ERAIKI DEZAGUN
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!!!
(5)
(5)
2.- Sindikalismo iraultzailea kapitalismoaren aurka
33.- Atal hau, ñabardurak ñabardura, bere horretan uztearen
aldekoa naiz.
Ados nago euskal sindikalismoa bidegurutze estrategiko baten
aurrean dagoela, eta LABek erronkari eutsi behar diola gure erroetara itzuliz:
gu ez ginen sortu sindikatu bezala, gu euskal langile abertzale eta
iraultzaileen antolakunde gisa jaio ginen.
Geroago, eta taktikoki, sindikatu legez antolatu ginen,
Berrezarkuntza borboitarrari eta Eurasiako langileen mugimenduen
porrotari aurre egiteko. Horregatik, bertze atal batean proposatuko da LAB bi
eratan antolatzea: sindikatua eta afiliatuak, eta langileen antolakundea eta
militanteak.
3.- Euskal Herri Langileak egoera irauli behar du
34.-
Maila politiko eta ekonomikoan gertatzen ari den lurrikarak zer-nolako egoera
utziko duen ikuskizun dago oraindik. LABen ustez, bi prozesuak, askapen
nazionala eta askapen soziala txanpon bereko bi aldeak dira, prozesu berberaren
aurkia eta ifrentzua. Euskal Herriak Herri gisa etorkizuna izanen badu, eta
Euskal Herri Langileak geure buruen jabe izanen bagara, Euskal Iraultza
Sozialista egin behar dugula argi dago LABen ustez.
35.- LABen lan eta eginkizuna euskal
langileen artean klase eta nazio kontzientzia eta praktika areagotu eta
sakontzea da, urratsez urrats eta milaz maila, euskal langileriak argiro ikus
dezan askatasunerako irtenbide bakarra Euskal Errepublika Sozialista dela,
Estatu kapitalista espainol eta frantsesarekiko haustura demokratiko eta
iraultzailea.
36.-
Estatutismoa eta erreformismoa agorturik daude Hego Euskal Herrian, eta honek
ateak ireki ditzake alternatiba erradikalagoak eraikitzen hasteko.
Halaber,
Ipar Euskal Herrian urte luzez egindako desmartxadepartamentalista eta
instituzionalista akituta dago: estatu frantsesak ez fitsik emanen bide
horretatik, denbora irabazten ari ziren, bertzerik ez.
37.-
Triunfalismotik urrun, urte luzeetako lan eta borroka gogorrak ditugu
aitzinean, krisi global lazgarri baten erdian, eta geure buruak horretarako
prestatu behar ditugu.
Sindikalismo
klasikoak, bai ezkerrekoa eta sozio-politikoa, nola erreformista eta
sozialdemokratak beren mugak agerian utziko dituzten datozen urteotan.
Jauzi
kualitatiboa egin behar dugu, sindikatuaren lana eta langleen antolakundearena
uztartuz eta sinergian bilduz.
38.-
Honek eredu berri bat dakar LABendako, geroago xeheki azalduko duguna, eta aldi
berean eredu berria ekarri behar du Euskal Herri Langilearen erakunde eta
antolakunde guztiendako, bai historikoki Euskal Nazio Askapen Mugimenduaren
baitan kokatu direnak, edota Ezker Abertzalean, nola korronte hortik kanpo
aritu direnak ere.
XX.
mendeko 30. hamarkadako esperientzia latzak gogoan hartuz, ez da garaia
sektarismo eta harrokeriarako, alderantziz baizik.
Gaur
egungo Euskal Herri Langilearen kontzientzia maila apal eta ahuletik abiatu
behar dugu, aldaketa sozialerako aliantza zabalak bultzatuz eta sustatuz,
erabat posible diren (baina sistemarendako asimilaezinak diren ) neurri
ekonomiko xumeak proposatuz eta borroka berriak piztuz, praktika sozial
horretan kontzientzia maila igo dadin.
Martxoaren
29ko greba paradigmatikoa izan da alde horretatik, eta ildo horretan segitu
behar dugu. Murrizketen kontra eta aldaketa sozial eta nazionalaren aldeko
Fronte Zabala sortu behar dugu Euskal Herrian, emeki-emeki erradikalizatuko
dena.
39.-
Euskal Iraultza eta Euskal Errepublika Sozialistak ortzemugan izanik, oraingo
erronka da eguneroko borroka ttikiak eta helburu handiak etengabe uztartzea,
praktika iraunkor baten bidez. Horregatik proposatzen da sindikatuaren egitura
osoa mantenduz, egitura batzuk altxatzea militanteen lana izatea, Euskal Herri
Langilearen Erakundea sortuz gure baitan, helburu estrategikoen alde lan eginen
duena eta sindikatua dinamizatuko duena.
Horretarako
bortz urteko prozesua proposatzen da, urratsez urrats, LAB egoera politiko-sozial
larri honetara egoki dadin, Euskal Herri batu, independente, euskaldun eta
sozialista eraikitzeak eskatzen duen praxi iraultzailea gara dezagun.
40.-
Euskal Herrian “prozesu demokratikoa” bezala ezagutzen dena, zinez eta
benetan, iraultza iraunkorraren fase herritar-demokratikoa bertzerik ez da. Hau
da, bi estatu zapaltzaileekiko haustura iraultzailearen lehen fasea, iraultza
sozialistaren bidean. Hau atzentzea eta ahazteak 1936-39ko kontrairaultazarat
eraman gaitzake, edota Txilen 1973an gertatu zen sarraskietarat.
41.-
Kapitalismo inperialistak Euskal Herri Langilearen autodeterminazioa, eta
beraz, Euskal Errepublika Sozialista baten sorrera, bakebidez eta “demokratikoki”
onartuko duela sinestea ameskeria suizida da. Langileriaren mendez mendeko
esperientzia historiko guztien kontra doan auto-engainu tamalgarria, kasurik
hoberenean.
42.-
Talka eta gatazka gogor batera prestatu behar dugu geure burua, jakinik
Kapitalismo Inperialista krisi larrian dela, hortzez eta haginez defendituko
dituela bere pribilegio eta irabazkinak, bere klase egitura, bere hegemonia
planeta osoan. Horretan ez dira oso diferenteak izanen Monarkia espainola eta
Errepublika frantsesa, biak baitira Kapitalaren diktadurak une zehatz batean
hartu duen mozorro instituzionala. Baina muina berbera da: burgesiaren
tirania.
43.-
Panorama politiko berrian klase sozial bakoitzaren, beren baitako
frakzioen, eta beren indar politiko, sindikal eta sozialen birkokatze
estrategikoa gertatzen ari da. Indar politiko independentista eta subiranisten
eremua egituratze bidean dago. Eremu honetan bi proiektu nazional daude:
burgesiarena eta langileriarena, Euskal Estatua (guk arrazoi historikoengatik
nahiago dugu Estatu Baskoa erran) eta Euskal Errepublika Sozialista. Berriz ere
Irlandan 1916-1937an gertatutakoa errepikatzera goaz? Ez dugu fitsik ikasi? Ez
dugu zekalea astintzen duen haizearen xuxurla aditzen?
44.- LABek Euskal Herri Langilearen interesak defenditu behar ditu, klase sindikatua delakotz, euskal langileriaren antolakundea delakotz.
Zabaldu
den fase berri honetan LABek indar independentista eta subiranisten akuilua
izan behar da, behin eta berriz eztabaida piztuz eta proiektu politikoak
argituz: zein izanen da balizko Euskal Estatu horren klase-izaera? Zein
klase sozialen interes eta mesedetan antolatuko da? Zein izanen da
kapitalismoaren tokia Estatu horretan? Estatu kapitalista izanen da? Estatu
sozialista? Zer da Estatu sozialista bat izatea, XX. mendeko esperientzia historikoen
argitan? Sozialismo estatistak porrot egin ondoren, Sobiet Batasunean bezala,
edo estatu kapitalismo bilakatu eta gero, Txinan bezala, zein da Langileon
Euskal Herria eraikitzeko bidea?
45.-
Galdera deseroso eta korapilatsuak gaur egun indar independentista eta
subiranista hegemonikoendako, bainan Euskal Herri Langilearen interesak ororen
gainetik defenditzeko sortu zen erakundearendako beharrezkoak eta
ezinbertzekoak. LABek eztabaida hori ireki eta zabaldu behar du, eta bere
klase-autonomia aldarrikatu argi eta garbi, ozenki eta sakonki. LABek euskal
langileriaren mesedetan jardun behar du, euskal langileen klase interesen
arabera jokatu, eta ez subordinatu bere taktika eta estrategia langileenak ez
diren bertze klase-interes batzuen azpian.
LAB
bilakatu behar da Euskal Herri Langilearen autokontzientziaren bihotza, edota
bihotz bat, bertze batzuen artean, nahiago bada, baina beti ere langileriaren
interesetan errotua eta tinkatua. Gogoan har dezagun 1921ean sindikatuei buruz
Alderdi Boltxebikean izan zen polemika. 90 urte geroago, zer ikasten ahal dugu?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina