
BERRIA
2013-04-28
Edurne Elizondo
 Iruñea
«Desobedientziak masiboa behar du»
Desobediente. Solidario. Ama lurraren defendatzaile. Bai eta tarta jaurtitzaile ere. 1996an Itoizko kableak mozteagatik lau urte eta hamar hilabeteko espetxe zigorra jaso zuen Julio Villanuevak (Iruñea, 1958), eta kartzelan sartu zuten; 2011n, tarta bat bota zion Nafarroako Gobernuko presidente Yolanda Barcinari, eta horregatik, bost urteko espetxe zigorra eskatu du fiskalak harentzat; seikoa, berriz, akusazio partikularrak. Desobedientzia zibilaren bidetik egin du beti aurrera.
Hamar urte joan dira Itoitz eta bertze herriak bota zituztenetik. Zer sentipen duzu?
Jendea
 ohitu egiten dela iruditzen zait. Ahaztu egin zaiola gertatu zena. 
Agoitzen bizi direnentzat autodefentsarako tresna ere bada hori, mamu 
beltz baten ondoan bizi behar dutelako. Lurrikarak ez dira gelditu. 
Mehatxu horrekin bizi behar dute. Itoizko urtegiak inoiz ez du normal 
funtzionatuko.
Itoitz eta bertze herriak suntsitu zituztenean,
 herritarrek zigortzat jo zuten etxeak eraitsi izana. Nola gogoratzen 
duzu momentu hori?
Urtegiaren aurkako borrokan izan zen oso 
momentu gogorra. Ikusten genuen hori gertatuko zela, borroka fronte hori
 zabaldu egiten zela, eta hilabeteak eman genituen herrien defentsa 
prestatzen, Itoitzen eta Artozkin. Oso eraso bortitza izan zen. 
Herrietan ziren taldekideen bizitza arriskuan jarri zuten etxeak behera 
botatzeko.
Herria husteko operazioa, hain zuzen, erreskate operazio bilakatu zen, une batean. Horixe erraten zuen Nafarroako Gobernuak.
Estrategia
 hori erabili zuten nahi zutena egiteko. Erreskate hitza aipatuz, mahai 
gainean jartzen zuten hildakoak izateko aukera. Sekulako sarraskia egin 
zuten, jendea, oraindik ere, etxeetan zela. Taldekideak etxe barruan 
egonda hasi ziren hondeamakinekin eraikinetako hormak behera botatzen. 
Jokaldi guztiz kriminala izan zen.
Itoitz borrokaren ikur izan zen. Min egitea zen helburua?
Itoitz
 ikur bat zen, eta ikur hori behera bota nahi izan zuten. Nagoren ere, 
Miguel Zazperen etxea izan zen bota zuten lehena. Zazpek, hain zuzen, 
urtegiaren aurkako jarrera sendoa izan zuen beti. Etxea bota zioten 
gauzak ateratzeko ia denborarik eman gabe. Oso momentu tragikoa izan 
zen. Pertsonen eta animalien gainetik bota zuten dena. Ahalik eta 
azkarren bukatu nahi zuten.
Itoitzen eta Artozkin estrategia 
ezberdina baliatu zuten. Itoitzen zuek uste baino lehenago sartu ziren; 
Artozkin, berriz, herria hustu eta handik hamabost egunera. Zergatik?
Ez
 dakit zein izan zen estrategia aldatzeko arrazoia. Akaso ez zuten 
Itoitzen bezain baldar jokatu nahi. Artozkin aukera izan genuen han bizi
 nahi genuela erakusteko, beste eredu alternatibo bat nahi genuela 
agerian uzteko. Nik uste dut Artozkin gu nekatzen saiatu zirela, 
pentsatuz gure borrokak behera eginen zuela. Baina hanka sartu zuten. 
Denborak aurrera egin ahala, orduan eta sendoago ginen. Jende asko joan 
zen Artozkira, ekinbideak sortu ziren, eta hamabost egun haietan 
sekulako oihartzuna izan zuen borrokak. Haiek ere konturatu ziren 
horretaz, eta bertan behera utzi nahi izan zuten, berehala.
Zuk
 ezin izan zenuen zuzenean parte hartu herrien defentsan, kableak 
mozteagatik jasotako zigorra betetzeko atxilotzeko agindua baitzegoen 
zure kontra. Gogorragoa izan zen?
Izan zen berezia. Ezin izan
 genuen defentsa aktiboa egin, baina han izan ginen. Atzean. Defentsa 
prestatzeko lanetan. Ahal izan genuen neurrian parte hartu genuen. 
Herriak husteko eguna ailegatu zenean, alde egin genuen.
1995.
 urtean jarri zen martxan Itoitzekin Elkartasuna taldea. Itoitzekin 
zenuen harremana lehenagokoa zen, ordea. Nola sortu zen?
Ama 
lurraren defentsan ari ginen taldeon artean harremana bazen. Abiadura 
handiko trenaren aurkako borrokan ari nintzen, eta Itoizko 
Koordinakundeko jendea ezagutzen nuen. Urtegiaren mehatxua sortu zenean,
 borroka horrekin bat egin nuen ere. Obrak hasi zituztenean, mehatxua 
benetakoa zela konturatu ginen. Halako proiektuekin gertatzen da jendeak
 uste duela ez direla gauzatuko. Baina lanak hasi ziren. Eta Itoitzekin 
Elkartasuna sortu zen, oposizioa agerian uzteko. Proiektuari ezezko 
biribila emateko. Gure helburua hasieratik izan zen obrak gelditzea.
Epaileen sententzia bazegoen, gainera.
Bai.
 Sententzia horrek ematen zigun sostengua. Sententzia horrek esan zuen 
obra legez kanpokoa zela. Baina 24.000 milioi pezetako [144,2 milioi 
euro] bermea ezarrita, ezinezkoa zen betetzea. Ebazpena kontuan izanda, 
ordea, obrak gelditzeko erabateko zilegitasuna bagenuela uste genuen 
guk. Erdi txantxetan esaten genuen gu ginela epaitegiaren ebazpena 
betetzeko eragile fisikoak.
Zaila izan zen kableak mozteko erabakia hartzea?
Ez
 zen oso zaila izan. Hainbat aldiz zintzilikatu ginen kableetatik, moztu
 baino lehen. Ekintza sinbolikoak ziren, baina ez ziren oso 
eraginkorrak. Horregatik erabaki genuen kableak moztea. Erabaki nahiko 
logikoa izan zen. Pentsatuz, hala ere, hilabetez edo geldituko genituela
 lanak. Ia urtebetez gelditu genituen, ordea.
 
 
Ondorioak latzak izan ziren zuentzat. Espero zenuten?
Kaltea
 eragiteagatik epaituko gintuztela uste genuen guk. Eta horregatik ez 
zaituzte espetxean sartzen. Zorrotzak izan ginen, eta obretan inor ez 
zegoen momentuan joan ginen. Baina zinpekoa han zen, eta aitzakia hori 
baliatu zuten legez kanpoko atxiloketa egozteko. Azkenean, lau urte eta 
hamar hilabeteko espetxe zigorra ezarri ziguten.
Kriminalizazio saioak areagotu ziren une horretan. Nola bizi izan zenuten orduko tentsioa?
Gu
 kriminalizatzeko ahalegina bortitza izan zen. Hedabideetan zabaltzen 
zuten terroristak ginela. Baina nik uste dut jendeak ez zuela amu hori 
erantsi, ekintza oso garbia izan baitzen. Sekulako jipoia jaso genuen, 
eta ez genuen alde egin. Egindakoaren ardura hartu genuen. Horrek 
zilegitasuna eman zigun. Gure dinamikarekin koherente izan zen ekintza 
hura. Publikoa, eta ez bortitza.
Gaur egungo ikuspuntutik, nola ikusten duzu egindako lana?
Nik
 uste dut oso ekintza interesgarria izan zela, eta piztu zuela halako 
garra. Urtebetez gelditu genituen lanak. Garai hartan, proiektua 
gelditzeko esperantza bazen. Izan zituen ondorio latzekin ere, ekintza 
positiboa izan zela uste dut. Onartu behar dugu haiek irabazi zutela, 
urtegia egin baitzuten, baina gure ahalegina eta gure lana hor daude. 
Eta denborak erakutsi digu arrazoia alde genuela. Ez da bakarrik 
herrietan egin zuten txikizioa, edo ingurumenean eragin zuten kaltea; 
Rosario Brinquisen ikerketak agerian utzi du ere ikuspuntu ekonomikotik 
justifikaziorik gabeko azpiegitura dela.
Orduan ere bideragarritasunik eza salatzen zen. Zaila zen, ordea, halako argudioak zabaltzea?
Zaila
 zen, bai. Eta huts egin genuela uste dut nik. Guk, bai eta Itoizko 
Koordinakundeak ere, herrien defentsari, kultur ondarearen defentsari 
eman genion lehentasuna, baina ez genuen ongi landu urtegiaren atzean 
gauzatzen ari zen operazio ekonomikoa, auzi hori salatzeko.
Zergatik ez?
Urtegia
 egin eta gero, borroka utzi genuen. Jendea erreta zegoen. Urte luzeko 
borroka izan zen, eta nekatuta geunden. Ez genuen sobera adorerik izan 
Nafarroako ubidearen kontra borrokatzen jarraitzeko. Ekarriko zuen 
txikizioa ikusten genuen, ordea. Erdi Arora itzultzen gaitu. Ura 
pribilegio bilakatzen du, eta agroindustriako monopolioa bultzatzen du. 
Gutxiren esku gelditzen dira lursail guztiak. Ubidearekin atzera egin 
dugu nabarmen.
Ura eskatzen zutenek ere hori ikusten dutela uste duzu?
Uste
 dut konturatu direla engainatu zituztela. Nekazariak ere ari dira 
esaten ez dutela Itoizko ura nahi. Ureztatze sistema tradizionalak 
kendu, eta derrigorrez Itoizko ura hartu behar dute. Lehen merke zena, 
orain garesti ordaindu behar dute. Haiek ere konturatzen dira horrek ez 
duela batere zentzurik.
Itoizko borroka utzi zenuen, baina 
AHTaren aurkakoa ez. Nafarroako presidente Yolanda Barcinari tarta  bat 
jaurtitzeagatik kableak mozteagatik baino zigor handiagoa jaso dezakezu.
 Zer deritzozu?
Kableak moztu genituenean obrak gelditu 
genituen. Tartakadekin, berriz, ez genuen deus lortu. Zalaparta pixka 
bat bakarrik. Bi ekintzengatik, ordea, antzeko zigorra jaso dezakegu, 
eta hori tamalgarria da. Horrek adierazten du zer-nolako sistema dugun. 
Bere burua hain zakarki defendatzen duen sistemak zilegitasun eza 
erakusten du. Borroka kriminalizatu besterik ez dute nahi.
 
Desobedientzia zibila oztopatu?
Duela
 hamabost urte egiten genituen hainbat ekintza egun ezin izanen 
genituzke hain erraz egin. Zigor kodea gero eta gogorragoa da, gure 
desobedientziak min egiten dielako. Sistema gotortu egiten da horren 
aurka.
Borroka moldeak egokitu behar dira ere?
Garaia
 aldatu da, eta guk ere garai berrietara egokitu behar dugu. Egun, gure 
taldeak bide motza eginen luke, espetxean izanen ginen denak. Ikasi dugu
 desobedientziak masiboa behar duela izan; ahalik eta jende gehienak 
parte hartu behar du. Egun, desobedientziak inoiz baino zilegitasun 
handiagoa du. Ilusioa piztu behar dugu, gauzak lor daitezkeela 
erakusteko.

 
 
BERRIA 
ABIADURA HANDIKO TRENA
AHT Gelditu! Elkarlanak ere
Nafarroako egungo proiektua
ez dutela eginen erran du
Bultzatzaileek Castejon eta Campanas arteko
 zatiari baino ez liokete eutsiko, taldeko kideen hitzetan, "AHT zatirik
 motzena eta zentzugabeena eginez".
Edurne Elizondo   2013-04-29 - 14:06:05
Ez dutela Nafarroako AHTaren egungo proiektua eginen. Horixe berretsi du AHT Gelditu! Elkarlana taldeak. Joan den astean horixe bera erran zuten Aralar-NaBaiko parlamentari Txentxo Jimenezek eta Sustrai Erakuntza Fundazioak.
AHT Gelditu! Elkarlanak ere egungo proiektua ez dutela gauzatuko uste du. Hori errateko "informazioa" dutela azaldu du taldeko kide Luis Iriartek.
Apirilaren 8ko Nafarroako presidente Yolanda Barcinaren eta Espainiako Sustapen ministro Ana Pastorren arteko bileraren ondotik plazaratu zuten prentsa oharrak ere Nafarroako proiektua aldatzeko asmo agerian uzten zuela erantsi du. "Zaragoza eta Castejon arteko abiadura handiko zatia ez da eginen; eta Iruñea eta Euskal Y-aren artekoa ere ez. EAErekin lotura Gasteiztik eginen litzateke. Beraz, Zaragoza eta Euskal Y-aren arteko abiadura handiko tarte bakarra Castejon eta Campanas artekoa litzateke", erran du Aitor Elizaldek.
 
 60 kilometroko bidea izanen litzateke hori. "AHT zati motzena eta eta zentzugabeena", nabarmendu du Elizaldek. Gainerako zatietan egungo trenbidearekin eginen lukete bat, hirugarren errailaren bidez, Europak ezarritako zabalerara egokitzeko aukerarekin. Hori dela eta, AHT Gelditu! Elkarlanak Nafarroako obra guztiak bertan behera uzteko eskatu du, bai eta Euskal Y-arenak ere.
Zalantzak agertu dituzte taldeko kideek proiektuaren bultzatzaileen asmoen inguruan. "Zergatik jarraitzen du Nafarroako Gobernuak Castejon eta Campanas arteko zatia egiteko tematzen? zer mesederen truke egiten du hori?", galdetu dute.

AHT
Txentxo Jimenezek dio
Espainiako Gobernuak
Nafarroako egungo proiektua
baztertuko duela
Aralar-NaBaik mozioa aurkeztu du Nafarroak 
AHTaren lanak bertan behera utz ditzan. "Senak eta dugun informazioak 
adierazten digute egungo korridorea moldatu eta Gasteiztik lotuko dutela
 EAErekin", erran du parlamentariak.
Edurne Elizondo   2013-04-24 - 14:21:48
Abiadura Handiko Trenaren 
Nafarroako proiektua bazter utziko du Espainiako Gobernuak. Horixe uste 
du, behintzat, Nafarroako Parlamentuko Aralar-NaBai taldeak, eta halaxe 
azaldu du Txentxo Jimenez parlamentariak jendaurrean. 
Espainiak egungo egitasmoa moldatuko du, Jimenezen hitzetan. "Senak hori erraten digu, eta ziur gara hala eginen dutela". Senaz eta usteaz harago, hori errateko "informazioa" ere badutela erantsi du Jimenezek. Informazio horren arabera, egungo proiektua baztertu, eta egungo tren korridorea baliatuko luke Espainiako Gobernuak, moldatzeko, aldaketa teknikoak egiteko, eta EAErekin lotzeko.
Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera zehatz egiteko: Nafarroako zatiko lanak bertan behera utz ditzala, berehala, eta ez dezala bertze lanik esleitu, batetik; bigarrenik, obrak egiteko ardura duten enpresekin negoziatzeko eskatuko diote gobernuari, indarrean diren kontratuak eteteko; eta hirugarrenik, Nafarroari Espainiarekin negoziazioa has dezala eskatu diote, obrak ordaintzeko dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko.
"Nafarroako Gobernuak ezin du aurrera jarraitu lanekin, egungo egitasmoa ez baita gauzatuko. Erokeria da dirua xahutzen jarraitzea, proiektu hori ez baita eginen", erran du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bi erakundeok Espainiako Gobernua presionatu nahi baitute, parlamentariaren ustez, Nafarroako AHTaren proiektua Gipuzkoarekin lotzeko.
Jimenezek gogoratu du Espainiak Nafarroan egin beharreko obretako bakarra ere ez duela hasi ere egin.
Espainiak egungo egitasmoa moldatuko du, Jimenezen hitzetan. "Senak hori erraten digu, eta ziur gara hala eginen dutela". Senaz eta usteaz harago, hori errateko "informazioa" ere badutela erantsi du Jimenezek. Informazio horren arabera, egungo proiektua baztertu, eta egungo tren korridorea baliatuko luke Espainiako Gobernuak, moldatzeko, aldaketa teknikoak egiteko, eta EAErekin lotzeko.
Hori dela eta, mozioa aurkeztu du Aralar-NaBaik Nafarroako Parlamentuan, Nafarroako Gobernuari hiru eskaera zehatz egiteko: Nafarroako zatiko lanak bertan behera utz ditzala, berehala, eta ez dezala bertze lanik esleitu, batetik; bigarrenik, obrak egiteko ardura duten enpresekin negoziatzeko eskatuko diote gobernuari, indarrean diren kontratuak eteteko; eta hirugarrenik, Nafarroari Espainiarekin negoziazioa has dezala eskatu diote, obrak ordaintzeko dituzten hitzarmenak bertan behera uzteko.
"Nafarroako Gobernuak ezin du aurrera jarraitu lanekin, egungo egitasmoa ez baita gauzatuko. Erokeria da dirua xahutzen jarraitzea, proiektu hori ez baita eginen", erran du Jimenezek. Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren jarrera salatu du, bi erakundeok Espainiako Gobernua presionatu nahi baitute, parlamentariaren ustez, Nafarroako AHTaren proiektua Gipuzkoarekin lotzeko.
Jimenezek gogoratu du Espainiak Nafarroan egin beharreko obretako bakarra ere ez duela hasi ere egin.

 
  
 

 
  

 
  
  
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina