ERAIKI DEZAGUN
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!!!
(3)
(3)
1.3.- Nazioarteko egoera
14.-
Hemen ezarri behar da Ponentzian “eranskin” bezala ageri den Nazioarteko
egoera izeneko atala. Izugarrizko garrantzia du gurea bezalako sindikatu
sozio-politiko batean kapitalismoaren mekanismoen ulertze sakona eta ikuspegi
globala. Nazioarteko egoera ezin da, inolaz ere, sindikalismo
iraultzailearendako, “eranskin” bat, bere praxi eraldatzaile eta askatzailearen
muina baizik. Ondoren eranskinaren lau atal aipatuko ditut, eta proposatzen diren
aldaketak:
1.3.1.- Kapitalismoa: ordena ekonomiko eta
sozial bidegabea.
15.-
Atal hau bere horretan mantendu behar da, deus ere aldatu gabe.
1.3.2.- Europar Batasuna eta AEB: krisialdi
kapitalistaren muina.
16.- Atal hau ere bere horretan mantendu behar da, deus ere aldatu gabe
1.3.3.- Nazio zapalduen egoera anbiguoa.
17.-
Gurea bezalako Nazio zapaldu batean, berebiziko garrantzia du munduko Nazio
zapalduen egoera aztertzea, beti ere langileon ikuspegitik, hau da, klase
ikuspegitik, Nazio zapaldu guztietan bi proiektu nazional izaten baitira:
bertako burgesiarena eta Herri Langilearena.
18.-
Luze joko liguke munduan zehar bizi diren Nazio eta Herri zapaldu guztien
zerrenda egiteak eta beren egoerak xeheki aztertzeak, eta horretarako Nazio
Biltzar monografiko bat egitea proposatzen da, hemendik sei hilabetera eta
afiliazio osoari irekia, honako gaiarekin: “Askapen Nazionala eta Askapen
Soziala: Independentzia eta Sozialismoa Euskal Herrian eta munduan”.
19.-
Nazioarteko egoerari dagokionez, azpimarratu behar da nazio auziez eta arazoez
Kapitalismo inperialistak egiten duen erabiltze maltzur eta kontrairaultzailea,
Herri Langile askorengan ilusio faltsuak piztuz eta Herri batzuk bertzeen
kontra mugiaraziz, beti ere Kapitalaren logikaren baitan.
Adibide
paradigmatikoa dugu Kosovon edota Hego Sudanen, non erabat zilegi diren
eskakizun eta eskubide nazionalak manipulatu diren Inperialismoarentzat
estrategikoak diren eskualdeetan estatu satelite eta txotxongilo batzuk
sortzeko, hango burgesia “nazionalista”ren laguntzaz eta Herri Langileen
desorientazioaz edota etsipena baliatuz.
20.-
Nazio zapalkuntza, etnozidioak bezalaxe, kapitalismoa baino hagitzez
zaharragoak eta sakonagoak dira, eta ezin da, bertzerik gabe, dena
Sozialismoarekin konponduko dela erran, ezta hurrik eman ere.
Halaber,
ezin da Herri Langilea engainatu eta manipulatu, ilusio faltsuak sortuz,
pentsatuz Inperialismoak Nazio zapalduen askatasuna onartuko duela, baldin eta
gure borroka eta eskakizunak “moderatzen” baditugu.
Horrelako
jukutria eta engainua egiteko badira Nazio zapalduetako burgesia
“nazionalistak”, zeinek mundu osoan zehar berdin-berdin jokatzen baitute,
Irlandatik Kurdistanerat eta Palestinatik Euskal Herrirat.
Nazio
zapalduetako Herri Langileendako, ez dago independentziarik sozialismorik gabe,
eta alderantziz.
21.- LABek aldarrikatzen du munduko Herri Langile guztiek autodeterminazio eskubidea dutela, errepublika independente eta sozialistak sortzea barne, eta hori dela gure aukera. Herri Langileen Errepublika independente eta sozialistak era aske eta librean konfederatuko dira, borrokaren garapenaren arabera. Gure eskualdeari dagokionez, Eurasiako Errepublika Sozialisten Konfederazioaren alde agertzen gara, eta horren alde borroka eginen dugu, beti ere gure marko nazionaletik: Euskal Herria.
1.3.4.- Munduan eredu sindikalista iraultzailearen beharra
22.-
Atal hau ere bere horretan mantendu behar da, deus ere aldatu gabe.
Boskarren atalari dagokionez, ponentzia honen zortzigarren atalean sartuko
dugu, hau da “LAB, Euskal Herri Langilearen Erakundea”
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina