LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/03/14

KARL MARX : bere heriotzaren 130. urteurrena.




KARL MARX :
MILITANTE KOMUNISTA IRAULTZAILEA

Duela 130 urte, egunez egun, hil zen Karl Marx. Bere heriotzaren urteurrena oharkabean pasatu da, zorigaitzez. Blog honetan ez dugu aukera galdu nahi militante iraultzaile erraldoi hau, komunismo zientifikoaren sortzaile eta teoriko nagusia, omendu eta oroitu gabe. 

Nor mintzatuko zaigu Marxez hobeki, bere lagun, adiskide eta burkide izan zèn Friedrich Engels ez bada? Horregatik argitaratuko dugu gaur hemen, blog honetan, 1883ko martxoaren 17an Londresko Highgate hilerrian sozialismo zientifikoaren bertze sortzaileak egin zuèn diskurtsoa.

Hauxe da bi komunista iraultzaile eredugarri eta maitagarriei egiten diegun omenaldia: 

 IRAULTZA DA BIDE BAKARRA!!! 

 



FRIEDRICH ENGELSen DISKURTSOA
KARL MARXEN HILOBIAREN AITZINEAN,
LONDRESKO HIGHGATE HILERRIAN,
1883ko MARTXOAREN 17an:



"Martxoaren 14an, arratsaldeko hirurak laurden gutxitan, gure egunetako pentsalaririk handienak pentsatzeari utzi zion. Bi minutu exkaxez utzi genuen bakarrik, eta itzuli ginelarik, lotan aurkitu genuen, goxo-goxo bere besaulkian, baina betikotz.

Erabat ezinezkoa da kalkulatzea Europa eta Ameriketako proletargo militanteak  eta zientzia historikoak gizon honekin galdu dutena. Laster nabarituko da figura erraldoi honek utzi duen hutsunea.   

Darwinek natura organikoaren garapenaren legea aurkitu zuen bezala, hala aurkitu zuen Marxek historia humanoaren garapenaren legea: egitate hau, hain xinplea, bainan bera iritsi aitzin sasi ideologikoaz ezkutatuta zegoena, hau da, gizon-emazteek behar dutela, lehenik eta behin, jan, edan, teilatu bat izan eta jantzi, politika, zientzia, artea, erlijioa eta abar egin baino lehenago; eta beraz, berehalako bizibide materialen produkzioa, eta ondorioz, berari dagokion garai edo Herri baten garapenaren fase ekonomikoa dela oinarria, zeinatik abiaturik garatu baitira gizon-emazteen instituzio politikoak, kontzepzio juridikoak, ideia artistikoak bai eta ideia erlijiosoak ere, eta zeinaren bidez behar baitira azken hauek azaldu, beraz, eta ez alderantziz, ordura arte egin ohi zen bezala. 

Bainan ez da hau bakarrik. Marxek gaur egungo produkzio modu kapitalista eta berak sorturiko gizarte burgesa mugitzen dituen lege espezifikoa ere aurkitu zuen. Gainbalioaren aurkikuntzak arazo hauek argitu zituen bat-batean, aurreko ikerkuntza guztiak, hala ekonomista burgesenak nola kritiko sozialistenak ere ilunbeetan norazean ibiliak ziren bitartean.

Hauek bezalako bi aurkikuntzak aski ziren bizitza baterako. Honelako aurkikuntza bat egiteko zortea duena zoriontsu izaten ahal da. Bainan ez zen alor bat ere izan Marxek ikertu gabe utzi zuenik  -eta alor hauek asko izan ziren, eta bakar bat ere ez zuen gaingiroki aztertumatematika barne, non ez zuen aurkikuntza orijinalik egin.

Honelakoxea zen zientzia gizona. Bainan hau ez zen, ezta hurrik eman ere, gizonaren erdia. Marxen ustez, zientzia indar historiko motriza zen, indar iraultzailea. Edozein zientzia teorikotan egindako aurkikuntzak, zeinaren aplikazio praktikoa beharbada ezin baitzen inolaz ere aurreikusi, ematen ahalko zion pozaldia handia izanik ere, hagitzez pozaldi handiagoa sentitzen zuen industrian eta garapen historikoan orokorrean eragin iraultzailea pizten zuèn aurkikuntza bat gertatzen zenean. Horregatik hurbil-hurbildik segitzen zuen elektrizitatearen arloan egindako aurkikuntzen martxa, Marcel Deprezenak barne, azkenaldi honetan.

Zeren eta Marx, gauza ororen gainetik, iraultzailea baitzen. Gizarte kapitalista eta berak sortutako instituzio politikoen aldez edo moldez iraultzen kooperatzea, proletargo modernoaren emantzipazioan   laguntzea, zeinari berak emana zion, lehen aldikotz bere egoera propioaren eta bere beharren kontzientzia, bere emantzipazioaren baldintzen kontzientzia: horixe bera zen bere bizitzako zinezko misioa. Borroka zen bere tokia. Eta gutti duten  bezalako pasio, iraupen eta arrakastaz borrokatu zen. Lehendabiziko Rheinische Zeitung, 1842an; Parisko Vorwärts, 1844an; Deutsche-Brüsseler-Zeitung, 1847an; Neue Rheinische Zeitung, 1848-1849an; Nex York Daily Tribune, 1852-1861ean, eta honi guztiari gehitu behar zaio borrokarako foileto pilo bat, eta lana Paris, Brusel eta Londresko erakundeetan, harik eta, azkenean, sortu zen, guztiaren gailur, Langileen Nazioarteko Elkarte handia, zeina baitzen, benetan, obra bat zeinaz bere autorea harro egoten ahal zen, nahiz eta bertze deus ere ez sortu.

Horregatik, Marx zen bera garaiko gizonik gorrotatuena eta kalumniatuena. Gobernuek, hala absolutistek nola errepublikarrek ere espultsatu egoten zuten. Burgesak, hala kontserbadoreak nola ultrademokratak ere lehiatzen ziren bere kontrako difamazioak jaurtitzen. Marxek hau guztia alde batera kentzen zuen, armiarma sareak bailiran, ez zion kasurik egiten; erantzun egiten zuen behar-beharrezkoa zenean bakarrik. Eta beneraturik hil da, maitaturik, malkotan sentitua, kausa iraultzailearen milioiko langileen aldetik, bera bezalakoak, Europan eta Ameriketan sakabanatuak, Siberiako meatzeetatik Kaliforniaraino. Eta ausarzen ahal naiz erraten, aurkari aunitz izan bazituen ere, ia-ia ez zuen etsai pertsonalik izan.

Bere izena mendeetan barrena biziko da, eta berarekin batera bere obra.

Londresko Highgate hilerrian, 1883ko martxoaren 17an.  

Friedrich Engels 


 

  

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina