FEUERBACHI BURUZKO TESIAK :
PRAXI IRAULTZAILEAREN FILOSOFIAREN SORRERA
PRAXI IRAULTZAILEAREN FILOSOFIAREN SORRERA
Karl Marx
Testu
labur, sakon, zail eta aldi berean erabat mugarri hau, Friedrich Engelsek
argitaratu zuen lehen aldikotz 1888an, Karl Marx hil eta bortz urte geroago.
“Ludwig
Feuerbach eta filosofia alemaniar klasikoaren amaiera” liburuaren eranskin gisa
agertu ziren lehen aldiz jendaurrean. Ordura arte bi militante komunista
iraultzaileen arteko gogoeta eta eztabaidetan kokatzen zen izkribu hau, eta
jende guttik zuen haren berri. Gaur
egun, ordea, Praxi Iraultzailearen Filosofiaren sortze agiria dela
kontsideratzen dugu.
Hamaika
aforismo biltzen dituen testu labur hau, erabilera pertsonalerako
zirriborraturiko oharrak, 1845ko martxoaren edo apirilaren inguruan izkiriatu
zituen Marxek, Parisetik ihes egin ondoren Bruselan kokatu zelarik. Engelsek
berak erran zuen hamaika tesi hauek “mundu-ikuskera
berri baten ernamuin distiratsua” zirela. Eta gaur egungo komunista
iraultzaileok oso seriotan hartu behar ditugu militante eredugarri eta
maitagarri honen iritziak, aunitzetan deformatuak eta baliogabetuak izan
direnak. Zinez eta benetan mundu-ikuskera baten lehen urratsak dira, zeina
geroago Materialismo Historikoa eta Dialektikoa deitua izan baita.
Marxen
militantzia iraultzailean ildo eta lerro jarraikia ikusteko joera dutenek,
Marxen ekintzaren eta pentsamenduaren batasuna azpimarratzen dutenek, hain
zuzen, Hegelen idealismoaren eta Feuerbachen materialismoren sintesi dialektiko
bikaina ikusten dute testu honetan, uztartze- eta integrazio-lan luze baten
azken emaitza biribil eta borobila.
Marxen
ibilbide intelektual eta militantean haustura epistemologiko bat ikusten
dutenen ustez, aldiz, testu honek markatzen du Marx gazte eta Feuerbach
filosofoaren jarraitzailearen eta Marx heldu, materialismo historikoaren
sortzailearen artean, dagoen eten intelektual eta filosofikoa. Hau da, Karl
Marxen pentsamenduaren bilakaeran, garai erabakigarria da 1844ko udatik 1845eko
udaberrirat doana. Bere gaztaroan Hegel eta Feuerbach filosofoen jarraitzailea
izan zen, baina dokumentu hau pentsalari hauekiko azken hausturaren adierazpena
dela uste dute.
Hamaika
tesi hauek islatzen dute Karl Marxek egin zuèn ahalegina Feuerbachen
materialismo pasibo eta ez-dialetikotik urruntzeko, bera gupidagabe
kritikatzeko, eta materialismoaren sintesi berri baterantz abiatzeko, aurreko
materialismo guztien mugak eta akatsak gaindituko zituena. Karl Marxen ustez, aurreko materialismoak
pasiboegiak eta ahistorikoak ziren. Bere “Eskuizkribu
filosofiko eta ekonomikoak” obran aztertu zituen Hegelen ideiak, eta
idealismoak mendez mende garaturiko ideia dinamiko eta dialektikoak
materialismoan integratu nahi zituen, sintesi berri eta iraultzailea
erdiesteko.
Gaur
egungo komunista iraultzaile orok irakurri eta estudiatu beharreko testua da
hau, eta horregatik argitaratzen dugu geure blogeko lehen egunean. Ondoren iruzkin
kritiko batzuk eginen dizkiogu, hobeki ulertu eta kokatu ahal izateko Teoria
Iraultzailearen historiaren baitan. Gaurkotasun erabatekoa duen idatzia da hau,
nahiz eta ongi ulertu eta konprenitzea aski zaila den. Baina nork erran du Iraultza
Sozialista afera erraza dela, aise egiten ahal den zerbait izan daitekeela?
FEUERBACHI BURUZKO TESIAK
1
Aurreko
materialismo guztiaren oinarrizko akatsa – Feuerbachena barne dela – gauzak,
errealitatea, zentzumenezkotasuna, objektu edo kontenplazioaren formapean
bakarrik irudikatzea da, baina ez jarduera humano, praktika zentzumenezko gisa,
subjektiboki. Hortik dator alde aktiboa idealismoak garatua izatea,
materialismoarekiko kontrajartzean, – baina abstraktuki soilik, zeren
idealismoak naturalki, ez baitu ezagutzen jarduera erreal, zentzumenezkoa bere
horretan –. Feuerbachek objektu zentzumenezkoak nahi ditu, objektu kontzeptualez
errealki bestelakoak direnak; baina hark ere ez du irudikatzen jarduera humano
propioa jarduera objektibo gisa. Horregatik, Kristautasunaren
esentzian portaera teorikoa bakarrik kontsideratzen du benetan humanotzat,
aldiz, praktika irudikatzen eta finkatzen du haren agertzeko forma zikinki
judutarrean soilik. Horregatik ez du ulertzen jarduera “iraultzaile”, “praktiko
- kritikoaren” garrantzia .
2
Pentsamendua
humanoari egia objektiborik egotz ote dakiokeen auzia, ez da auzi teorikoa,
baizik eta auzi praktikoa. Praktikan frogatu behar dute gizon-emazteek egia,
hau da, bere pentsamenduaren errealitatea eta boterea, honainditasuna. Praktikatik
bakartzen den pentsamendu baten errealitateari edo irrealitateari buruzko
liskarra auzi eskolastiko hutsa da.
3
Gizon-emazteak
inguruabarren eta hezkuntzaren produktu direlako teoria materialistak, eta, gizon-emazte
aldatuak beste inguruabar batzuen eta hezkuntza aldatu baten produktu
direlakoak, ahaztu egiten du, gizon-emazteak direla hain zuzen ere inguruabarrak
aldatzen dituztenak eta hezitzailea bera hezi egin behar dela. Horregatik
derrigor sozietatea bi zatitan banatzera eramaten du, zeinetariko bata
sozietatearen gainetik baitago (adibidez,
Robert Owenengan Engelsek erantsia). Inguruabarren
eta jarduera humanoaren aldaketaren bat-etortzea praktika iraultzaile gisa
bakarrik irudika eta uler daiteke arrazionalki .
4
Feuerbach
abiatzen da auto-alienazio erlijiosotik, mundua bitan, mundu erlijiosoan,
imajinarioan, eta beste erreal batean bikoiztetik. Haren lana, mundu erlijiosoa
haren oinarri sekularrean disolbatzean datza. Ez da ohartzen, lan hori egin
ondoren, lan nagusia egiteko geratzen dela. Izan ere, oinarri sekularra bere
baitatik bereiztea eta erresuma independente gisa hodeietan finkatzea, oinarri
sekular horren bere buruaren urratze eta kontra-esate propioz bakarrik azal
daiteke. Beraz, egin beharreko lehen gauza da hori bere kontraesanean ulertzea
eta gero praktikoki iraultzea kontraesana saihetsiz. Beraz, adibidez, familia
lurtarrean familia santuaren sekretua aurkitu ondoren, teorikoki kritikatu eta
praktikoki irauli egin behar da hura.
5
Feuerbachek,
pentsamendu abstraktuarekin pozik ez egonik, kontenplazio
zentzumenezkora jotzen du; baina ez du irudikatzen zentzumenezkotasuna jarduera
humanoa zentzumenezko praktiko gisa .
6
Feuerbachek
disolbatu egiten du esentzia erlijiosoa esentzia humanoan. Baina esentzia humanoa ez
da norbanako bakoitzak bere baitan daukan zerbait abstraktua. Haren
errealitatean harremanen sozialen multzoa da. Feuerbach, esentzia erreal horren
kritikaz arduratzen ez dena, horregatik beharturik aurkitzen da:
1.
Ibilbide historikoaz abstrakzio egitera, beretzat sentimendu erlijiosoa finkatuz
eta giza banako abstraktu – bakartu – bat aurresuposatuz .
2.
Harengan, esentzia humanoa «espezie» gisa bakarrik irudika daiteke, orokortasun
barneko, mutu bat bezala, norbanako anitzak naturalki lotzera mugatzen
dena gisa.
7
Feuerbachek
ez du ikusten, beraz, «sentimendu erlijiosoa» ere produktu sozial bat dela eta
berak analizatzen duen norbanako abstraktua, errealitatean, forma sozial determinatu
batekoa dela.
8
Bizitza
soziala, esentzian, praktikoa da. Teoria mistizismora errebelatzen duten
misterio guztiek beren soluzio arrazionala aurkitzen dute praktika humanoan eta
praktika horren ulerkuntzan.
9
Materialismo
kontenplatzailea, hau da, zentzumenezkotasuna jarduera praktiko gisa irudikatzen
ez duen materialismoa iristen den gorena, norbanako bakoitza “sozietate zibilaren”
barruan kontenplatzera iristen da.
1 0
Materialismo
zaharraren ikuspuntua sozietate «zibila» da; materialismo berriarena, sozietate
humanoa edo humanitate sozializatua.
1 1
Filosofoek
mundua era desberdinetara interpretatzea besterik ez dute egin, baina
kontua da hura eraldatzea.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina