LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/03/25

STALIN. LENINISMOAREN OINARRIAK (5)




LENINISMOAREN OINARRIAK (5)




J.V. Stalinek, 
Sverdlov Unibertsitatean 1924an
 belaunaldi leninistari emandako hitzaldiak






LAU: PROLETALGOAREN DIKTADURA

  
Oinarrizko hiru gauza aztertuko ditut gai honetan:

a) Proletalgoaren  Diktadura Iraultza Proletarioaren tresna
    gisa.

b) Proletalgoaren Diktadura Burgesiaren gaineko 
     Proletalgoaren nagusitasunaren adierazle.


d) Botere Sobietarra Proletalgoaren Diktaduraren Estatu
    forma bezala.



1) Proletalgoaren Diktadura Iraultza Proletarioren tresna gisa. Proletalgoaren Diktaduraren afera, Iraultza Proletarioaren edukiaren oinarrizko afera bat da. Iraultza Proletarioa, bere osotasunean, bere garaipenekin batera, Proletalgoaren Diktaduran gorpuzten da. Proletalgoaren Diktadura Iraultza Proletarioaren antolakuntza mota bat da, bere euskarririk garrantzitsuena da; alde batetik, garaitutako zapaltzaileen erresistentzia suntsitzeko eta lortutakoa bermatzeko, eta bestetik, sozialismoa bere garaipen osora eramateko balio duena. Iraultzak, Proletalgoaren Diktaduraren beharrik gabe, burgesia garaitu eta berau boteretik bota dezake. Baina Iraultzak ezin dezake Burgesiaren erresistentzia garaitu, garaipena sendotu eta garaipen osorantz jarraitu bere garapenaren puntu batera iritsitakoan bere antolakuntza moldea, aldi berean bere euskarria izango dena, hots, proletalgoaren diktadura, sortzen ez badu.



“Botereari buruzko afera oinarrizkoa da Iraultza orotan” (Lenin). Honek zer esan nahi du, dena boterea hartzera, boterea konkistatzera mugatzen dela akaso? Ez, noski gauzak horrela ez direla. Boterea hartzea hasiera besterik ez da. Langileriak Burgesia garaitu duen Herri batean, azken honek, nahiz eta boteretik kanporatua izan, urteetan eta urteetan boterea hartu duen Proletalgoa baino indartsuagoa izaten jarraituko du, arrazoi askorengatik. Horregatik eutsi behar diogu botereari, hau sendotu eta garaiezin egin. Zer egin behar dugu hau lortzeko? Hona garaipenaren “biharamunean” derrigor burutu behar diren hiru betebehar:



a) Garaituak eta desjabetuak izan diren lurjabe eta kapitalisten erresistentzia txikitzea, Kapitalaren boterea berrezartzeko egingo duten edozein saiakera zapaltzea.



b) Behargin guztiak Proletalgoarengana inguratzen direlarik Sozialismoaren eraikuntza antolatu, eta lan hau klaseen suntsiketa, abolizioa lortzeko helbururantz bideratu.



d) Iraultza armatu, Iraultzaren armada atzerriko etsaien aurka, Inperialismoaren aurka borrokatzeko antolatu.



Betebehar hauek burutzeko, Proletalgoaren Diktadura beharrezkoa da.

“Kapitalismotik komunismora iragateak –dio Leninek-, garai historiko oso bat darama. Garai hau gertatzen ari den bitartean, zapaltzaileek euren boterea berrezartzeko esperantza mantentzen dute, itxaropen hori euren boterea berrezartzeko saiakeretan gorpuzten delarik. Lehen porrota pairatu eta gero, uzkailitako zapaltzaileek, euren uzkailtze hau espero ez zutenek, uzkailtze hau gertatuko zatekeen ideia bera ere onartzen ez zutenek, hamar aldiz indar gehiagorekin, sekulako grinarekin, ehun aldiz biderkatutako gorrotoarekin borrokara joko dute euren “paradisu galdua” berreskuratzeko, euren familiek, orain “jendaila madarikatu” horrengandik miseriara (edo lanbide “madarikatu” batetara) kondenatuak izan direnek lehen zuten bizi gozoa berreskura dezaten. Eta kapitalisten atzetik Burgesia ttipiaz osatutako masa handi oso bat abiatzen da; herri guztietako hamarkadetako eta hamarkadetako esperientzia historikoak erakusten duenez, zalantzatia dena, lehen momentuan Langileriaren alde jar daitekeena baina langileen lehen porrot edota atzerapausoarekin batera zalantza egiten duena, urduri jartzen dena, intziri egiten duena, alde batetik bestera erraztasun handiz igarotzen dena”.

Burgesiak, bere berrezarkuntzarako saiakerak egiteko bere arrazoiak ditu; beste gauza batzuen artean, luzaroan, boteretik bota duen langileria baina indartsuagoa izango delako.


“Zapaltzaileak herri bakar baten garaituak badira ere -dio Leninek-, eta ohikoena hala izatea da, une berean herri askotan garaitzen duen iraultza salbuespen arraro bat baita, boteretik uzkaili dituen langileria baino indartsuagoak izaten jarraituko dute.”
 

            Zertan datza garaitutako burgesiaren indarra? 


Lehenik eta behin, “nazioarteko Kapitalaren indarrean, Burgesiaren nazioarteko loturen sendotasunean”.
           
Bigarrenik, “iraultzaren garaipena jazo eta urte askotara, esplotatzaileek euren alde abantaila handi pila izango dute: dirua dute (hau ezin da kolpe batez desagerrarazi) eta askotan baliagarriak diren zenbait ondasun higigarri, antolakunde eta administrazio ohitura baita, administrazioaren “sekretu” batzuk ezagutzen dituzte (ohiturak, prozedurak, baliabideak, aukerak), heziketa maila altuago bat dute, burges erara bizi eta pentsatzen duen goi mailako pertsonal teknikoarekin harremanak dituzte eta gainera (eta hau oso garrantzitsua da), jarduera militarraren ezagutza askoz ere handiagoa dute”. (Leninek esana.)

Eta hirugarrenik "ohituraren indarra, produkzio txikiaren indarra dute. Zoritxarrez, munduan produkzio ttipi asko, larregi geratzen da eta ekoizpen ttipi horrek, etengabe, gelditu gabe, espontaneoki, kopuru handietan burgesia sortzen eta sortzen darrai, Kapitalismoa sortzen eta sortzen darrai”. Izan ere “klaseak desagerrarazteak ez baitu kapitalistak eta lurjabeak kanporatzea esan nahi -hau nolabaiteko erraztasunarekin egin dugu-, baizik eta ekoizle ttipi horiek desagerraraztea; baina hauek ezin dira kanporatu, hauekin bizi behar dugu, eta beraz, hauek prozesu luze eta patxadatsu baten bidez eraldatzea eta heztea ez den beste irtenbiderik ez dugu (eta hori da egin behar duguna)” (Leninek esana hau ere).


            
 Horregatik honela mintzo da Lenin:

“Proletalgoaren Diktadura gerra mota berri bat da, sekulan izan dena baino gordinagoa, bortitzagoa; inoizko aurkari boteretsuenaren aurka: Burgesiaren aurka, zeinek boteretik kanporatua izan eta gero bere erresistentzia hamar aldiz biderkatzen duen”.

            Eta honela ere bai:


“Proletalgoaren Diktadura gizarte zaharraren indar eta tradizioen aurkako borroka latza da; odoltsua eta odolik gabekoa, indarkeriaz eta indarkeriarik gabe egina, militarra eta ekonomikoa, pedagogikoa eta administratiboa”

Ez dut uste lan hauek epe motzean, urte gutxi batzuetan osorik betetzea ezinezkoa dela frogatu beharra dagoenik. Horregatik, Langileriaren Diktadura, Kapitalismotik Komunismora doan arokoa, ezin da dekretu “hiper-iraultzailez” betetako garai labur bat bezala ikusi; gerra zibilez eta kanpo-borrokez, antolakuntza lan administratiboaz eta eraikitze ekonomikoaz, erasoz eta atzera-egiteez, garaipenez eta porrotez jositako garai historiko oso bat bezala baizik. Garai historiko hau ez da Sozialismoaren garaipen osoaren baldintza ekonomiko eta kulturalak ezartzeko bakarrik; baizik eta lehenik, Herri bat gobernatzeko gai izatera iritsi dadin, Langileriari hezteko eta trebatzeko aukera emateko eta bigarrenik, masa burges-ttipiak berrezteko eta eraldatzeko, ekoizpen sozialistaren antolakuntza bermatzeko ere bada beharrezkoa.

“Hamabost, hogei edo berrogeita hamar urtetan zehar, gerra zibilak eta nazioarteko gerrak pairatu beharko dituzue, ez bakarrik gaur egungo ekoizpen harremanak aldatzeko, baizik eta nagusitasun politikoa izateko gai izan zaitezten zuen burua aldatzeko”; honela hitz egiten zien Marxek langileei. ( Friedrich Engels )

Marxen ideia garatuz, honako hau idazten du Leninek:
  
“Proletalgoaren Diktaduraren azpian milioika eta milioika nekazari eta burges-ttipi, ehundaka eta ehundaka mila funtzionario, enplegatu eta burges intelektual berriz hezi beharko dira, guzti horiek Estatu Proletarioari azpiratuz, eurengan dirauten ohitura eta tradizio burges guztiak garaituz” eta gainera “proletarioak eurak ere, borroka luze batean (...), berriz hezi beharko ditugu (...), Proletalgoaren Diktadura aintzat hartuz hezi beharko ditugu; ez direlako euren aurreiritzi burges-ttipiez Izpiritu Santuaren graziaz edota kontsigna magiko baten bidez, erresoluzio baten edota dekretu baten ondorioz kolpe batez askatuko. Aurreiritzi burges-ttipi hauen aurkako masa borroka luze eta gogor batez soilik askatuko dira.”

2) Proletalgoaren diktadura burgesiaren gaineko nagusitasunaren adierazle gisa.Lehen esandakoaren arabera, erraz ondoriozta daiteke Proletalgoaren Diktadura ez dela ordena ekonomiko eta politikoak bere horretan jarraitu bitartean, gobernuko pertsona batzuk aldatzea edo gobernu osoa aldatzea bakarrik. Mentxebikeek eta Herri guztietako oportunistek, diktadurari sekulako beldurra diotelarik, kontzeptu hau “boterearen konkista” kontzeptuarekin ordezten dute; hau da, “boterea konkistatzea” gobernu aldaketa bat egin eta gobernuaren burutzan, Scheidemann eta Noske, MacDonald eta Henderson bezalako pertsonak jartzera mugatzen dute. Argi dago gobernu aldaketa hauek ez dutela proletalgoaren diktadurarekin zerikusirik, ezta ere benetako proletalgoak benetako boterea konkistatzearekin ere. MacDonald eta Scheidemann bezalakoak boterean daudelarik, burgesiaren ordena bere horretan utziko dute, eta euren agintea (dei diezaiogun horrela) burgesiaren tresna bat izango da, masa zapaldu eta esplotatuen aurkako tresna bat, inperialismoaren miseriak estaltzeko zapi bat bakarrik. Gobernu horiek burgesiak behar duen pantaila bat dira, masak pantaila gabe zapaltzea ezinezko edo kaltegarri egiten zaionean erabiliko duena. Noski, gobernu hauen agerpena “euren artean” (hau da, kapitalisten artean) “Txipkan lasaitasunik ez dagoenaren” seinale dira, baina praktikan, gobernu hauek, kapitalaren mozorroturiko gobernuak besterik ez dira. MacDonaldek edo Scheidemannek gidatutako gobernu batetik proletalgoaren diktadurara eta lurretik zerura, tarte berdina dago. Proletalgoaren diktadura ez da gobernu aldaketa bat, Estatu berri bat baizik, bere botere zentral eta lokal berriekin, proletalgoaren Estatua da, Estatu zaharraren, hots, Estatu burgesaren hondakinen gainean zutitzen dena.

                                                                                   
Proletalgoaren Diktadura ez da ordena burgesaren oinarrian sortzen, bere suntsipen prozesutik baizik; Burgesia kanporatu eta gero, kapitalistak eta lurjabeak desjabetzen diren bitartean, oinarrizko ekoizpen baliabide eta tresnak sozializatzen diren bitartean, Langileriaren Iraultza oldarkorrarekin bat sortzen da. Proletalgoaren Diktadura, Burgesiaren aurkako indarkerian oinarritzen den Botere Iraultzailea da.

Estatua boteredun klasearen eskuetan dagoen tramankulu bat da, bere klase-etsaiak zanpatzeko balio duena. Zentzu honetan, ez dago alderik Proletalgoaren Diktaduraren eta beste edozein klaseren diktaduraren artean; Estatu Proletarioa Burgesia zanpatzeko tramankulu bat baita. Baina badago funtsezko alde bat: orain arteko Estatu denak, gehiengo esplotatua zapaltzeko gutxiengo esplotatzaile baten tresna izan dira, baina proletalgoaren diktadura gutxiengo esplotatzailea zapaltzeko gehiengo esplotatuaren tresna da.

Laburbilduz: proletalgoaren diktadura burgesiaren gaineko proletalgoaren nagusitasuna da; legez mugatua ez den nagusitasuna, indarkerian oinarritutakoa eta masa proletario eta esplotatuen begikotasuna duena. (Lenin, Estatua eta Iraultza)
           
Hemendik oinarrizko ondorio bi atera ditzakegu:

Lehen ondorioa: Proletalgoaren Diktadura ezin liteke “guztiontzako”, aberats eta pobreentzako demokrazia bat izan; “proletalgoaren diktadura, modu berriko Estatu demokratiko bat da (proletarioentzat eta orokorrean txiroentzat), eta modu berriko diktadura bat da (burgesiaren aurka)” (Leninek esana.). Kautsky eta abarren esaldiak; berdintasun unibertsalaz, demokrazia “garbiaz”, demokrazia “perfektuaz” eta abarrez mintzo direnak, esplotatzaileen eta esplotatuen arteko berdintasunaren ezinezkotasuna estaltzeko burgesiak erabiltzen duen zapia besterik ez dira. Demokrazia “garbiaren” teoria, lapur inperialistek erosi eta asetako langile aristokraziaren teoria besterik ez da. Teoria hau Kapitalismoaren maltzurkeriak disimulatzeko, inperialismoa mozorrotzeko eta honi zanpatutako masen aurkako borrokan aritzeko indar morala emateko ezarri zen. Kapitalismoaren azpian ezinezkoa da esplotatuek benetako “eskubideak” izatea, hain zuzen “eskubide” hauek erabiltzeko beharrezkoak diren lokalak, inprentak, paper biltegiak eta abarrak esplotatzaileen jabetzakoak direlako. Kapitalismoaren azpian ez da gertatzen eta ezinezkoa da esplotatuek Herriaren gobernuan pixka bat ere parte hartzea; Kapitalismoan, erregimenik demokratikoenean ere, gobernuak ez daudelako Herriaren esku, Rothschild, Stinnes, Rockefeller eta Morgan bezalakoen eskuetan baizik. Kapitalismoaren pean, Demokrazia, Demokrazia kapitalista da, gutxiengo esplotatzailearen demokrazia, gehiengo esplotatuaren askatasuna mugatzen duena eta gehiengo honen aurka doana. Proletalgoaren Diktaduraren azpian bakarrik egon liteke esplotatuentzako demokrazia, eta parte har dezakete langile eta nekazariek Herriaren gobernuan. Proletalgoaren Diktadura langile demokrazia da, gehiengo esplotatuaren demokrazia da, gutxiengo esplotatzailearen eskubideak mugatuko dituena eta gutxiengo honen aurka doana.



Bigarren ondorioa. Proletalgoaren Diktadura ezin liteke gizarte burgesaren garapen baketsuaren emaitza bezala sortu; armada burgesaren, aparailu burokratiko burgesaren, polizia burgesaren, Estatu burgesaren tresneriaren apurketa gisa soilik sor daiteke.

“Klase proletarioa ezin daiteke mugatu Estatu burgesaren botere tresneria bere eskuetan hartu eta bere helburuen arabera erabiltzera” diote Marxek eta Engelsek Manifestu Komunistaren hitzaurrean. Iraultza Proletarioak “ezin du orain arte gertatu den bezala aparatu burokratiko-militarra eskuz aldatzera mugatu (...), baizik eta txikitu egin behar du, hau kontinentean gertatuko den edozein Iraultza Herrikoiaren aurrebaldintza da” zioen Marxek 1871an Kugelmanni bidaliko gutun batean.




Mentxebikeek eta mota guztietako oportunistek, Marxek kontinentez kanpoko Herriengan (Ingalaterra, Estatu Batuak) egindako salbuespen hau, Marxek Iraultza ez diren beste bide batzuk, Demokrazia Burgesa Demokrazia Proletarioan era baketsuan bihurtzea esaterako, onartzen zituela esateko aitzakiatzat hartu dute. Marxek, egia da, XIX. mendeko 70. hamarkadan, Ingalaterra eta Estatu Batuen kasuan aukera horri ateak zabalik uzten zizkion; baina garai horietan ez zegoen kapitalismo monopolistarik, ez zegoen inperialismorik, eta bi Herri horietan, euren baldintza bereziak zirela medio, ez zegoen ez burokrazia ez militarismo garaturik. Honelaxe izan zen Inperialismo garatua azaldu arte. Baina hogeita hamar edo berrogei urte geroago, Herri hauen baldintzak errotik aldatu zirenean, Inperialismoa Herri kapitalista guztietan salbuespenik gabe garatu zenean, militarismoa eta burokratismoa Ingalaterran eta Estatu Batuetan ere agertu zirenean, Ingalaterra eta Estatu Batuetan garapen “baketsua” ahalbideratzen zituzten baldintzak desagertu zirenean; Herri hauekiko salbuespen hau besterik gabe desagertu behar zen.


“Gaur egun, 1917an -esaten du Leninek-, munduan gerra inperialista gertatzen ari denean, Marxek Ingalaterra eta Estatu Batuekiko egin zuen salbuespenak zentzua izateari utzi dio. Ingalaterra eta Estatu Batuak, burokrazia eta militarismo falta kontuan hartuz gero mundu guztian “askatasun” anglosaxoniarraren ordezkari garrantzitsuenak eta bakarrak zirenak, Europa osoari amankomuna zaion lokatzetan sartu dira, dena azpiratu eta zapaltzen duten erakunde burokratiko militarren lokatzetan. Orain, Ingalaterran eta Estatu Batuetan ere, “Iraultza Herrikoia gerta dadin ezinbesteko baldintza da” Estatu-tramankulua puskatzea (1914 eta 1917 urteen artean, han ere “europar” perfekzioaz, Herri inperialista guztien “perfekzioaz” garatu dena)”.



Beste hitz batzuetan: indarkeriaz egindako Iraultza Proletarioaren legea eta  Iraultza honen ezinbesteko aurrebaldintza bezala tramankulu burgesaren suntsipenaren legea, mundu osoko Herri orotako mugimendu iraultzaile guztientzat erabateko legea da.



Jakina, epe luze batean, Iraultza Proletarioa Herri kapitalista garrantzitsuenetan gailentzen bada, harresi kapitalista harresi sozialistaz trukatzen bada, gainontzeko Herri kapitalistetan Sozialismoranzko bide baketsua oso posible izango da; Burgesiak, nazioarteko egoera “okerra” ikusiz, “borondatez” Langileriari emakida garrantzitsuak egitea komenigarri ikusiko duelako. Baina hipotesi hau, etorkizun urrun eta alegiazko bati bakarrik dagokio. Hemen eta orain ez du batere oinarririk. Horregatik Leninek arrazoi du honela mintzatzen denean:

  
“Iraultza Proletarioa ezinezkoa da Estatu-aparailu burgesa indarrez suntsitu gabe, eta tramankulu berri batez ordeztu gabe”.



3) Botere Sobietarra Proletalgoaren Diktaduraren Estatu forma bezala. Diktadura Proletarioaren garaipenak Burgesiaren zanpaketa esan nahi du, Burgesiaren Estatu-aparailua suntsitzea esan nahi du, Demokrazia Burgesa Demokrazia Proletarioaz ordeztea esan nahi du. Hori argi dago. Baina zein erakunderen bidez egin liteke hori? Zalantza gutxi dago, Langileriaren ohiko antolakuntza moldeak, parlamentarismo burgesaren pean sortutakoak, nahikoa ez direla ondorioztatzeko. Zeintzuk dira bada, Langileriaren antolakuntza molde berri horiek, Burgesiaren tramankulua suntsitzeko baliagarriak direnak, baina ez horretarako bakarrik, baizik eta Proletalgoaren Estatu boterea altxatzeko ere gai izango direnak?



Proletalgoaren antolakuntza molde berri horiek, Sobietak dira.



Zertan datza Sobieten indarra antolakunde molde zaharrekin konparatuz gero?



Sobietak proletalgoaren erakunderik zabalenak izatean datza; eurek bakarrik bateratzen baitituzte langile denak, salbuespenik gabe.

Sobietak, zapaldu guztiak, langileak eta nekazariak, soldaduak eta marinelak orobatzen dituzten erakunde bakarrak izatean datza; beraz, masa zapalduen aitzindari den proletalgoari masen zuzendaritza politikoaren lana erraztasunez eta osotasunez betetzea ahalbideratzen diote.



Sobietak masen borroka iraultzailea, masen ekintza politikoak, masen matxinadak ahalbideratzeko organismo boteretsuenak, finantza-kapitalaren eta bere morroi politikoen erabateko boterea txikitzeko gai diren organismoak izatean datza.


Sobietak masen boterearen ordezkari zuzenak, hots, masen erakunderik demokratikoenak eta masen artean izenik onena dutenak izatean datza. Sobietek Estatu berria antolatzerakoan eta gobernatzerakoan masen parte-hartzerik handiena ahalbideratzen dute, eta ordena zaharra suntsitzeko eta ordena berria, ordena proletarioa sortzeko borrokan masen kemen iraultzaileari, ekimenari eta sormen gaitasunari ahalik eta tokirik handiena uzten diote.


Botere Sobietarra, tokian tokiko Sobietak Estatu mailako antolakuntza batean orobatzea eta egituratzean; masa zapalduen aitzindari gisa eta klase nagusi bezala, proletalgoaren Estatu-antolakuntza Sobieten Errepublikaren bategitean datza.



Botere Sobietarraren funtsezko ezaugarria honetan datza: kapitalistek eta lurjabeek zanpatutako eta esplotatutako klaseek osatzen dituzten masen erakunderik iraultzaileenak eta masazkoenak, orain “Estatu-aparailu osoaren, Estatu-botere bakarraren oinarri iraunkorra osatzen dutela”; masa hauek “Errepublika Burgesik demokratikoenean ere”, legez eskubide berdinak izanik “mila prozedura eta azpijokoen bitartez politikan parte-hartzea eragozten zitzaienean eta eskubide eta askatasun demokratikoak kentzen zitzaizkienean, orain Estatuaren zuzendaritza demokratikoan, parte-hartze iraunkor eragoztezin eta gainera erabakigarria izatean (Lenin, XXIV lib., 13 orr.)



Horregatik, Botere Sobietarra, Demokrazia Burges parlamentario zaharrarekiko ezberdina den Estatua antolatzeko modu berri bat da, langile masen zapalkuntza eta esplotaziora bideratua ez dagoena, baizik eta Proletalgoaren Diktaduraren betebeharretara moldaturik, masak zapalkuntza eta esplotaziotik guztiz askatzera bideratuta dagoen Estatu mota berri bat da.



Leninek arrazoi du Botere Sobietarrarekin “parlamentarismo demokratiko burgesaren aroa bukatu da eta beste aro unibertsal bati hasiera eman zaio: demokrazia proletarioaren aroari” esaten duenean.


Zeintzuk dira Botere Sobietarraren ezaugarririk nagusienak?


 Alde batetik, Botere Sobietarra, klaseek dirauten bitartean, Estatu forma guztietan masazkoena eta demokratikoena da, esplotatzaileen aurkako langile eta nekazarien arteko aliantza eta elkarkidetza gauzatzearen zimentarria delako; eta adiskidetasun honetan oinarriturik, gutxiengoaren gaineko gehiengoaren Boterea, gehiengo horren Estatua eta bere Diktaduraren adierazpena ordezkatzen dituelako.



 Klase gizartearen barnean, Botere Sobietarra Estatu forma mota guztietan internazionalistena da, zanpaketa nazionala suntsituz eta Herri guztietako langileen adiskidetasunean oinarriturik, munduko langile guztien elkarketa errazten duelako.



Botere Sobietarrak, egitura aldetik, masen aitzindariaren, hots, Sobieten barnean nukleorik gogorrena eta bateratuena den Proletalgoaren zuzendari lanak errazten ditu.



“Iraultza guztien eta klase zanpatuen mugimendu guztien esperientziak –dio Leninek-, mundu mailako mugimendu sozialistaren esperientziak, behargin eta esplotatu masa sakabanatu eta atzeratu guztiak orobatzeko, Proletalgoa bakarrik dela gai erakusten digu”.

  
Eta egia esan, Botere Sobietarraren egiturak irakasgai hau gauzatzea errazten du.



Botere Sobietarrak, Botere Legegilea eta Botere Betearazlea Estatu-erakunde bakar batean batzean eta lurraldean oinarrituriko hautes-barrutiak ekoizpen unitateez, hots lantokiengan oinarritutako hautes-barrutiez ordeztean; langile masak eta orokorrean behargin masa guztiak Estatuarekin harreman zuzenean jartzen ditu eta gobernatzen irakasten die.



Botere Sobietarra soilik da gudarostea agintaritza burgesetik askatzeko eta erregimen burgesean Herria zapaltzeko tresna zena, barneko zein kanpoko burgesiaren zapalkuntzaren aurka herriaren aldeko tresna bihurtzeko gai.



Leninek dioen bezala “antolakuntza sobietarrak soilik lor dezake aparailu burokratiko eta legegile burgesa kolpe batez suntsitzea eta behin-betiko txikitzea”.

 



Estatu molde sobietarra, langile eta esplotatuek osatutako masen erakundeak Estatuaren zuzendaritza betebeharretara modu leial eta baldintzagabean batzen dituena da soilik gai epe luzera Estatuaren ezabapena prestatzeko, azken ekintza hau etorkizuneko Estaturik gabeko gizarte komunistaren oinarria delarik.



 Beraz, Sobietar Errepublika da bilatzen genuen eta aurkitu dugun forma politikoa, zeinaren pean, Proletalgoaren askapen ekonomikoa, sozialismoaren behin-betiko garaipena emango den.



Parisko Commune forma honen hazia izan zen. Botere Sobietarra bere garapena eta bere osotasuna da.


Horregatik honela mintzatzen da Lenin:



“Langile, Soldadu eta Nekazarien Ordezkariez osaturiko Sobieten Errepublika, ez da soilik maila handiko Demokraziaz jantzitako erakundeetako bat, Sozialismoranzko bidea oinaze txikienaren truke berma dezakeen forma bakarra ere bada.

 






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina