
"Kartzelak
zirrara egin zidan,
baina ez zidan konpromisoari eusteko
indarra kendu"
Militante zen oinarrikoa. Plazara irteteko deia jo zutenean, plazara 
irten zen, egin behar dena egin behar den garaian egiten baitu 
militanteak. 
Amparo Lasheras Gainzarain (Gasteiz, 1947). Gizarte 
laguntzaile ikasketak egin zituen gaztetan, eta kazetaritzakoak geroago,
 80ko hamarkadaren hasieran, ordurako alaba biren ama zelarik. Tartean, 
militantzia izan zen, eta 1976ko martxoak 3ko sarraskia Gasteizen. 
Amparo Lasherasen baitan kontzientzia politikoa eta engaiamendua ernatu 
ziren garaia. Kazetari egin du bizia, bateko irrati eta besteko 
egunkari. Radio Nacional, El Mundo del País Vasco, Egin Irratia, El Periódico de Alava, ETBn… egin du lan, eta Gara egunkarian, InfoZazpi-n eta Hala Bedi irratian kolaboratzen du egun. Una vida, una calle eta Gasteiz 3 de Marzo de 1976. Un recuerdo 25 años después
 ditu liburuak, oraingo 3 de marzo 1976 baino lehen. Militante soil izan
 da, harik eta 2009an D3M mugimenduak Arabako zerrendaburu izendatu zuen
 arte. Horrek, eta ondoko kartzelaldiak aurpegia jarri zioten ordu arte 
sinadura huts zenari. 
 
           
1947an jaioa, gaztaro betean harrapatu zintuen 60ko hamarkada beroak.
 Gure familia gerra galdutakoa zen. Aitaita hil zenetik gurean ez zen 
hartaz askorik hitz egin. Tira, bazen osaba bat, anarkista, atertzen ez 
zuena. Zer edo zer bazen giroan, zer zen jakiterik ez bagenuen ere. Ama,
 esaterako, Otxandioko bonbardaketak harrapatu zuen. Handik Bilbora jo 
zuen. Carlton hoteleko egonaldia kontatzen zuen, haurrak ebakuatzeko 
itsasontzira sartzeko momentua…
 Habana itsasontzira?
 Baina gure aitonari ondoeza eman zion, eta zaintzan zegoen 
errepublikarrak adina galdetu eta ez igotzeko esan zion. Ez ziren 
itsasontzira igo. Oinez itzuli ziren eta ezkutatuta eman zuten denbora. 
Amak ibilera horiek kontatzen zizkigun, batzuetan. Beste batzuetan, guk 
galdetu, eta ez zigun ezer esaten. Aitonaren oroitzapena dut, 
kartzelatik gaixorik irten zela, tuberkuloso. Pasadizoak jaso nituen, 
harik eta 17-18 bat urte nituela puzzlea osatzen hasi nintzen arte. Moja
 ikastetxera joan nintzen, eta han dena zen Franco, garaiko heziera 
hura. Etxean, bestelakoa zen giroa: ez erlijio katolikoa ez beste. 
Zorionez, etxean ikusitakoak irabazi zuen borroka hori.
 18 urte zenituela.
 Bai, Piru ezagutu nuen, nire gizonezkoa, eta haren lagunak. Horrek ere 
hainbat lagundu zidan ideiak ordenatzen. Lehen errefuxiatuen garaia zen 
Gasteizen… Orduantxe piztu zitzaidan kontzientzia politikoa. Tren baten 
kontrako atentatua izan zen, non edo non, eta jendea atxilotu zutela 
gogoratzen naiz, EAJkoak eta beste. ETAk ere zenbait liberatu zituen 
hemen, gero jakin dudanez. Mario Onaindia, esaterako, hemen zebilen. 
Sabin Arana Bilbao hemen tirokatu zuten, hemen hartu atxilo. Gure lagun 
handiena Frantzian bizi da oraindik. Ez da itzuli… Gogoan dut Arantxa 
Aretxandietak nola ihes egin zuen. Araban ere jo zuen errepresioak. 
70eko hamarkadan Gernikan hil zuten gazte hura, Motriku [Jesus Maria 
Markiegi], hemengoa zen.
 Gizarte laguntzaile ikasi zenuen lehenbizi, Kazetaritza ikasketak egin zenituen gero, Iruñean, 80ko hamarkadaren hasieran.
 Gasteizen ikasi nuen lehenengo, baina ez zitzaidan gustatu gizarte 
laguntzaile zera hura. Helduentzako eskola batean irakasle lan egin nuen
 Abetxukon, Gasteizko auzoan. Geroago, ezkondu eta lan egiteko aukera 
izan nuen Iruñean. Lana eginez batera, kazetaritza ikasi nuen. Bi alaba 
nituen ordurako.
 1976ko martxoaren 3ko sarraskiari buruzko liburua egina duzu 
berrikitan: 3 de marzo 1976 (Arabera, 2012). Artean sabelean zenuen 
bigarren umea, liburuan irakurri dugunez. Ez duzu denboran jauzi makala 
egin!
 Kar, kar, kar. Gure bigarrenak hiruzpalau urte zituela joan nintzen 
Iruñera, bai. Martxoaren 3an esnatu nintzen, beharbada... Ordu arte, 
banekien pentsa nezakeela, iritzia eman, baina orduan jakin nuen 
beharrezkoa dela konpromisoa. Errealitatea antzaldatu behar dela, 
alegia, Marxek esaten zuenez. Martxoaren 3ak ezkero, Amnistiaren Aldeko 
Batzordeetan hasi nintzen, eta handik hona oinarriko militantea izan 
naiz, besterik gabe.
 Esaguzu sasoi hartan zer giro zegoen zure inguruan.
 Martxoaren 3a baino lehen grebak izanak ziren Gasteizen, Michelinen 
batik bat. Gogoan dut, langileak Babesgabetuen Elizan sartzen, atzetik 
polizia saldoa zutela. Tartean berriz, Burgosko prozesua izan zela. 
Lehenengo manifestazioak izan nituen. Haietan bai, parte hartu genuen. 
Behin, hasi eta berehala, Jesus Obrero ikastetxe parean hasi behar izan 
genuen lasterka! Radio Paris entzuten genuen garaia zen, autoan sartuta.
 Gero, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak.
 Eta FRAPeko hirurak.
 Bai, behin ere aipatzen ez ditugunak. Manifestazioak izan ziren orduan 
ere, baina oso txikiak. Beti betikoak ginen. Utzi ere ez zuten uzten 
manifestaziorik egiten, jakina. Irailaren 27ko fusilamenduak ziren 
garaian, haurdun nengoen, hiru hilabeteko, lehenengo alabaren esperoan. 
Andra Mari Zuria plazan ginela, polizia etorri eta gu San Migeleko 
eskaileretan gora, jende mordoa. Gure lagun bat harrapatu zuten, neska 
bat, hilabete eduki zuten barruan. Horrekin batera, gure lagun batek 
ihes egin zuenean, nire gizona soldadutza egiten ari zen. Bada, hartu 
eta ziegan sartu zuten soldadutza bukatzeko geratzen zitzaion denbora 
bukatu arte, urte eta hiru hilabete! Esan nahi dut martxoaren 3ko hura 
baino lehen bazela mugimendua Gasteizen. Kontzientzia eratzen lagundu 
zigun giro horrek. Aurretik, berriz, 68ko maiatza izan zen...
 Horren berri heldu zitzaizun?
 Zeharka bada ere, bai. Osaba-izebak nituen Parisen. Gure ama eta izeko 
bat haiek ikustera joan ziren zazpi eguneko asmoan, baina ezin izan 
zuten berehalakoan itzuli: maiatzak harrapatu zituen, bateko eta besteko
 grebak, eta hilabete geratu behar izan zuten han. Maiatza hartaz 
jakiteko irrika piztu zitzaidan, eta orduantxe entzun nuen Sartreren 
izena lehenengo aldiz. Elementu asko dira jokoan, baina, azken finean, 
konpromisoa da gakoa. Pentsatu, hitz egin, iraultzaz gogoeta egin, garai
 hartako Kubako iraultza, Aljeriaren independentzia… Oso ondo dago 
horretaz jardutea, eta jarduten genuen, baina osagai guztiak dagokien 
lekuan jarri eta puzzlea osatzeko derrigorra da militantzia.
 Martxoak 3ko sarraskiaren inguruan…
 Horrek erabat lagundu zidan piezak bere lekuan jartzen. Orduantxe bai. 
Aurrekoak ez ziren mugimendu masiboak izan. Martxoak 3ko hura, aldiz, 
bai. Forjas Alavesas lantegiak grebarekin bat egin zuenean, orduantxe 
hartu zuen borrokak indarra. Dena dela, martxoa baino lehen ere gogoan 
dut, Gabonetan, langileak buzoak jantzita manifestazioan Gasteiz 
erdialdean. Gabonetatik martxora bi greba deialdi egin ziren. Industria 
gerarazi zuten, baina hiria ez. Martxoaren 3an, berriz, langileek erabat
 gerarazi zuten hiria. Gasteiz mutu geratu zen.
 Isiltasuna, horixe idatzi duzu liburuan.
 Erabatekoa. Manifestariak batean, poliziak bestean… Ez zen besterik 
ikusten. Inoiz ikusi dudan greba orokorrik orokorrena izan zen. Zenbait 
momentutan, inor ere ez zen ageri kalean. Gure amak esan zigun: “Gerra 
zibila gogorarazten dit isiltasun honek”. Haize txikia zebilen, eta Foru
 kalean, adibidez, paperak zerabiltzan. Hiri desertua ematen zuen. Ez 
dut horrelakorik inoiz ikusi. Asanblada lan handia egina zegoen 
aurretik, jendearen kontzientzia ernarazteko.
 Zer gertatu zen martxoaren 3aren biharamunean?
 Asanbladari eusteko saioak batetik, atxiloketak bestetik… Nabes, 
Olabarria barruan… Isiltasuna, berriz, iraultzak dakarrena, nahi baduzu.
 Baina lorpenak handiak izan ziren. Sedizio akusazioa izan zutenak izan 
ezik, gainerakoan langile kaleratuak berriz hartu zituzten lanean. 
Ondoko bost urtean, lantegietako hitzarmenak ez ziren makalak izan. Ez 
zen izan “bost lagun hil dituzte eta kito!”, ez. Langileen egoerak onera
 egin zuen. Sindikatu bertikalaren ordezkariak desagertu egin ziren, 
adibidez. Langile batzarrak aukeratu zuen ordezkaria. Besterik da 
Trantsizioak ekarri zuena: sindikatuak sortu ziren, batzarraren ordez 
komiteak hasi ziren lanean, CCOOk eta UGTk bat egin zuten 
Trantsizioarekin… Poliki-poliki, galdu egin da borroka haren mamia. 
Sindikatuen burokrazia hor dago beti.
 Martxoaren 3a iragana da, ahaztua?
 Askok ahaztu egin du, urte askoan bazterrean utzi du. Martxoak 3 hura 
izan zela ere ahaztu egin behar genuela ematen zuen, orduko 
errebindikazioak, orduko borroka. Ezkutatu egin behar zela zirudien. 
Udalak ez zuen oroigarririk jarri nahi, poliziak egurra banatzen zuen, 
sindikatuak isilik, hedabideetan oihartzun txikia… Egun madarikatutzat 
zeukaten, iraultza txiki bat izan zenean! Horrela izan da urte askoan. 
Bestela da orain.
 Martxoaren 3ko sarraskiari buruzko lan osoa da iazko urte hondarrean 
kaleratu zenuena. Dena dela, kazetari zara, Gara egunkarian zutabea 
idatziz kolaboratzen duzu astean behin. Nolako kazetaritza eginez hasi 
zinen?
 
 Zertan da kazetaria egun?
Zergatik ematen dio beldurra politikariari egunkarietan azaltzea?
Gaizki azaltzea, esan nahi nuen.
 
 
Halako batean, politikaren lehen lerrora agertu zinen: D3M Demokrazia 3
 Milioi plataformaren zerrendaburu izan zinen Araban, kartzelan 
egonagatik ere.
Kartzelara eraman zintuen konpromiso horrek. Espero zenuen horrelakorik?
“Lehen egun haiek”, diozu.
 Libre irten bai, baina hiru urte izan zineten epaiketaren zain.

 
  
 


 
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina