LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/07

ASKE GUNEA eta PNV: txundigarria!

Berria.info 

2013-05-05





Aske Gunetik, segi aurrera!

 

Bi aste pasatu dira, hortzetaraino armaturik eta aurpegia estalirik zituzten 300 ertzainek baino gehiagok sei gazte independentista ehunka herritarren besoetatik indarkeriaz eraman gintuztela. Astebete lehenago, ordea, Ekaitz Ibero eraman zuten, lurrean babesten geundenok jipoitu gintuztelarik. 

Azkenean, EAJ-PNVk, espainiar lege injustu bat bete, eta zazpi gazte independentista eramateko bidali zuen Ertzaintza

Pena eman eta mindu egiten du, aste batzuk lehenago, Gipuzkoako Batzarretan beraien babesa eman eta, bereziki, Donostiako udaletxean Eneko Goiaren hitz politak entzun eta babesa jaso ostean, guk bezala, Euskal Herria libre nahi omen duten horiek kartzelara eraman izana. 


Gainera, Donostiako udal gobernuaren kontra erabili dute gure ekimena, Eneko Goiari horrelakorik ez egiteko eskatu genion arren. «Donostiako zuhaitz batzuetan eragindako kalteak» edo plaza batean lo egin izana, gu espetxean egotea baino larriagoa omen da. Kosta ahala kosta boterea lortu nahi duten Donostiako PSEko zinegotziez hori espero genezake. Baita dominak irabazi nahian publikoki hainbeste zalaparta atera zuen, baina ustekabean aurrez aurre topatu ginenean urduri jarri, eskua eman eta sentitzen zuela esan zigun Ramon Gomez PPko zinegotziaz ere. Baina ez genuen zuengandik espero, Eneko, eta horrek mindu egiten gaitu.




Baina kritika politiko hori egin arren, aurrerapauso handitzat hartzen jarraitzen dugu instituzioetan eta publikoki epaiketa eta espetxeratze politikoen kontra EAJ-PNVk egindako deklarazioak. 

Horregatik, etorkizunari begira konfiantza dugu, guztiok batera aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu, baita orain arte eman ez dituztenekin ere. Geroz eta herritar gehiago baikara gatazka politikoa konpondu nahi dugunok.

Bide horretan, derrigorrez, denok sakrifikatu beharko dugu zerbait. Gure ondorengo belaunaldiek gatazkaren gordina sufritzerik nahi ez badugu, estatuen bidegabeko erabakien aurrean noizbait planto egin beharko dugu. Herritarrek, instituzioak gobernatzen dituzten politikariek eta gizarte eragile desberdinek atxikimendua eman izan digute. Aipagarria da eragile horien arteko ELA sindikatuaren kasua adibidez, zeina zenbait ertzainen ordezkari den. 
   


Baina goazen idaztera bultzatu gaituen benetako arrazoira. Aske Gunea posible egin duzuen milaka herritarrei, gure eskerrik beroena eta besarkadarik estuena eman nahi dizuegu berriz ere. Egunero-egunero gurekin egon zareten senide, lagun eta neska-lagunei, sare sozialen bidez babesa eman eta eskubide zibil eta politikoen defentsa mundu guztira zabaldu duzuenoi, irribarrea eragin zeniguten artistei, harresietan etxetik Aske Gunera eta Aske Gunetik etxera babestu gintuzuenoi, otorduak prestatu zenituztenei, musikaz orduak alaitu zenituzten musikariei, janaria zein edaria eskaini zenuten tabernei, denda eta herritarrei, hunkitu gintuzuen bertsolariei, ekimen, bideo emanaldi edo hitzaldiak eskaini zituzten eragile guztiei, muxu edo besarkada bat emateko gerturatu zineten guztioi, azken hiru egunetan gau eta egun babestu gintuzuenoi, gizon eta emakume armatuek eman dezaketen beldurraren aurrean duintasunez tinko mantendu zineten guztioi, jipoitu, kolpatu edo irain sexistak jasan zenituzten guztioi, gu pertsonalki ezagutu gabe Euskal Herriko txoko desberdinetatik Aske Gunera etorri zineten guztioi… Zuei guztiei, zuentzat, gure miresmen osoa. Eredu ikaragarria eman zenuten. 

Zuena, Herriaren borroka. Zuek baitzarete euskal herritar gehiago espetxera eramatea ekidingo duen Herri Harresiaren adreiluak, zuek baitzarete espetxeetatik euskal preso politikoak aterako dituzuenak.

Aske Gunea ez zen Donostiako Bulebarrean jaio; hastapena epaiketa politikoen aurka aspalditik egin diren beste hamaika herri ekimenetan kokatzen baita. Esperantzako frontoian hasita, Izpurako auzipetuen ekimena, Aurore Martinek jasotako babesa edo Errenteriako gazteen ekimeneraino, besteak beste. Pausoz pauso, guztiak garai desberdinetan, baina denak norabide berberean eta oinarri komunarekin: Herri Harresiaren bitartez dagozkigun eskubide sozial eta politikoen aldarrikapena gauzatu dugu. Gutxinaka, ekimen txikienetik handienera osatzen joan den Herri Ekimena da hau; eta noski, nahiz eta aurrerapauso handiak eman diren, espetxeratze politiko guztiak geldiarazi arte amaituko ez den mugimendua da.

Sekula zentzurik izan ez badu, gaur inoiz baino gehiago kartzelak husteko garaia dela exijitzen dugu, ez horiek betetzeko. Bide horretan, baina, lehentasunezko erronkak ditugu: EPPK-ko kidegoaren Euskal Herriratzea, gaixorik dauden presoen kaleratzea eta bizi arteko zigorra ezartzen duen doktrina indargabetzea, besteak beste. Eraikitako Herri Harresiaren oinarriarekin, honek erakutsitako indar eta eraginkortasunaz baliatu behar gara mendekuzko espetxe politika kriminalarekin amaitzeko. Indar metaketak areagotuz, herritarren kemen eta konpromisoaz, borroka eta babesgune zabalak eraikitzen jarraitu behar dugu. Horretarako, badugu epe motzera erronka eta aukera paregabea: maiatzaren 18an bete ditzagun Euskal Herriko plaza eta txoko guztiak!

Azkenik, muxu eta besarkadarik handiena helarazi nahi diegu Aske Gunean egon ezin izan ziren eta lagun eta kide ditugun Imanol eta Nahikariri, eta baita Oihana txikiari ere. Modu berean, baita epaiketa politikoen zain edo hemendik gutxira sententzia politikoak jasoko dituzten euskal herritar guztiei. Hemendik gure animo guztia haientzat, epaiketa hauek geldiarazteko indar guztiarekin batera. Herriaren babes, elkartasun eta konpromisoaz, desobedientzia eta erresistentzia praktikan jarriz, herri harresiaren bidea posible, gauzagarri eta eraginkorra dela sinesten baitugu!

Beraz, animo ekinbide berri zein indartsu horretan. 

Duintasunez eta konbentzimendu osoz, irabaziko dugu!

Artikulu hau ondorengo hauek sinatu dute: Ekaitz Ibero, Mikel Arretxe, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi eta Ekaitz Ezkerra euskal preso politikoak; Martutene, Basauri eta Zaballako espetxeetakoak.


Zer nahi duzue nik erratea? Espetxetik bidalitako idazki honek txundituta utzi nau, arras estonatua. Bon, estonatua ez, zorigaitzez bai baitakit Oraingo Ezker Abertzalea noraino dagoen itsututa bere basque peace process horrekin, eta noraino ez duten errealitate gordina ikusi nahi. Ikus ahal balezate, bederen! Ideologia alienatzaileen indarra! Zazpi gazte borrokalari, independentista, zozokeriak eta pitokeriak erraten PNVri buruz, nondik eta presondegitik! Noiz eta PNVk berak, bere mertzenarioen bidez, ederki jipoitu eta espetxeratu ondoren! Honelako Ezker Abertzalearekin Urkulluk lasai eginen du lo, eta Burgesia Baskoak lasai biziko da aldebakartasunaren lurralde miresgarrian. Eta Oligargia Franses eta Espainolak? Hemendik aditzen ditut beren irri karkailak...
Ekaitz Ibero, Mikel Arretxe, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola, Egoi Alberdi eta Ekaitz Ezkerra euskal preso politikoak, besarkada bat blog honetatik, besarkada bat tristuraz betea, baina besarkada, hala ere. Espetxearen gordinak eta gogorrak esnatuko zaituzte noizbait. Estatu etsaien krudelkeria amaigabeak, eta PNV zein Burgesia Baskoaren zitalkeria hipokrita mugagabeak iratzarriko zaituztete hemendik lasterrera. Agian bai!

Aurreko idazlan batean aipatzen nuen Burgesiaren pedagogia politikoa. Gazte hauek larrutik ikasi beharko dute, espetxean eta laster deportazioan, zer diren estatu Burgesak, zer den Burgesia Baskoa, eta nor den, zinez eta benetan, PNV. Agian esperientzatik ikasik dute eta ohartuko dira beren ildo politikoa zeinen inozoa eta desegokia den (Euskal Herria askatzeko, bederen, Euskal Herri Langileak hortzez eta haginez 60 urtez eraiki zuèn ENAM Sistema Kapitalistan eta Inperialistan integratu eta likidatzeko, aldiz, erabat erakingorra. Hori dateke, seguraski, Zutik Euskal Herria! garaietan aipatzen zigutèn estrategia erakingorra, Espainolez, "estrategia eficaz"...

Hona hemen "Burgesiaren pedadgogia politikoa" idazkian errandakoa: 

"Blog hau irakurri ohi dutenek aski ongi dakite zer pentsatzen dudan Oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzak abiatu duen aldebakartasunaren estrategia ahalkegarri eta likidazionista horretaz. Eta seguraski, irriño ironikoa loratu zaie ezpainetan Imanol Murua Uriaren idazlana irakurtzean, ikusita zein dotore eta airoski biluzten duen Burgesia Frantses eta Espainolaren diskurtso ideologiko hipokrita eta zinikoa, "biolentzia terrorista"-ri buruzkoa. Euskal Herri Langilearen beso armatuko gudari iraultzaileek egurra tira ahala banatzen zutelarik, bi Gobernu inperialistak prest zeuden edozertaz hitz egiteko, presoen auziaz bereziki eta nagusiki, eta Ezker Abertzalea instituzio burgesetara noiz etorriko zai zeuden, irrikitan... Jakina, zozoenak ere konprenitzen du (Oraingo Ezker Abertzaleko zuzendaritzako kidea ez bada, bederen...) zer pasatu den: ETA aldebakartsunez errenditu da, amore eman du, belauniko jarri da. Orduan, zertarako hitz egin? Arazoa konponduta dago! Bakea dugu, eta biba gu! Asteburu honetan, "Gesto por la Paz" izeneko ONG parapoliziala desegin da, bere lana amaitu delakotz. Prefosta, Burgesiarendako, zapalduen erresistentzia armatua bukatzea bakea baita! Guztiz koherentea da!

PNV-EAJ ere, alderdi burges baskoa den heinean, (eta horixe bertzerik ez baita praxian, nahiz eta zabaltzen duen ideologia nazionalista basko-euskaldunak Euskal Herri Langilearen sektorerik alienatuak liluraturik dauzkan...) logika eta arrazoitasun berberak aplikatzen du, Imanol Murua Uriak maisuki erakusten duenez: Aieten sinatu duena zakarrontzirat bota dute. Normala! Zer uste zenuten, bada? Aieteko konferentzia horretarako erabili zuten Burgesia espainolak, frantsesak eta baskoak, ETAk borroka armatua unilateralki uzteko, eta Euskal Herri Langilearen borroka guztiak belauniko (hau da, legalitate burgesaren muga estu-zurrunen baitan) jartzeko.

Hau guztia, Teoria Iraultzailearen ABCa da, garai batean edonork zekiena, Langileriak mende mende larrutik ikasi izan duena, malkoz, izerdiz eta odolez.

Bainan orain, aldebakartasunaren lurralde miresgarrian bizi omen garenez, egia iraultzaile hauek guztiak "iraganeko kontuak" ei dira, badakizue, "XIX. mendeko ideologia gaindituen aztarnak" edota "marxismo-leninismo totalitarioaren idei zaharkituak". Eta zinez gogor salatu nahi dutelarik iraultzaileon tinkotasuna, orduan artilleria astuna ateratzen dute, eta "stalinismoa" ere aipatzen dute. Ai ama, zer beldurra!

Hala ere, errealitatea biziki egoskorra da, klaseen arteko errealitate temati eta burugorra oso ezkutagaitza da, eta ideologia alienatzaile guztien gainetik agertzen da beti, hotz eta zorrotz, latz eta garratz".

ASKE GUNEko lagunok, espetxetik aterako zaituztegu, ez izan dudarik! Bainan ez, inolaz ere, zuen ildo eta planteamendu politikoen bidez, ezta PNVri eskua luzatuz, zuek egin zenuten bezala. Euskal Iraultza Sozialista eginez, Euskal Errepublika Sozialista aldarrikatuz eta Amnistia Osoa erdietsiz baizik.

Besarkada bero bana, bihotz-bihotzez! 

Fermintxo. 

1 iruzkin:


  1. GREBALARIAK ASKE! MANIFESTUA:
    2012ko ekainean Ertzaintzak Deustuko hiru gazte (Irantzu Yaldebere, Jon Telletxea eta Urtzi Martinez) eta Indautxuko bat (Aitor Fernandez) atxilotu zituen, martxoaren 29ko Greba Orokorraren egunean Bilbon gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuz. Epailearen aurrean agertu ostean, aske geratu ziren, epaiketaren zain. Hasiera-hasieratik susmatu genuen poliziaren muntaia baten aurrean geundela, eta susmo horiek berretsi egin ziren haien kontrako akusazio zehatzen berri jakin genuenean. Akusazio larriak izateaz gain, poliziak gertakarien inguruan emandako bertsioan soilik oinarritzen dira, gazte horien parte-hartzearen inolako frogarik gabe. Horri guztiari fiskaltzaren zigor eskaera izugarria gehitu behar zaio: 42 urtetik gorako espetxe zigorra gazte horietako hirurentzat (14 urte inguru bakoitzarentzat) eta 18 hilabeteko lan soziala adingabearentzat, egun hartako istiluekin lotutako hainbat delitu leporatuz.

    Aitor, Irantzu, Jon eta Urtzi beren auzoetako jendarte mugimenduan lan handia egiten duten gazteak dira, eta Deustuko Greba Asanbladako kideak. Inolako zalantzarik gabe, horrexegatik erabiltzen dituzte turko-buru gisa.

    Agerikoa da ez direla desordenak edo erasoak zigortzen ari, baizik eta beste eredu sozioekonomiko baten aldeko borroka eta konpromisoa. Herri sektore anitzen eta langileriaren borrokak aurrera egiten duen heinean, errepresioak ere gora egiten du. Hor daude kaleratzeen aurkako plataformen kontrako erasoak, Gernikako eta Iruñerriko grebalarien kontrakoak…

    Oso argi daukagu kolpe errepresibo honek, beste askok bezala, bi helburu nabari dituela: borroka sozialen kriminalizazioa eta desaktibazioa. Eta bide horretan, baina norabide batean soilik, eskura dituzten bitarteko guztiak erabiliko dituzte: polizia, hedabideak, sistema judiziala…

    Hori guztia kontuan izanik, agiri hau sinatzen dugunok:
    - Muntaia polizialari amaiera ematea eta auzia artxibatzea exijitzen dugu.
    - Antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko konpromisoa hartzen dugu.
    - Bidegabekeria hau salatzeko eta sozializatzeko lan egingo dugu.
    - Gure babesa eta elkartasuna adierazten dizkiegu auzipetuei.

    Grebalariak aske! Herri plataforma
    Herri plataforma.

    ErantzunEzabatu