LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/04/08

ALBERTO ASURMENDI eta JOKIN ARTAJO

                                            



IRUÑEKO 
BI GUDARIREN
 OMENEZ
 ETA 
OROIMENEZ:

ALBERTO ASURMENDI ARINA
ETA
JOKIN ARTAJO GARRO





1969ko apirilaren 7an, duela 44 urte egunez, egun, Nafarroako egunkariek gertakari lazgarri baten berri eman zuten, gertaera latz eta garratz bat. 

Ultzamako errepidean auto batek eztanda egina zuen bezperako gauean, eta barruan zeudèn bi gazte iruñsemeak hil egin ziren leherketaren ondorioz. Jokin Artajo Garro eta Alberto Asurmendi Arina zuten izena bi militante gazte abertzale haiek. Garai haietan erabat harrigarri eta izugarri izan zen han gertatutakoa, 1936tik aitzina sarraski kriminal, terrorista eta sistematikoen ondorioz lozorro frankista eta nazionalkatolikoan bizi zèn Nafarroa hartan. Denboraren poderioz, Euskal Iraultza Sozialista indartu eta garatu zèm heinean, maiztasun tragiko eta mingarriz errepikatzen hasi ziren. Bainan orduan, Euskal Herri osoa eta Nafarroa Garaia bereziki bihotz zolaraino inarrosi zuten Ultzamako errepideko eztanda hiltzaile haren oihartzunek...

Borrokan ari zirèn gudari gazte hauen heriotzen oihartzun politiko, ideologiko eta pertsonalek, euskal erresistentziaren hasierako aroa itxi egin zuten Iruñean, eta haren ondoren garai berria heldu izan izan, oso desberdina. 

Hildako gudari abertzale horien nondik norakoak, pixkanakako zailtze, indartze eta gogortze militantea, eta geroko eztabaida eta dibergentzia politiko eta estrategikoak, 60. hamarkadako euskal abertzaletasun eta nazionalismo nafarraren berpiztearekin lotuta daude erabat.

Hori guztia antzeman daiteke bikote nafar honen bizitzan. Bi adiskide min hauek, beren prozesu pertsonal eta politikoak aurrera egiten zuen neurrian, adostasunak eta desadostasunak bizi eta ezagutu zituzten. Heriok berriz bildu eta batu zituen, eta orain, 44 urte gerago, beren bizitzen Argiak nafar belaunaldi abertzale oso baten oroimenarekin lotuta daude. Hona hemen beren biografiak:

Jokin eta Alberto Iruñe zaharrean egiten zituzten gazte garaiko bihurrikeriak, xede eta zaletasunetan bat etorrita Alberto zabal, jendakin eta berritsua den bezala, Jokin isil, barnekoi eta hitz laburrekoa da. Bi hauen lagunen arteko iritzi zabalduena horixe zen, "ogi eta jaki ziren txikitandik, azal eta mami, bata bestearengandik erabat ezberdinak izan arren. Artajo, gaisotzeraino zen diskretoa -dio lagun horietariko batek-, eta Asurmendi erabat kontrakoa. Zegoeneko guztietan nabarmentzen zen Alberto. Batek sobera zuena, bertzeari falta. Nik uste dut elkar laguntzen zutela, elkarren osagarri zirelakotz".

Jokin Artajo eta Alberto Asurmendiren familiak oso tradizionalak eta kontserbadoreak ziren politikan, abertzaletasun izpi txikienik gabeak, eta horrek hasieran iskanbila eta kalapita ugari sortu zizkien bi lagunei, bi gazteak ideiak sustraituz eta engaiamenduak hartuz doazen heinean.



Garaiko gazte gehienek bezala, ez zuten ikasketa handirik egin. Alberto oso gazterik hasi zen Iruñeko Arrotxapea auzoko Matesa enpresan lanean eta Jokin berdintsu elektrizista moduan. Alberto ez zen bat ere ikasketa zalea, baina Jokinek etengabe irakurtzen zuen, eta orduko irakurgai eskasetan goraka zihoazkion kezkei erantzuna bilatzen zien. Bi adiskideok Muthiko Alaiak elkarte karlistako bazkide egin ziren, baina gero eta abertzaleago bilakatu ziren neurrian, utzi egin zuten.

Euzko Bazterra-n izen eman zutenerako beren pentsamendua erabat abertzalea zen, eta lehen unetik, Nafarroako abertzaletasunaren aitzindaria den elkarte honetako sail desberdinetan lanean hasi ziren. Jokinek dantza taldean trebatzeari ekin zion. "Denetan laguntzen zuen, denetan egoten zen, bainan oso modu diskretoan, oharkabean, izanen ez balitz bezala. Barnekoiagoa zenez, zerebralagoa ere bazen". Alberto, konformagaitza, amets-beroa eta doi bat abenturazalea da, eta muturragoko jarrerak hartzen ditu. Independentziaren alde borroka egin beharra ia obsesiboa bihurtzen zaio: "uste dut gauzei erabat lotzen zitzaiela, buru-belarri jarduten zuen. Beharbada grinatsuegia zen".

Egun batean, "GORA EUSKADI ASKATUTA!" zioen pintada egiten aurkitu zuten eta tarrapataka, arrapaladan ihes egin behar izan zuten. Albertok auto baten azpian ezkutatu nahi zuen, eta orpoko Akilesen zaina hautsi zuen. Urte luzeetan jasan behar izan zituen istripu militante horren ondorioak, eta ebakuntza ugari egin behar izan zizkioten. Hala ere, horri esker Armada Espainolean egin beharreko soldadutzara joateaz libratu zen. Gaitzerdi!

Orpoan lesioa izan arren, mendira joaten ziren etengabe, eta horrekin batera ekintza politikoari eusten zioten, mugaz gaindi propaganda pasatuz eta mendietan ikurrinak ezarriz.

"Orduko prestakuntza politikoa ñimiñoa zen" gogoratzen digu komandokide batek. "Kasualitatez Diputazioko Bibliotekan purgatu gabeko Sabino Aranaren liburu bat aurkitu genuen. Foruei eta Karlismoaren auziari buruzkoa zen, eta guztiok pasatu ginen, banan-banan, hura irakurtzera". EGI gazte erakunde abertzalearen propaganda eta pintada gau haietako batean, Alberto eta Jokin Muthiko Alaiak elkarteko egoitzara bisita egiteko denbora eta umorea zuten, dinastia karlistako errege batzuen buruak, lepotik helduta, sabaitik zintzilikatzeko. 
 


1968ko urtarrilaren 1ean, Alberto Donibane Lohitzunera joan zen Larrun mendian barrena, eta EAJ-PNV-k mailarik altuenean antolatutako praktika armaturako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu zuen. "Zeuok, eta ikasiko duzuenak, Euskadiren etorkizuna erabakiko du", erran zien Joseba Rezolak hasierako hitzaldian, astebetez entrenamenduetan esku hartzera Arabatik, Bizkaitik, Gipuzkoatik eta Nafarroatik joan zirèn gazteei.

"Handik bueltan bertze guztiok erakarri gintuen, hamar-hamabiren bat, eta talde horri, ETAren terminologia gaizki erabiliz, "hirurko" erraten genion. Bitxia izan arren, talde hartan Erriberatik zetorrèn jendea zegoen, Sadaba eta Armendariztarrak bezala, baita sona handiko familia eskuindarrekoak ere".

Gerraondoko sarraski etengabetik esnatzen hasi zèn Nafarroan, giro eskuindar, espainolista eta ultrakatoliko hori oso hedatuta zegoen. Alberto bera Kale Nagusiko etxera joan, eta eta Corpus Christi eguneko prozesioaren bidea apaitzeko amak balkoian bandera espainola paratu zuela ikusi zuen. Goiti jo, kendu egin zuen eta familiarekin alimaleko liskar, sesio eta kapalita ukan ondoren, etxetik alde egin zuen. Emaztea zuèn Arantza Irazabalek honela gogoratzen du: "Albertoren heriotza eta gero, familiak erabat aldatu zuen pentsamoldea, baina aldi hartan etxetik alde egin behar izan zuen. Gure etxera etorri zen, eta hantxe hogei egunez izan zen Aralarren ezkondu ginen arte. Gure amarekin oso ongi etortzen zen, emakume ikasia zen eta oso nazionalista. Bera oso zabala zen, erraza zen bera maitatzea eta jendea erraz hunkitzen zuen"


Bi gazteon engaiamenduak aurrera egiten zue neurrian, zenbait kontraesan ageri dira eta ordura arte adiskide bananduezinak zirenen artean urradura ttikiak azaltzen hasi ziren. "Artajok nolabaiteko klase kontzientzia zuen, oso primitiboa, bainan agerikoa zuen. Sozialismoari buruzko ikastaro bat interes handiz jarraitu zuen Euzko Bazterran, ete betiere Marxismoari buruzko liburuen bila aritzen zen. Gogoan dut bera asko hunkitu zuèn Txinari buruzko liburu bat utzi zidala. Bera jadanik ez zegoen ohizko giro nazionalisten "Euskadiren askatasuna lehenik, eta gero gerokoak" horren alde. Egun haietan, Txekoslovakia eta 68ko Maiatzari buruz luze mintzatzea tokatu zitzaigun. Oroitzen naiz azken horrek mintzagai zabala eman zigula, erabat ulertzera iritsi ez ginen arren. Ikasleak eta langileak batera aritzeak atentzioa ematen zigun... ez genuen ulertzen. "Debekatzea debekatuta dago" kontsigna haiek bezala. Guztia debekatuta zegoèn Herri batean horretaz jardutea oso harrigarria zen!".

"Txekoslovakiako inbasioaren kontra geunden, auzi nazionalistarengatik. Oso ongi ulertu gabe, ez gentozen bat Herri handi batek bertze Herri txiki batean indarrez sartzearekin eta nazionalista bezala ezin genuen onartu. Jokin, haatik, ez zegoen gurekin ados eta ez zuen Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunari egindako kritika hori onartzen. Ordurako sozialistatzat zuen bere burua. Alberto, aldiz, nazionalista burges ttipiaren izaeran sustraituago zegoen. EAK-PNVrekin ez zitzaion sekula gatazkarik planteatu. Arlo sozialari buruzko plateamendu desberdintasun horrek pixkanaka urrundu zituen"

Denbora joan ahala, Jokin Artajo ETA erakundera hurbilduz joan zen, eta horrek areagotu zituen bien arteko eztabaidak.

Nafarroako borroka antifrankistaren garai haietan, talde abertzaleen arteko distantzia politikoak ez ziren hainbestekoak. EGIkideek beren propaganda zabaltzen dute, EAJ-PNVrenak edo EKIN bezalako erbesteko argitalpenak, bainan ETAren propaganda banatzeko ere ez dute erreparorik: "Egiteko hanibertze zegoen! Iruñean inork ez zekien ikastola edo ikurrina hitzek zer erran nahi zuten, ezta Euskadiren erranahia ere. Hutsetik hasi beharra zegoen eta euskal kutsuko zernahi positibotzet jotzen zen".


Asurmendi eta Artajoj EGIn militatzen jarraitzen zuten, eta erakunde horren lana eta presentzia nabarmenak ziren Nafarroan. 1968ko udaberrian Urbasan jarritako lehergailuak Espainiako Txirrindulari itzulia, "La Vuelta", bertan behera uztera behartu zituen antolatzaileak, eta ekintza hau entzute handikoa izan zen nazioartean. Urte luzez, 1986ra arte, Espainiako Itzuliaren ibilibideek ez jakinarena egin zuten gure Herriarekin.

1969ko apirilean, Aberri Eguna hurbil zelarik, Euskadien kontrako gorrotoagatik famatutako Valladolideko egunkari baten kontrako lehergailua ipintzea pentsatu zen. EGIko bertze kide batzuek Gasteizko Información y Turismo bulego baten aurka atentatzeko asmoa zuten.

Hilaren 6an Marcelianon elkartu ziren, abertzale jendea bildu ohi zen tabernan. Bi-Onak enpresan auto bat alokatu zuten eta goizeko bederatzietan modu erabat normalean agurtuta etxetik alde egin zuten. Borroka armatuak Euskal Herrian hasi bertzerik ez zuen egin orduan, eta  ekarri ohi dituen arriaskuak ez zeuden bat ere garbi. Arratsaldez Soraurenen lagun bat jaso behar zuten, bainan ez ziren bertara agertu. Gertuko jendeak dioenez, beren arteko tira-birak handiak ziren orduko; Jokin Artajo zegoeneko ETAtik oso hurbil zegoela eta Albertok, bere ohiko dinamismoaz, ekintza berri bat egitera bultzatu zuela. Zernahi gisaz, Ultzamako errepidean auto barnean leherkariak eztanda egi zuenean, biak elkarrekin zeuden. Jokin bertan hil zen eta Alberto geroxeago, ospitalean.

Heriotza hauek gertakizun ikaragarria izan ziren: hildako lehen gudari nafarrak ziren, baita lehergailuak esku artean eztanda egindako aurrenak ere. EAJ-PNVren sostengu, finantzazio eta agindupeko borroka armatuan ari zirèn gudariak ziren, alderdi horrek bide horren alde egin zuèn garaian.


Azkenik, bi militante abertzale ziren, adiskideak betidanik, bainan azken garaietan euskal gazte asko eta asko ETAra hurbilarazi zuèn fenomenoak elkarrengandik urrunduta. Modu horretan, ordura arte Euzko Alderdi Jeltzaleak askapen nazionalerako borrokan eutsitako monopolioa eta kontrola hausten hasi ziren.

Bi milianteok hil eta gero, errepresioak haien lagunak gogor jo zituen, eta horietariko batzuek zazpi urtetarainoko gartzela zigorra hartu zuten, Iruñean, hiriburu nafarreko "Hildakoen Monumentua", espainolez, "el Monumento a los Caídos" toki sakratu eta sinboliko faxistaren aurkako atentatu saioarengatik. EGI ia guztiz desagertu zen Nafarroan eta mugimendu abertzaleak garai berria hasi zuen.   

Iturria: Txalaparta argitaletxearen 
Euskadi eta Askatasuna/Euskal Herria y la Libertad 
obraren bigarren liburukia:
  "1966-1969 La V Asamblea".   










ARTAJO ETA ASURMENDI GOGORATZEKO EKITALDIA 

DEBEKATU DU 

IRUÑEAN ESPAINIAK DUEN ENBAXADOREA, CARMEN ALBAK 

 


Frankismoaren aurkako borrokan 1969an hildako Jokin Artajo eta Alberto Asurmendi EGI-Batasunako kideak gogoratzeko asteartean egitekoa zen ekitaldia debekatu du Gobernu Espainolak Nafarroan duen enbaxadore Carmen Albak, Ahaztuak 1936-1977 taldeak salatu duenez. 
 
Debekatutako ekitaldiaren ordez, mintzaldi bat antolatu dute asteartean bertan, 19.30ean, Iruñeko Nabarreria kaleko Zabaldi etxean. «La historia olvidada. EGI-Batasuna en Nafarroa en la década de 1960» liburuaren egile Jose Luis Diaz moderatzaile gisa ariko da eta Artajo eta Asurmendiren kide izandakoek hartuko dute parte.
 
Ahaztuak 1936-1977 taldeak gogor kritikatu du Gobernu Espainolaren Ordezkaritzaren jarrera. Izan ere, 2009an antzeko ekitaldi bat debekatu bazuen ere, 2011n arazorik gabe egin zen. 2012an, berriz, debeku berri bat jasan zuten. Eta, aurten, beste bat.

Gobernu Ordezkaritzak hildakoak ETAkoak zirela argudiatuta debekatu du ekitaldia. Ahaztuak-ek, berriz, Artajo eta Asurmendi EAJrekin lotura zuen EGI-Batasuna taldeko kideak zirela gogoratu du. Jartzen ari ziren bonba batek eztanda egitean hil ziren biak. Hori dela eta, Albaren asmoa «inpunitatearen eredu espainola mantentzea» dela salatu du Ahaztuak-ek. «Eredu horren aldekoek erabakitzen dute nor gogora dezakegun eta nor ez. Eta hori guztia, hilero frankismoaren apologia egiten den hiri batean, Artzapezpikuaren jabetzako Hildakoen Monumentuan Mola eta Sanjurjoren omenezko mezak egiten baitira. Jokin eta Alberto frankismoaren aurka eta askatasunaren alde borrokan aritu ziren. Diktadurari aurre egin zioten eta bizia eman zuten», nabarmendu du Ahaztuak-ek.




 



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina