LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/07

Burgesiaren pedagogia politikoa: ikastaro trinkoa


ZER DA BURGESIA?

ZER DA KAPITALISMOA?

ZER DA ESTATU BURGESA?

ZER DA INPERIALISMOA?

ZER DA IDEOLOGIA BURGESAK

 SORTZEN DUEN ALIENAZIOA?


ZER DIRA KLASE-INTERESAK?


ZERGATIK DIOGU "DEMOKRAZIA"
KAPITALAREN ETA BURGESIAREN
DIKTADURA, BERTZERIK EZ DELA?  

NOLA ASKATU
 EUSKAL HERRI LANGILEA?

NOLA EMANTZIPATU
EUSKAL LANGILERIA?

NOLA EGIN
EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA?

NOLA ERAIKI 
EUSKAL ERREPUBLIKA SOZIALISTA?

HONA HEMEN
IKASTARO TRINKOA,
ESPAINIAKO
ETA FRANTZIAKO 
OLIGARKIEK
MUSUTRUK
EMANA!  

    

"Gobernuek uko egin diote EAJk Aieteko adierazpenean bat egin zuenean beharrezkotzat jo zuen elkarrizketari, uko egin diote EAJk ere salatzen duen espetxe politika aldatzeari, baina erantzukizuna erakunde armatuari baino ez dio leporatzen.

Espainiako Gobernuak, bitartean, Langraizko bidea hartu zutenei ere ikatzen dizkie espetxe onurak.

Espainiako Gobernuak auzi honetan izan duen bilakaerari erreparatuz gero, ETAren indarkeriaren eraginkortasunaren aitorpen inplizitua antzematen da

ETA hildakorik gehien eragin zuen garaiaren osteko lehen negoziazio ahaleginean, Aljerren, presoen auzia mahaira eramaten ahalegindu zen Felipe Gonzalezen gobernuaren ordezkariak, Manuel Fragaren alderdiaren babesarekin. Hautetsien aurkako atentatuen lehen aroaren ostean, Suitzara ordezkaritza ofiziala bidali behintzat egin zuen Jose Maria Aznarrek; eta armen itzuleraren mehatxupean ahalegindu ziren Jose Luis Rodriguez Zapateroren ordezkariak, Genevan eta Oslon, elkarrizketak presoen auzira bideratzen.

Mehatxupean, Espainiako Gobernua beti prest egon da presoez hitz egiteko. Orain, ez du beharrik ikusten. 

Beste era batera esanda: ETAren indarkeriak edo haren mehatxuak elkarrizketa mahairaino mugiarazi izan du Gobernua, baina konponbide elkarrizketatua eta beste espetxe politika bat eskatzen dion euskal gizartearen gehiengoaren borondatea, ordea, ez da aski arrazoi norabide horretan mugitzen hasteko.

Pedagogia politikoaz hitz egingo dute gero." 

Imanol Murua Uria




Berria.info 


 






POLIZIA OPERAZIOA FRANTZIAN






Sei lagun atxilotu dituzte Frantzian

 ETAren hornikuntzaz

 arduratzen zirela leporatuta

Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean egin dute operazioa, Parisen eta Okzitanian, eta ETAren hornikuntza lanetan aritzen zirela esan dute albiste agentziek. Polizia iturrien arabera Raul Aduna, Antonio Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Artauz dira atxilotuak. Frantziako Gobernuak atxiloketak argudiatu ditu ohar batean, Hego Euskal Herrian "eboluzio positiboa" izan dela aitortu arren

Berria.info   2013-05-07 - 10:21:35


Espainiako Barne Ministerioak zehaztu duenez, polizia operazioa Paris hego-mendebaldean (Blois herrian), Limoges hegoaldean (Brive-la-Gallarden) eta Montepellierren egin dute Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean. Sei dira atxilotuak eta euren etxeak miatzen ari dira. Hala ere, atxilotuak gehiago ere izan litezkeela esan dute polizia iturriek.

Parisen bikote bat atxilotu dute. Limoges ere bi pertsona atxilotu dituzte eta azken biak Montpellierren. ETAren hornikuntzarekin lotu dituzte sei atxilotuak, eta Elosa taldea osatzen zutela diote polizia iturriek, etakideei sasian izateko behar duten laguntza emanez. Iturri horiek sei izenak zabaldu dituzten arren, oraindik ez dago baieztapen ofizialik.


"Zelula klandestinoetako kide aktiboak"

2011ko urriaren 20an ETAk armak utzi zituenetik 43 dira ETAko kide direlakoan atxilotutakoak.  

 

Frantziako Barne Ministerioak ohar baten bidez atxiloketak baieztatu ditu, "zelula klandestinotako kide aktiboak" direla eta horietako bost pertsona bilatuenen zerrendan zeudela gaineratuz. "Espainiako Euskal Herriarekin lotuta eboluzio positiboak izan diren arren, gure lurralde nazionalak erakundearen egitura klandestinoetarako atzeragoardia logistiko eta militarraren oinarri izaten jarraitzen du", esan su oharrean.

Manuel Valls Barne ministroa pozik agertu da atxiloketekin, eta Frantzia eta Espainiaren arteko harreman onak nabarmendu ditu. "Kolaborazio hori ETA desegiten den arte gure lurraldean jarduera klandestino eta legez kanpokoak mantentzen diren bitartean izango dugu", esan du.






EAJk "normaltasunez" 

ikusten ditu atxiloketak,

 baina espetxe politikan

 aldaketak eskatu ditu

 

Berria.info   2013-05-07 - 10:05:50


Andoni Ortuzar EAJko EBBko presidentea Radio Euskadin izan da gaur goizean eta atxiloketak "normaltasunez" ikusten dituela esan du. "Ez dugu eztabaidatuko atxiloketez, baina nahiko genuke beste espetxe politika bat ezartza, ausartagoa, justuagoa eta, batez ere, inteligenteagoa", esan du.

Atxiloketa gehiago ez izateko, ETAri eskatu dio lehenbailehen eta inolako baldintzarik gabe desegitea eta armak ematea
 
  

2013-05-08
Atxiloketak Frantzian

EH Bilduk Madrilen bermea izatea

 egotzi dio EAJri, 

eta Aietera itzultzeko eskatu

ETA existitzen den artean, atxiloketak poliziaren «ardura» direla esan dute PSEk eta Eusko Jaurlaritzak

Oihana Elduaien

Hasier Arraiz, Unai Ziarreta, Dani Maeztu eta Amaia Agirresarobe, atzo, EH Bilduren prentsaurrekoan. / JON URBE / ARP

ETAk armak utzi nahi dituela eta horretarako Espainiako eta Frantziako Gobernuarekin agenda hitzartu nahi duela behin eta berriz esan duen arren, Eusko Jaurlaritzaren, EAJren eta PSE-EEren ustez, ETAk existitzen jarraitzen duen bitartean hango kideak atxilotzeko betebeharra dute Estatuek. Erabat kontrako iritzia du EH Bilduk, eta, egoerak kezkatuta, alderdiekin bilera sail bat hasiko duela dio.



JOSU ERKOREKA 
 Eusko Jaurlaritzako bozeramailea
«ETA bizirik eta armatuta dagoen bitartean, Poliziak bere ardurak bete behar ditu»

ETAk armaturik jarraitzen duen bitartean, haren kontra egitea da Poliziaren eginbeharra. Hala uste du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. «Terrorista da, armatuta segitzen du, eta bizirik» esan zuen atzo, gobernu kontseiluaren ostean. «Horrek horrela jarraitzen duen bitartean, gaitasun arriskuak hor jarraitzen du, eta Poliziak ez dauka beste erremediorik, bere funtzioa betetzen du. Hala, ETAri eskatu dio «atzerapen gehiago gabe desagertzeko».


ANDONI ORTUZAR EAJren EBBko burua

«Atxiloketak normalak dira, 
ez gara poliziaren urratsak 
eztabaidatzen hasiko»

«Normala» da Poliziak ETAkideak atxilotzea, Andoni Ortuzar EAJren EBBko buruaren iritzian. Halakorik gertatzerik nahi ez badu, armak uzteko eta bere burua desegiteko eskatu dio. «Ez gara poliziaren urrats horiei buruz eztabaidatzen hasiko, baina espetxe politika desberdin bat jartzea gustatuko litzaiguke». Politika berri horrek «ausartagoa, justuago eta, batik, bat inteligenteagoa» izan behar lukeela uste du.

DANI MAEZTU EH Bildu

«Madrilek bizkarra eman dio konponbidea lortzeko ardurari, eta Parisek bat egin du»

EH Bilduren ustez, Frantziako Gobernuak berarekin bat egitea lortu du Espainiakoak, «konponbiderako jokaleku bat lortzeko daukan ardura» baztertzeko orduan. EAJri «estrategia horren bermea» izatea aurpegiratu dio, eta «euskal gizartearen gehiengoaren kontra doan politika» babestea eta elikatzea leporatu dio. «Bere garaian egin bezala», berriz ere Aieteko bideari eusteko eskatu dio. «Batzuk» konponbiderako ahaleginak ezerezean uzten tematuta daudela uste du koalizio abertzaleak, eta, horregatik, «prozesu hori gidatu behar duena» gizartea dela nabarmendu du Dani Maeztuk. Hala, eragile politiko eta sindikalekin bilera sorta bat abiatuko duela jakinarazi zuten koalizioko kideek, Donostian emandako prentsaurrekoan.

PATXI LOPEZ PSE-EEko bozeramailea

«ETA existitzen den bitartean, terroristak atxilotzea da eginbeharra»

ETA existitzen den bitartean, Polizien eginbeharra da, Patxi Lopez PSE-EEko bozeramailearen iritzian, hango kideak atxilotzea. Lopezen ustez, zentzugabekoa da «indarkeria ekintzak amaitu dituela dioen talde terrorista baten existentzia». Hala, «behin betiko» desagertzeko eskatu dio ETAri.


 
EH BAI

«Gobernuak aukera aprobetxatu behar du, eta elkarrizketa bidea ireki»

«Gatazkaren ondorioei behingoz heltzeko» eskatu dio EH Baik Frantziako Gobernuari: «Aukera historikoa aprobetxatu behar du, eta elkarrizketen bideak ireki behar ditu ETArekin». Espainia eta Frantziaren arteko elkarlana argudiatzeari utzi, eta «arduraz» aritzeko deia egin dio.

MARIBI UGARTEBURU Sortu

«Bake prozesuaren kontagailua hutsean jartzeko obsesioa du Espainiak»

Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramailearen iritzian, Espainiako Gobernuak behin eta berriz erakutsi nahi du bake prozesuan ezer egiteko asmorik ez duela, eta «kontagailua hutsean jartzearekin obsesionatuta dago, eta ahal bada minus hamarrean». Ekinaldi horretan kokatzen ditu Ugarteburuk atzoko atxiloketak.

EUSKO EKINTZA

«Preso eta iheslarien egoera konpondu ezean, egoera politikoa ez da normalizatuko»

Arazo politikoaren konponbidearen muinean preso eta iheslarien gaia dago Eusko Ekintzaren ustez, eta hura zuzendu ezean egoera politikoa ez dela «normalizatuko» ohartarazi du. Errepresioak desagertu egin behar duela dio.


"Ezer aldatu izan ez balitz bezala"

 jokatzen du Espainiako Gobernuak, 

SORTUk salatu duenez

 

Berria.info   2013-05-07 - 13:54:02
ETAk behin betiko su-etena emanda ere, "urte eta erdian ezer aldatu izan ez balitz bezala" jokatzen du Espainiako Gobernuak, Maribi Ugarteburuk SORTUren izenean salatu duenez. Madrili eta Parisi dei egin die "munduko edozein leku zibilizatutan bezala" aritzeko; elkarrizketaren bidez eta era ordenatuan eusteko ETAren armagabetzeari eta desegiteari, eta preso eta klandestinitatean daudenen egoerari.

Prozesuaren kontagailua "zeroan, eta ahalko balu hamar gutxiagoan" jartzen "itsututa" dago Espainiako Gobernua, Ugartebururen ustez. Harentzat "aurrerantz ihesa" dira horrelako ekintzak, "auziak konpontzeko munduan dauden prozesu homologatuen kontrako noranzkoa" hartzen du.



2013-05-08
Atxiloketak Frantzian

Ustezko sei ETAkide

 atxilotu ditu Poliziak

 Frantziako hiru hiritan

Frantziako poliziak aldi berean Blois, Brive-la-Gaillarde eta Montpellierren egin ditu atxiloketak, 600 kilometroko distantzian

Atxiloketekin ETAren logistika adarraren muina desegina dela dio Fernandez Diazek
Aitor Renteria Baiona

Frantziako Poliziak, Espainiako Guardia Zibilaren laguntzarekin egindako operazioan ustezko sei ETAkide atxilotu ditu Blois, Brive-la-Gaillarde eta Montpellier hirietan. Polizia iturrien arabera, Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Arkauz dira atxilotuak. Hala ere, atxilotuen nortasuna egiaztatu behar dela jakinarazi dute poliziek. Aduna eta Goikoetxea Brive-la-Gaillarden atxilotu dituzte, (Limogesetik hurbil), Uriarte eta Mendizabal Montpellierren eta Eizagirre eta Arkauz Blois hirian.

Atxiloketekin, ETAren hornikuntza adarraren muina deseginik dagoela nabarmendu du Espainiako Barne ministro Jorge Fernandez Diezek. Raul Adunari egotzi dio hiru talde horien koordinazio ardura. Sei atxilotuei leporatu diete sasian dauden ETAko kideei laguntza ematea.

Hiru hirietan egin dituzte atxiloketak, 600 kilometroko eremuan. Eremu zabal horrek polizia ikerketaren tamaina adierazten du, eta operazioan parte hartu duten polizia kopurua irudikatzen. Fernandez Diazen hitzetan, sei atxilotuak bikoteka banaturik zeuden, eta bikote bakoitzak bere funtzioa zuen ETAren hornikuntza egituran. Andoni Goikoetxea eta Raul Aduna zuloen kudeaketaz arduratzen ziren, Diaz Fernandezen arabera; Ekhine Eizagirrek eta Kepa Arkauzek dokumentuak faltsutzeko ardura zuten, eta Igor Uriartek eta Julen Mendizabalek autoak lapurtzen zituzten. Barne ministroak nabarmendu du ikerketak 2011ko urrian hasi zituztela, Izaskun Lesaka atxilotu zutenean. «Lesaka azpiegituren arduradun nagusia zen, eta hura atxilotu ondoren agertu ziren harietatik tiraka heldu gara atzoko polizia operazioa egitera».

Sei atxilotuek «jarduera aktiboa» zutela jakinarazi du. Aipatu du horren adibide argia dela Poliziak sutsuen bilatzen dituen pertsonen zerrendan daudela seitik bost. Gisa berean, jakinarazi du Europako lau atxiloketa agindu zeudela indarrean.

ETAren egitura osoa biziki ahuldurik dagoela nabarmendu du Fernandez Diazek. Lesaka atxiloturik, arduraduna erori zela azpimarratu zuen behin eta berriz. Oraingoan, zuloen eta dokumentuak faltsutzeko ardura zuzena zuten pertsonak atxilotu dituztela errepikatu zuen hiruzpalau aldiz. «ETA zein egoeratan dagoen, bakoitzak egin ditzala analisiak». ETAri ere analisia sakona egiteko eskatu zion, desegiteko eskaria eginez. Egitura guztiak desegitearen bidea hartzen ez badu, kide guztiak atxilotu eta sigla hutsak izaten bukatuko duela gaineratu zuen, GRAPOk bezala.

Polizia operazioa irekia dagoela azaldu dute Frantzia eta Espainiako Barne ministroek eta ez dute azalpen gehiagorik eman atzeman duten materialaren inguruan. Aldiz, Frantziako Poliziak jakinarazi du Polizia Judizialak atxilotuen etxeak zaindu zituela, atxiloketa egin aitzin. Gisa berean erran du bederen arma bat atzeman dutela, hain zuzen ere, Montpellierren egin duten atxiloketan. Igor Uriarte eta Julen Mendizabal Montpellierreko etxebizitzan zeuden atzo arratsaldean, poliziak etxebizitza miatzen zuen artean. Kanpoan telebista kamera eta kazetari ugari zeuden, atxilotuak hango polizia etxera eramatearen zain.

Frantziako Poliziak lau egunez galdekatu ditzake atxilotuak. Epe hori gainditurik Parisko Auzitegi berezian aurkeztu beharko dituzte. Epaileak deliberatu beharko du orduan espetxeratze agindua eman edo libre uztea.
Ohiko bidetik
 
2011ko urriaren 20an ETAk armak utzi zituenetik 43 dira ETAko kide direlakoan atxilotutakoak

Frantziako Poliziak egin ditu hiru atxiloketatik bi. Frantziako Barne Ministerioak ohar baten bidez atxiloketak baieztatu ditu, eta gaineratu du «zelula klandestinoetako kide aktiboak» direla eta horietako bost pertsona gehien bilatuen zerrendan zeudela. «Espainiako Euskal Herriarekin lotuta eboluzio positiboak izan diren arren, gure lurralde nazionala oraindik erakundearen egitura klandestinoetarako atzeragoardia logistiko eta militarraren oinarri da», dio oharrak.

Manuel Valls Barne ministroa pozik agertu da atxiloketekin, eta Frantzia eta Espainiaren arteko harreman onak nabarmendu ditu. «Kolaborazio hori ETA desegiten den arte gure lurraldean jarduera klandestino eta legez kanpokoek irauten duten bitartean izango dugu», adierazi du.

Bi Barne ministroek nabarmendu dute ETA desegiten ez den bitartean bilatzeko eta atxilotzeko agindua duela. Frantziako Barne ministroak «eboluzio positiboak» aipatu dituen arren, ez du aldaketarik nabarmendu Frantziaren jardueran eta ondorioz, babestuko du Espainiaren irizpidea. ETAk armak utziko zituela iragarri zuenetik, Estatuek ez dute urratsik egin distentsioaren norabidean, ez dituzte askatu eri diren presoak eta ez dituzte hurbildu haien sorterrira.

Aurten atxilotutako lagunak.

Aurten hamahiru lagun atxilotu dituzte, ETArekin lotura izatea egotzita. Haietako bat ez beste guztiak Frantziako Poliziak atxilotu ditu, eta hamaikagarrena Brasilen atxilotu zuten. Espainiako poliziek, beraz, ez dute inor atxilotu.


Atxilotuak


• Andoni Goikoetxea Gabirondo.
Tolosakoa da (Gipuzkoa). 2011ko apiriletik zebilkion bila polizia.

• Ekhiñe Eizagirre Zubiaurre.
Zarauzkoa da (Gipuzkoa). 2010eko otsailetik zebilkion bila polizia.

• Igor Uriarte Lopez de Vicuña .
Barrundaiakoa da (Araba). 2010eko irailetik zebilkion bila polizia.

• Julen Mendizabal Elkano.
Arrasatekoa da. 2007tik zebilkion bila polizia (Gipuzkoa).

• Kepa Arkauz Zubillaga.
Arrasatekoa da. 2010eko otsailetik zebilkion bila polizia (Gipuzkoa).

• Raul Aduna Vallinas.
Gasteizkoa da. 2001ean atxilotu egin zuten, baina bertan behera geratu zen auzia. 2010etik zebilkion bila polizia.


 Berria.info
2013-05-09

Frantzian atzemandako

 ustezko sei etakideei

 atxiloaldia luzatu diete

Lau arma aurkitu dituztela adierazi dute ikerketako iturriek, eta ez dute baztertu miaketa gehiago egiteko aukera

Aitziber Laskibar Lizarribar

Azken atxiloketak salatzeko agerraldi jendetsua egin zuten, atzo, Arrasateko udaletxean. / BERRIA

ETAko kide izatea egotzita, asteartean Frantziako Briven, Montpellierren eta Bloisen atxilotu zituzten Raul Aduna, Andoni Goikoetxea, Igor Uriarte, Ekhiñe Eizagirre, Julen Mendoza eta Kepa Arkauz, baina oraindik ez dituzte eramango epailearen aurrera. Berri agentziek ikerketa iturriak aipatuta zabaldu dutenez, atxiloaldia luzatu diete seiei; atxiki zituzten herrietako polizia etxeetan ziren atzo. Galdeketa gehiago egiteko luzatu diete atxiloaldia, berri agentzien arabera, eta ez dute zehaztu noiz eramango dituzte Parisera, epailearen aurrera deklaratzera. Lau egun arteko atxiloaldia baimentzen du Frantziako legeriak; kasu berezietan, bostekoa.

Sei lagunak atzeman zituzten hiru etxeetan Smith & Wesson markako lau arma motz aurkitu zituztela zabaldu dute agentziek, eta arma mota horiek ETAk 2006an Vauverten lapurtu zituenak bezalakoak direla. Agiriak faltsutzeko materiala eta jada faltsututa zeuden agiriak ere aurkitu ei dituzte. Sei ordenagailu eta informazioa biltzeko euskarriak, eta bi auto ere atzeman dituzte. Zabalik utzi dute miaketa gehiago egiteko aukera.

Operazioa salatzeko, hainbat protesta egin zituzten asteartean eta atzo, atxilotuen herrietan. Arrasaten, manifestaziora deitu dute biharko, 19:30ean, Sebero Altubetik. Bat egin dute Sortuk, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Gorripideak, LABek eta ESK-k, besteak beste. Bilgune Feministak «gogor» gaitzetsi ditu atxiloketak, bereziki taldekide duen Eizagirrerena, eta konponbidearekiko konpromisoa berretsi du.

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetzarako idazkari Jonan Fernandezek, «sistemaren joko arauen barruan» kokatu du polizia operazioa.

Bakegintzari dagokionez, Espainiako Gobernuak euskal gizartearekin «zorra» duela esan du; «zerbait gehiago» merezi duela gizarteak. Espetxe politika aldatu behar litzatekeela ere azaldu du, eta bizikidetza plana «lau ideologia politiko nagusiek elkarrekin bideratzea» lortu behar dela.

Amnesty Internationalek, giza eskubideak errespetatzeko eta «inpunitatea» amaitzeko eskatu die Espainiako poliziei. Euskal instituzioetako ordezkariei, berriz, garai berrian giza eskubideen gainean aurrera egiteko, gomendioen katalogo bat eman die.

 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina