(5)
JOXE MANUEL ODRIOZOLA
BIGARREN BIDEGURUTZEA:
LURRALDE-NAZIONALISMOAREN
ERRAZKERIAK (II)
Galderen joan-etorri honetan hurrengo iltze gorria hementxe sartu nahiko nuke: nork du, zinez eta benetan, hizkuntza-nortasun espainiarrean eta frantsesean oinarrituriko herritarren artean Euskarazko Nazioaren egiazko eta ezinbesteko premiarik? Euskarazko Nazioaren benetako premiarik? Kultura euskaldunaren esparruan bizitzeko ziorik? Inork gutxik. Hori da egia. Egia latza bezain garratza.
Euskalduna izan gabe, nekez, oso nekez, onartzen da euskal herritarraren identitatea euskal hizkuntzari darion kulturaren araberakoa izatea. Gorago aipatu dugun ikerketa-inkesta horretan -Euskal Herri osoan barrena egina- ageri zaizkigun zantzu adierazgarri batzuk berez mintzo dira. Euskalduntasunaren eta abertzaletasun erdaldunaren arteko etena, eten nabarmena bezain etsigarria, egiaztatua geratu dela dirudi herritarren iritzi-jarreretan. Hona hitzez-hitz adierazia:
"Espero zitekeen moduan, euskaldunentzat pertsona bat euskal herritartzat hartzeko baldintza nagusienetako bat da Euskaraz hitz egitea, gainerako herritarrentzat bigarren mailako baldintza den bitartean" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).
Hala eta guztiz ere, euskalduntasuna dugu tasun eta eskakizun beharrezkoena inongo erainkuntza nazionalik mamituko badugu. Izan, ez baita izan ia inon dimentsio linguistiko edo kulturalik edo etnikorik gabeko nazio-batasunik eta leialtasun-lokarririk, ez mundu modernoan, eta ez aurre-modernoan. Humus egoki baten inguruan ernaldu dira munduko nazio proiektu guztiak: bai nazio dinastikoak, bai nazio moderno liberalak, bai nazio marxistak eta bai nolanahiko nazio-ereduak.
Nazio bat hizkuntzaz ez bada bereizgarri, darabilen hitza beste Herri batzuena ere badelako, orduan bere naziotasunaren humusak beste osagarri batzuk izango ditu elikagai. Hitzaurrean esandakoa gogoan, berritu dezagun nazio-identitatearen egitura ez dela elementu bakoitzaren araberakoa, elementu horiek dena delako nazio-egituran daukaten lekunearen areberakoa baizik. Osotasunak ematen dio elementu bakoitzari daukan garrantziaren tamaina eta itzala. Esate baterako, erlijioak monopolizatzen baldin badu identitate horren izaera, munduko Herri askotan gertatu bezala, horrek ez du esan nahi gainerako gizarte-osagarriak hutsaren hurrengoak direnik. Erlijioaren nagusitasun hori osotasunaren testuinguruan baitatza. nazio-egituraren barruko osagarrien elkareraginaren emaitza da Herri baten identitatea, horietako batzuk gailenduz eta beste batzuk mendeko bihurtuz.
Euskal Herri osoaren kohesio bila abiatuta, barne-lokarrien xerka hasita osagarri nazional bat azpimarratu nahi digu Arnaldo Otegik honako honetan:
"Horretarako Herri osoaren lurralde eta geografia kontzeptua berreskuratuko duen agertoki demokratikoa bilatu behar da lehendabizi".
Alde batetik, agerikoa denez, lurraldearen erakarpen-indarrean sinetsita bizi da Ezker Abertzaleko buruzagia. Beste alde batetik, berriz, lurraldearen nazio-erakarmen hori egia bihurtzeko, egoera politikoaren aldarri demokratikoa egiten du; bi baldintza horiek batera betetzen direnean batez besteko herritarra Euskal Nazioaren dinamikan murgilduko delakoan-edo. Euskal Nazioaren eraikuntza, baldintza demokratikoetan mamitzen ez bada, noski, nekez mamituko da gaur eta hemen. Nolanahi ere, bi baldintza horien erakarpen-indarrean Otegik sinesten duen bezala sinesteko, fede handia behar da demokrazian eta lurralde-izarian.
Goazen naziotasunaren egitura behatzera eta ikus dezagun gaingiroki balizko egoera demokratikoak zertan aldatuko lukeen lurralde-faktoreen jokoa. Sistema nazionalaren barruko elementu bati buruzko jarrera-atxikimenduak alderdi politikoen arabera aldatzen ote dira batez ere? Alegia, horretarako aski ote da espainiar nazionalismo totalitarioak -estatu bat totaliarioa da nazio anitzeko estatua izan eta nazio-estatu gisa funtzionatzen duenean- Hegoaldeko eremuan indar abertzale guztiak legeztatzea eta joko-arau demokratikoak ezartzea? Alderdi politikoen joko-arauak aldatze hutsak ekar lezakeen demokratizazioak ez dakit nola iraul ditzakeen nazio-egiturako osagarri nagusiak, berauek higaturik dituen Herri batean. Baikorkeriari darion arinkeriazko halakoxe usain bat hartzen diot diskurtso horri.
Izan ere, herritarren lurralde-kontzientzia higatuta baldin badago, higadura horren arrazoiak ez dira alderdi politikoen aukera-berdintasun hutsean konpontzen. Nazio-egituraren elementu guztiak daude jokoan gure egoeran, eta horrek esan nahi du, besteak beste, botere-sistemaren geruza eta gizarte-izari guztiak direla aldatu beharrekoak. Elementu batean eragingo bada, egitura osoa baita eraldatu beharrekoa. Euskararen kontua ez al dute bada horrelaxe ulertzen militante abertzale gehienek? Ez al digute ba hitzetik hortzera zerea gogorarazten: "Marko politiko orokorra aldatu gabe, ez dago zer eginik Euskararekin". Horixe da leloa, eta horixe bera da, atzekoz aurrera jarrita, lurralde-auzian gogorarazi nahi niekeena nik hemen: "Euskal nazio-identitatearen egitura osatzen duten elementu nagusien egoera aldatu gabe, lurraldearen auziak jai dauka".
Aldian aldiko lokarriak garatu behar ditu Herri batek Nazio bihurtu nahi badu. Horretarako, aldi historiko bakoitzari erreparatu behar, egitura horretan herritarrak nazio-kide bihurtuko badira. Geure buruari galdetu beharko genioke ea zein elementu edo nazio-ezaugarri den orain eta hemen eragin-indar handiena duena. Alegia, dimentsio politikoari dagozkionak diren, ala dimentsio linguistikoari eta kulturalari darizkienak. Ekonomikoak eta sozialak diren ala ondare etnohistorikoaren errotik datozenak diren (hizkuntza, kultura, historia, eta abar). Izan ere, oso oker ez banago, faktore horien eraginkortasunean datza erantzunaren egokitasuna.
Lurraldearen lilura ezin dugu gainetik kendu. Errealitate fisiko eta geografiko hori hor geratu zaigu, Euskal Herriaren ondare eta oihartzun historiko gisa. Haatik, abertzalearen lurralde-anetsak mamitzeko estrategi politikoak, izan bortitzak ala demokratikoak, indarge ageri zaizkigu alde guztietatik. Euskal Nazio historikoak jasan duen higadurak testuinguru ezin beltzago honetara ekarri baikatu:
"Horrez gainera, EAEn nahikoa zabaldua dago Euskal Herria hobekien definitzen duten lurraldeak Bizkaia eta Gizpuzkoa direla pentsatzeko joera, eta Iparraldean Euskal Herria hobekien definitzen duen lurraldetzat Iparraldeko barnealdea hartzekoa" (Euskal nortasuna eta kultura XXI. mendearen hasieran, 2006).
Demokraziaz mintzo zitzaigun Otegi Herri honen lurralde-batasuna pizteko asmoz. Demokrazia ondo dago, baina Nazio baten identitate-egitura ez da eraikitzen demokraziari esker bakarrik. Nazioa era askotara eratu dira, eta gehienak ez dira oso era demokratikoan eraiki. Nolanahi ere, demokraziak gutxi dezake etnos-ik ez baldin badago. Horixe baita Nazio proiektuaren eranamuinean dagoen nazio-kemena. Humus horretan erein behar dira naziotasuna taxutzen duten osagarri-haziak.
"Etnos gabeko demos gutxi dago historian".
Hori Emilio Lopez Adanek dio. Mario Zubiaga, berriz, oraindik ere urrutirago doakigu bere burtapenean:
"Ez dago demosik etnos edo nortasun kolektibo berezirik gabe".
Hortik abiatuta, ondorio honetara iritsiko zaigu Zubiaga:
"Azken finean, "eraikuntza nazionala" esamolde pisutsuarekin adierazi nahi dena, euskal ethnos-aren ezaugarriak aintzakotzat hartuko dituen euskal demos-aren bidezko zer baten eraikuntza da."
Ezagun denez, jatorrizko Herriaren erro zaharren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanak ditzute hizpide hirurek, eta ez dute berezko kontraesanik antzeman hartu-eman osagarri horretan. Euskalduntasunaren erro zaharra ez dago zertan gutxietsi naziotasun modernoaren iturri beretik edateko. Ez baitago erabateko etenik Nazio etnokulturalaren eta zibikoa edo demokratikoa deiturikoaren artean, alde guztietatik horixe sinestarazi nahi badigute ere kosta ahala kosta.
Joxe Azurmendi ere langintza berean jarriko dugu: Herri etnikoaren eta Nazio modernoaren arteko hartu-emanek nolako tratamendua izan duten ikuste aldera. Ondoko hauxe aurkitu du hartu-eman horien alde banatan zegamarrak:
"Nazio zaharra, mespretxuz Nazio etnikoa deitzen dena, ez da ezer, antropologoen entretenigarri ez bada. Herri/etnos horrek ez ei du berak bere burua hiritar deklaratu eta bere buruari Konstituzio bat emateko eskubiderik, beste hartan urtua ez bada. Hiritarra da, bai, baina zein-nolako hiritarra izatea daukan eta ez, bestek erabakitzen dio".
Azurmendiren begiradak errotik atzeman du arestian aipatu dugun ustezko hausturaren trikimailua. Sokatiraren alde batean Herri etnikoa dago, subjektu politikoa ez omen den Herria -gurera egokituta, Herri euskalduna-, eta bestean hiritartasunaren logikan eratua omen dagoen Nazio-Estatu modernoa. Euskaldun garen aldetik ez omen dugu izan geure historian behar adinako kontzientziarik eta gaitasunik sokatira historikoan alderdi nazional modernoan kokatzeko. Ez genuen nonbait nazionalismo modernoaren trenik hartu, iturri zaharreko ura edaten lo hart genuelako-edo. Labur bezain zeharz adierazita: "Euskal Herri etnikoa ez da existitu ere egiten politikoki". Espainiarrak eta frantsesak bat datoz horretan, aho batez berresten dute Hegel-en harako hura: "Historiarik gabeko Herriak dira". zegokien une historikoan estaturik sortu ez zutenak.
Jatorrizko Herrien eta nazionalismo modernoaren artean dagoen ustezko kontraesan hori gezur ofizial baten dogma bihurtu da. Eta gezurraren gainean eraikitako dogma hori oraindik bizi-bizirik dago gure artean bertan ere: Nazio modernoak sistema feudalarekiko zituen onurak nabarmendu eta jatorrizko Herrietan eragi duen genozidioa eta/edo etnozidioa ezkutuan gorde duen diskurtsoa nazionalismo handi-mandiaren mirabe ideologikoa besterik ez da. Alde onak goraipatu, alde makurrak isiltzeko. Horra oraindik ere filosofia politiko modernoaren teoriko ofizialek zer egiten duten historiaren interpretazioarekin. Zoritxarrez, abertzale ez gutxiren artean ere egia ofizial hori ez da auzipean jartzen, gezurra badirudi ere. jakinaren gainean gertatzen da batzuetan -ideologia espainlistaren esanera-, ezjakinean ez gutxitan -abertzaletasun demokratikoaren bedeinkaziopean-, eta azkenik, pragmatismo eta erralismo zurrun eta zekenak eraginda ere ez gutxitan.
IBIL, IRAULTZAILEEN BILGUNEAK
ErantzunEzabatuOINARRIAK
Euskaldun iraultzaileak gara, eta iraultzaile euskaldunak. Gure helburua, Euskal Herri Langilearen erabateko emantzipazioa eta askatasuna da, eta zehazkiago Euskal Langileriarena, klaserik gabeko Euskal Herrian. Hori lortzeko, zapalkuntza guztiak suntsitu nahi ditugu, eta bereziki botere zapaltzaile hegemonikoa den Kapitalismoa, gainontzeko menderakuntza zaharragoak (eta sakonagoak) ahaztu gabe: patriarkatua, etnozidioa, arrazakeria, ekozidioa … Mendez mende txirikordatu diren zapalkuntza sare konplexu horiek gaur egun Inperialismoan integratu dira. Euskal Iraultza Sozialista egitea da gure xedea, beraz: euskal langileok Euskal Herri batu, independente, sozialista eta euskalduna eraikitzea.
BERREUSKALDUNTZEA: Euskara da gure hizkuntza nazional bakarra. Euskararen Herriaren kontra mendez mende estatu eta botere zapaltzaileek egin duten etnozidioaren aurka gaude erabat. Gaur egun euskaldungoa gutxiengoa da Euskal Herrian. Euskal Iraultza Sozialistak berreuskalduntzea ekarri beharko du bere baitan, zinezko Iraultza izan dadin.
EUSKALDUNTASUNA: Euskara Euskal Herriaren hizkuntza nazional bakarra da. Euskal Iraultzaren subjektu hegemonikoa Herri Langile euskaldunak izan behar du, horrela bakarrik bermatuko baita euskaldungoaren biziraupena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea. Gure antolakundeak Euskaraz funtzionatuko du, bere egiturak euskalduntzaileak izango dira, eta bere militanteek Euskara jakin behar dute.
Web orri interesgarria euskararen "arrarotasunari" buruz:
ErantzunEzabatuhttp://idibon.com/the-weirdest-languages/
239 hizkuntzetatik 230 postuan dago!!!