IRAULTZAILE,
SOZIALISTA
ETA FEMINISTA
Roxa Luxemburg 1871ko martxoaren 5ean jaio
zen Zamosc izeneko hirian, Lublin ondoan, Polonian, familia judutar batean. Bere aita,
Eliasz Luxemburg, zura-komertziantea zen, eta bere amak, Line Löwenstein, etxean egiten zuen lan. Polonia orduan hiru Inperioren artean banatutako nazio bat zen: Austria-Hungaria, Prusia-Alemania eta Errusia. Rosa Inperio errusiarraren mendeko Polonian sortu zen. Txikitan hazkundearazoak izan zituen, eta bost urte zituela ohean egon behar izan zuen luzez, elbarri. Betiko gelditu zitzaion ibiltzeko zailtasuna. Herrena zen. Bainan eritasun horrek ez zuen hondoratu, alderantziz baizik: bere bizi indarra eta borondatea izugarri sendotu zituen.
Bere ekinbide politikoa gaztetatik hasi zuen, 16 urte zituela, 1886an, “Proletalgoa” izeneko Alderdi Iraultzaile Sozialistan militatzen hasia baitzen. Orduan nesken Institutu batean ikasten zuen, Varsovian.
Bere ekinbide politikoa gaztetatik hasi zuen, 16 urte zituela, 1886an, “Proletalgoa” izeneko Alderdi Iraultzaile Sozialistan militatzen hasia baitzen. Orduan nesken Institutu batean ikasten zuen, Varsovian.
Varsoviako unibertsitatean ekonomia
politikoaren klasikoak sakonki aztertu zituen bere militantzia alde
batera utzi gabe. Luxenburgen militantzia politikoaren lehenengo
urteetan, Poloniako mugimendu sozialisten arteko gatazkak bizi izan
zituen, auzi nazionalaren inguruko lehenengo gogoetak garatuz.
1889an Polonia utzi behar izan zuen bere militantzia zela-eta, errepresioaen ondorioz erbestera jo behar izan zuelako, atxiloketa sahiesteko. Suitzara joan zen, orduan. Zurich-en Errusiako Alderdi Sozialdemokratako buruzagiak ezagutu zituen, haien artean Georgy Plekhanov eta Vera Zassulich. Ekonomia politikoa ikasten jarraitu zuen bertan, eta Polonian hasitako ikasketak amaitu zituen: filosofia, historia, ekonomia politikoa eta matematikak. Han ezagutu zituen beste iraultzaile batzuk: Anatoli Lunatxarski eta Leo Jogiches, zeinarekin harreman sentimental luze eta sakon bat izan zuen.
1893an, Leo Jogiches eta Julian Marchlewskirekin batera, egunkari iraultzaile bat sortu zuten Polonieraz, "Langileen kausa", "Sprawa Robotnicza". Bertan aurre egin zioten Alderdi Sozialista Poloniarrak garatzen zuen abertzaletasunari. Rosa Luxemburgek nazionalismo poloniarraren aurka agertu zen, eta puntu horretan Leninekin enfrentamendu teoriko-dialektiko gogorra izan zuen, nazioen autodeterminazioari buruzkoa. Rosaren ustez, Kapitalismoaren kontrako borrokari emen behar zitzaion lehentasuna Polonian, eta horren ondorioz, Alemania, Austria-Hungaria eta Errusiako Iraultzei, eta ez Poloniako Independentzia eta Birbatasunaren alde. Beren tesiak langileen artean defenditzeko, Rosa Luxemburg-ek eta Leo Jogiches-ek Poloniako Erresumako Alderdi Sozialdemorata sortu zuten, SDKP, geroago Polonia eta Lituaniako Erresumako Alderdi Sozialdemokrata bilakatu zena, SDKPiL. Bikote miltante eta sentimental hau, Rosa eta Leo, Poloniako iraultzaileen buruzagi bilakatu ziren. Rosa, goi mailako teorikoa, eta Leo, antolatzaile nekaezina.
Gustav Lübeckekin ezkondu ondoren, nazionalitate alemana eskuraturik, 1898an Alemaniara joateko aukera zabaldi zitzaion, ordura arte nazionalitate errusiarra baitzuen. Gertakizunez betetako urte hauen ostean bere jarduera eta militantzia politikoa Europako
mugimendu sozialisten erdigunera eraman zuen, Alemaniara. Berebiziko tokia eta protagonismoa izan
zuen aurrerantzean Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren barnean, Leipziger Volkszeitung egunkarian.
Bertan
Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan (SPD) aktiboki militatu zuen,
gehien gailentzen ziren koadro politikoekin harremanetan jarriz.
Alemaniako Alderdi Sozialdemokratan, bi tendentzia politiko
elkarbizitzen ziren; alde erreformista, Estatu Kapitalistaren forma
“demokratiko” berrietara moldatua, eta alde marxista, gizartearen
eraldaketa sozialista defendatzen zuena metodo iraultzaileak erabiliz.
SPDren kasuan, tendentzia erreformistak benetan sakondu ziren, bereziki
buruzagitzako koadroen artean; legebiltzarreko taldean, sindikatuen
zuzendaritzan eta alderdiaren erakunde ezberdinetako ehunka militanteen
artean. Hautes-garaipenak, zinegotzien eta Estatuko diputatuen kopuruak
handitzeak, kapa berri baten goraldia ekarri zuen. Kapa berri horrek
langile aristokraziatik eta intelektual burges txikien eskutik zetozen
elementuak osatzen zuten, hauek gutxika erakundearen kontrola eskuratuz.
Rosa Luxemburg berehala murgildu zen desbideratze erreformistaren aurkako borroka teoriko-ideologikoan. Alemaniako
Alderdi Sozialdemokrataren endakatze eta degenerazio erreformista noraino iritsia zen, eta hain sakona zen,
non Roxa Luxemburgo mailukada teoriko bat eman behar izan zuen zuzendaritza
sozialdemokrataren mahai gainean: 1898an Sozialreform oder Revolution? (Erreforma ala Iraultza?) argitaratu zuen, Eduard Berstein-en tesi eta ideologia erreformista eta errebisionistaren aurka.
1905eko Errusiako Iraultza saioaren ondoren, Poloniara jo eta Iraultzaren aldeko lan eta borroketan ibili zen han. Atxilo hartu zuten, baina luze gabe aske geratu eta Alemaniara joan zen berriro. Massenstreik, Partei und Gewerkschaften (1906, Greba orokorra, alderdia eta sindikatuak) liburuan zehaztu zuen alderdiak Iraultzaren mugimendu orokorarren gidari gisa zuen egitekoa.
Sozialdemokraten eskolako ekonomia politikoko
irakasle izan ondoren, Die Akkumulation des Kapitals (1913, Kapitalaren metatzea) argitaratu zuen, Kapitalismoak Inperialismoaren fasean biziko zituzkeen kontraesanez.
II. Internazionalaren porrotak
eta Lehen Mundu Gerraren aurrean Alemaniako politikari sozialdemokrata
askok erakutsi zuten portaera gerrazale, inperialista, kolaborazionista eta likidazionistak bultzatu zuen 1915ean Rosa
Luxemburg, Karl Liebknetcht, Franz Mehring eta Clara Zetkin-ekin batean, Spartakus Liga sortzera. Antolakunde honek SPD-ko sektore marxistak biltzen zituen, joera sozialista iraultzailea zuen, antinperialista eta antimiliarista, eta gerora Alemaniako Alderdi Komunista, KPD, bilakatu zen.
Bere militantzia iraultzailearengatik bitan espetxeratu zuten: 1915-1916 urteetan, eta 1916-1918 urteeta ere bai. Presondegian segitu zuen bere Ekonomia politikorako sarrera idazlana izkiriatzen, inoiz amaituko ez zuen obra. Bertatik jarraitu zituen Errusiako Iraultzaren garapena eta gorabeherak, boltzebikeen aldeko jarrera sutsuaz eta aldi berean kritikoaz.
1918an aske utzi zuten Alemaniako iraultzaldiaren ondoren, Die rote Fahne egunkaria sortu eta Alemaniako Alderdi Komunista bultzatu zuen (1918ko abendua). Iraultza espartakistan parte hartu zuen 1919ko urtarrilean, hasieran intsurrekzioaren aurka zegoen arren, eta hil bereko 15ean preso hartu eta hil zuten paramilitar kontrairaultzaileek, freikorps, Gobernu Sozialdemokrataren aginduz. Rosa Luxemburg hil arte jo zuten fusilez, eta bere gorpua (ez dakigu bizirik ote zen orduan) Berlingo ibaira bota zuten. Friedrich Ebert-ek, urte batzuk lehenago SPDko eskolan Marxismoa estudiatzen bere ikasle izan zena, gidatu zuen errepresio basatia: ehundaka hildako, milaka atxilotu eta torturatu. Gaur egungo sozialdemokraziaren ibilbide odoltsua hasi zen orduan... orain arte!!!
Hauxek dira bere azken hitzak, hil zen egunaren bezperan idatziak:
"Masak dira elementu erabakiorra, haiek dira zutabeak zeinen gainean Iraultzaren erabateko garaipena eraikiko den. (...) Ordenak agintzen du Berlinen! Morroi zozoak! Zuen "ordena" harearen gainean eraikita dago. Bihar Iraultza zutituko da, indartsu, eta zuen ikaratzeko, hauxe aldarrikatuko du ozenki: ni izan nintzen, ni naiz, ni izango naiz!"
Izar Gorri
OHARRA: gai honi buruz gehiago eta sakonkiago irakurtzeko, ELKAR argitaletxeak plazaratua du Rosa Luxemburg-en biografia laburra, LOREA AGIRRE idazleak izkiriatua. Biziki gomendatzen dizuegu!
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina