LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/07/31

Poesia gorria (1)

MANEX ERDOZAINTZI-ETXART :
EUSKAL HERRI LANGILEAREN POETA 

Manex Erdozaintzi-Etxart Behe Nafarroako Ibarla herrian sortu zen 1934ko uztailaren 15ean, laborarien familia langile batean. Zortzi haurretarik seigarrena zen eta bederatzi urterekin Donapaleuko frantziskotarren eskolan sartu zen. Geroztik bere ibilbidea erlijio-ordena horrekin loturik dago. Filosofia, Psikologia eta Teologia ikasketak egin zituen Estatu Frantsesean gaindi: Gaskoinian eta Okzitanian (Briven, Paben, Tolosan eta Biterrin -Béziers Frantsesez-), Bretainian (Kemperren) eta Frantzian (Parisen eta Orsaiyn). Bere pastoralgintza-lanetan, Estatu Batuetara eta Irlandara joan izan zen batzuetan.
Euskal Herri Langilearen zerbitzuan aritu zèn anaidi frantziskotar bat sortu zuen Domintxinen: "Anaitasuna", eta Askapen Teologiaren bidean buru-belarri aritu ziren bertako lagunak: errefuxiatuen aldeko manifestazio eta gose grebak, "Fededunak" taldearen sorrera, "Fedegintza" aldizkaria, AEKn irakasle, Ipar eta Hegoaldeko kristau iraultzaileen topaketak, langile eta laborarien sindikalismoa, artikuluak euskal aldizkari gehienetan: "Herria", "Elgar", "Jakin", "Gure Herria", "Frères du monde", "Anaitasuna", poesia eta literatura, "Herriarekin" apez taldea, "Herriz-Herri" aldizkaria, pastoralgintza lanak Ipar Euskal Herriko herri gehienetan, Etxarriko laborari eskolan irakasle, Seaskan laguntzaile, Askagintzaren Teologiaren aldeko idazki eta gogoeak, Amnesty International-eko partaide, HBren aldeko botoa eskatu zuen 1984an, eta euskaldunon "gaueko lanetan" mila zereginetan aritu izan zen, Euskara Ta Askatasunaren alde...vHerriak bizi behar duelakotz!
Akitaniako frantziskotarren idazkari eta buruzagia izan zen. Euskaltzain urgazlea ere bai. Joseba Arregi ETAko militantearen lagun eta adiskidea, "gaueko lanetan" elkar ezagutu zutelakotz. Sozialista iraultzailetzat jotzen zuen bere burua.
1984ko apirilaren 29an hil zen Okzitaniako Tolosan. Bere hileta Donapaulen egin zuten, maiatzaren 1ean, Langileriaren egunean, hain xuxen.
"Hinki-hanka" poesia liburua idatzi zuen 1978an, "Gauaren atzekaldean" nobela 1982an, eta zendu ondoren, "Herri honen erraietan/Bizitza pilpirak/Nafarroari poema irekia" poema bilduma argitaratu zioten 1994an.  

Bere poema eder bat ekarri dugu orriotara: 


ASKATASUNAREN AMETS ZOHARDIA


I
Hodei beltzak
Hodei beltzak
Jautsi dira
Mendi kaskoetatik behera ... 
Euskadiko bide zaharretan
Askatasuna
Izitua galdu da ...

ZER EGIN ZUEN APARTEKORIK GURE HERRIAK?

Euri eta zitzer erauntsiak
Hodei beltz harmatuak
Lehertu dira
Hirietako karriketan ...
Euskadiko plaza inguruetan
Askatasuna 
Funditua itzali da ...

NONGO MADARIKAZIOAK JO ZUEN GURE HERRIA?

Hodei marrumak
Hodei garrasiak
Daderabiltza
Itsas hertzetik zelai barruraino ...
Euskadiko leize ziloetan
Askatasuna
Ezindua amildu da ...

NORK ZUEN ERABAKI GURE HERRIA SUNTSITZEA?



II


Euria eta zitzerra
Ez baitziren atertzen
Hodei harmatuak
Eta hodei marrumak
Ez baitziren jabaltzen
Madarikazioak ez baitziren ixiltzen ...
Askatasuna
Berebaitaratu zen eta 
Oroitzen hasi zen ...

  
Txabi, Poeta, Iharra,
Mikelon eta Txikia eta Txapela
Eta Euskadiko xenderetan hil dizkiguten 
Iraultzaileen zerrenda luzea
Nere haurrak ziren
Maliziarik gabeko
Nere semeak ziren ...
 
Eta Txiki eta Gotzon Otaegi  eta Jesus Maria Zabala
Hedailo errautsean odol hustuak utziak
Nere semeak ziren
Beren aita-amak eta beren haurrideak
Beren hauzokoak eta beren herrikoak
Nere haurrak diren bezala ...
Beren aita-amak eta beren haurrideak
Beren hauzokoak eta beren herrikoak
Esplotatuz eta zapalduz eta umiliatuz
Hiltzen dituzten bezala, egunero, beren legearen izenean
Hil dizkidate beren justiziaren izenean!

ZERTAZ HOBENDUN ZEN GURE HERRIA?

Askatasuna
Oroitzen ari zen oraino eta
Kezkatzen hasi zen ...
Bat, biga, hirur eta ... ehun
Berrehun-eta-berrogoita bost
Besteak beste ...
Espainiako presondegietan sakatuak
Nere haurretarik dira
Eta min dut bihotzean
Eta sofritzen dut hezurretan ...
Maite zuten primaderako loreen usaina
Arrats apalean maite zuten iguzkiaren pereka
Itsas bareab eta mendi kaskoetan ...
Aitatxiren kondaira behatzen zuten, harrituak eta xoratuak
Negu minean supazter xokoan
Eta lasterka egurtegian kukutzen ziren
Amatxik erasiak hastean ...
Lagunkinak ziren nere haurrak eta maitagarriak
Plazaz-plaza eta ostatuz-ostatu zoatzilarik
Lagunkinak ziren lanean eta jostetan
Kantuan eta dantzan berantzen zirelarik gauaren luzean
Presondegietan zurmintzera kondenatu dizkidaten 
Nere izerdiaren haurrak
Eta min dut erraietan ...
Beren aita-amak eta beren haurrideak
Beren hauzokoak eta beren herriko lagunak
Baserrietan eta uzinetan eta eskoletan
Heziz eta alienatuz eta burtxoratuz
Xurgatzen dituzten bezala, egunero, beren legearen izenean
Ebakitzen dizkidate beren justiziaren izenean!

NONGO MADARIKAZIOAK JO ZUEN GURE HERRIA?



III

Hodei beltzak
Euri eta zitzer erauntsiak
Hodei harmatuak
Lehertzen dira
Euskadiren 
Hego eta Iparraldean ...

ZER ZUEN APARTEKORIK GURE HERRIAK?


Askatasuna
Kexatu zen eta
Erabaki zuen
Xutitzea ...
Hego eta Iparraldea 
Nere lurrak dira
Mixel, Peio, Arantxa, eta Terexa
Nere seme-alabak diren bezala ...
Hego eta Iparraldeak
Burrukan diraute
Iñaki eta Miren
Arrosa eta Ellande
Eta nere beste seme-alaba guziek
Burrukan dirauten bezala
Mendi-zelaietan eta itsasoaren zabalean
Baserri eta uzinetan eta eskoletan
Nere seme-alaba guziek
Burrukan dirauten bezala
Esplotatuak eta alienatuak eta umiliatuak
Ez izateko
Xurgatuak eta zapalduak eta madarikatuak
Ez izateko ...
Beren aita-amak eta beren haurrideak
Beren hauzokoak eta beren herrikoak
Egunero burrukan dirauten bezala
Hego eta Iparraldeko
Nere lurretan
Gure lurretan
Jende libroak izateko ...

 

OI GAU ZOHARDIA NERE BEGIEN AMETSA
ETA LARRAZKENEKO HAIZE EPELAREN HUNKIA
SOIN HEGIETATIK BIZKARREAN BEHERA
ETA IGUZKIAREN BEROA NERE AURPEGI BUSTIAN ...
JOANGO NAIZELARIK 
BIDEZ-BIDE 
ETA KARRIKAZ-KARRIKA
NERE HERRI LANGILEAREN URRATSEAN
NERE HERRI LANGILEAREN BIHOTZEAN
NERE HERRI LANGILEAREN ERRAIETAN ...
HASIKO NAIZELARIK KANTAN ETA DANTZAN
NERE HERRI LANGILEAREN PLAZETAN ...
OI GAU ZOHARDIAREN BETEA
NERE BIHOTZEKO AMETSA!

 

Batekoak hamarrekoa dakar
Hamarrekoak ehunekoa dakar
Ehunekoak milakoa dakar
Eta milakoak
Miliunak, miliunak eta miliunak dakarzki ...
Hego eta Iparraldean
Euskadik
Milakoan
Miliunak, miliunak eta miliunak dakarzki
Nere izerdiaren seme-alabak
Beren aita-amekin eta beren haurridekin,
Beren hauzokoekin eta beren herritarrekin
Hitzartzen direlarik
Juntatzen direlarik
Burrukarako
Iraultzarako
Amodiorako
Zin egiten dutelarik
Beren leearen izenean
Beren justiziaren izenean ...


OI AMETS ZOHARDIA NERE GOGOAREN AMETSA
ETA LARRAZKENEKO HAIZE EPELAREN HUNKIA
SOIN HEGIETATIK BIZKARREAN BEHERA
ETA IGUZKIAREN BEROA NERE AURPEGI BUSTIAN ...
JOANGO NAIZELARIK 
BIDEZ-BIDE
ETA KARRIKAZ-KARRIKA 
NERE HERRI LANGILEAREN URRATSEAN
NERE HERRI LANGILEAREN BIHOTZEAN
NERE HERRI LANGILEAREN ERRAIETAN ...
HASIKO NAIZELARIK KANTAN ETA DANTZAN
NERE HERRI LANGILEAREN PLAZETAN ...
OI AMETS ZOHARDIAREN BETEA
NERE GOGOAREN AMETSA!

1976ko urrian izkiriatua.

  
      

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina