LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/05

Josu Iraeta: Espainia





ESPAINIA
 

Josu Iraeta
 

Denbora asko daramagu atzera eta aurrera aldi berean bidaiatuz. Aurrera, txirrista batean bezala, balaztarik eta helburu jakinik gabe, globalizazioa dugularik promes bakarra, Merkatu Bakar handia, alegia. Atzera, berriz, kezkaz egiaztatzen dugulako azken hamarkadak eta pasa den mendeko 30eko hamarraldian gero eta antzekotasun handiagoak dituztela. Depresio Handiaren bidez elikaturiko irrazionalismo eta galerekin.

Hori horrela, eta –aspaldian aurreikusia zegoen bezala- Marxismoan sortu ziren erregimenek eskaintzen zuten ideologiak porrot egin ondoren bizitako nahasmen eta babesik gabeko egoera berberan   bizi da gaur  Estatu espainiarra. Hau da, Estatuaren boterea eta erakunde sozio-sindikalak deseginez.  Merkatuaren” erasoa gailendu delako, iraultza teknologikoa geldiezina, eta finantza arloko espekulazioa,  kontrolik gabe,  eta  kontrolatu ezinezkoa delako.

Muturrekoa eta baztertzailea den ideologia nazionalaren berezko eszenifikazio demagogiko eta maltzurrean murgilduta bizi gara, Alderdi Popularraren zuzendaritzapean eta Rajoy jauna buru duen gobernuaren agindupean. Ahaidetasun eta antzekotasun ikaragarriak ditu "kristau zaharrak" goraipatzen zituen Espainia harekin, ehunka urtetako irainak eta etnia arteko gorrotoak mendekuan hartzeko nahiarekin.


Gaur suspertzen ari den populismo nazionala, engainatutako gizartearen kudeatzailea, porrotera eta bazterkeriara bideratua dagoen hau, frustrazio eta abandonatzearen uste orokorraren ondoriozkoa da. R.Zapatero jaunak interpretatu duen “sozialismo demokratikoaren” akatsen emaitza.

Moncloatik egun ezarritako  gurutzada” mespretxagarri bezain ankerrak, inolako sinesgarritasunik gabe egindako hauteskunde-promesen ondoriozkoa da. “Kontzientziaz” jaurtitako baieztapenen bidezko faltsutasun eta tranpa dialektikoen ondoriozkoak. Gainera, aurre eginez, zintzotasun eta errespetua eskatzen duten ahotsak mespretxatzen dituztela ikusirik, Alderdi Popularraren gobernuak egiten duen demokraziaren interpretazioa, esperpentoaren kategorian kokatzen ahal dugu, lasai.  

Alderdi Popularraren gobernuak gauzatzen ari den kudeaketa ikaragarriak bestelakoa erakusten badu ere, hamarkada ugari igaro dira Francisco Franco desagertu zenetik. Mende berria abiarazi dugu, eta 2013ko udaberria aurrera doa, tinko. Hala ere Estatu espainiarrean inork ez ditu oraindik iraganeko zorrak kitatu nahi izan. Kitatu gabe dagoen zor  handi eta garrantzitsuena; “trantsizioaren” inguruan egin beharreko hausnarketa objektiboa, neurtua eta kritikoa. Trantsizio horrek, izan ere, Frankismoaren diktadura behin betiko atzean utzi eta demokraziaren ateak ireki beharrean, kolonialismo modernoaren oinarriak ezartzea besterik ez zuen lortu.

 

Badakit azken paragrafo honi honako baieztapenarekin erantzun dakiokeela; alegia, aipatutako ezgaitasunak ez direla   -handikeria gainezka noski -  Espainia deritzona osatzen duten nazionalitate eta kultura anitza osatzen dutenena soilik. Bale, ados; baina horrek ez du iruzurrez beteriko errealitate ankerra baliogabetzen.

Espainiar harrotasun “nazional” gehiegizkoa da iruzur horren oinarrizko osagaietako bat. Hala ere, eta bitxia da , espainiar familia politiko guztiek ukatu egiten dute harrotasun hori.  Oso errotuta dagoen sentimendua da, antzinako helburu unibertsalak gogora dakarkiguna. Eta Tribu beraren basakeria aitortzen dutenean ere, ideologikoki justifikatzeko izaten  da. 


Espainiaren historia modernoaren paradoxa da hori. Diktaduratik demokraziara igarotzeko “trantsizio koplexuarekin” zerikusia duena. Nire ustez, ordea, kolonialismoa justifikatzeko modu modernoa baino ez da, nazionalismo espainiarrak Autonomien Espainia izenarekin ezagutzera eman zuena.

Eta hori horrela izan zen eta da, Espainiar Konstituzioen “guraso” deritzanak, idazle baino izkribu zirenak,  halako miopia intelektuala izan zutelako. Herriak eta Nazioak elkartzen zituzten bide historikoen ordez, autopista eta trenbideak ikusi zituztelako, zoritxarrez,  norabide bakarrekoak, denak.

Ez da harritzekoa Estatu espainiarrean gertatzen ari dena.  Belaunaldiz belaunaldi, oinordetzan jasotako zigorgabetasunaren ondorioak orain ikusten dira. Demokrazian berezkoak ez diren legealdi parrastak, "klase" politikoaren ustelkeria ekarri du, sentsibilitate morala endurtua dute, eta ez dute ikusi nahi  kirats ikaragarriaren bihotzean parte direla.

Pentsatzeko gaitasuna duen norbanako orok (ekintza horrek gizartean balio handiegirik ez badu ere), euskalduna  ala  espainiarra izan, ondorio berbera atera dezake, hau da, sistema honek ez duela balio, txarra dela, baita hilgarri eta gaitzesgarri ere. Izan ere, mendeetan zehar pilatu dugun eskarmentuaren ondoren, demokrazia zientzia politikoaren aurkikuntza gisa onartzen badugu, erabat onartezina da gaur egun, oraindik, “kristau zaharren” esku egotea.

Horiek baitira – Nafarroan soilik– hiru milatik gora lagunen heriotzaren erantzule zuzenak. Inoiz barkamenik eskatu ez dutenak, ezta lapurtutakoa itzuli ere. Inoiz ere ez dute zigorrik jaso ez bete, eta inoiz ere ez diote ukorik egin beraien helburu politikoak erdiesteari. Horiek dira gaur egun oraindik boterearen egituran daudenak.
   

Orain arteko zigorgabetasunaz baliatuz  eta harrokeriaz gainezka, Parot doktrina  gaur” ezartzen dutenak , beste batzuei noski.

Ezin dezakegu gure etorkizuna “kristau zahar” horien esku eta beraien intsentsu eta aitorlekuaren zaindaritzapean utzi.

       Onartezina da.

Bukatzeko, galdera bat luzatu nahi nizueke.  Saihestu ezinezko galdera. Alegia, zer da Espainia



2 iruzkin:

  1. ez dut ulertzen zer egiten duen ikuskera antidilektikoz eta topiko burges txikiez beteriko honelako idazki bat iraultzaileen bilgunea izatea bilatzen duen blog batean.

    ErantzunEzabatu
  2. Ba, polemika eta eztabaida eragitea, hain zuzen ere! Baina, lagun anonimoa, ez da bat ere dialektikoa, eta are guttiago iraultzailea, idazki bat deskalifikatzea bi erramolde merkeekin: "ikuskera antidialektikoa" eta "topiko burges txikiak". Hori uste duzu? Ba hartu zure adimena eta desmontatu esaldiz esaldi Jous Iraetaren artikulua, erakutsi argi eta garbi zein den bere ikuskera antidialektikoa, eta seinalatu zehazki eta xeheki topiko burges txiki guzti-guztiak. Horrela erdietsiko duzu zeure helburua.

    Blog hau iraultzaileen bilgunea izatea bilatzen du, eta Iraultzaileen Bilguneak deitzen den antolakundearekin identifikatzen da, argi eta garbi, hots, IBIL taldearekin. Blog honetan bertan irakurtzen ahal dituzu gure idazkiak, eta konparatu Josu Iraetak idazten duenarekin. Garbi dago aski diferenteak direla, ezta?

    Josu Iraetari ez omen zioten GARA egunkarian artikulurik argitataratzen, eta guregana, blog honetara jo zuen. Josu Iraeta KASen ezagutu nuen, bera HASIko militantea baitzen, eta ni, ASKkoa. Sektarismoa gorrotatzen dut osoki, eta jakina, Josu Iraetaren idazkiak blog honetan agertuko dira. Ez haien edukiarekin ados nagoelakotz, baizik eta iraultzaile eta Estatu etsaiekin konfrontazioa onartu eta sustatzen duten guztien bilgunea izan behar delakotz blog hau.

    Prefosta, lagun anonimoak, zure idazkiak ere pozaren pozez argitaratuko ditugu, animatu eta idatzi Josu Iraetaren idazkien kritika arrozoitu bat, edota nire artikuluena, nahiago baduzu!

    Oroitu blog honen goiburuak:

    Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
    Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
    "De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
    "Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".
    Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
    Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
    Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

    OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

    Izan ongi, lagun anonimoa, animatu zure kritikak eta gogoetak idazten, eta laster arte, agian!

    Besarkada bat,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu