UPNk onartu du
Castejon eta Iruñea artean
baino ez dutela eginen AHTa
«Zurrumurruei» aurre egitera agertu zen Nafarroako
  Gobernuko Sustapen kontseilari Luis Zarraluki atzo, Nafarroako  
Parlamentura. Aralar-NaBaik, Sustrai Erakuntza Fundazioak eta AHT  
Gelditu! Elkarlanak aurreratutakoa onartu bertzerik ez zuen egin, ordea:
  Nafarroako AHT abiadura handiko trenaren egungo proiektua ez dela  
eginen. 
AHTari Castejon eta Iruñea arteko zatian baino ez diote eutsiko.
  Castejon eta Zaragoza (Espainia) arteko lotura, eta Iruñea eta Gasteiz
  artekoa, egungo trenbidea moldatuz eginen dute. Beste errail bat 
jarriko  dute, hirugarrena, egungo bidea Europak ezartzen duen 
zabalerara  egokitzeko. Iruñea Euskal Y-arekin Gipuzkoatik lotzeko proiektua, beraz, bazter gelditu da. 
Info +:Berria
 
 
Oraingoz,
  behintzat. Horixe zehaztu zuen Zarralukik. Kontseilariak argi utzi 
zuen  egungo egoera ekonomikoak bultzatuta egokitu dutela proiektua, eta
  nabarmendu zuen, batez ere, denbora epeak aldatu direla. Hau da, gaur 
 egun ezin egin daitekeena etorkizunean gauzatzeko aukera ez zuela 
bazter  utziko. Orain mahai gainean jarri duten egitasmoa ere «urrats  
garrantzitsua» dela erantsi zuen. «Zentzuzkoa, gainera, egungo  
testuinguruan». Beraz, etorkizunean Castejongo eta Iruñeko  loturak 
abiadura handian egiteko aukera ez zuen baztertu nahi izan.  «Eusko 
Jaurlaritzak Iruñea eta Euskal Y-aren arteko Ezkio-Itsaso  
bitarteko loturaren alde egiten du. Lanean ari gara haiekin eta  
Espainiako Gobernuarekin. Madrilera joanen gara alternatibak aztertzera.
  Ez dugu aukera hori bazter uzten, baina luzera begirako helburua da.  
2024rako? Auskalo! Zaila ikusten dut», onartu zuen Zarralukik.
1.200 milioiko aurrekontua
Proiektu  berriaren aurrekontua, osoa, 1.200 milioi euro ingurukoa 
izanen dela  azaldu zuen Sustapen kontseilariak. Orain arteko 
egitasmoarena 4.000  milioi eurokoa zen. Abiadura handiko trenaren 
kilometro bakoitzaren  gastua zenbatekoa den azaldu zuen Zarralukik: 
Nafarroan, hamar milioi  eurokoa. «Hamarrera ez da ailegatzen», zehaztu 
zuen kontseilariak.  Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, batez beste, 40 
milioi euro ingurukoa  dela gaineratu zuen. Hirugarren erraila egiteko 
aukera anitzez  ere merkeagoa da, aldiz. «Bi milioi eurokoa da gure 
aurrekontua,  kilometro bakoitzeko, trenbideko langak kendu behar 
badira. Langak kendu  gabe, aurrekontua milioi bat eurokoa da, 
kilometroko».
Nafarroako  Gobernuak Espainiarekin duen akordioaren arabera, lanak 
Madrilek  ordaintzen ditu, baina Nafarroak aurreratzen du dirua. Sistema
 egokitu  nahi du UPNk, kopuru hori Nafarroak urtero Espainiako 
Gobernuari ematen  dion sailetik kentzeko, eta, modu horretan, «lan 
horiek Nafarroari  bertze gasturik ez eragiteko». Zarralukik azaldu zuen
 proiektuan  egindako moldaketak ontzat jo dituela Espainiak, eta, 
ondorioz,  hitzarmen berria sinatu beharko dutela datozen hilabeteetan.
Sustapen  Batzordeko parlamentarien artean askotariko iritziak eragin
 zituzten  Zarralukiren atzoko hitzek. PSNko Maite Esporrin haserre 
agertu zen  gobernuak egindako aldaketekin; Bilduk, Aralar-NaBaik eta 
Ezkerrak,  berriz, ontzat jo zituzten. UPNk uste du proiektu berriak 
«oinarrizko  aldaketarik» ez duela eraginen; halaxe erran zuen atzo 
parlamentuan  alderdi horretako parlamentari Marivi Castillok. PPNk, 
berriz, egoera  ekonomikoa kontuan hartuta, «egin beharreko» urratsa 
zela nabarmendu  zuen.
PSNko Maite Esporrinek, berriz, Espainiako Gobernuari  eskatu zizkion
 kontuak. «Ezaugarri behineneko trenaren aldekoak gara gu.  Aldaketek 
Nafarroari egiten diote kalte. PPk proiektuaren alde eginen  zuela erran
 zigun, baina engainatu egin gaitu, beti bezala».
 
 
Bertzelako  balorazioa egin zuen Bilduko parlamentari Victor Rubiok. 
Proiektuan  egindako aldaketak ontzat eman zituen, eta ontzat eman zuen,
 halaber,  aurrekontuak nabarmen behera egin izana. Castejon eta Iruñea 
arteko  zatian abiadura handiko trenari eustea, hala ere, gogor 
kritikatu zuen  parlamentariak. Izan ere, Zaragozarako eta Gasteizerako 
bidearekin  loturarik gabe, 65 kilometroko irla baten modukoa izanen da 
AHTa zati  horretan. Nafarroako Gobernuak proiektu hori egiteko zer 
interes duen   galdetu zuen parlamentariak. «Asmo horrekin aurrera 
jarraitzen badu  gobernuak, AHTa Los Arcoseko zirkuituaren gisakoa 
izanen da; hori bai,  zuzena».
Aralar-NaBaiko Juan Carlos Longasek Castejon eta Iruñea  arteko zatia
 ere eginen ote duten zalantzan jarri zuen. «Castejon eta  Iruñea 
artekoa izanen da, edo Tafallan geldituko da abiadura handiko  trena?», 
galdetu zion kontseilariari.
Ezkerrako Marisa de Simonek  ere «berri ontzat» jo zuen hasierako 
bidetik 65 kilometro baino ez  egitea eta aurrekontua murriztu izana. 
Castejon eta Iruñea arteko zatia  egiteak zentzurik ez duela erantsi 
zuen, ordea, eta egindako aldaketek  agerian utzi dutela «porrot egin» 
duela gobernuak.
Geroa Baik  ere, prentsa ohar baten bidez, «porrot handitzat» jo zuen
 UPNk ezaugarri  behineneko trenari buruz egin duen kudeaketa. Gobernuak
 Castejon eta  Iruñea arteko zatia bakarrik eginen duela onartu eta 
gero, zati horren  inguruko «informazio zehatza» eskatu du koalizioak.
Castejon eta  Iruñea arteko AHTaren zatia bertan behera uzteko eskatu
 zutenekin bat  egin zuen AHT Gelditu taldeak atzo. Euskadi Irratian 
mintzatu zen Gorka  Ovejero, Nafarroako presidente Yolanda Barcinari 
tartakada emateagatik  epaituko duten kideetako bat. «Halako zati 
txikian abiadura handiko  trenak ez du zentzurik», erran zuen. 
Administrazioak AHTaren kostuei  aurre egiteko zailtasun handiak 
dituztela erantsi zuen.
Castejon-Iruñea  zatiko aurrekontua 675 milioi eurokoa dela azaldu 
zuen. Kopuru hori, 65  kilometroko tarterako. Aurreztuko den denborak 
ere ez duela  justifikatzen gaineratu zuen. Gaur egungo Iruñea eta 
Madril arteko  bidaiarekin alderatuta, 25-30 minutu aurreztuko dira, 
Luis Zarraluki  kontseilariaren hitzetan. Ovejeroren arabera, Castejon 
eta Iruñea arteko  zatian zortzi minutu baino ez lirateke aurreztuko. 
AHTarentzat dirurik  ez dela eta loturarik gabeko zatiak zentzugabekeria
 direla berretsi  zuen.
Bi uharte eta basamortu bat
 
 
Iazko
 urrian izan zen, Nafarroako Parlamentuko  batzorde batean. Yolanda 
Barcina presidenteak Manu Aierdi Geroa Baiko  parlamentarioaren galdera 
bati erantzun zion proiektu estrategikoei  buruz. Haien artean kokatu 
zuen presidenteak abiadura handiko trena  (AHT). «Ezin ditugu obrak 
gelditu. Ziur naiz  berehala lotuko dugula Euskal Y-arekin, eta, haren bidez, Frantziarekin».
Atzo  mapa bat eman zien Luis Zarraluki Sustapen kontseilariak 
parlamentariei  eta kazetariei. Hartan, Castejon eta Iruñea arteko AHT 
zatia baino ez  da ageri, hegoaldetik eta iparraldetik bakartuta. 
«Uharte bat», Yolanda  Barcina UPNko presidenteak berak aste honetan 
adierazi duenez.
Alegia,  Frantziarekin loturarik ez. Madrilekin ere ez. Eta galdera 
berehala  dator: zertarako Castejon eta Iruñea arteko loturarik gabeko 
AHT zati  hori? Berez, gastu itzela eskatzen du obra horrek, eta hasi 
baino ez  dute egin. Oraingoz Castejon eta Alesbes arteko zatian 
bakarrik sartu  dira makinak, eta aurrekontu osoaren zati ñimiño bat 
besterik ez du  erabili administrazioak: hamasei milioi euro inguru. 
Erraza luke  Barcinaren gobernuak: lanak bertan behera utzi, eta, kasik 
inolako  ondoriorik gabe, 1.200 milioi euro aurrezteko moduan legoke. 
Ederki  etorriko litzaioke dirutza hori presidenteari, besteak beste,  
azkenaldian bere guraizeek ederki astindu dituzten osasunean, hezkuntzan
  eta gizarte politiketan inbertsioak egiteko.
Nafarroan uharte  bat izango da AHTa. Eta Araban, Bizkaian eta 
Gipuzkoan ere ikusteko  dago. Izan ere, hurrengo hilabetean erabaki 
behar du François  Hollanderen gobernuak ea Lapurdiko AHTa eraikiko 
duen. Gobernuak mahai  gainean dituen txosten gehienek —besteak beste, 
Mugikortasuna 21  Batzordeak egindakoak— zati hori baztertzeko 
aholkatzen diote, Bordele  eta Tolosa (Okzitania) artekoa lehenetsita.
Burgos eta Gasteiz  arteko tartean obrak ez dituzte hasi ere egin, 
eta ez dago horretarako  eperik. Berriki Burgosko gobernu 
ordezkariordeak Ventas de Baños-Burgos  zatiko lanetara egindako bisita 
batean adierazi du korridore horrek zati  konplexu batzuk dituela 
—adibidez, Pancorboko haitzartetik igarotzea—  eta ez dutela oraindik 
zehaztu nola egin. Eta, hori gutxi balitz, Bilbo,  Gasteiz eta 
Donostiako geltoki berrien proiektuak oraindik ez daude  guztiz 
zehaztuta. Aurreko Jaurlaritzako agintariek aitortu zuten  
behin-behineko loturak egingo dituztela geltoki zaharretara, berriak  
eraiki bitartean. Horri denari erantsi behar zaio berehala zuzentzeko  
itxurarik ez duen egoera ekonomiko txarra.

Iaz Eusko Jaurlaritzak ‘Euskal Y’-a: herri proiektu bat, nazioarteko lotura bat
  txostena aurkeztu zuen, eta lehen lerroetan azaldu zuen azpiegituraren
  xedea: «Europarekiko trenbide bidezko integrazio egoki bat bermatzea».
  Denbora badoa eta gero eta lausoago geratzen ari da argudio hori. Eta,
  bidenabar, gero eta zalantzazkoagoa da agintariek urte hauetan egin  
duten kudeaketa. Tren lasterrak kilometro askotara dauden hiriak lotzeko
  egin ohi dira munduan. Euskal Herrian loturarik gabeko bi trenbide  
daude, oraingoz, eraikitze bidean. Ia 2.000 milioi euro gastatuta. Paris
  eta Madril, lehen bezain urrun. Bi uharte, eta, erdian, basamortu bat.
 
  
  
 

 
  
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina