Luzuriaga:
Langileek kontatu dute
Pasaiako fundizioaren historia
Inoiz eroriko ez zen erraldoia, burdinaz egina, burdina egiteko. Gero
etorri ziren “errekonbertsioa” eta antzeko hitzak. Gero joan ziren
milaka lagun kalera. Pasaiako Luzuriaga fabrikako langileak
elkarrizketatu ditu Koldo Izagirrek "Voz y vida obrera: Luzuriaga,
hogeita bost lekukotasun" liburuan. Oroitzapenetik harago, hemen eta
orain balio dezaketen esperientzien bilduma da.
Luzuriagako langileak Antxoko kaleetan barrena. (Iñaki Becerra)
“Masa hark burua eta bihotza zeuzkan, kontsignak bere egin eta
mugimenduak hasten zituen”. Roberto Lopez de Etxezarreta nostalgia puntu
batekin akordatzen da Pasaiako Luzuriagan lan egiten zuen jendeaz.
Fresatzaile aritu zen, sindikalista ere bai; Pasaiako fabrikan lan egin
zuten beharginen testigantzak jasotzen dituen "Voz y vida obrera: Luzuriaga, hogeita bost lekukotasun" liburuko protagonistetako bat da.
Beste 24 lagunekin ere hitz egin du Koldo Izagirrek joan den astean publikatu den lan horretan. Luzuriaga fundizioko historiak dira, pluralean, bakoitzaren kontakizunak lantokiko bizimoduaren ertz pila ikusteko modua ematen baitu: lan baldintzak, patroiarekin harremanak, sindikatuen jarduera, frankismoko eta trantsizioko klima politikoak fabrikan zuen eragina...
Victorio Luzuriaga Gipuzkoako enpresa garrantzitsuenetakoa izan zen XX. mendean. Milaka langile aritu ziren Pasaiako lantokian, baita Tafallan, Errenterian eta Usurbilen ere. Horrek egin zuen borroka obreroentzat erreferentziazko gune. Liburuan maiz errepikatzen da grebak eta lanuzteak deitzerakoan, eskualdeko lantokiek Luzuriagakoek zer egingo zuen jakin nahi izaten zutela, mobilizazioarekin bat egin edo ez erabaki aurretik.
Sindikatu guztietako ordezkariek ekiten zuten fabrikan noiz eta, sindikatuak debekatuta zeuden garaian. Ez dira gutxi vietnamitan kopiatutako panfletoen historiak, klandestinitatea, atxiloketak, langile komisioak. Eta aldaketa garrantzitsuak: sindikatuak legeztatzearekin asanbladatik afiliaziora pasatzea, adibidez; edo langileen eskubideen aldeko dinamikak bestelako kausekin uztartzean sortzen ziren eztabaidak. Gertakari horiek denak, agente aktibo izan ziren pertsonen ahotik.
“Neke handirik gabe konturatuko gara 1840-60an Londresen su eta kea ari ziren lantegi zikinilun haietako batean egin zutela lana gure gurasoek ehun urte geroago” Koldo Izagirre, Liburuaren egilea
Liburuaz nabarmendu litekeen ezaugarrietako bat horixe da
beharbada, langileak agertzen direla lehen planoan.
Enpresaren jabeak
ere aipatuko dira, ezin bestela, baina peoiekin edo ofizialekin izan
zuten harremanaren bidez. Hautu kontzientea da, Izagirrek berak
esplikatu du liburuko sarreran, testuinguru orokorragotik abiatuta: bere
ustez Euskal Herrian antropologiak batez ere euskaldunon alderdi
erlijioso, kultural eta linguistikoak aztertu izan ditu historikoki.
“Barandiaranek, baserritarrari hitza hartu ziolarik, mitoak jaso zituen,
ipuin fantastikoak. Azkuek inkesta linguistikoak egiten zituen. Aita
Donostiak kantutegi bat osatu zuen han-hemen entzundako abestiekin…”.
“Bitxia da”, jarraitzen du idazleak, “zientzialariak omen ziren haiek errealitate literario bat jaso zuten, fantasiazko mundu bat. Sineskeriaz ate, ipuinaz ate, hitzak ez zeukan baliorik. Beren informatzaile haiek ez zeukaten bizitza autonomorik, ez iritzi pertsonalik, ez sentimendurik. Herriak, edo Herriaren kontzeptu batek, ito egin zuen gizakia”.
Ez da antropologoen hutsa bakarrik, sindikalismoari buruz idatzi diren historia liburu askok ere borroka ideologikoetan eta zentralen barne funtzionamenduan jarri dute letra larria, produkzio katetik jardun duten pertsonak atzeko planoan eta fokatu gabe lagaz.
Bestelakoak dira liburu honetan kontatzen direnak: lehen mailako futbolari izan ostean zuzendaritza sozialera iritsi zen Enrique Cerdan, bizi osoa borrokan pasa ostean erretiroa hartuta bere eskubideen defentsan jarraitzen duen Javier Esnaola; Julian Okendo, Seat 1.400aren motor-blokeko tresneria nola egin zuten kontatzen fazinatuta; Angel Guisado, esplikatzen nola lehen egunean uzten zuen jendeak lana, moldetik ateratzen zen burdin zopa ikustean.
“Luzuriagako langileon elkarrizketak irakurriz neke handirik gabe konturatuko gara 1840-60an Londresen su eta kea ari ziren lantegi zikinilun haietako batean egin zutela lana gure gurasoek, gure senideek, gure lagunek ehun urte geroago, kasik 1980ko hamarraldia iritsi arte” dio Koldo Izagirrek.
Haien hitzak jasoz, jornal baten bila sartu eta izerdi franko botata bere eskubideak irabazita atera zen belaunaldi baten erretratua eskaintzen du liburuak.
Luzuriagatik ateratako azken piezak dira. Eta burdinazkoek baino gehiago iraungo dute, datozen belaunaldiek langile hauen esperientzia inspirazio-iturri gisa erabiltzen asmatzen badute.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina