 
 
Alava sarea
Elkartasuna eta erresistentzia faxisten kontra
 1937an euskal armada faxisten eskuetan erori zenean, lehen elkartasun 
sare ezkutua sortu zuten Bittori Etxeberria baztandarrak eta beste 
hainbat emakumek. Eusko Jaurlaritzari igorritako informazioa oso 
baliotsua izan zen preso zeudenei laguntzeko. Erakunde horrek amaiera 
tristea izan zuen baina; kideak atxilotu eta haietako bat, Luis Alava, 
fusilatu egin zuten egunsentiarekin batera duela 70 urte. Geroztik, 
Alava Sarea izena du.
 1943ko maiatzaren 6an, ohiko heriotza segizioa Porlierreko kartzelatik 
abiatu zen Madrilgo Almudenako hilerrirantz. Hamar errepublikar eta 
sozialista zeramatzan kamioiak hilerriko hormaren kontra fusilatzeko, 
eta horiekin batera jelkide bat, Luis Alava Souto. Leku horretatik 
hurbil zegoen Las Ventaseko emakume presoek egunsentiarekin batera  tiro
 hotsak entzun zituzten, beti bezala. Baina han giltzapeturiko lau 
euskal emakumek (Tere Verdes, Delia Lauroba, Bittori Etxeberria eta 
Itziar Mujika) ongi zekiten egun hartako fusilatuen artean zegoen Luis 
Alava hura nor zen. Alde batetik, burkide eta sumario-kide izan 
zutelako, eta bestetik, bezperatik zekitelako “kaperan” zegoela, hau 
da,  fusilatzeko zorian.
 Fusilatze horrek ebatzi zuen 1942ko irailetik denen burutan zegoen 
galdera: ea frankistek gauzatuko zuten azken zigor hori edo amore emango
 zuten egindako gestio diplomatiko eta politiko askoren aurrean. Bistan 
da ohiko aukerak irabazi zuela. 1939ko maiatzetik 1944ko otsaila arte 
269 fusilatze kolektibo izan ziren Madrilgo hilerri hartan eta 2.663 
lagun hil zituzten. Bigarren Mundu Gerrak norabidea erabat aldatu zuen 
arte, frankistek ez zuten inolako konplexurik izan ia astero halako 
sarraskiak egiteko.
 Luis Alavaren heriotzak, frankisten gupidarik eza erakusteaz gain –sare
 hori hiru urte lehenago desegin zutenean erabat geldirik zegoen–, 
bertan aritu zen taldeari izena eman zion. Ordutik aurrera Alava Sarea 
gisa igaro da herri memoriara eta komunikabideetara.
 Baina hilketa tamalgarri horrek izenetik harago doan ekimenean izan 
zuen jatorria. Erakundaren amaieran Luis Alava dugun arren, abiapuntuan 
eta jardunean erantzukizun handiagoa izan zuen jendea zegoen.
Elizondotik Baionara Santoñan barrena
 Arestian aipatu ditugun emakume horiek izan ziren aitzindari Alava 
Sarea eratzen. Kantabria aldean euskal armadaren zati handi batek 
egindako errendizioaren karira sortu zen. 1937ko abuztuaren amaieran 
Santoñan eta Laredon hainbat euskal buruzagik italiarrekin hitzarmena 
sinatu zuten eta Eusko Jaurlaritzako agintariek berri zuzen eta zehatzak
 nahi zituzten, hura betetzen ari ote zen eta nolako ondorioak zituen 
jakiteko.

 Presoen baldintzak eta egoera ezagutu nahian, Jose Maria Lasarte 
diputatu jelkideak eskaria egin zion Bittori Etxeberria baztandarrari. 
Etxeberria hariak mugitzen hasi zen Elizondon, Euskal Herriko lehen 
elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal 
Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izateko, eta era berean, 
gainontzeko euskal lurraldeetan preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.
 Etxeberriarekin batera emakume bi, Delia Lauroba eta Itziar Mujika 
donostiarrak, arduratu ziren Santoñan gertatutakoaz eta El Duesoko 
presondegiaren egoeraz datuak lortzen. Aitzakia ona zuten biek hara 
hurbiltzeko eta informazioa eskuratzeko. Laurobak  Jose Azurmendi 
senarra preso zuen El Dueson, eta Mujikak ere bi anaia zituen 
giltzapetuta, bata El Dueson eta bestea Ondarretan. Bilboko eta Burgosko
 kartzelekin lotura izateko, beste emakume bat izan zuten lagun, Tere 
Verdes bilbotarra, haren anaia Jose, Larrinagako eta Gaztelako 
espetxeetan egon baitzen.
 
 
     Eskuinetik hasita bigarrena, Bittori Etxeberria, elkartasun 
sarearen sortzaile eta sustatzailea. Harekin, ezker-eskuin, Tere Verdes,
 Delia Lauroba eta Itziar Mujika, sarearen kolaboratzaile nagusiak. 
Atxilotuak izan aurreko argazkia da honakoa. (Sabino Arana Fundazioa) 
Bittori Etxeberria baztandarra hariak mugitzen hasi zen lehen elkartasun sarea eratzeko. Bera izan zen lehen kate-begia Ipar Euskal Herrian zeuden buruzagi jelkideekin lotura izan eta preso zeudenekin bitartekariak lortzeko.
Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu zuten.
Luis Alavaren fusilatzea 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Ondorioz, espetxean geratu ziren burkideen eta herriaren oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.
 Sare horretan, Bittori Etxeberria ezinbesteko izan zen, informazio 
guztia mugaz bi aldeetara eramateko arduraduna baitzen. EAJren 
buruzagiek Eusko Jaurlaritzarentzat idatziriko Barne Zerbitzuaz txostenean,
 Etxeberriaren rola goraipatzen da: “Pepitarengandik (Bittori 
Etxeberriaren gerra izena Pepita Etxano zen) sortu zen erakundea. Hark 
egin zituen lehen urratsak; hark zabaldu zuen bidea. Egun, harreman 
ororen funtsezko oinarri izaten jarraitzen du. Laredoko azken unean, 
Pepita Etxanok ezkutuko txangoa egin zuen hara. Jarraian, berarekin 
elkarrizketatu ginen: probidentziazkotzat jo genuen. Berak ezagutzen 
zituen bitartekoak eta isolaturik zeuden hainbat abertzale, giza 
ekimenetan eta elkartasun lanetan zihardutenak… Hasieratik esan zigun 
bitartekoak zituela, esku onez eta erabateko ziurtasunez, mugaz bi 
aldeetako komunikazioa bermatzeko”.
Lau emakume horiek harilkatu zituzten sarearen atalak, azkar bezain 
sendo, eta Euskal Herritik harago hedatu zuten gainera. Abiapuntua 
Baionan izan bazuen ere, laster Baztanetik Iruñera, Donostiatik Bilbora 
nahiz Gasteiza, eta geroxeago, euskal presoak sakabanaturik zeudenez, El
 Duesora, Burgosera, Dueñasera eta Puerto de Santa Mariara heldu zen 
elkartasun sarearen eragina.
 Hedapenean aurrera eramateko, hainbat partaideren laguntza izan zuten 
euskal lurralde orotan. Araban esaterako, Etxeberria Luis Alavarekin 
jarri zen harremanetan, eskualde horretako arduradun izan zedin. 
Nafarroan aise lortu zuen erakundea zabaltzea, talderik handiena osatuz.
 Bereziki muga lanetan aritu ziren Esteban Etxeberria, Felicitas Ariztia
 eta Timoteo Plaza baztandarrak, baita Felipe Oñatebia, Modesto Urbiola,
 Rafael Goñi Latasa eta Felix Ezkurdia ere. Gipuzkoan ere talde ederra 
jarri zuten lanean: Iñaki Barriola mediku ospetsuaz gain, Inocencio 
Tolaretxipi, Rafael Gomez Jauregi eta Patxi Lasa. Bizkaiko taldea 
txikiagoa zen eta Tere Verdesengan oinarritu zen, kolaboratzaile batzuk 
izan zituen arren, hala nola Julian Agirre eta Antonio Causo.
Sarearen helburuak
 Gatibu zegoen euskal armadaren gehiengoaren patua atzemanda, presoen 
aldeko laguntza sustatzea izan zen eginbehar nagusia. Garrantzitsua zen 
erbestean zeuden buruzagien eta kartzeletan zeudenen arteko lotura 
mantentzea. Esaterako, preso zeuden Juan Ajuriagerra eta Jesus Solaun, 
harremanetan jarri zituzten mugaz bestaldean zeuden Jose Mari Lasarte, 
Ramon Agesta eta Juan Iturbe buruzagi jelkideekin. Espetxeetako 
informazioa Baionara eta Parisera bidaltzea zuten helburu, presoek 
zituzten zigorrak, heriotzarakoak bereziki, nazioarteko eragileen 
bitartez eragozteko.
 Egundoko garrantzia izan zuten sarekideek eskuratutako zigortuen 
zerrendak, epaiak eta sumarioak, preso askoren bizitzari eusteko. Era 
berean, gerra amaitu baino lehenago burutu zituzten bi aldeetako presoen
 trukaketak aurrera eramateko, funtsezkoa izan zen beraiek bidalitako 
informazioa. Sarritan, sareak egindako lana alferrikakoa izan zen 
presoen bizitza salbatu edo askatasuna erdiesteko, baina beste 
batzuetan, heriotza zigorrak beste zigor batzuekin ordezkatzea lortu 
zuten.
 
 
 Gerra amaitu ostean, egoera larriagotu egin zen. Alde batetik, presoen 
trukaketak bukatu zirelako, eta bestetik, errepresioa orokortu egin 
zelako. Kartzelen eta espetxeratuen kopurua ugaltzeaz gain, beste 
esparru errepresiboak –lan batailoiak eta kontzentrazio zelaiak– nonahi 
zabaldu zituzten Espainia frankistan. Hala, gatibu eta zanpatuekiko 
elkartasuna handitu egin zen, baita haien inguruko informazio beharra 
ere. Europan barrena erakutsi behar zen erregimen frankistaren 
errealitate errepresiboa, Britainia Handiak eta baita Frantziak ere 
–Jordana eta Bérarden arteko hitzarmenen ondorioz– onetsi zuten hura.
 Baina informazioa ez zen presoen gaira mugatzen. Sareak izan zuen 
bigarren ekimena Espainiako Estatuari buruzko informazioa hornitzea izan
 zen. Gero eta okerragora zihoan egoera politiko-militarrari buruzko 
jakin-minak bultzatuta, jatorriz presoen aldeko sarea zena informazio 
sare ere bihurtu zen. Nazioarteko testuinguruak, Bigarren Mundu Gerraren
 bezperako egoerak, informazio nahi hori areagotu zuen gainera. 
Espainiako Gerra Zibilaren osteko giro gero eta liskartsuagoan, 
Frantziak eta Britainia Handiak beharrezkotzat jo zuten Pirinioetako 
alde bietan informazio ahalik eta zehatzena izatea.
                      
 Alava Sareari esker eta Eusko Jaurlaritzen bitartez, jakin zuten non 
zegoen Espainiako armada zabalduta, zenbat gotorleku eta kuartel zeuden 
mugaldean, itsasontzien mugimenduak nolakoak ziren, alemaniarren 
joan-etorriak, Espainiako barne egoera sozio-politikoa… Erakundearen 
eraginkortasuna itzela izan zen. Ia astero igorri zizkien erbestean 
zeuden Eusko Jaurlaritzako buruei agiriak eta informazio sortak. Parisko
 egoitzan sareari atzemandako txostenak zioen “liburuak, aldizkariak eta
 antzekoak aparte utzita, 1.242 agiri” jarri zituztela Jose Antonio 
Agirreren gobernukideen eskuetan.
Eraginkortasun hori esplikatzeko, kontuan izan behar da klandestinitatearen nekeak modu egokian eraman zituztela. Sareak iraun zuen bitartean, partaide batek baino ez zuen ospa egin behar izan, Agustin Ariztiak, polizia haren atzetik ibili zelako. Gainerako guztiek sareak bezainbeste iraun zuten jardunean, harik eta Parisen atzemandako txostenak Espainiako polizia haien arrastoaren atzetik jarri zuen arte.
 
 
Sareko ordezkariek 1940ko abenduan azken bilera egin zuten Gasteizen, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera ikusirik, erakundea bertan behera uztea erabakiz. Artean, ez zekiten faxistak haien lorratzari segika zebiltzala jadanik. Polizia frankistak sareko kideen berri zehatza zuen. Erakundea desegin eta astebetera lehenbiziko atxiloketak izan ziren, sarea sortu zen tokian, Baztanen. Bittori Etxeberria, anaia Esteban eta Felicitas Ariztia harrapatu zituzten lehen kolpean. Jarraian, atxiloketak ugaritu ziren Iruñean, Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon. 1941 hasi berria zela, Madrilera 28 atxilotu eraman zituzten, Ondarretako, Iruñeko eta Larrinagako kartzeletatik igaro ostean.
Madrilgo espetxe eta checa edo atxilo-guneetan sakabanatu zituzten atxilotuak. Hasieran guztiak Fomento kaleko checan egon baziren ere, lehen itaunketak egin ostean, emakumeak Las Ventasko espetxera eraman zituzten eta gizonezkoak Porlierrera. Aukera paregabea izan zuten ezagutzeko, murruen barrutik, zein zen Espainiako kartzelen egoera latza: jende metaketa ikaragarriaz gain, gaixotasunak, gosea eta batez ere heriotzari beldurra, saca-k –presoak ziegetatik atera eta fusilatzea– indarrean zeudelako.
Sarean ibilitako asko heriotzatik gertu izan ziren, 1941eko uztailaren 3an epaitu ondoren kondena oso gogorrak jarri baitzizkien tribunalak: 19 heriotza-zigor eta gainerakoentzat kartzela zigor luzeak. Dena den, epaiari helegitea jarri zioten eta 1942ko irailaren 18an bigarren epaiketa izan zuten. Horren ondorioz, heriotza bakarrera –Luis Alavarena– eta kartzelaldi luzeetara mugatu zuten zigorra.
Behin betiko zigorrak jasota, Luis Alavaren bizia nola edo hala salbatzen ahalegindu ziren, kalean zeudeneko lana gogora ekarriz. Baina hortik aurrerakoak diktadura basatiaren magaletik burutu behar izan zituzten, eta Luis Alavaren kasuan, arrakastarik gabe gainera. Porlierren eta Las Ventasen gelditu zirenentzat, burkide haren heriotza 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Hori dela-eta, beraien eta Herriaren oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.
 
 
 
                   
Eraginkortasun hori esplikatzeko, kontuan izan behar da klandestinitatearen nekeak modu egokian eraman zituztela. Sareak iraun zuen bitartean, partaide batek baino ez zuen ospa egin behar izan, Agustin Ariztiak, polizia haren atzetik ibili zelako. Gainerako guztiek sareak bezainbeste iraun zuten jardunean, harik eta Parisen atzemandako txostenak Espainiako polizia haien arrastoaren atzetik jarri zuen arte.
 
 Espetxea barrutik, heriotza larrutik
Alemaniarrek Paris hartzearekin batera, Eusko Jaurlaritzak Avenue Marceau-n zuten egoitza eskuratu zuten frankistek –gaur egun, itzulerarik gabeko lapurreta dela medio, Cervantes Institutuaren egoitza dena–. Gestapoko kideek eta polizia frankistek han aurkitu zuten Barne Zerbitzuaz txostena. Dokumentu horretan, izengoitiak eta gerra izenak erabiltzen ziren arren, ezaugarri eta datu asko zetozen sarearen gorabeheren inguruan: nola sortu zen, nortzuk osatzen zuten, zer nolako jarduna izan zuen… 1940ko ekainaren bukaera zen eta handik aurrera miaketak egiten hasi ziren polizia eta militar frankistak.Sareko ordezkariek 1940ko abenduan azken bilera egin zuten Gasteizen, Ipar Euskal Herriko eta Frantziako egoera ikusirik, erakundea bertan behera uztea erabakiz. Artean, ez zekiten faxistak haien lorratzari segika zebiltzala jadanik. Polizia frankistak sareko kideen berri zehatza zuen. Erakundea desegin eta astebetera lehenbiziko atxiloketak izan ziren, sarea sortu zen tokian, Baztanen. Bittori Etxeberria, anaia Esteban eta Felicitas Ariztia harrapatu zituzten lehen kolpean. Jarraian, atxiloketak ugaritu ziren Iruñean, Gipuzkoan, Gasteizen eta Bilbon. 1941 hasi berria zela, Madrilera 28 atxilotu eraman zituzten, Ondarretako, Iruñeko eta Larrinagako kartzeletatik igaro ostean.
Madrilgo espetxe eta checa edo atxilo-guneetan sakabanatu zituzten atxilotuak. Hasieran guztiak Fomento kaleko checan egon baziren ere, lehen itaunketak egin ostean, emakumeak Las Ventasko espetxera eraman zituzten eta gizonezkoak Porlierrera. Aukera paregabea izan zuten ezagutzeko, murruen barrutik, zein zen Espainiako kartzelen egoera latza: jende metaketa ikaragarriaz gain, gaixotasunak, gosea eta batez ere heriotzari beldurra, saca-k –presoak ziegetatik atera eta fusilatzea– indarrean zeudelako.
Sarean ibilitako asko heriotzatik gertu izan ziren, 1941eko uztailaren 3an epaitu ondoren kondena oso gogorrak jarri baitzizkien tribunalak: 19 heriotza-zigor eta gainerakoentzat kartzela zigor luzeak. Dena den, epaiari helegitea jarri zioten eta 1942ko irailaren 18an bigarren epaiketa izan zuten. Horren ondorioz, heriotza bakarrera –Luis Alavarena– eta kartzelaldi luzeetara mugatu zuten zigorra.
Behin betiko zigorrak jasota, Luis Alavaren bizia nola edo hala salbatzen ahalegindu ziren, kalean zeudeneko lana gogora ekarriz. Baina hortik aurrerakoak diktadura basatiaren magaletik burutu behar izan zituzten, eta Luis Alavaren kasuan, arrakastarik gabe gainera. Porlierren eta Las Ventasen gelditu zirenentzat, burkide haren heriotza 1937an hasitako ekimen solidarioaren pasarterik tristeena izan zen. Hori dela-eta, beraien eta Herriaren oroimenean, orduz geroztik Alava Sarea da.
 
  
  
 

 
    
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina