LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/03/11

Mendi magaletik (3)



         MENDI MAGALETIK (3)


Josu Iraeta
 


 MRS. BARCINA TRUE BASQUE LOVER






                                     

 Nabarmena denez, ez da argudio sendorik behar, aitortzeko, hizkuntza-komunitate batek ez duela bere hizkuntza bertan behera utzi eta beste batengatik ordezten, besterik gabe, bigarren hori politagoa edota funtzionalagoa delakoan. Halakoak gertatzen direnean, inoiz ere ez da norberaren erabakiz izaten, denboran zehar gertaturiko arrazoi eta interes desberdinen ondorioz baizik.



 Hizkuntza biak erabiltzen dituzten komunitateak elkarrekin kontaktuan jartzen direnean hasten da ordezkatze-prozesua. Komunitate horiek beti izan ohi dute indar politiko, ekonomiko eta kultural desberdina eta, horren ondorioz, halako desoreka bat sortzen da hizkuntza bien artean.



 Desoreka horrek ordezkatze-prozesu linguistikoa eragiten du; hasiera batean modu apalean abiarazten da, ordezkatze-prozesuan sartzen den hizkuntzaren -hizkuntza autoktonoaren- hiztunen zenbait sektorek hizkuntza kolonizatzailea ikasteari ekiten diotenean. Ondoren, elebitasun-egoera sortzen da eta, poliki-poliki, hiztun elebakarrak -arrazoi biologiko hutsagatik- desagertuz joan ohi dira eta bertako hizkuntza edo hizkuntza autoktonoaren erabilera murriztu egiten da, azkenean, eta halabeharrez, indar eta baliabide gutxien dituen hizkuntza erabat desagertu arte.



 Euskarak Nafarroan bizi izandako egoera osasungarriaz hitz egin eta gaur egungo egoeraz arrazoitu ahal izateko, iraganera jo behar dugu nahitaez. Erromatarren garaian jar genezake abiapuntua; Erromanizazioak, izan ere, aldaketa ugari inposatu zituen gure lurraldean. Aldaketa horien arten bortitzenetarikoa antolatzeko modu tradizionala haustea izan zen. Erromatarrek, izan ere, antolaketa-eredu administratibo propioa inposatu zuten, latina hizkuntza ofizial aldarrikatuz. Latinaren ordez, gero, haren eratorriak azaldu ziren, hizkuntza erromantzeak alegia.



 Horren ondorioetako bat izan zen, -besteak beste- Herriak ulertzen ez zituen hizkuntza ofizialekin egin zuela topo. Kolonizazioak eragindako egoera anker horren ondorioz, bertako hizkuntza balio-galera prozesu sozial batean murgildu zen, hizkuntza ofizial berria neurriz kanpo baloratu zelarik.



 Pixkanaka, nafarren hizkuntza, Euskara alegia, Iruñeko kaleetatik desagertzen hasi zen. Izan ere, XIX mendeko azken hamarkadetan etengabe entzuten bazen ere Carmen, Navarreria edota Santo Domingo bezalako kaleetan, egia da, baita ere, orduko "ilustreek" -kulturako gizon-emakumeak- milaka urteko gure hizkuntza erabiltzeari utzi ziotela. Euskaraz jardun eta Gaztelera ez menperatzea ospedun zirkulu sozialetan sartzeko, lanpostu bat eskuratzeko edota boterera iristeko oztopoa zela uste zuten; labur esanda, arrakastaren bidean lasta edota eragozpena zela uste zuten.



 Nafarroan Euskarak bizitako galera-prozesuan eragin zuzena izan zuen, era berean, Gaztelako Koroaren ezarpenak eta, ondorioz, egitasmo militar zein ekonomiko komunetan parte hartu behar izateak. Izan ere, negozioen mundua eta, ondorioz, Gortea erabiltzen zutenek - nobleek alegia - Gaztelaren gain interes ikaragarria erakutsi zuten.



 Era berean, eta ildo beretik jarraituz, monarkia espainiarrak - Borbondarrek batez ere -Monarkia hori osatzen zuten Erreinu desberdinetan politika zentralista bat abiarazi zuen, hizkuntzak bateratzeko helburuarekin betiere.




Denboran beranduago, Foruak ezeztatu eta estatu liberala gailendu

zenean, “estatu nazional bateratua” deritzona eraikitze-prozesuari

ekin zitzaion. Esan beharrik ez dago orduan ere hizkuntza bat eta 

bakarra baino ez zela onartzen. Hori horrela, sasoi hartako 

aurrerapen guztiak, teknikoak hala zientifikoak, maltzurrez”

 Gaztelerarekin identifikatzen dira, zuzen-zuzenean.



 XIX mendearen erdialdean, 1857an hain zuzen ere, "Moyano Legea" inposatuz, hezkuntzaren derrigortasuna ezarri zuten. Euskal Herriko hegoaldeko udalerri guztietara maisu-maistra berriak iritsi ziren, Gaztelera hiztunak gehientsuenak. Gertaera hori ere "oso eragingarria" izan zen, Euskararen desagertzeari dagokionez. Maisu-maistrak ez ezik, udal antolaketako kideak ere berritu egin ziren: idazkariak, herriko epaile eta alkateak. Guztiak ere erdaldunak.



 Nahitaezko zerbitzu militarrean edota soldadutzaren hasiera ere ezin aipatu gabe utzi, non euskaldun gazteak etengabe gutxietsi eta irrigarri utzi zituzten.



Elizak ere aipamen berezia merezi du; izan ere, eta banakako zenbait jarrera salbuespen izan baziren ere, Gazteleraren aldeko jarrera eraginkorra hartu zuen. Are gehiago, benetako “ahari-buru” izan zen - euskararen ospe galera indartuz- desagertu arazteko orduan.



 Gaur egungo egoerarekin paralelotasun txiki bat eginez, eta gure hiri eta herrietara bizimodu duin baten bila urruneko pertsonak etorri direla ikusirik, bada gure hizkuntzan modu esanguratsu bezain negatiboan eragin zuen beste faktore bat, hau da, Ferrocarril del Norte deritzonaren eraikitzea. Bertan ziharduten langile kanpotarrek, eta El Carrascal-etik hasita, (Euskaraz Artederreta izan dena betidanik, eta kolonizazioaren ondorioz euskaldunok ere galdu dugun toponimoa...) azkar batean hedatu arazi zuten Gaztelera gure lurraldean.



 Artikuluaren hasieran esan dudan bezala, makina bat dira denbora-tarte jakin batean gertaturiko arrazoi eta interesak; ondorioa, berriz, jakina da: gure hizkuntza maitatuak inoiz jasan duen erasorik indartsuenetarikoa. Kontuan hartu behar da oraindik ez dudala Frankismoa aipatu ere egin, jakinik bere hizkuntza politika genozidak Euskara errotik desagertu araztea izan zuen helburu nagusi, haren erabilera debekatu arteraino. Hori guztia aztertu ostean, esan genezake, elementu dezente ditugula Barcina andrearen gobernuak -PSNren laguntzarekin- herritar guztiei ezartzen gaituzten jarrera irrazionala baloratu eta epaitzeko. Eraso hori, euskararen eta euskaldunen aurkakoa ez ezik, pertsonen aukeratze eskubidearen eta askatasun demokratikoaren aurkakoa ere bada.



 Horren finkatuta omen dagoen demokrazian, nekez uler daiteke, iruzurrez eta modu higuingarrian erabiltzen dutenek, bertan tokirik izatea. Argi dago andre honek sistema osotik formalitateak baino ez dituela onartzen, Gure hizkuntza ikasi eta hitz egiteko eskubidea Herriek berezkoa duten bi eskubideren artean dago, hau da, autodeterminazio eskubidearen eta giza eskubideen artean; baina Barcina andreak ez dauka hori aitortzeko beharrezkoa den heldutasun demokratikorik, ezta gutxiago ere.




 Honaino iritsi gara, eta uste dut Nafarroako gizarteak beste metodo batzuen aldeko gogoeta egin beharko lukeela - metodo demokratikoak noski - horren ibilbide demokratiko urria duten pertsonek, nafar guztien ekonomia eta eskubide nahiz askatasunak kudeatzeko aukerarik izan ez dezaten.



Zintzo jokatuta, ezin dut baieztatu Barcina andrea “genetikoki” Erromanizazioaren edota Frankismoaren ondorengoa denik, baina zer esaten duen eta nola esaten duen ikusita, eta bere jokabidea aztertuz, benetan, ez dago zalantza handirik.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina