LENINISMOAREN
OINARRIAK (4)
J.V. Stalinek,
Sverdlov Unibertsitatean 1924an
belaunaldi leninistari emandako hitzaldiak
HIRU:
TEORIA
Gai honi dagokionez, hiru alor aztertuko ditut:
1) Teoriaren garrantzia: Zenbaiten aburuz, Leninismoa, Teoriaren gaineko praktikaren nagusitasunean datza; Marxismoaren esanak praktikara eramaten saiatzen delako, Marxismoaren esanak “betetzen”
saiatzen delako, aldi berean Teoriarekiko nolabaiteko axolagabekeria adieraziz.
Ezaguna da Plekhanov Leninen ustezko Teoriarekiko “axolagabekeria” honetaz, batez ere Filosofiarekikoaz, trufatzen zela. Jakina da ere bai, leninista askok, lan
praktikoetan buru-belarri murgildurik dabiltzanez, Teoriari arreta handirik
jartzen ez diotela; batez ere, egoeraren poderioz, lan praktiko eskerga egin
behar dutelako. Halere, argitu beharrean nago Leninez eta Leninismoaz den
iritzi arraro hau guztiz faltsua dela eta errealitatearekin bat ez datorrela;
eta lan praktikoan murgilduta dabiltzan militanteek teoria baztertzeko
erakusten duten joera hori Leninismoaren aurkakoa dela eta gure kausarentzat
arrisku handiak dakartzala.
Teoria Herri guztietako langile mugimenduaren esperientziaren bilketa orokorra da.
Jakina, praktika iraultzaileaz laguntzen ez bada, Teoriak bere garrantzi guztia
galtzen du; praktika hutsa teoria gabe erabiltzea itsu-itsuan jokatzea den
bezala. Baina Teoria praktika iraultzailearekin bilbatuz gero, langile
mugimenduak erabil dezakeen ikaragarrizko indarrezko tresna bihurtu daiteke.
Hark soilik eman diezaioke gure mugimenduari segurtasuna, norabide gaitasuna
eta gure hurbileko gertakari ezberdinen arteko harremana ulertzeko gaitasuna;
hark soilik lagun diezaioke praktikari ez bakarrik gaur egungo klasearen
egoera eta norantza ulertzen, baizik eta baita ere, etorkizun laburrean, klase
horiek non egongo diren eta norantz egingo duten ulertzen. Nork, Leninek ez
bada, esan zuen “teoria iraultzailerik gabe, ez dago mugimendu
iraultzailerik”.
Leninek
inork baino hobeki ulertzen zuen gurea bezalako Alderdi batentzat, nazioarteko Langileriaren abangoardia iraultzailearen papera bete behar duen eta barne eta
kanpo egoera zail batek inguraturik duen Alderdi batentzat Teoriak duen
garrantzia. 1902an iragarri zuen Leninek gure Alderdiak paper hori jokatu behar
zuela eta honela mintzatu zen orduan: “Abangoardiako teoriaz jantzitako
alderdi batek soilik bete lezake abangoardiako borrokalari papera”.
Ez
dut uste, orain, gure Alderdiari buruzko Leninen iragarpena bete denean, tesi
honek indar eta garrantzia itzela hartu duela frogatu beharra dagoenik.
Baliteke
Leninek Teoriari emandako garrantziaren arrazoirik garbiena Teoriaren aldetik
eginiko lan eskerga izatea, bera izan baitzen filosofia materialistaren ikusmoldetik
abiatuz, Engelsen garaitik bere garairaino gertatu ziren zientziazko aurrerapen
guztiak sintetizatzean eta Marxismoaren aldekoen artean hazitako joera
antimaterialistak kritikatzean zetzan lan itzelaz arduratu zena. “Edozein
aurrerapenek, materialismoa formaz aldatzera behartzen du” zioen Engelsek.
Jakina da, hain juxtu Lenin izan zela Materialismoa eta enpirokritizismoa
liburuan bere garaiko aurrerapenekiko lan hau bete zuena. Eta jakina,
Plekhanov, Leninen “axolagabekeri filosofikoaren” kontura hainbeste barre
egiten zuena, liburu honetan planteatzen ziren auziez ez zen sekula ere
serioski mintzatu.
2) Bat-batekotasunaren “Teoriari” kritika, edo mugimenduaren abangoardiaren papera: Bat-batekotasunaren “teoria” oportunismoaren Teoria da, langile mugimenduaren bat-batekotasunarekiko menpekotasunaren teoria; langile klasearen abangoardiaren, hots, langile klasearen Alderdiaren zuzendaritza lanen ukazioaren teoria da.
Bat-batekotasunaren
menpe egotera daraman Teoria langile mugimenduaren izate iraultzailearen
aurkako teoria da, langile mugimendua Kapitalismoaren oinarrien aurkako
borrokara eramaten duen norabidearen eragozten duen Teoria da, langile
mugimendua aldarrikapen “posibleak” edota “Kapitalismoarentzat onargarriak”
direnak eskatzearen bidera mugatzen duen Teoria, hau da, “erresistentzia
txikienaren” alde egiten duen Teoria da. Bat-batekotasunaren Teoria
tradeunionismoaren (sindikalismo erreformista) ideologian kokatzen da.
Berezko Teoria hau, langile mugimenduak izate iraunkor eta kontziente bat bereganatzearen aurkakoa, Alderdia langile klasearen aitzinean kokatzearen aurkakoa, Alderdiak masak kontzientziatzearen aurkakoa, Alderdia eta masen arteko harreman estuaren aurkakoa da, hau da, mugimenduaren elementu kontzienteenek hau zuzentzearen aurkakoa da, Alderdia bat-batekotasunaren norabidea jarraitzearen eta azken honen atzean kokatzearen aldekoa da. Bat-batekotasunaren teoriak langile mugimenduaren kontzientziadun sektorea ez du behar bezala baloratzen, teoria hori “gertaeren atzetik ibiltzearen” ideologia da, hitz batean esateko, oportunismo ororen oinarrian dagoena.
Praktikan,
lehen Errusiar Iraultza gertatu aurretik azaldu zen Teoria honek, bere aldekoak,
“ekonomizistak”
deituak izan zirenak, Errusian langile alderdi independente baten aurka egotera
eraman zituen, tsarismoa suntsitzearen aldeko langileen borroka iraultzailea
ukatzera eraman zituen, politika tradeunionistaren alde egotera eraman zituen,
eta azkenik, langile mugimendua burgesia liberalaren eskuetan uztearen alde
agertzera eraman zituen.
Iskra
aldizkari zaharraren borrokak eta Leninek bere Zer Egin? liburuan
“segidismoaren” aurka eginiko kritika bikainak, “ekonomizismoa” garaitzeaz gain
errusiar langile klasearen benetako mugimendu iraultzaile baten oinarriak
ezarri zituzten.
Baina
berezkotasunarekiko menpekotasunaren Teoria ez da Errusian soilik ematen.
Teoria hau, ñabardura ezberdinekin bada ere, II Internazionaleko alderdi
guztietan aurkitzen da, salbuespenik gabe. “Ekoizpen indarren” teoriaz ari
naiz, II Internazionalak arrunt egin duen teoriaz, dena justifikatzeko eta
denak baketzeko balio duen teoriaz; gertakariak gogorarazi eta mundu guztia
gertakari hauetaz gogaitua dagoenean gertakariok azaldu, eta hori bakarrik
eginaz asebete egiten den Teoriaz. Marxek teoria materialista ez zela mundua
azaltzera mugatu behar, berau aldatu egin behar zuela esan zuen.
Baina Kautsky eta enparauak ez dira honetaz jabetzen eta nahiago dute Marxen
esaldiaren erdian, lehenengo zatiaz
haratago joan gabe gelditzea.
Hona
“Teoria” honen erabileretako bat. Guda inperialistaren aurretik, II
Internazionaleko alderdiek, inperialistek gudari hasera ematen bazioten “gerra gerraren aurka!” oihukatuz erantzungo zietela agindu zuten. Guda hastekotan
zenean, alderdi hoiek “gerra gerraren aurka!” kontsigna kutxan gorde eta guztiz
aurkakoa zen kontsigna bat atera zuten: “gerra Nazio inperialistaren izenean!!!”.
Kontsigna aldaketa honek, langileen artean milioika biktima eragin zituen. Eta
hara non, II Internazionaleko alderdien ustetan inork ez omen zuen horren
errurik, inork ere ez omen zion langile klaseari traiziorik egin, noski ezetz,
diote; eurek diotenez, gertatzekoa zena baizik ez zen omen gertatu. Lehenik,
Internazionala “bakea egiteko tresna bat eta ez gerran erabiltzekoa” dela diote,
eta bigarrenik, “ekoizpen indarren” garapen mailak ez omen zuela beste
ezertarako ematen. “Ekoizpen indarrena” da “erru” guztia; honela azaltzen du
Kautskyk “ekoizpen indarren teoria”. Eta bere ustetan, “teoria” honi baiezkoa
ematen ez diona, ez da marxista. Non gelditzen da Alderdiaren lana? Non
Alderdiak mugimenduan izan behar duen garrantzia? Zer egin dezake alderdi
batek, ustez hain indartsua den “ekoizpen indarren maila” bezalako faktore
boteretsu baten aurrean?
Eta
honen moduan, Marxismoaren aizuntzeen, endakatzeen, ustzeltzeen eredu pila eman ditzazkegu.
Eta
ez dut uste frogatu beharra dagoenik “Marxismo” desitxuratu hau,
oportunismoaren miseriak estaltzeko bakarrik balio duen “marxismo” hau, Leninek
lehen errusiar iraultzaren aurretik bere aurka borrokatu zuen
“ekonomizismoaren” europar aldaera besterik ez dela.
Uste dut sobera frogatua dagoela Mendebaldean benetako alderdi iraultzaileak sor daitezen, teoriari egindako iruzur hauek garaitzea ezinbestekoa dela.
Uste dut sobera frogatua dagoela Mendebaldean benetako alderdi iraultzaileak sor daitezen, teoriari egindako iruzur hauek garaitzea ezinbestekoa dela.
3)
Iraultza Proletarioaren Teoria.
Iraultza Proletarioaren Teoria leninista oinarrizko hiru tesietatik abiatzen da.
Lehen tesia: Kapital finantzariak Herri
kapitalista aurreratuetan erabateko nagusitasuna lortzen du. Balio-letren
plazaratzea ematen da, kapital finantzariaren zabalkunderako eragiketa
oinarrizko gisa. Inperialismoaren oinarrizko eragiketa gisa Kapitalak
lehengaien jatorrizko lurraldeetara esportatzen dira eta Kapitalismo
finantzariaren ondorio gisa Oligarkia finantzariak erabateko boterea lortzen
du. Guzti honek, Kapitalismo Monopolistaren bizkarroi papera agerian jartzen
du, trust eta korporazio kapitalisten nagusitasuna ehun aldiz lazgarriago
egiten du, langile klaseak Kapitalismoaren oinarrien aurkako duen amorrua
areagotzen du eta masei langile iraultza euren salbazio bakarra dela erakusten
die. (Ikus, Inperialismoa, kapitalismoaren maila gorena;
Vladimir Lenin)
Beraz lehen ondorioa atera dezakegu: Herri kapitalistetan, krisi iraultzailea larriagotu egiten da; barne egoeran, “metropolietako” langile frontean, eztanda iraultzailea erraztu dezaketen elementuak ugaldu egiten dira.
Bigarren tesia: Kolonietara eta
azpiratutako Herrietara Kapitala uharka esportatzeak, “eragin eremu” eta nagusitasun
mota ezberdinak planetaren azalera osoa estali arte zabaltzeak, Kapitalismoa
mundu mailako finantza-esklabizatze sistema bat bihurtzeak eta Lurreko
populazioaren gehiengo ikaragarri bat Herri “aurreratu” gutxi batek kolonialki
esplotatzeak; alde batetik ekonomia nazional ezberdinak eta nazioen lurralde
ezberdinak mundu-ekonomia deitzen den kate batetako katebegi bihurtu ditu, eta
beste alde batetik, munduko populazioa alde bitan banandu du: koloniak eta Herri menderatu zabalak esplotatu eta azpiratzen dituzten Herri kapitalista
“aurreratuetako” multzotxo batetan eta Inperialismoaren kateak apurtzeko
borrokatzen duten kolonia eta azpiratutako Herrien gehiengo zabalean. (Ikus
Lenin, Inperialismoa kapitalismoaren maila gorena)
Hemendik
bigarren ondorio bat ateratzen dugu: kolonietako krisi iraultzailearen
gordintzea. Kanpo frontean, kolonietan, Inperialismoaren kontrako haserrea
areagotzea.
Hirugarren tesia: Kolonien eta
“influentzia eremuen” jabetzak, Kapitalismoaren garapen ez-parekoari loturik,
munduaren banaketa berri bat lortzeko, koloniak eta “influentzia eremuak” gorde
nahiko dituztenen eta euren “zatia” nahi duten potentzien arteko borroka
gogorra piztea dakar. Honek, “oreka” berriak ezartzeko helburuarekin, gerra inperialistak saihestezin bihurtzen ditu hirugarren frontea, hots, fronte
interkapitalista indartuz, hau da, Inperialismoaren aurka aurreko bi fronteak
–fronte proletario iraultzailea eta koloniak askatzeko frontea- uztartuz.
Hona
hirugarren ondorioa: Inperialismoaren baitan gerra inperialistak saihestezinak
direla, Europako langile Iraultzaren eta Ekialdeko herrien askapen iraultzaren
arteko koalizioaren sorrera saihestezina den bezalaxe, emaitza Inperialismoaren
mundu mailako frontearen aurka, iraultzaren mundu mailako frontea sortzea
izaki.
Leninek,
hiru ondoriok, ondorio bakar batetan laburtzen ditu: “Inperialismoa iraultza
sozialistaren bezpera da”.
Honen
bidez, Iraultza Proletarioa aztertzeko modu bera ere aldatu egiten da; Iraultzaren ezaugarriak, bere zabalera, sakontasuna eta eragina aldatzen diren
bezalaxe.
Lehen, Iraultza Proletarioa gertatzeko baldintzen analisia Herri bakoitzeko egoera
ekonomikoa aztertzetik abiatzen zen. Gaur egun, hori ez da nahikoa. Eta ez da
nahikoa, orain, Herri guztien egoera ekonomiko globala aztertu behar delako,
mundu mailako ekonomia aztertu behar delako, Nazioek eta ekonomia nazionalek
subjektu autonomo izateari utzi diotelako eta mundu-ekonomia deitutako kate
bereko katebegiak bihurtu direlako, kapitalismo “zibilizatu” zaharraren tokian Inperialismoa dugulako eta inperialismoa zer den badakigulako: Herri
kapitalista “aurreratu” batzuen aldetik, munduko populazio gehienaren
finantz-esklabutza eta zapalkuntza koloniala.
Lehen, Herri ezberdinetan, edo hobeki esanda, Herri garatu baten edo bestean Iraultza Proletarioa gerta zedin baldintzarik ote zegoen ikertzen zen. Gaur egun, horrek
ere ez du balio. Gaur egun mundu-ekonomiaren Sistema Inperialista osoan Iraultza Proletarioa emateko baldintzarik ote den ikertu behar da, sistema hau
osotasun bakar bat bezala hartuz. Sistema honetan garapen industrial eskasa
duten Herrialde batzuk egoteak, jada ez du Iraultza Proletarioa emateko oztopo
gaindiezin bat suposatzen sistema hau bere osotasunean Iraultzarako heldua
badago, edo hobeki esanda heldua dagoelako.
Lehen, Herri honetako edota hartako Iraultza Proletarioaz subjektu autonomo gisa
mintzatzen zen; bere arerioari, Kapitalaren fronte nazionalari kontrajartzen
zitzaiolarik. Gaur egun hori ere ez da nahikoa. Izan ere, gaur egun,
mundu-mailako Iraultza Proletarioaz mintzatu behar gara, Kapitalismoaren fronte
nazional guztiak Inperialismoaren mundu mailako frontea deitzen den kate baten
katebegiak direlako, eta fronte honen aurka Herri guztietako mugimendu
iraultzaileen fronte orokora kontrajarri behar zaiolako.
Lehen, Iraultza Proletarioa, Herri horretako barne garapenaren emaitza bezala ikusten
zen. Baina gaur egun, horrek ere ez du balio. Izan ere, gaur egun, Iraultza Proletarioa mundu mailako Sistema Inperialistaren kontraesanen garapenaren
emaitza bezala ikusi behar dugu, Herri honetan edo hartan mundu mailako fronte
inperialistaren katebegi baten apurketa bezala.
Non
hasiko da Iraultza? Nondik hautsiko da Kapitalismoaren katea? Zein Herritan?
Erantzun
zaharren arabera Kapitalismoa gehien garatu den herrialdean, Langileria
gehiengoa den Herrialdean, kultura mailarik handiena dagoenean edota demokrazia
mailarik handiena dagoenean.
Langile Iraultzaren Teoria leninistaren arabera, aurreko erantzuna okerra da: ez da
beharrezkoa Herri horretako industria denetan garatuena izatea, adibidez. Mundu
mailako Kapitalismoaren frontea Inperialismoaren katearen katebegi ahulenetik
puskatuko da, Iraultza Proletarioa Inperialismoaren katearen hausturaren
emaitza delako; eta balitekeelako Iraultza hasi duen Herria, Inperialismoaren
katea apurtu duen Herria, Kapitalismoan garatuena ez izatea, Iraultza hasi ez
duten beste Herri batzuek baino garapen kapitalista txikiagoa izatea.
1917an, Inperialismoaren mundu mailako frontearen katebegirik ahulena Errusia izan zen.
Eta bertan hasi zen Langile Iraultza, katea hautsiz. Zergatik? Errusian Iraultza herrikoi handi bat abian zelako eta Iraultza honen buruan Proletalgo
iraultzailea ari zelako, urteetan eta urteetan lurjabeek esplotatu zituzten
milioika eta milioika baserritar bidaide garrantzitsu bezala izanik. Errusian, Iraultzaren aurkako Inperialismoaren ordezkaria tsarismoa bezalako erregimen
nazkagarri bat zelako, moral aldetik batere sinesgarritasunik ez zuena eta
gainera populazio osoak gorrotatzen zuena. Horregatik, Errusian kate
inperialista beste Herri batzuetan baino ahulagoa izan zen, nahiz eta beste Herri hauek, Frantziak, Alemaniak, Ingalaterrak edota Estatu Batuek kasu,
garapen kapitalista handiagoa izan.
Eta
non hautsiko da katea hurrengoan? Berriz ere, ahulen den tokian. Adibidez,
Indian puska daiteke. Zergatik? Indian Proletalgo gazte, borrokalari eta iraultzaile
bat dagoelako, bere alboan askapen nazionalerako mugimendua bezalako lagun
indartsu eta garrantzitsu bat duelarik. Eta Indian, Iraultzaren aurrean
dagoena, batere sinesgarritasun moralik gabeko eta Indiako masa zapaldu eta
esplotatuek gorrotatutako Inperialismo arrotz bat delako.
Baina
baliteke baita ere Inperialismoaren katea Alemanian puskatzea. Zergatik? Indian
eragiten duten faktoreak Alemanian ere eragiten hasi direlako. Eta Alemania eta
Indiaren arteko garapen maila aldeak, Alemaniako Iraultzaren garapenean eta
amaieran bere marka utzi behar duelako.
Horretxegatik
honela mintzatzen da Lenin:
“Mendebaldeko
Europako Herrialde kapitalistek, euren Sozialismoranzko garapena bukaeraraino
eramango dute... ez pixkanakako prozesu baten emaitza bezala, Sozialismoa
“heltzearen” emaitza bezala; baizik eta Estatu ezberdinen arteko elkarrekiko
esplotazioaren ondorio bezala, gerra inperialistako garaituen arteko lehen
Estatuaren esplotazioaren eta honi lotuta Ekialdeko Herrien esplotazioaren
bidez. Bestalde, Ekialde osoa mugimendu iraultzaileari batu zaio, batez ere gerra inperialista honi esker, honek mundu mailako mugimendu iraultzailerantz
bultzatu baitu”.
Laburbilduz:
arau orokor bezala, kate inperialista ahulen den tokitik puskatuko da, eta ez
garapen maila handiena dagoen Herrian, edota langile eta nekazariek
populazioaren ehuneko hainbat osatzen duten herrian, eta abar.
Horregatik, Herri bateko populazioarekiko langileek ehuneko zenbat osatzen duten jakiteko
kalkuluek Iraultza Proletarioaren afera azaltzeko garrantzia galdu dute, nahiz
eta II Internazionaleko liderrek, Inperialismoa ulertu ez dutenek eta Iraultzari mamu beltzari baino beldur handiagoa diotenek, garrantzi itzel hori
ematen saiatu.
Gainera,
II Internazionaleko buruek esaten zutenez (eta esaten jarraitzen dutenez), Iraultza demokratiko-burgesaren eta Iraultza Sozialistaren artean “Txinako
harresiaren” adinako distantzia zabaltzen da; beraz, bata eta bestea gertatu
artean denbora luzea iragan behar omen da, non Burgesiak, boterean dagoelarik, Kapitalismoa garatzen duen eta langileek, “Kapitalismoaren kontrako borroka
erabakigarria” prestatzeko indarrak metatu eta baldintzak eman arte itxaron
behar omen duten. Orokorrean, tarte honek hamarkadak eta hamarkadak iraun behar
omen ditu, gehiago ez bada. Ez dut uste frogatzeke dagoenik, “Txinako
harresiaz” hitz egiten duen “Teoria” hau burgesiak bere kontrairaultza gosea
estaltzeko erabiltzen duen hitz politez betetako oinarri zientifikorik gabeko
iruzur bat dela. Eta ez dut uste ere, garai hauetan, Inperialismoa gerraz eta
borrokaldiz josia dagoenean, “Iraultza Sozialistaren aurre-egoeran” dagoenean, Kapitalismo “gorakorra” “azken-hatsetako kapitalismoaz” (Lenin) ordezkatua izan
denean, mugimendu iraultzaileak Herri guztietan aurrera egiten duenean, Inperialismoa salbuespenik gabe indar atzerakoi guztiekin batzen denean
(tsarismoa eta joputza barne), munduko indar iraultzaile guztiak, Mendebaldeko
mugimendu proletario iraultzailetik hasita Ekialdeko askapen nazionaleko
mugimenduan bukatuta elkartzera behartuz, Iraultzak feudalkeria eta joputza
suntsitzeko Inperialismoaren aurka nahitaez borrokatu
behar duen garai honetan; gutxi-gora-behera garatuta dagoen Herrialde batean, Iraultza demokratiko-burgesa, Iraultza Sozialista bihurtu behar dela esan
beharra dagoenik. Horregatik, Leninek, 1905ean, Errusiako lehen Iraultza baino
pixka bat aurretik idatzia izan zen bere Sozialdemokrazia iraultzailearen bi
taktikak liburuan; bi Iraultzak osotasun bakar baten zati bezala aurkezten ditu, kate
bereko bi katebegi izango balira bezala, Errusiar Iraultzak burutu behar duen
lan handiaren parte izango balira bezala.
“Proletalgoak,
nekazari masak bereganatuz, iraultza demokratikoa aurrera eraman behar du,
autokraziaren erresistentzia indarrez suntsitzeko eta burgesiaren
ezegonkortasuna geldiarazteko. Proletalgoak, populazioaren elementu
erdi-proletarioak bereganatuz, iraultza sozialista aurrera eraman behar du,
burgesiaren erresistentzia indarrez txikitzeko eta nekazalgoaren eta burgesia
ttipiaren ezegonkortasuna geldiarazteko. Horiexek dira proletalgoaren gaur
egungo betebeharrak, Iskra berriaren aldekoek
euren iraultzaren garrantziari buruzko ebazpen eta argudio guztietan hain modu
kamutsean ulertzen dutenak.”
Eta
ez ditut orain Leninen beste lan batzuk aipatuko, non Bi taktikak
liburuan baino argitasun handiagoz azaltzen den Iraultzaren Teoria leninistaren
zimentarri gisa Iraultza Burgesa Iraultza Proletario bihurtzeko modua.
Burkide
batzuen arabera, Leninek ez zuen ideia hau 1916ra arte ulertu; eta ordura arte,
Errusiar Iraultza testuinguru burges batean mantenduko zela eta boterea
proletalgoaren eta nekazalgoaren diktaduraren eskuetatik Burgesiaren
diktaduraren eskuetara, ez Proletalgoaren eskuetara, pasatuko zela uste omen
zuen. Burkide horien arabera, tesi hau, prentsa komunistan ere noizbait azaldu
izan da. Iritzi hau guztiz okerra dela eta errealitatearekin zerikusirik ez
duela esan beharrean aurkitzen naiz.
Adibidez,
Leninek Alderdiaren III Biltzar Nagusian egindako hitzaldi ezaguna gogoratu
dezaket, non Langileriaren eta Nekazalgoaren diktadura, hots, Iraultza Demokratikoa, ez zela “ordenazko antolakuntza”, “gerrarako antolakuntza” baizik;
adierazi zuen.
Leninek
behin-behineko gobernuaz idatziriko idatzitako artikulu ezagunetara jo dezaket,
non Errusiar Iraultzaren garapena deskribatuz, Alderdiari betebehar hau
planteatzen dion: “Errusiar Iraultza ez dadila hilabete batzuetako mugimendua
izan, urte askotarako mugimendua baizik, eta ez dadila muga boterea
dutenengandik hobekuntza batzuk lortzera, baizik eta botere honen suntsipen
osoa lortzera bideratu dadila”; eta oraindik ikuspegi hau gehiago garatuz eta
Europako Iraultzarekin lotuz, hauxe esaten zuenean:
“Eta
hau lortuz gero, orduan... orduan, iraultzaren su eta garrek Europa erreko
dute, eta langile europarra, burges erreakzioaz nazkaturik, altxatu eginen da
eta “gauzak nola egiten diren” erakutsiko digu; orduan, Europako bultzada
iraultzaileak Errusia joko du eta urte batzuetarako Iraultza izango zena,
hamarkadetan eta hamarkadetan luzatuko da”.
Leninek
1915ean idatziriko artikulu ezagun batetara jo dezaket, non honela mintzo den:
“Proletalgoa,
boterea lortzeko borrokan, Errepublikaren aldeko borrokan, lurren
desjabetzearen aldeko borrokan... “masa herrikoi ez proletarioak” Errusia burgesa Inperialismo militar-feudaletik (hau da, tsarismotik)
askatzeko borrokara batu daitezen gogor borrokatzen ari da. Eta proletalgoa
berehala baliatuko da askapen honetaz, ez
nekazari aberatsak nekazal langileen aurka laguntzeko, baizik eta europar
langileekin batera Iraultza Sozialista eramateko”.
Eta
azkenik, Leninen Iraultza proletarioa eta Kautsky damutua liburuxkako
pasarte ezagun batetara jo dezaket, non arestian aipatutako Bi taktika
liburuko Iraultzaren garrantziari buruzko pasarte bat gogoratuz, ondorio
hauetara heltzen den:
“Guk esan bezala
gertatu da. Iraultzaren jazoerak gure planteamendua zuzena zela egiaztatu du. Hasieran, nekazari “guztiekin” batera
monarkiaren aurka, lurjabe guztien aurka, ertarokeriaren aurka (eta honaino
iraultza burgesa, iraultza demokratiko-burgesa bakarrik ari da gertatzen). Ondoren, nekazari txiroekin batera, semiproletalgoarekin
batera, esplotatu guztiekin batera kapitalismoaren
aurka; adibidez nekazalguneko aberatsen, kulaken eta
espekulatzaileen aurka; iraultza, iraultza sozialista
bihurtuz. Bi iraultzen artean Txinako harresi artifizial bat zutitu nahia, bi
iraultzak langileriaren prestakuntza maila eta nekazalgo esplotatuarekin duen
harremana ez den beste zerbaitez banatzea; marxismoa manipulatzea, berau eskastea
edo marxismoaren tokian liberalismoa jartzea da.”
Honekin
nahikoa dela uste dut.
Ongi
da, esanen digute batzuek; “baina orduan zergatik zegoen Lenin “(etengabeko)
iraultza iraunkorraren” teoriaren aurka?” galdetuko dute.
Leninek,
nekazalgoaren indar iraultzaile osoa, bere energia iraultzaile osoa tsarismoa
suntsitzeko eta Iraultza Proletariorantz abiatzeko “azken tantaraino erabili”
nahi duelako; “Iraultza iraunkorraren” aldekoek aldiz, nekazalgoak Errusiar
Iraultzan duen papera ulertzen ez dutenez, nekazalgoaren energia
iraultzailearen indarra mespretxatzen dute, nekazariak bereganatzeko
proletalgoaren gaitasuna mespretxatzen dute, eta modu horretan nekazariak Burgesiaren eraginpetik aska daitezen eta Langileriarekin parez-pare jar
daitezen zailtzen dute.
Leninek
boterea Langileriaren eskuetara igarotzea Iraultzaren helburu gisa ulertzen
zuelako, eta Iraultza iraunkorraren aldekoek ordea, proletalgoaren boteretik
hasi nahi dute eta ez dute kontutan hartzen ez joputza erregimenak lur azpian
bizirauteko duen gaitasuna, ez Nekazalgoaren energia iraultzailea. Beraz, ez
dute ulertzen politika horrek nekazariak Proletalgoaren eraginpean jartzeko
bidean oztopo bat suposatzen duela.
Beraz,
Lenin ez dago “Iraultza iraunkorraren” aurka bere etengabekotasuna dela eta,
Leninek berak iraultza etengabea dela ezartzen baitu. Lenin “Iraultza
iraunkorraren” aldekoen aurka dago Proletalgoaren erreserba garrantzitsuena
osatzen duten nekazarien garrantzia kontutan hartzen ez dutelako eta Proletalgoaren nagusitasunaren ideia ulertzen ez dutelako.
Ezin
daiteke esan “Iraultza iraunkorraren” ideia berria denik. Aipatu zuen lehena
Marx izan zen, XIX. mendeko 40. hamarkadaren amaieran, bere Liga Komunistari
bidalitako Mezuan (1850). Hemendik atera zuten gure “iraunkorrek”
etengabeko iraultzaren ideia. Baina gure “iraunkorrek” ideia hau hartzerakoan
pixka bat eraldatu egin zutela, eta eraldatzerakoan, politikarako zuen
erabilera guztia kenduz “hondatu” egin zutela esan beharra dago. Leninen
jakituriazko jarduna beharrezkoa izan zen huts hau konpontzeko eta beraz Marxek
ezarririko Etengabeko Iraultzaren Teoria modu garbian hartzeko, horrela, Teoria
leninistaren zimentarrietako bat bihurtu zelarik.
Hau
da Marxek bere Mezuan, lortu behar
ziren aldarrikapen iraultzaile-demokratiko batzuk zerrendan jarri eta
komunistak hauek lortzera deitu ostean, Iraultza (iraunkor) etengabeari buruz
dioena:
“Burges-ttipiek Iraultzari amaia zenbat eta azkarren, asko jota aurrean aipatutako aldarrikapenak
lortu eta gero jarri nahi dioten bitartean, gure lana jabedunen klaseen
nagusitasuna bukatu den arte, Proletalgoak Estatuaren boterea hartu arte,
proletarioen elkartasuna ez Herri batean bakarrik, baizik eta munduko Herri
nagusi guztietan garatu arte Iraultza iraunkorra burutzea da, proletarioen
arteko konpetentzia desagertu eta ekoizpen indar garrantzitsuenak
proletalgoaren eskuetan gera daitezen arte”.
Beste
hitz batzuekin esanda:
a)
Marxek ez zuen proposatzen, gaur egungo errusiar “iraunkorrek” dioten bezala,
XIX. mendeko 50. hamarkadan Iraultza botere proletariotik hasterik.
b)
Marxek proposatzen zuena, Iraultza, Burgesiaren frakzio bat bestearen atzetik
uzkailiz, boterea Proletalgoaren eskuetara igarotzearen helmugara iristea zen;
eta Proletalgoa behin boterean jarritakoan, beste Herrietan Iraultza piztea.
Leninek gure Iraultzan zehar, Inperialismoaren baldintzen peko Iraultza Proletarioaren bere Teoria aplikatuz praktikan jarritakoa, hemen
azaldutakoarekin bat dator.
Beraz, gure “iraunkorrek” ez zuten soilik Nekazalgoak errusiar Iraultzan zuen indar iraultzailea eta Nekazalgoa
bereganatzeko Proletalgoaren gaitasuna mespretxatzen, baizik eta horrez gain,
Marxek ezarriko Iraultza “iraunkorrari” buruzko teoria eraldatu (eskastu) egin
zuten, praktikan bere erabilera ezinezkoa eginez.
Horregatik,
Leninek “iraunkorren” Teoriaz trufa egiten zuen, ironiaz, “originala” eta
“bikaina” zela esanez eta bizitzak teoria honi batere jaramonik egin gabe
nolatan hamar urte zeramatzala itaunduz. (Leninen artikulua 1915ekoa da,
“iraunkorren” teoria agertu baino hamar urte geroagokoa.)
Horregatik
Leninek Teoria hau erdi-mentxebikea zela esaten zuen, “boltxebikeengandik
botere politikoa eskuratzeko langileen borroka iraultzaile tinkoa, eta
mentxebikeengandik nekazalgoaren paperaren ukazioa hartzen zuelako”. (Leninek
idatziriko artikulua, Iraultzaren bi ildoei buruz)
Hau
da Leninek Iraultza demokratiko-burgesa Iraultza Proletario bihurtzeari buruz, Iraultza Proletalgoari berehala ekiteko Iraultza Burgesaz “baliatzeari” buruz
pentsatzen zuena.
Gainera,
lehen uste zenaren arabera, ezinezkoa zen Iraultza Herri bakar baten
gailentzea; Herri aurreratu guztietako edo behintzat Herri aurreratu
gehienetako proletarioek era berean kolpatu behar zuten uste zen. Gaur egun,
ikuspegi hau ez dator errealitatearekin bat. Gaur egun, Iraultzak Herrialde
bakar batean garaipena lortzearen aukera kontutan izan behar da.
Inperialismoaren baitan Herri kapitalisten garapen ez-parekoak, Inperialismoaren
barnean guda saihestezinetara eraman ditzaketen hondamendizko kontraesanen
garapenak eta mundu guztiko mugimendu iraultzaileak; horiek guztiek Iraultza Proletarioaren garaipena Herri batean posible egiteaz gain, beharrezko ere
egiten dute. Errusiako Iraultzaren historia honen froga da. Burgesia uzkail
daiteke, bakarrik horretarako ezinbesteko baldintza batzuk ematen baldin
badira, hauek eman gabe, Proletalgoak boterea hartzeaz pentsatu ere ezin
dezakeelarik.
Hau
da Leninek baldintza hauetaz dioena, bere Ezkerkeria, komunismoaren
haurtzaroko gaixotasuna liburuan:
“Honetan datza
munduko Iraultza guztiek eta batez ere XX. mendeko hiru errusiar Iraultzek
baieztatu duten Iraultzaren oinarrizko legea: Iraultza emateko ez da nahikoa
langileek eta masa zapaldu eta esplotatuek euren esplotazioa baldintzetan
bizitzea ezinezkoa denaren kontzientzia hartzea eta aldaketak eskatzea; Iraultza emateko beharrezkoa da ere bai, esplotatu egiten dutenek eta
zapaltzaileek, ordura arte bizi izan diren eta gobernatu izan duten moduan
bizitzen eta gobernatzen jarraitzea ezinezkoa izatea. “Behekoek” horrela bizitzen jarraitu nahi ez dutenean eta “goikoek” lehen bezala bizitzen jarraitu
ezin dutenean, orduan soilik eman daiteke Iraultza. Beste hitz batzuetan
honela esan dezakegu egia hau: zapaltzaileen eta zapalduengan eragina izango
duen krisi nazional orokor bat gertatu ezean Iraultza ezinezkoa da.
Beraz, Iraultza egiteko, lehenbizi langile gehienak (edo behintzat langile
kontzientziatu gehienak), Iraultzaren beharraz, agian bizia sakrifikatzera
eramango dituen beharraz ohar daitezen lortu behar da; eta bigarrenik,
beharrezkoa da klase agintarien artean gobernu-krisi sakon bat gertatzea, masarik
oharkabeenak ere politikara gerturatuko dituen krisi bat, gobernua ahulduko
duen eta iraultzaileek uzkail dezaten erraztuko duen krisi bat.”
Baina Herri bakar baten burgesiaren boterea uzkailtzeak eta Langileriaren boterea
ezartzeak, ez du esan nahi Sozialismoaren garaipen osoa bermaturik dagoenik.
Bere boterea ezarri ostean eta berarengana nekazal masak gerturatu ostean,
garaipena lortu duen Herriko Langileriak Sozialismoa eraikitzeari ekin behar
dio. Baina honek, Proletalgoak Sozialismoaren garaipen osoa lortu duela eta Herri horretako indarrekin soilik Sozialismoa erabat sendotu eta Kapitalismoaren berrezarkuntza betiko ekidin duela esan nahi al du akaso? Ez,
horretarako beharrezkoa da Proletalgoaren garaipena gutxienez Herri batzuetan
ematea. Horregatik, garaipena lortu duen Iraultzarentzat, Herri batean baino gehiagotan Iraultza garatzea eta laguntzea beharrezkoa da. Horregatik, Iraultza irabazlea
ezin daiteke subjektu autonomo bezala hartu, laguntza bat bezala baizik, beste Herrialdeetan Iraultzaren garaipena lagunduko duen tresna bat bezala baizik.
Leninek
labur-labur azaldu zuen hau: Iraultza irabazlearen betebeharra “Herri batean, Herri guztietan Iraultza laguntzeko, garatzeko eta pizteko ahalik eta gehien
egitea” zela esan zuenean.
Hauek
dira, modu orokorrean esanda, Iraultza Proletarioaren Teoria leninistaren
ezaugarri nagusiak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina