LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/10

EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ!

http://www.euskalherrianeuskaraz.org/argazki300.php?zab=650&alt=500&foto=EBE2013_agoitz_espaloiaWEB.jpg&karp=1


BERRIA 2013-04-09

Nestor Esteban. EHEko bozeramailea



«Hizkuntza komunitate gisa 

erantzun beharko genieke 

erasoei eta mozketei»

 


Larunbatean egingo du Euskal Herrian Euskaraz taldeak, Agoitzen, Euskaraz Bizi Eguna. Nestor Esteban bozeramaileak adierazi du, euskararen aldeko hautua indartzeko «mugarri» izatea nahi dutela.
Ainara Arratibel Gascon Andoain


/ JON URBE / ARGAZKI PRESS
«Kezkaz». Halaxe ikusten du Euskararen egoera, Nestor Estebanek (Iruñea, 1977), EHE Euskal Herrian Euskaraz-eko bozeramaile berriak. Uste du azkenaldian hartu diren zenbait neurrik, eta egin diren hainbat murrizketek Euskararen egoera okertu dutela. Beste hizkuntza politika batzuk eskatu ditu.

Nola hartu duzu EHEko bozeramaile kargua?

Erakundean ez zaigu gustatzen karguez hitz egitea. Aldi bakoitzean gauza bat egitea tokatzen zaigu, eta orain lan hau egokitu zait. Baina denak EHEko kideak gara.

Larunbatean Euskaraz Bizi eguna egingo duzue Agoitzen. Zein helbururekin?

Oraingo honetan ere, Euskaraz bizitzeko hautua indartzeko mugarri bat izatea nahi dugu. Hautu hori indartzeko beharra ikusten dugu. Garenaz harro gaudela erakutsi behar dugu. Hori irudikatu nahi dugu. Betiere, hizkuntz eskubideen defentsaz ahaztu gabe. Aurten Euskal Herriko ekialdera eraman nahi izan dugu.

Zer-nolako egitaraua prestatu duzue?

Egitaraua prestatzerakoan auzolana izaten dugu oinarri beti. Herriko talde sozial eta kulturalek hartuko dute parte, euskalgintzarekin batera. Horrez gain, eskualdeko beste zenbait taldek ere parte hartuko dute. Jaia eta aldarrikapena uztartuko ditugu. 10:30etik aurrera denetik izango da: kale animazioa, haurrentzako tailerrak, eskulangintza azoka, herri bazkaria, kontzertuak... 18:00etan kalejira aldarrikatzailea eta ekitaldia egingo ditugu:

"Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz Bizi!" 

lelo hartuta. Protesta koloretsua eta jendetsua izatea nahi dugu.

Zergatik lelo hori?

Duela bi urte, Etxarri-Aranatzen, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta udalak hizkuntza jarreren eta jokabideen inguruko tailer bat antolatu zuten. Tailer horretan bazegoen testu bat lelo horrekin. Hor, apartheid garaian Bahama uhartean zeukaten egoera kontatzen da. Beltz bat espaloitik bazihoan eta zuri batekin egiten bazuen topo, beltza espaloitik jaisten zen. Errealitate hori Euskararen egoerara ekarri nahi izan dugu. Erdaldun batekin topo egitean, edo Euskaraz jakin eta erdaraz egiten digun batekin topo egitean, euskaldun asko, Euskararen espaloitik salto egin, eta erdarazkora pasatzen dira. Hori ez egiteko, eta Euskaraz bizitzeko apustua egiteko eskatu nahi diegu herritarrei.

Nafarroan ez dirudi politika publikoek hori ahalbidetzen dutenik.

Nafarroako Gobernutik ezin dugu ezer espero. Alderantziz, hizkuntza politika etnozida bat ari da aurrera eramaten. Hartzen dituen neurri guztiak Euskararen aurkakoak dira. Horren adibide argigarrienetakoa hezkuntzan egiten ari dena da. Gaztelaniaren eta Ingelesaren mesedetan, Euskarari kalte egiten ari zaio. Zerbait lortu bada, aurrerapauso txikiren bat eman bada, herri mugimenduaren ahaleginari esker izan da. Hori beste herrialdeetan ere gertatu da.

Iparraldean ere egoera ez da erraza.

Frantziako Gobernuak azkenaldian hartutako neurriak ikustea besterik ez dago: Hendaiako ikastolarekin gertatutakoa, Hizkuntza Gutxituen Agiria ez sinatzea... Frantsesa da haientzat hizkuntza bakarra, eta egoera kezkagarria da.

Nola ikusi dituzue Eusko Jaurlaritzak euskaran egin dituen murrizketak?

Murrizketa horiek hizkuntza politika jakin bati erantzuten diote. Ez da Euskara lehenesten. Aldatu behar dena hizkuntza politika da, eta horrek ekarriko du aurrekontuak beste batzuk izatea. Eusko Legebiltzarraren osaketa ikusita sortu zèn itxaropena zapuztu egin da.

Nola erantzun behar zaio?

Herritarrek Euskararen aldeko hautua indartzen dugun heinean, politiketan norabide aldaketa bat izan daitekeela uste dugu. Hautu hori indartzeko dinamikak herriz herri, auzo auzo, sustatu behar ditugu. Aldi berean, ona izango litzateke hizkuntza komunitate moduan erantzutea. Azterketa bateratu bat egin behar dugu, eta hizkuntza politika burujabe eta propio bat lortzeko bidean urratsak egin. Izan ere, herri euskaldunenean ere ezin da Euskaraz bizi. Horretarako masa kritiko bat badago, eta hori aprobetxatu behar da.

Dena den, euskalgintza eta herritarrak ez al dira lasaiegi egon?

Garai batean herri mugimenduak lan handia egin zuen, eta gero atomizazio bat izan zen. Administrazio publikoen politikaren ondorioz, euskalgintzako hainbat eragile ekonomikoki ito egin zituzten. Horren ondorioz, bakoitzak nahikoa zuen berea aurrera ateratzen. Baina berriro ere elkarlanaren bidean pausoak ematen ari dira, hedabideak dira horren adibide. Horretan jarraitu behar dugu.


GARA/NAIZ INFO
 
Nestor Esteban
Euskal Herrian Euskaraz-eko kidea
 
Larunbat honetan Euskaraz Bizi Eguna izanen da Agoitzen eta EHEk denak animatzen ditu parte hartzera, herri euskaldun baten bidean bertze mugarri bat jartzeko. Autobusak antolatzen ari dira han eta hemen, jaia eta aldarrikapena uztartuz ekialdeko txoko honetan egun eder bat pasatzeko.
«Euskaraz bizitzearen aldeko hautua 
indartu nahi dugu»
 
Maider IANTZI|2013/04/10
 
20130410_ehe
 
 
Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiten dugun heinean, norbanakotik hasita kolektibora, aldaketak eragin ditzakegu.
 
Kontu orokor guztiak ongi bideratuta, azken gauza txikiak lotzen harrapatu dugu Nestor Esteban EHEko kidea. «Gustura eta gogotsu» daudela dio, prestaketetan eragile mordoak hartu du parte eta Agoizko Udalarekin ere hagitz eskertuta daude, «Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!» lelodun ekimenarekin erabat bat egin duelako.

Zein da egun honen xedea?
 
Euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzen joatea da helburu nagusia. Euskaraz Bizi Eguna izena hartu aurretik, sei urtez Hizkuntza Eskubideen Eguna deitu zen eta ez zen izen aldaketa hutsa izan, atzean hausnarketa bat zegoen. Euskaraz bizitzearen aldeko hautua egiten dugun heinean, norbanakotik hasita kolektibora, aldaketak eragin ditzakegu. Bide batez, garenaren harrotasun hori kalera atera nahi dugu, herri euskaldunaren aldarrikapenaren berri eman, ideia hori zabaldu.


Joan den urtean hiriburu batera, Donostiara salto egin zenuten eta jendeak hagitz ongi erantzun zuen.
 
Lehenengo urtean, 2010ean, Etxarri-Aranatzen egin genuen, hurrengoan Gernika-Lumon, eta iaz salto handi bat egin genuen hiriburu batera. Aurten, Euskal Herriko ekialdea hautatu dugu, Agoitz. Herri honetan EHEko taldea sortu zen orain dela urte eta erdi, eta halako egun bati aurre egiteko baldintzak bazeudela ikusi genuen. Euskal Herri osoa indartu behar da, baina ekialde hori berpizte aldera apustu interesgarria iruditu zitzaigun.

Nafarroa Garaiko ekialdeko eragileekin aritu zarete.
 
Ekialdea oso aberatsa da herri mugimenduari dagokionez. Gu ere herri mugimendua gara eta auzolanean funtzionatzen dugu. Hala antolatu dugu egun hau ere eta egitaraua osatze aldera bertako eragile sozialekin, kulturalekin eta euskalgintzarekin lan egin dugu.


Horren erakusgarri, egitarau oparoa.
 
Egitarau zabala prestatu dugu, euskaldun ororentzat, adin ezberdineko jendearentzat. Goizetik hasiko gara txupinazoarekin. Erraldoien Topaketa izanen da, dianak, buruhandiak, gaiteroak, trikitilariak, abesbatza, burrunba, dantzariak, txistulariak, txaranga, haurren txokoa, herri bazkaria, Tximeletarekin dantzaldia... Seietatik aurrera eginen den kalejira aldarrikatzailea nabarmenduko nuke, «Ez zaitez espaloitik jaitsi. Euskaraz bizi!» leloarekin. Jendetsua eta koloretsua izatea espero dugu.


Lelo berezia duzue. Zer dago horren gibelean?
 
Orain dela pare bat urte Etxarriko EHEk, Euskara Batzordearen eta Udalaren laguntzaz, tailer bat antolatu zuen euskaldunok egunero bizi ditugun traben aurrean egin beharrekoaz pentsatzeko. Herrialde Katalanetatik datozen tailerrak dira. Bahama uharteetan, apartheid garaian, beltzak espaloitik jaisten ziren zuriekin gurutzatzen zirenean, baina ez zuten hori egiten beste beltz batekin topatzean. Herri Katalanetara eraman zuten ideia. Euskal Herrian ere askotan bide horretatik jo dugu, erdaldun batekin edo erdaraz mintzatzen den euskaldun batekin elkartzean euskararen espaloitik jaitsiz. Kanpaina bat egin zen Etxarrin ideia horrekin eta orain «Euskaraz bizi!» gehitu diogu lelo horri.


Lakuak 2005etik aurrekonturik murritzena bideratu du euskara sustatzera, iaz baino hamar milioi gutiago. Zein irakurketa egiten duzue?
 
Murrizketak martxan dauden hizkuntza politiken isla dira, eta hauek errotik aldatzen jarri beharko genituzke indarrak. Ez dute euskara lehentasun eta ez dute honen ezagutza bermatzen. Hizkuntza politika burujabe bat dugun heinean izanen da aldaketa benetakoa. Lakuako Gobernuaren, Nafarroakoaren edo frantses Gobernuaren hizkuntza politiketan euskaldunok menpekoak, bigarren mailakoak gara, erdarak dira nagusi. Benetako aldaketa nahi badugu, euskararen ezagutza bermatuko duten politikak beharko ditugu, lehentasuna eman eta ofizialtasuna aitortuko diotenak. Euskaraz bizitzea ahalbidetuko dutenak, propio eta burujabeak.
 Bestalde, aktualitatearekin segituz, momentu honetan oso garrantzitsuak ikusten ditugu eta guztiz bat egiten dugu Aberri Egunaren bezperan, Enbata mugimenduaren 50. urteurreneko ekitaldian, Itsasun Amets Arzallusek egin zituen adierazpenekin. «Batzuek diote hizkuntzaz ari naizelarik integrista bat naizela. Talibana ere entzun izan dut. Ez nekien hemen koherentea izateari talibana esaten zitzaionik», esan zuen.

Spot desberdin bat erabiltzen ari zarete jendea animatzeko.
 
Jakin genuen Agoitzen badela artista bat, Txema Esteban, hondar alez marrazkiak egiten dituena eta berarekin egin genuen spota. Zerbait berria egin behar genuela pentsatu genuen. Euskal Herrian behintzat berria da, euskalgintzan are gehiago. Arrakastatsua izan da, bisita nahikotxo izan ditu eta horrekin pozik gaude.

 

LARUNBATEAN, DENON AGOITZERA!!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina