LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/02

ETAren agiria: "Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan"



EUSKADI TA ASKATASUNAREN
 AGIRIA EUSKAL HERRIARI

ETAk, Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzaileak, agiri honen bidez euskal preso politikoen egoeraren inguruan bere iritzia helarazi nahi dio Euskal Herriari:
Espainia eta Frantziako gobernuek Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren kontra ezarrita duten espetxe politikaren ondorioz, azken asteetan gertaera oso larriak ezagutu ditugu. Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peñaren heriotzak, euskal preso politikoek pairatzen duten mendekuzko politikaren muturreko adierazleak dira.

Mariano Rajoy eta François Hollande dira, bi gobernuetako agintari goren gisa, Angel eta Xabierren heriotzen arduradun nagusiak, bai eta presoek jasan beharreko sakabanaketa, isolamendu eta zigorrenak ere. Aski da euskal preso politikoen bizitza eta eskubideekin jolasteaz.
Espainia eta Frantziaren espetxe politikak dagoeneko ez dira soilik Euskal Herritik behatzen.
Nazioarteko eragile eta instantzia ezberdinak estatuen hainbat erabaki zalantzan jartzen ari dira.
Alta, errealitate honek, jarrera aldatzera baino, gehiago ixtera eramaten ditu. Berriki, Espainiako Estatuko ordezkariek Estrasburgon zabaldutako mezuak inkisizio edota frankismo garaietako jarduerak ekartzen ditu gogora.
Sakabanaketa eta salbuespen neurriak, sufrimendu eragile izateaz gain, konponbide prozesua ibilbiderik gabe uzteko dituzte indarrean. Estatuak eta Euskal Herriko zenbait eragile politiko aitzakiak asmatzen ari dira prozesuaren blokeoa errotzeko. Denek, bakoitzak bere diskurtsoarekin, egoera politikoan aldaketa esanguratsurik eman ez balitz bezala jokatzen dute, blokeoaren ardura Ezker Abertzalearen bizkar gainean jarri nahian. Ildo horretan, iraingarria da mota guztietako erasoak pairatzen ari diren presoei egoera horren errua egotzi nahi izatea.
Euskal preso politikoek jasaten duten egoeraren eta azken gertaera larrien aurrean, PNVren jokabidea ere salatu nahi dugu

Harrigarria suerta badaiteke ere, ez du presoen egoerari konponbidea emateko konpromiso zehatzik hartu.
Bitartean, blokeoaren arduradun den Espainiako Gobernuari leialtasun osoa eskaintzen dio. Hobe luke, presoen eskubideen aldeko aldarriak erasotu eta lekuz kanpoko adierazpenak egin ordez, bi gobernuekiko exijentzia maila igo eta euskal gehiengoaren interesekin batera, prozesuan ekarpen positiboak egiten hastea.
Izan ere, euskal jendartearen gehiengoak, konponbide osoaren aldarriaren barnean, euskal presoen Euskal Herriratzea eta salbuespen neurriak gainditzea eskatzen du aspalditik. Aieteko Konferentzia eta ETAk borroka armatuaren amaiera iragarrita, benetako bakea nahi duen edozein eragile eta herritarrentzat zentzuzko hurrengo urratsa hori litzateke.


Une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan. Mendeetako gatazka gaindituko bada, ez dago ikusle paperean esperoan egoterik. Euskal preso politikoen egoerari eta blokeo jarrera gotorrei Herriaren nahiarekin eta urratsekin aurre egin behar zaie. Euskal eragile eta herritarren presioa areagotzea da gehiengoaren borondatea gutxiengoaren erabakiei gailentzeko bermea.
Azkenik, Xabier Lopez Peña euskal borrokalariaren heriotzak eragin digun samin sakona agertzearekin batera, lagun eta senitartekoei gure doluminik sentituenak eman nahi dizkiegu ETAk, sarraski espetxeetan dauden euskal borrokalariek eta haien senitartekoek egunerokoan erakusten duten kuraia goraipatu nahi du. Bihoakie guztiei gure babesik sendoena. Lortuko dugu!


Danbada_lopez

Gora Euskal Herria askatuta!
Gora Euskal Herria sozialista!
Jo ta ke
 independentzia
eta
 sozialismoa
 lortu arte!
Euskal Herrian, 2013ko apirilean
Euskadi Ta Askatasuna
E.T.A.

1 iruzkin:

  1. ETA, Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailearen azken agiriaren kritika egitean, erran beharreko guztia adierazi genuen. Kontua ez da hori berriro hemen errepikatzea, irakurleek ongi baitakite zer pentsaten dugun blog honetan ETAren azken urteetako ildo politikoaz.

    Dena den, ezin aipatu gabe utzi agirian agertzen diren hitz eta erramolde argigarriak eta harrigarriak aldi berean.

    Adibidez, ETAk "gertaera oso larriak" aipatzen ditu, bainan ez dio Euskal Herri langileari erraten zer egin nahi/behar duen honen aitzinean. Behin borroka armatuari uko eginda, zer presio-tresna du ETAk gure bi estatu etsaiak mugiarazteko?

    Bigarren kontua, betiko matraka nazioarteko komunitatearekin, inolako klase-azterketarik egin gabe, inongo Inperialismoari buruzko analisirik aurkeztu gabe... Seriotan uste du ETAk "nazioarteko eragile eta instantzia ezberdinak estatuen hainbat erabaki zalantzan" jarriko dituztela? Frantzia eta Espainia mugiarazi? Zenbat milimetroz mugitu da Maroko Monarkia ustel eta neokoloniala Mendebaldeko Sahararen aferan? Eta Turkia Kurdistanen? Estatu inperialistak ez al dira mugitzen beren Oligarkien klase-interesen arabera? Eta erreformisten deitzen duten "nazioarteko komunitate" hori ez al dute osatzen planeta honetako Estatu kapitalistek eta inperialistek?

    ETA harritzen omen da euskal preso politikoen gaian PNVk duen jarrerarekin, bainan harrigarria dena da ETAk PNVrekin duen jarrera. Bon, ez da hain harrigarria egiaren garratza eta mikatza irensten badugu: Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea bete-betean ari da Oraingo Ezker Abertzalearen zuzendaritzaren ildotik. Eta ildo hori badakigu nolakoa den: erreformista, sozialdemokrata, pazifista, burges ttipia...

    ETAren ustez, "une erabakigarrian gaude, konponbide osoa baitago jokoan". Eta zer egin behar du ETAk? Zer egiten ahal du? Zenbat marra gorri zeharkatu beharko dute Frantziak eta Espainiak ETA konturatzeko ez dagoela zirrikiturik ñimiñoena ere konponbide politiko minimo bat erdiesteko, bi Estatu burges inperialistek bilatzen duen irtenbide bakarra errendizioa, umiliazioa, disoluzioa eta errepresioa direla?

    Geroak erranen!

    ErantzunEzabatu