ERAIKI DEZAGUN
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA!!!
(2)
(2)
1.- Kapitalismoa: sistema zapaltzaile hegemonikoa planeta osoan
1.1.-
Zer da kapitalismoa?
1.- Kapitalismoa gaur egun
planeta osoan hegemonikoa den sistema zapaltzailea da. Eurasiako mendebaldean
XII-XV. mendeetan emeki-emeki eta urratsez-urrats eraikia, Feudalismoaren
baitan garatu zen. XVI. mendean Eurasia mendebaldeko estatu protokapitalistek
Amerika eta Afrikaren konkista eta arpilatze sistematikoari ekin zioten, eta
honek izugarri azkartu zuen ekoizpen modu hau, Feudalismoa eraldatzeraino eta
Absolutismoa sortuz. XVIII eta XIX mendean Eurasiako gainontzeko lurraldeak eta
Ozeaniakoak menderatu eta kolonizatu zituzten jadanik kapitalistak ziren
estatuek, eta Absolutismoa erreformatuz edota irauliz, kapitalismoaren klase
nagusiak, burgesiak, hegemonia eta boterea eskuratu zuen planeta osoan.
Horretarako kontrairaultza industriala baliatu zuen, ekoizpen indarren hazkunde
erraldoia eraginez, eta aldi berean oreka ekologikoa modu larrian hausten
hasiz.
2.- Kapitalismoa da
Humanitateak ezagutu duen sistema zapaltzaile eraginkor, krudel eta
gupidagabeena. Lau ekimen lazgarrietan oinarritzen da: genozidioak, herri
eta klaseen exterminio sistematikoa, etnozidioak, herri eta hizkuntzen
suntsitze planifikatua, feminizidioak, emazteen aurkako bortxakeria etengabe
eta orokorra, eta ekozidioak, espezie eta izaki bizidunen desagertze masiboa.
3.- Kapitalismoa kapitalaren metaketan eta birsortzean datzan sistema politiko-ekonomiko-militar-kultural globala da. Hasieran Feudalismoaren baitan azpisistema hazkor eta erasokor gisa sortua, laster nagusitu zen, gainontzeko zapalkuntza zaharragoak (patriarkatua, arrazismoa, etnizismo linguistiko eta kulturala, produktibismoa …) integratuz bere baitan. Honekin batera, ekoizpen sistema zaharragoak (despotismoa, esklabutza, feudalismoa …) azpiratu eta subordinatu zituen. Honek erran nahi du kapitalismoa ezin dela erabat irauli bera baitan integratu dituen zapalkuntza zahar eta sakonagoak suntsitu gabe. Horiegin ezean, botere zapaltzaileen saretze eta metatzearen logikak kapitalismoa birsortzen du luze gabe.
4.- Kapitala ez da diru meta
huts bat. Kapitala harreman sozial bat da, klase sozialen artean gertatzen den
ekoizpen modu espezifiko bat, zeinaren baitan dinamika sozial osoa dirua
metatzeari eta gauza eta izaki oro merkantzia bihurtzeari begira egiten den.
Merkantzia da kapitalismoaren minbiziaren metabolismoaren zelula basikoa,
merkantzien ekoizpena.
5.- LABek konpromisoa hartzen
du hurrengo bortz urtetan kapitalismoaren azterketa teoriko eta praktikoan
sakontzeko, eta horretarako baliabide guztiak ezarriko ditu: formakuntza arloa
indartzea, Euskal Herri Langilearen Unibertsitatea sortzea bertze eragile
sozial eta sindikalekin, militantziaren formazio sistematizatua eta afiliatuei
eskaini beharreko prestatze ikastaroak. Honen plangintza hiru hilabete barru
aurkeztuko da.
1.2.- Kapitalismo inperialistaren krisi globala
6.- XIX. mendearen bukaeran kapitalismoak planeta osoa konkistatua zuen, nahiz eta bertze ekoizpen moduak oraindik existitu bere mundu-ekonomiaren periferian. Bera zen hegemonikoa eta XX. mendean zehar bera nagusitu da, gero eta arlo sozial gehiago merkantilizatuz.
7.-
XX. mendean kapitalismoak bi krisi gogor eta sakon bizi izan zituen, estatu batzuen
hegemonia kolokan jarri zituztenak, bertze estatu batzuen nagusikeria ezarri
zituztenak eta batez ere kapitalaren metatze eta hazkunde zikloetan aldaketa
sakon eta estrukturalak eragin zituztenak. Krisi horien azaleratze lazgarrienak
bi Mundu Gerrak izan ziren.
8.- 1945ean kapitalaren metatze dinamikan uhin luzeko ziklo bat zabaldu zen, zeinak 30 urtez-edo iraun baitzuen. Geroztik kapitalismoa krisian murgildu da, bizkortze ziklo ttiki eta labur batzuk tartean. 2007az geroztik bertze krisi global batez mintza gaitezke argiro.
9.-
Krisi global honek batasun eta koherentzia ikaragarria du, bainan hobeki
ulertzeko, arloz arlo aletu behar dugu: krisi ekonomikoa, ekologikoa,
politikoa, ideologiko-kulturala, militarra, elikadurazkoa, patriarkala … krisi
bakar eta globalaren une eta guneak dira, poliedro makabro bakar baten alde
desberdinak.
10.- Hemen ezarri behar dira Ponentziako 1.2. atalean “Krisi
sistemikoaren dimentsio ulertzeko hainbat gako” izenburuko zatian
dauden 10, 11, 12,13, 14, 15, 16, 17, 18, 19, 20, 21, 22, 23, 24 eta 25.
puntuak.
11.-
Honek guztiak argi uzten digu ez gaudela ziklo laburreko krisi ekonomiko baten
aurrean. Askoz sakonagoa da. Krisi sistemikoa bizitzen ari gara. Eta luzera
doa, bi irtenbide posiblerekin: oligarkia inperialistaren garaipena, eta
kapitalaren metatze eta hazkunde ziklo berri baten zabaltzea, ezin imajinatuzko
miseria, oinaze eta sufrimendua Herri Langileendako, ala Herri Langileen
Iraultza Sozialisten ziklo luze baten irekitzea planeta mailan, kapitalismoa
suntsitzeko eta “omnia sunt communia!” lelo miresgarrian laburbiltzen den
zibilizazio baten eraikuntza progresiboa. Sozialismoa, komunismoaren helburu
eta utopia gabe, laster ala berandu gelditu egiten da, eta burokratizazio eta
botere hierarkiko-zapaltzaileen metatze eta kiribiltzearen ondorioz,
emeki-emeki kapitalismorantz itzuli egiten da.
12.-
Ez gaitezen engaina, kapitalismo inperialista ezin da eztitu, ezin da leundu,
ezin da zibilizatu. Hori ameskeria izan zen lehen, azken 60 urteetan,
Inperialismoaren Erdiguneko Herri Langileak lokartu eta usteldu zituen
lilurakeria kriminala, Kapitalismoak Periferiako Herri Langileak esplotazio
errukigabearen osin beltzean amiltzen zituen bitartean. Orain Eurasia
mendebalde, Japonia eta Estatu Batuetako Herri Langileak lokamuts horretatik
esnatzen ari gara, Kapitalaren atzaparrek gure ateetan ere jotzen dutelakotz.
“Ongizate Estatua”, Kapitalismoaren konplizeak izateko eta Iraultza Sozialistak
zapuzteko Sistemak eman zigun gozokia agortu da, eta negarrez esnatu gara: “Non
dago gure biberoia?”. Kapitalak ez du jadanik beharrezko. Ez da Iraultzaren
beldur. Fini predikia eta segi lanerat!
13.- LABek bere egiten Rosa Luxemburgen lelo iraultzailea: Sozialismoa ala basakeria!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina