LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/09

Apirilaren 19an, EUSTAKIO MENDIZABAL "TXIKIA"ren heriotzaren 40 urteurrena




TXIKIA ZUEN GUDA IZENA...




Heldu den asteko ortziralean, 2013ko apirilaren 19an, Eustakio Mendizabal Benitoren asasinatzearen 40. urteurrena izanen da. Algortan hil zuten, Ortzegun Saindu batean, 1973an.

Idazlea, poeta, gudaria, iraultzailea... "Txikia"ren nortasunak markatu zuen ETAren norabidea zenbait urtez, bertze militante batzuekin batera, jakina.

Abertzaletasun iraultzailearen eredu, euskalduntasunarena ere bai, blog honetan hiru idazki eskaini dizkiogu, iazko udan izkiriatuak,  "Poesia Gorria" sailean, abuztuaren 10ean argitaratuak hirurak, EUSKARA TA ASKATASUNAREN POETA" izenburuaz.
 

 

28 urte zituen hil zutelarik, eta ni zorretan sentitzen naiz berarekin, eta gainontzeko gudari guztiekin ere. 28 urte zituen, eta nik 48 urte baditut... 20 urteko propinak eman dit Biziaren Andereak... Eta bai, zorretan sentitzen naiz Eustakiorekin, eta horregatik ekarri nahi dut honat nik maiteen dudan bere poema:



“Gizonen pausoak itsasora
dijoazen urak dira…
heriotzaren gurpilak garamaz
ilunpetako hobira,
argia gautzen eta bizia
finitzen dan ur haundira.

Egun xintak gaua dakar,
biziaren gau gordina!
Bainan heriotz guziak
ez dute erranahi berdina.

Goiz ihintzak sortutako lorea
arratsean hiltzear dago…
Hala, gu ere herio segak
denok gaitu eramango…
Bainan heriotz batzuk ditugu
besteak baino pisuago.
Herri interesengatik hiltzeak
mendien pisua dauka,
bainan faszisten morroi bizi ta
zapaltzaileentzat hiltzea
xoriñoen luma grisa baino
pisu gutiagokoa da.

Ideal gabe morroi hiltzeak
ez du deus ere balio…
Herriagatik hil danak aldiz
bizitzari argi dagio…
Ur guziak ez dira gaziak
herio denak ez herio.”
 
1969an idatzia
 
Eta nola ez aipatu bertze poema hau, Euskal Iraulzaren ikurra, Herri Langile Euskaldunaren irrintzia, irakurtzen dudan bakoitzean begiak malkotan jartzen dizkidana?

EZ ETSI

“Ene Herria
Ez etsi
Ez da oraindik iritsi
Baina
Ez etsi ...
Eta eutsi!
Noizbait beharko baita iritsi
Kantuari ez utzi
Eta
Borrokaren dantzara jautsi
Oinaze minez hil zirèn semeak goretsi
Bizia baitzuten utzi
Baina kantuari ez utzi
Eta
Ez etsi
Ez etsi
Ez etsi.”


 Data sinboliko eta esanguratsu horretan, blog honek, "EUSKAL IRAULTZA SOZIALISTA", bere lehenadabiziko bilera eginen du. Kontua da 2012ko uztailean abiatu nuela bloga, hasieran ekimen pertsonal gisa. Bederatzi hilabete joan dira geroztik, haurdunaldi bat, nonbait, eta bada garaia bertze militante abertzale eta sozialista iraultzaileek modu kolektibo eta antolatu batean blogeko martxan parte hartzeko. Horretarako egine dugu bilera bat, heldu den asteko ortziralean, apirilaren 19an, arratsaldeko 7etan, Berriozarko Udaletxeko KULTURGUNEan. Berriozar Iruñerriko iparraldean dago, Iruñetik borts kilometrorat-edo...

Blog honek egiten duen lanarekin ados bazaude, zure kritikak, proposamen eta iradokizunak egin nahi badituzu, orri ahauetan zerbait idatzi nahi baduzu, edo bertzerik gabe, Euskal Iraultza Sozialistaz eztabaidatu nahi baduzu, zatoz, beraz, apirilaren 19an Berriozarrera. Hantze izanen nauzue, zain.


«Txikia zuen guda-izena
bera gizon osoa izan arren
Mendizabal Sasetaren hurrena
biak txiki, bizkor eta lerden
Saseta hil zen gudarien aurrean
Mendizabal hil zaigu bakarrik
baina biok daukate herri osoa
atzo ta gaur euren atzetik
Euskadirentzat hil dire-ta
gorputzak arantzaz beterik.
Harro hadi Kantauri itsasoa
ta heien betiko loa betiko kanta zak
Geroari esaiok olatuetan
Herri-izarrak ez direla itzaltzen
gure haurrek biharko ikastoletan
heien izenak abestu ditzaten
arantzetan biak hil baitziren. »

Telesforo Monzón
 
  

11 iruzkin:

  1. "Bainan heriotz guziak
    ez dute erranahi berdina.

    (...)

    Bainan heriotz batzuk ditugu
    besteak baino pisuago.
    Herri interesengatik hiltzeak
    mendien pisua dauka,
    bainan faszisten morroi bizi ta
    zapaltzaileentzat hiltzea
    xoriñoen luma grisa baino
    pisu gutiagokoa da.

    Ideal gabe morroi hiltzeak
    ez du deus ere balio…”

    Hehe, hau Mao-k zuen lehendabizi idatzi !
    Eta zer egiagorik...

    Oso oso haundia Txikia !

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa, lagun anonimoa!

    Ez nekien Maok poemak idazten zituenik. Mesedez, erraten ahal didazu ereferentzia, nosi eta non izkiriatu zituen horrelako poesiak? Gustora irakurriko nituzke.

    Milesker aldez aurretik!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  3. Iep!

    Bere idazki hori ez da poema, ez dut uste idazten zituenik. Hemen aurkitu dut adibidez :


    Allí donde hay lucha, hay sacrificios, y la muerte es cosa corriente. Pero, para nosotros, que tenemos la mente puesta en los intereses del pueblo y en los sufrimientos de la gran mayoría, es una muerte digna morir por el pueblo. No obstante, debemos reducir al mínimo los sacrificios innecesarios.

    (…)

    Todos los hombres han de morir, pero la muerte puede tener distintos significados. El antiguo escritor chino Sima Chien decía: Aunque la muerte llega a todos, puede tener más peso que el monte Taishan o menos que una pluma. Morir por los intereses del pueblo tiene más peso que el monte Taishan; servir a los fascistas y morir por los que explotan y oprimen al pueblo tiene menos peso que una pluma.

    Servir al pueblo
    (8 de septiembre de 1944),
    Obras Escogidas, t. III.


    http://rsamadrid.wordpress.com/2011/11/24/mao-sobre-la-muerte/

    ErantzunEzabatu
  4. Aupa, laguna!

    Milesker aunitz, bihotz-bihotzez! Zuk emandako informazioak ematen duen baino garrantzi handiagoa du, zinez eta benetan! Azke egunetako polemika segitu baduzu, gheinbat EKI eta bion artekoa, behin eta berriz agertu izan da Ezker Abertzalean eta ENAMen aski errotuta dagen aurreiritzi bat: marxista-leninistak, komunistak, ez dira abertzaleak, edota ez dira abertale izaten ahal... Behin eta berriz azpimarratzen da hori, eta Abertzaletasun Iraultzailea kontrajartzen zaio Teoria Iraultzaile Sozialista eta Komunistari, bi kontu ezberdinak bailiran... Ez da kontuan hartzen Abertzaletasun Iraultzailearen kontzeptua, ETAren V. Biltzarrean zehaztua, MAO eta HO TXI MINH-en gogoeten bidez iritsi zela erakunderat.

    Normalean polemika horietan Txikia eta Txomin aipatuak izaten dira, "abertzale huts" izandu bailiran... Horregatik inportantzia itzela du jakiteak Eustakioren poema handiena, ederrena, zirraragarriena (eta profetikoena ere...), MAO ZE DONg-en hitzetan oinarrituta dagoela. Datu oso garrantzitsua da, abertzale antikomunisten aurkako eztabaidetan erabiltzeko, argiro frogatzen baitu Eustakio Mendizabalek MAO ezagutzen zuela, irakurria zuela, eta estimatzen zuela. Eta gainera, Peixotok TXIKIAren liburutegian, bertzeak bertze, CHE Guevararen idazlan guztiak aurkitu zituen. Eta CHE, denok dakigun/dakikegun/jakin beharko genukeen bezala, komunista marxista-leninista bat zen, ez kamixeta bat, ezta tixerta ere...

    Berriz ere, esker mila, lagun!

    Bidenabar: uda honetan egiteko, Euskal Herri Unibertsitate Gorria prestazen ari gara, EHUNGORRI, EHKko lagun batzuk eta ni. ELEKA fundazioak antolatuko du, jakina, eta bertan Marx, Engels, Lenin, Stalin, bertze boltxebikeak (Trotski, Bukharin, Preobazhenki, Zinoviev, Piatakov...), MAO, CHE eta ENAMen historia (1952-2012) zein bere Teoria eta Estrategia Iraultzailea aztertuko ditugu. Den-dena Euskaraz, prefosta, euskaldunak garelakotz, ez espainolak edo frantsesak.

    Kontua da gai hauek prestatu eta dinamizatzeko, badagoela jendea, Euskal Herriko Komunistak taldekoak batzuk, bertze batzuk talde diferenteetakoak. Baina MAOren gaia jorratukop duen euskaldunik ez dugu aurkitzen. Animatuko zinateke? Badirudi MAO aski ongi ezagutzen duzula... Erranen didazu, lagun!

    Berriz ere, milesker aunitz!

    Nahi duzun artio!

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu
  5. Hona hemen programa, lagu eta burkide!

    Formazioari dagokionez, jakin dugu udarako Euskal Unibertsitate Gorria prestatzen ari direla lagun batzuk, Euskaraz, jakina, eta bertan honako gai hauek jorratu nahi dituztela:

    1.- Marx eta Engels: biografia intelektuala. Sozialismo Zientifikoaren oinarriak.
    2.- "Das Kapital": ekonomia politikoaren kritika.
    3.- Henryk Grossmann eta Marxek "Das Kapital" idazteko erabili zuèn metodoa.
    4.- Gaur egungo krisi kapitalista globala "Das Kapital"-en argitan.
    5.- Lenin eta Alderdi Iraultzailearen eraikuntza.
    6.- Lenin eta Nazioen auzia.
    7.- Lenin eta Estatu Proletarioa.
    8.- Lenin eta Inperialismoa, Kapitalismoaren fase gorena.
    9.- Gaur egungo Inperialismo globala Leninen teoriaren argitan.
    10.- Stalin-en biografia politikoa. Bere sei idazki mugarri.
    11.- Boltxebikeen "Eztabaida Handia": Sozialismoa Herrialde bakar batean versus
    Iraultza Iraunkorra: Stalin, Trotski, Preobazhenski, Zinoviev, Piatakov,
    Bukharin, Varga...
    12.- Mao Tse Tung eta Txinako Iraultza.
    13.- Ernesto CHE Guevara.
    14.- "Bigarren eztabaida Handia": "Vietnam bat, bi hiru, asko sortu" versus
    "Koexistentzia baketsua". Errebisionismo sobietarra versus Etengabeko Iraultza.
    15.- ENAM-en historia eta bihurguneak: 1952-2012.
    16.- Euskal Teoria Iraultzailea: Etxebarrieta anaien eta Argalaren pentsamendua,
    ETAko V., VI. eta VII. Biltzarrak.
    17.- Euskal Iraultza Sozialista gaur: estrategia iraultzailea Euskal Herrian XXI.
    mendean.

    Ikusten duzunenez, programa oso anbizioatsua da, aberatsa eta sakona. Ea lagun hauek aurera eramatea erdiesten duten!

    ErantzunEzabatu
  6. Nik euskal askapen mugimenduaren teoria iraultzailearen berezkotasuna azpimarratu nuen marxismoa ere bere baitan biltzen duela aipatuz.Ez dut eztabaida errepikatuko,baina iruzkin batean nere izena nere ideietatik kontrajarritako beste ideia batzuekin nahastua ikusi dut eta argitu nahiko nuke ez naizela ni behintzat abertzaletasuna eta komunismoa uztarrezin direla diotenetarikoa,alderantziz baizik.Hori argitzeko.
    Bestetik Fermintxo,luzatu gonbidapena eskertzen dizut eta blogaren garapena interes handiz segituko dut.Bestetik askapen borroka honetan ia egunero dugu eroritako borrokalariren baten urteurrena eta kasu gehien gehienak ia oharkabean pasatazen dira...martxoaren 26an adibidez 16 urte bete ziren Josu Zabalaren erailketatik eta nik behintzat inon ez dut ikusi ez omenaldi eta ez gertakariaren salaketa ekimenik ere...Mintegi,Casanova etabarrek Buesa eta beste omentzen dituzten honetan argigarria dugun sasi-normalizazioaz eta batzuen jokaeraz!

    ErantzunEzabatu
  7. EKI, hire aipamenak bihotz zolaraino hunkitu naik, Josu Zabala eta biok elkarrekin ibili baikinen AEKn, Iruñezar euskaltegian, hain zuzen ere. Eta ondoren erakundean, Nafarroa taldean, baina garai ezberdinetan... Eta nik ere bere urteurrena ahantzi diat! Hanka sartze hau gaur bertan zuzenduko diat...

    Milesker Basajaunaren oroitzapen maitagarria nigan berpizteagatik, bertze arrazoin (eta sentimendu!) handi bat borroka honetan segitzeko!

    Izan ongi, EKI!

    ErantzunEzabatu
  8. apa! orriari begibista bat botaz, eta irakurriz.... ongi dago bai eroritako gudariak gogoratzea, iraultzaileak, eta abar luzea.... bat nator zuekin,eta asken hilabeteetan feminismoaren inguruan bai izar gorri eta fermintzok, eginiko testuekin pozaren pozez jarri naiz. Baina esan beharra dago, emakumeak ere iraultza honetan, lan handia egin dutela, eta ez duzue neska gudarietaz inondik inora idatziren bat egin.... nun daude, datu guzti hoiek!
    borroka hau emakume ta gizonena da, biona!!!
    Ikusi det ere unibertsitate gorria egin behar duzuela, eta neskari esan diot ea animatuko garen juaten... zehazten direnean datak, lekua... eta badakizue zer esan didan? eta zer gertatzen da emakumeekin, zergaitk ez rosa luxdemburgoren hitzaldi bat, edo hemengo gudariren bat zehaztu,..... horra hor proposamena.
    agur bero bat, eta jo ta ke irabazi arte.

    ErantzunEzabatu
  9. Aupa, lagun anonimoak!

    Zuen kritikak aztertu ditugu, eta ikusi dukezuenez, larunbatean ELEKA Jesus Larrañaga kolektiboa aurkeztu zen Portugaleten. Aurkezpena ondoren bileratxo bat izan genuen eta zuek ekarpenak eta kritikak aipatu genituen. Euskal Herri Unibertsitate Gorrian kontuan hartuko ditugu, eta sarrera horretan behin behineko programa aurkituko duzu. Saiatuko gara genero ikuspegi feminista lantzen, eta emakume iraultzaileen ekarpenak agertzen: Jenny Marx, Mary eta Lizzy Burns, Flora Tristan, Louise Michel, Nadezha Krupskaia, Emma Goldman, Alexandra Kollontai, Clara Zetkin, Rosa Luxemburg,Jia Qing, Aleida March eta bertze hamaika...

    Zuek kritika bat egin duzue, eta nik ere kritika bat egin nahi dizuet: erran zure neskalagunari blog hau ez dela supermerkatu bat, hau da, erosi nahui duzun guztia eskaini behar duen saltokia. Blog hau denon artean eraiki behar dugu, eta irakurle batek Feminismoaren hutsa nabarmendu zuelarik, BERAK EGIN ZUEN EKARPENA, BERAK LAGUNDU ZUEN BLOG HAU HOBETZEN. Gaur egungo Kapitalismoak "kontsumitzaile" mentatlitatea garatzen du gure baitan, "erosle" jarrera, eta ez parte hartzailearen jokaera, militantearena, subjektu aktiboarena. Erran zure neskalgunari Euskal Herri Unibertsitate Gorrirat etortzeko, eta bere ekarpen feminista sozialista iraultzaile guztiak gurekin eta gure artean egiteko, pozaren pozez eztabaidatuko dugu berarekin, eta jakina, aunitz ikasiko berarengandik.

    Erranen didazue zer pentsatxen duzuen. Izan ongi, lagunok!

    ErantzunEzabatu
  10. Oatiaz, esan du nire neskalagunak irakurri diodanean idatzi duzuna, bai nahiko haserratu ere, zure hitznegandik. "Hau ez dela supermerkatua" badakigu anitz asko ez dela supermerkatua, baina tira, eskatzea libre omen da. Beste gauza da, eskatzen dena jasotzea. Emakumeak!!! esango nuke, baina egie esan berarekin ados nago, liraindua ere sentitu naiz, zure idazkia irakurri eta gero, eta beno pentsatuko dugu parte hartu edo ez, oraindik aidean dago.
    Pozten gara, norbaitek zure blogean lagundu izana, hutsune hori betetzen, eta biba esango genioke horrela jokatu duen neska horreri ( suposatzen dugu neska dela) baina tira, gu ez gara idazle onak, beraz ezin lagundu... gainera orian minduta gaude oso.
    beste bat arte, eta hora popatik hartzera!! hire iraultza gorriarekin.

    ErantzunEzabatu
  11. Antza denez, hemen jendea aise mintzen da, eta aiseago bidaltzen du edonor popatik hartzera (erramolde homofobo xamarra iduritzen zait...) Zailagoa omen da lan egitea eta ikusten diren hutsak norberak konpontzea, bertzeei eskatu -edota exijitu- gabe. Aurreko iruzkina anonimoa zenez, ezin erantzun behar eta merezi bezala, baina pozik nago horrelako jarrera arin, zakar eta friboloa duen jendea blog honetatik agertzen ez bada.

    Beraz, lagun anonimoak, izan ongi eta zoazte zoriontsu izatera, eta eman bakea Iraultza egin nahi dugunoi. Aski izan da kritika ttiki bat egitea zuen zinezko izaera eta nortasuna agerian uzteko.

    Aio, eta betikotz, agian!

    ErantzunEzabatu