2013ko maiatzaren lehena.
Eusko Ekintzaren oharra

EUSKO EKINTZAREN PRENTSA OHARRA
Egun ohikoak dira “nazioarteko egunak”. Lortzeke 
dauden hainbat eskubide aldarrikatzearren, nazioarteko sareak erabiliz 
“egun” berezi horiek antolatu ohi dira. Horiek guztietatik aintzindari 
izan zena: langileon eguna, Langileria Estatuen mugen gainetik borrokatu
 behar zela ohartu zen lehenengo sektore izan baitzen.
Mendebaldeko Europan asmatu omen zen kudeaketa 
ekonomikoa egiteko modu berezia bezain antinaturala: Kapitalismoa. 
Hortik mundu barrena zabaldu zen jendarte sare solidario guztiak 
zapuzteko asmoz, Herriak eta Nazioak zapaltzen, nekazarien autonomia 
ukatzen, abelzainen produktuak merkatarizatzen, gizakiaren denbora 
lapurtzen, lehengai naturalak pribatitzatzen.
Kapitalismoak lurraren azala aldatu du, Kapitalismoak
 jendarte sistema horizontalak akatu ditu, Kapitalismoak gerra bultzatu 
du. Kapitalismoa gizakiaren beharrak asetzeko balio ez duen 
sistema ekonomikoa da, ezberdintasunean, berekoikerian eta zapalkuntzan 
oinarria baitu. Sistema ekonomiko honek miseria sortzailea da eta “sarraski-masiborako” arma.
Eredu politiko eta ekonomiko honek zabaldu dituen 
baloreak ustez baino gehiago hedatu dira, balore horiek barneratzean 
datza bere garaipenik handiena. Behin eta berriz bere burua berasmatzea 
lortu duelarik, Kapitalismoak berriz ere eraso berri bat egin du. 
Oraingo honetan lurra osora zabaldu nahi duen “Estatu Kolpe” baten 
bidez, non erakunde demokratiko guztiak transnazionalen esanetara jarri 
nahi dituzten.
Mundu osoko ezkerrak eta Euskal Herriko ezkerrak 
bereziki, alternatiba global, gauzagaria eta eraginkorra indarrean 
jartzeko beharra du, erasoa sekula egon den koordinatuena baita.
Ez dago erdibiderik, Sistema Kapitalista ezin da modu “atseginez” kudeatu, osoko eraldaketa behar dugu. 
Ekonomia soziala, publikoa, ekologikoa, koperatiboa eta komunitarioa
 bultzatu behar da. Tokian tokitik kudeatuta, berdintasunean 
oinarrituta. Alternatiba egon badago eta gauzagarria izateaz gain, 
justua den bakarra da eta benetan iraungarria izan daitekeen bakarra , 
lurraren eta gizakion beharrak behin betiko asetuko duen eredua baita.
Ekonomia bersozializatu behar dugu, ekonomia demokratizatzea industria, elikagiak, nekazaritza eta finantzak bersozializatzea da.
 Ekonomia jendartetik bereizten duen eredua ez da gizakiaren neurrian 
egindako eredu produktibo eta banatzailea. Ekonomia eta jendartea 
banaezinak dira eta jendarte sistema soziala eta partehartzailea 
exijitzen dugunez, ekonomiak ezaugarri berberak ukan behar ditu. 
Kooperatiba sozialak eta esparru produktiboetan ere arituko den 
sektore publiko indartsua behar ditugu. Hauek dira, besteak beste, 
egungo Sozialismoak behar dituen osagarrietako batzuk.
2013ko Maiatzaren lehen honetan Eusko Ekintzak Euskal
 Herri aske eta solidarioaren aldeko bere konpromisoa berresten du, 
euskal gehiengo sindikala eta langabetuek egindako deialdiekin bat 
egiten du, herritarrei maiatzaren lehena borroka egun gisa jaio 
zela gogoratuz eta aurten ere horrela ulertu behar dugula azpimarratuz. 
Langileria, langabetuok, sektore herrikoiak, baztertuok…gehiengoa gara, 
antola gaitezen eta har dezagun guri dagokiguna.
Gora Euskal Herria askatua eta sozialista!
Eusko Ekintza.
 
  
 


