cardenal, Malcolm X, Ali Shariati, Leonard Peltier, Mumia Abu Jamal, Hassan Nasrallah, Chávez ...

    Nire bizimoduari buruz, zer erran? Ezagutzen nautenek badakite, eta aski zait hori. Zure iruzkinari darizkion hostilitate eta ezinikusi personalak kontuan harturik, uste dut ez dizudala inolako azalpenik eman behar. Euskal Herrian oso tipikoa da jokabide zital eta doilor hau: "Bere iritzi eta jokabideak gustuko ez ditudanez, eztabaidan sartu gabe, maila petsonalean zikindu eta desprestigiatuko dut, arreta desbideratzeko eta sasi eztabaida hutsal eta axalekoak piztuz". Bejondeizula jarrera hori, Anonimoa, 7/28/2012 5:19 PM! Nolakoa zaren agerian gelditu da.

    Adeitasunez,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  4. Aizu! Begira zer idatzi zuen Karl Marxek ("Berlingo hormatzarra erori aurreko nire bisio komunistarekin" aski ongi josten den pentsalaria ...) duela 145 urte, 1867ko uztailaren 25ean, hain zuzen:

    "Kritika zientifikoaren juzku oro agurtzen dut. "Iritzi publikoa" deiturikoaren aurreiritziei dagokienez, zeinei sekulan ez nien kontzesiorik egin, niretako florentziar handiaren leloak baliagarri izaten segitzen du:

    "Segui il tuo corso, e lascia dir le genti!"

    Florentziar handia, jakina, Dante Alighieri da; aipamena, "Komedia jainkotiarra" liburutik hartuta dago, V. Kantua, "Purgatorioa", eta Marxek hau idatzi zuen "Das Kapital" obraren lehen edizio alemaneko hitzaurrean. Hara nire ustezko "katolizismo muturrekoa", Marxen "ateismo komunista muterrokarekin" elkarturik eta ezkondurik! Bejondeigula!

    Umore bako iraultza, gorringo bako arraultza, lagun anonimoa!

    Irriz eta farrez,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu