LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/15

Iker Rodrigo atxilotuta







IKER RODRIGO SORTUko kidea 

atxilotu dute,

 Lopez Peñaren gorpuari 

harrera antolatzea egotzita.

 

Auzitegi Nazionalera eramango dute

 Iker Rodrigo,

 gaur goizean atxilotu ostean

 

Guardia Zibilak
 atzeman du gaur goizean, Bilbon. "Terrorismoa goratzea" 
leporatuta atxilotu dute.
Berria.info   2013-04-15 - 09:47:29


Europa Press berri agentziak zabaldu duenez, Guardia Zibilak Iker Rodrigo Basterretxea SORTUko kidea atxilotu du gaur goizean Bilbon. 

Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren gorpua ostiralean Euskal Herriratu zuten, eta harrera egin zioten Sondikako aireportuan aurrena eta Galdakaon ondoren. Omenaldiak Rodrigok antolatu dituelakoan, "terrorismoa goratzea" leporatu diote. Goizeko bederatziak inguruan hartu dute atxilo.

SORTUko Bizkaiko Herrialde Kontseiluko koordinatzaile ordea da Rodrigo. Omenaldi hartan 200 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta han izan ziren, besteak beste, LABeko idazkari nagusi Ainhoa Etxaide eta Tasio Erkizia Ezker Abertzaleko kidea. Aurresku bat dantzatu zioten zerraldoari, eta Eusko Gudariak kantatu zioten.

Iker Rodrigo Bilboko Guardia Zuibilaren kaxernara eraman dute, eta geroago, Espainiako Auzitegi Nazi-onalerat eramanen dute, Madrilerat. Gaur, arratsaldeko 8etan, manisfestazio bat eginen da Erandioko metro geltokian atxiloketa honen salatzeko.




Rodrigo "berehala eta baldintzarik gabe" 

aske uzteko eskatu du SORTUk

 

Guardia Zibilak Iker Rodrigo Sortuko Bizkaiko koordinatzaileordea atxilotu du gaur goizean, eta haren "berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna" eskatu du alderdi horrek. Ohar baten bidez, Sortuk ukatu egin du Rodrigok Xabier Lopez Peñaren hilotzari eginiko harreraren antolakuntzan parte hartu duenik.

Sorturen ustez, "Alderdi Popularrak bultzaturiko legez-kanporatze mehatxu dinamikaren baitan" kokatzen da atxiloketa. "Errepresio polizial eta judizialaren bidez konponbide prozesua baldintzatu nahi du bakearen etsaia den Alderdi Popularrak, Euskal Herrian erabat minoritarioa den bere posizio politikoa estatu aparatuen erabilpenaren bidez estaltzen saiatzen den bitartean", esan du.

 

Iker Rodrigoren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen dugu

Iker Rodrigo SORTUko kidearen atxiloketaren inguruan, honakoa adierazi nahi du SORTUk:

• Lehenik eta behin, Iker Rodrigoren berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna exijitzen du SORTUk.
• SORTUk argitu nahi du ez duela inolako parte-hartzerik izan Xabier Lopez Peña euskal preso politikoaren gorpuzkinari buruturiko harreraren antolakuntzan.
• Alderdi Popularrak bultzaturiko legez-kanporatze mehatxu dinamikaren baitan kokatzen da atxiloketa hau. Errepresio polizial eta judizialaren bidez konponbide prozesua baldintzatu nahi du bakearen etsaia den Alderdi Popularrak, Euskal Herrian erabat minoritarioa den bere posizio politikoa estatu aparatuen erabilpenaren bidez estaltzen saiatzen den bitartean.



Lopez Peñaren hilotzaren harrera

 familiak antolatu zutela

 ohartarazi dute haren senideek

 

Berria.info   2013-04-15 - 12:20:11




Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren hilotzari harrera egiteko ekitaldia antolatu izana egotzita, Iker Rodrigo Sortuko Bizkaiko koordinatzaileordea atxilotu du gaur Guardia Zibilak. Lopez Peñaren familiak, ordea, jakinarazi du hari azken agurra emateko ekitaldiak "pribatuak" izan zirela eta senide eta lagunek antolatu zituztela.

"Asmo bakarra zen Xabierri harrera egin eta agurtzea, senide, lagun eta gertukoen errespetutik", azaldu du familiak: "Ez SORTUk eta ez beste erakunderen batek ez du zerikusirik izan Xabierren hileta zibilaren antolakuntzan".

Rodrigok ardurarik ez duela defendatu, eta hura aske uzteko eskatu diote Lopez Peñaren senideek Espainiako Auzitegi Nazionalari. Gainera, pertsona batzuek "Gora ETA" oihukatu izana soilik pertsona horien ardura dela defendatu du sendiak.







Gatazkaren konponbidea

 oztopatu nahi dutenekin

 lotu du Arraizek

 Rodrigoren atxiloketa

Gaur deklaratu du Iker Rodrigok Auzitegi Nazionalean, eta bermerik ordaindu gabe aske utzi dute. Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren harrera antolatu zuelakoan, "terrorismoa goratzea" leporatuta atxilotu zuten atzo.
Berria.info   2013-04-16 - 11:57:40


SORTUko Bizkaiko koordinatzaileordeak gaur goizeko hamarretan deklaratu du Espainiako Auzitegi Nazionalean, Eloy Velasco epailearen aurrean, Xabier Lopez Peña euskal presoa zenaren hilotzari eginiko harrera berak antolatu ote zuen argitzeko. Hala egin zuelakoan eta "terrorismoa goratzea" egotzita, atzo goizean atxilotu zuen Guardia Zibilak Rodrigo, Erandion (Bizkaia). Libre utzi du epaileak, bermerik ordaindu gabe.

Hasier Arraiz SORTUko presidenteak gaur goizean Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan esan du ez zutela eurek antolatu harrera. Gatazkaren konponbidea oztopatu nahi dutenekin lotu du Rodrigoren deklarazioa. "Rodrigo atxilotu dute Lopez Peñaren sendiaren gertukoa delako. Kointzidentzia hori bilatu nahi izan dute harreraren atzean Sortu dagoela esan eta ilegalizazioarekin mehatxu egiteko".

Familiak ere kaleratu zuen oharra

Lopez Peñaren familiak segituan kaleratu zuen oharra, eta azaldu zuen beraien senidearen harrera ez zuela SORTUk antolatu, eta beste ezein taldek ere ez. "Ekitaldi pribatua izan zen". SORTUk ere ukatu egin du berak antolatu izana harrera, eta bai senitartekoek eta bai alderdiak Rodrigo "berehala" askatzeko exijitu dute.

Sondikako aireportura (Bizkaia) ostiral goizean iritsi zen Lopez Peña presoaren zerraldoa, eta han, harrera egin zioten. Ekitaldian "Gora ETA!" oihuak entzun ziren, eta Espainiako Gobernuaren ordezkari Carlos Urkijok Fiskaltzari abisu eman zion "terrorismoa goratzeko" delitua egon zitekeela. Ikerketa abiatzeko eskatu zion. Atzo etorri zen lehen ondorioa: Rodrigoren atxiloketa. Berri agentzien arabera, atzo jaso zuten EAEko Auzitegiko zein Auzitegi Nazionaleko fiskaltzek Espainiako Poliziak harrerari buruz egindako txostena.

Legez kanporatzeko mamua

Rodrigoren atxiloketa SORTUren balizko legez kanporatzearekin ere lotu du Espainiako Fiskaltzak. Ezker Abertzalearen alderdi berria legez kanpo uzteko datuak biltzen ari direla azaldu zuen Eduardo Torres Dulce fiskal nagusiak, eta esan zuen Rodrigoren atxiloketa beste urrats bat dela.

"Etengabeko escrache-a" egiten ari zaio PP Ezker Abertzaleari, Pernando Barrena SORTUko bozeramailearen iritzian. Legez kanporatzeko mehatxuekin "presioa" sentitzen dutela dio: "Etengabeko jazarpena da". Oharra ere kaleratu zuen SORTUk atxiloketa salatzeko: "Errepresio polizial eta judizialaren bidez konponbide prozesua baldintzatu nahi du PPk, bakearen etsaiak".

Lopez Peñaren senitartekoek azpimarratu zuten hilotza Sondikara iritsi zenean presoa zenari familiako eta lagunen artean azken agurra ematea zela asmoa, eta ekitaldi pribatua izan zela. Beraz, Rodrigok ardurarik ez duela esan, eta aske uzteko eskatu diote Auzitegi Nazionalari. Gainera, familaren ustez, ekitaldian entzun ziren "Gora ETA!" oihuen ardura "esan zituztenena" da, eta jakinarazi dute beraiek ez dutela haien jarrera beren egiten.

Aralarrek, Alternatibak eta Eusko Ekintzak (EE) ere salatu dute atxiloketa. "Bake eta elkarbizitzaren eraikuntzan" oztoporik ez jartzeko eta "terrorismoa goratzeko" delitua Zigor Kodetik kentzeko eskatu dio Aralarrek PPri, "delitu ideologikoa delako". Alternatibak "bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriako kanpaina batean" kokatu du atxiloketa. Eusko Ekintzak dio agerian geratu dela "sistema politikoaren gabezia demokratiko larria".



Geroko uzten dugu atxiloketa honen balorazio politiko sakona, bainan orain berean erraten ahal dugu krisi ekonomiko kapitalistaren ondorioz klase borrokak gogortu eta areagotzen ari direla planeta osoan. Burgesiaren erantzuna, jakina, bere diktadura indartu eta zurruntzea da, zapalduen borroken beldur. 

Zentzu honetan, Europako Estatu Burges gehienak (den-denak ez errateagatik), neofaxismorantz ari dira eboluzionatzen, erritmo ezberdinetan bada ere. Espainiaren kasuan, Frankismoarekiko haustura demokratikoa lortu ez zenez, neofranfismoaz mintza gaitezke argiro.

Azken asteetan gertaturiko guztiak hipotesi hau berresten du. Testuinguru politiko honetan, (Kapitalismoaren krisi sakona, III. Mundu Gerraren lehen zantzuak, klase borroken ugaritze eta areagotzeak, Estatu Burgesen faxistizatze prozesuak...) zer leku eta perspektiba du Oraingo Ezker Abertzaleak bultzatzen duen "bake prozesua"? Ez al dira konturatzen egoera politiko-ekonomikoak ez duela inolako zirrikiturik uzten horrelako "peace process" bat egiteko? Baldintza minimoez ari gara, bistan da, ez erabateko errendizio eta umiliazio politiko eta ideologikoa, Oligarkia neofrankistak biltazen duena.

Berriz ere erranen dugu: Euskal Iraultza Sozialista da irtenbide bakarra, eta horren aldeko borroka, bide bakarra. SORTUren baitan ari diren militante iraultzaile zintzoek ulertuko dute egia latz eta garratz hau garaiz, ala 1973ko Txile ikusiko dugu berriz Euskal Herrian? Ezin da Estatu Espainol neofrankista borboitar honekin deus ere negoziatu, irtenbide bakarra bera erabat suntsitzea da, eta bere hondakinetan, Herri Langileen Errepublika Sozialistak eraikitzea. Guri dagokigunez, Euskal Errepublika Sozialista. Noiz ohartuko dira Oraingo Ezker Abertzaleko militante iraultzaile zintzoak IRAULTZA DELA BIDE BAKARRA?

Geroak, eta Euskal Herri Langilearen borrokak, erranen!!!   

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina