SIRIA :
AHOTS
ANTIINPERIALISTAK (1)
THIERRY
MEYSSAN
Itsuenak ere ikusten du
Siria, lehenago Libia bezala, eraso inperialista basatia jasaten ari dela.
Eskema errepikatzen ari da: sistema/estatu/gobernu antiinperialista zurrun eta autoritario
bat, urte luzez bere burua behar bezala eraberritu eta Herri Langilearengan
errotu ez dena, okerrak eta hanka-sartzeak, tentsioak eta kontraesanak metatu
dituena, eta ondorioz, populazioaren zati baten oposizioa indartu duena.
Egoera zail eta lehergai
/ lehergarri / leherbera horretan Inperialismoaren esku hartzeak eragiten du,
gobernu antiinperialista bat uzkaili eta irauli nahian. Oposizio nazional eta
antiinperialista guztiak baztertuz eta isilduz, erreforma eta elkarrizketa oro
errefusatuz eta talde armatuak lagunduz
eta hornituz, sasi gerra zibil bat piztu eta irabaztea da Inperialismoaren
helburua, Libian bezala, kapitalismoaren aldeko gobernu txotxongilo bat ezarriz.
Sasi gerra zibila
diogu, zeren gero eta ageriagoa da “Siriako Armada Askea” delako talde armatua,
mertzenario edota fundamentalista fanatiko kanpotarrez osatuta dagoela gehien
bat, eta beraz, gerraz zibilaz baino eraso inperialistaz mintzatu behar dugula.
III. Mundu Gerrako hasiera-garaietako bertze atal bat, aurretik Afganistan,
Irak, Pakistan, Libano, Palestina, Libia ... izan diren bezala.
Bainan hau guztia gure
iritzia da, bertzerik ez. Zuen iritzia osatzen laguntzeko, militante
antiinperialista batzuen ahotsak ekarriko ditugu honat. Ahots horiek dira, hain
zuzen ere, inkomunikabide kapitalistek egunero ezkutatzen dizkigutenak, eta
intoxikabide inperialistek etengabe zikindu, desprestigiatu eta deabrutzen
dituztenak. Zuek irakurri eta iritzi kritikoa osatu! Zuen ekarpen, iruzkin eta
kritiken zain gaituzue!
THIERRY
MEYSSAN
Thierry Meyssan
kazetari frantses bat da, 1957ko maiatzaren 18an Talencen sortua (Gironda,
Bordele ondoan), Frantziako mundu
politiko eta militarrean oso ezaguna den familia biziki katoliko batean. 2001eko
irailaren 11ko atentatuak Inperialismoaren jukutria eta konspirazioa direla
salatu zuen hasieratik, konplot bat zirela argudiatuz bere liburuan: “Iruzur
ikaragarria” (L’Effroyable imposture, Paris, 2002). Geroztik inkomunikabide
inperialisten eta sionisten betoa jasan du, eta disidente bezala Europatik ihes
egin behar izan zuen. Gaur egun Libanon bizi da.
Militante
antiinperialista, Venezuelako Iraultza Bolivariarra eta Libanoko Hezbollah
sustengatzen ditu; Irango Iraultza Islamikoaren alde ere agertu da. “Voltaire
sarea” eratu du, eta oso aditu entzuna eta estimatua da komunikabide
latinoamerikar, arabiar-musulman eta errusiarretan. Ekintzaile homosexuala izan
da. Librepentsalaria, erlijioan biziki interesaturik, Teologia ikasketak egin ditu.
Hemen agertzen dugun
artikulua, bere web orritik hartu dugu eta zuzen Frantsesetik Euskararat
itzuli. Gehiago sakondu nahi baduzue, jo Voltairenet.org web orrirat (blog
honetan bertan esteka duzue!). Han, informazio hau guztia eskuratuko duzue
Frantsesez, Ingelesez, Espainolez, Italieraz, Portugesez, Alemanez, Errusieraz,
Arabieraz ... Guk Voltaire sarearen Euskarazko ahots euskalduna izanen gara
blog honetan, gure ahal ttipien arabera.
SIRIAKO
ARMADA ASKEA:
IRAULTZAILEA
ALA KONTRAIRAULTZAILEA?
Damaskon (Sirian)
idatzia, 2012ko uztailaren 23an
Duela 18 hilabetetatik
honat, Siriak gero eta handiago bilakatzen ari diren liskarrak bizi ditu, azkenik
gatazka armatu handi bihurtu dena, zeinak 20.000 pertsona ingururen heriotza
eragin duena.
Mendebaldeko Estatu eta
beren prentsaren ustez, siriarrek nahiko lukete mendebaleko maneran bizi,
merkatu-demokrazietan. “Udaberri arabiarreko” eredu tunisiar, egiptoar eta libiarrari
jarraiki, Bashar Al-Assad, beren diktadorea uzkailtzeko matxinatuko ziratekeen.
Honek manifestazioak odolez jazarriko zituzkeen. Orduan, Mendebaldekoek
sarraskia gelditzeko esku hartze bat egin nahi izanen zuketen, bainan
Errusiarrak eta Txinatarrak, interesengatik edota bizi humanoaren
mespretxuarengatik, horren kontra agertuko ziratekeen.
Guztiz alderantziz,
Estatu Batuen eta beren prentsaren mende ez dauden Estatu guztien ustez, USAk aspaldian planifikaturiko operazioa burutuko
zuketen. Lehendabizi, beren aliatu eskualdekoen bidez, eta ondoren zuzenki,
Siria desestabilizatuko zituzkeen talde armatuak infiltratuko zituzketen,
Nikaraguako Kontraren ereduari jarraiki. Hala ere, talde hauek oso sostengu
ttipia aurkituko zuketen herrialde barnean, eta garaituak izanen ziratekeen;
bitartean, Errusiak eta Txinak, OTANek Siriako Armada suntsitzea eta Ekialde
Hurbileko ekuazioa iraultzea eragotziko zuketen.
Nork erraten du egia?
Nor tronpatzen da?
SIRIAN
TALDE ARMATUEK EZ DUTE DEMOKRAZIA DEFENDITZEN, BERE KONTRA JOTZEN DUTE
Lehen-lehenik, Sirian
gertatzen ari dena “Udaberri arabiarraren” episodioa bailitzan interpretatzeak
ilusio bat da, zeren “Udaberri” hori ez baita izan. Publizitate-slogan bat da, gertaera heteroklitoak alde baikor
batez agertzeko. Herri-matxinadak Tunisian, Yemenen eta Bahreinen, izan badira
ere, ez da halorik izan, ez Egipton, ezta Libian ere. Egipton
kale-manifestazioak hiriburura eta burgesiaren sektore zehatz batera mugatu
dira, eta Herri egiptoarra ez da sekulan, absolutuki sekulan identifikatu
Tahrir plazako ikuskizun telegeniko horrekin. Libian ez da matxinatze
politikorik izan, baizik eta Zirenaika eskualdeko mugimendu separatista bat
Tripoliko boterearen aurka, eta ondoren OTANen esku hartzea, zeinak 160.000
hildako eragin dituen.
Libanoko “NurTV” telebistak (Nur hitzak Arabieraz “Argia”
erran nahi du) arrakasta handia erdietsi du Hassan Hamadek eta Georges Rahmek
egindako emanaldi sail bat hedatzean: “Udaberri arabiarra, Arabiako
Lawrence-rengandik Bernard Henry-Lévy-renganaino”. Autoreek bertan
garatzen duten ideia da “Udaberri
arabiarra” dela 1916-1918 urteetan Britanikoek Otomanen aurka antolatutako
operazio sekretuaren “remake” bat.
Oraingo honetan,
Mendebaldekoek egoerak manipulatu dituzte lider-belaunaldi bat uzkailtzeko eta “Anaia
musulmanak” inposatzeko. De facto, “Udaberri arabiarra” gezur
publizitario bat bertzerik ez da. Hemendik aitzina, Maroko, Tunisia, Libia,
Egipto eta Gaza anaitasun batek gobernatzen ditu, zeinak alde batetik orden
moral bat inposatzen duen, eta bertzaldetik sionismoa eta kapitalismo sasi-liberala
sostengatzen dituen. Ilusioa urtu da. Autore batzuk, Siriako Said Hilal
Alcharifi bezala, “Udaberri OTANiarraz” trufatzen dira.
Bigarrenik, hala
Siriako Kontseilu Nazionala (SKN Euskaraz, CNS erdarez) erakundeko kideak nola
Siriako Armada Askea (SAA Euskaraz, ASL erdarez) talde armatuko kideak ere ez
dira bat ere demokratak, Abraham Lincoln-en formularen ildotik “Herriaren
gobernamendua, Herriak egina eta Herriarendako”, zeina Frantziako
Konstituzioan ere agertzen baita. Adibidez, SKNko lehen presidentea, Burhan Ghalioun
izan zen. Bera ez zen inolaz ere “Siriako opositore bat erregimenak jazarria”
zeren eta bere herrialdera joaten eta bertan ibilki zen libreki. Bera ez zen “intelektual
laiko bat”, gizon honek pretenditzen duen bezala, zeren eta Aljeriako Front
Islamique du Salut FIS alderdiko Abbassi Madani-ren kontseilari
politikoa baitzen, gaur egun Qatarren errefuxiatua.
Bere ondorengoa, Abdel
Basset Syda politikan sartu da azken hilabeteotan, eta berehala ageri izan da
bera dela estatu batuarren nahien exekutatzaile fidela. SKNko buru hautatu
zutenez geroztik, ez da engaiatu bere Herriaren nahia defenditzera, baizik eta
Washington-ek Siriarako izkiriatu duen “bide-orria” aplikatzera: “The
Day after”.
Siriako Armada Askea
taldeko gudulariak ere ez dira demokraziaren militanteak. Adnan al-Arur xeikh
(buruzagi izpiritual)aren autoritatea onartzen dute, predikatzaile takfirista bat, zeinak Bassar al-Assad uzkaili
eta hiltzera deitzen du, ez motibo politikoengatik, baizik eta alauita delakotz
bakar-bakarrik, hau da heretikoa bere ustez. (Alauitak dira xiismoaren adar berezi
bat, eta takfiristak sunismo fundamentalistaren adar extremista bat). SAAko
ofizial identifikatu guztiak sunitak dira, eta SAAko brigada guztiek figura historiko
suniten izen dituzte. SAAko “epaitegi irauktzaileek” heriotzera
kondenatzen dituzte beren opositore politikoak (eta ez bakarrik Bassar
al-Assad-en aldekoak) eta fedegabeak, zeinei jendaurrean zintzurra ebakitzen
diete. SAAren programa da erregimen laikoa suntsitzea, zeina eraiki duten Baas
alderdiak (Sozialismo arabiarraren partidua) , PSNSk (Siriako Alderdi Sozial
Nazionala) eta komunistek, eta bere ordez erregimen konfesional sunita hutsa
ezartzea Sirian.
Honaino Thierry
Meyssane-en artikuluko lehen zatia. Bigarrena, “Mendebaldekoek aldez aurretik
prestatu dute Siriako gatazka”, bihar-etzi argitaratuko dugu.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina