
Uxue Alberdi:
"Feminismoak balio dit
edozein gai beste era batera begiratzeko"
Durango - 2013ko apirilaren 29a, 08:31
anboto.org weborritik hartua / Bilgune Feministari esker!
anboto.org weborritik hartua / Bilgune Feministari esker!
Zergatik, noiztik, begiratu bertsolaritza faminismotik? 
Gai hau nahiko berria da bertsolaritzan: Maialen Lujanbiok 2005ean 
eskaini zuen bere esperientziari buruzko berbaldia. Etiketa hori ipini 
ez bazion ere, edukia guztiz feminista izan zen. Askorentzako 
errebelatzailea izan zen hitzaldi hori, eta ordutik gu ere hasi ginen 
feminismoan janzten, nola jokatzen dugun ulertzen, eta praktikoki eta 
teorikoki ere ikasten genuena bertsolaritzan aplikatzen: emakume eta 
feminista bezala nola kantatu nahi genuen erabakitzen.
Zer jaso zenuten hitzaldi hartatik? Zergatik izan zen mugarri?
Nik uste mugarria izan zela, Maialenek hitzetan jarri zuelako gu 
aspalditik sentitzen ari ginena. Mugarria da, kontzientzia hartzea ez 
zarela neutroa, inor ez dela neutroa, gure sexuaren arabera kargatuta 
daukagula generoaren motxila, eta horrek bizitzan eta bertsotan eragiten
 digula. Emakumeok ez gara bertsolaritzaren jardunak eskatzen dituen 
hainbat gaitasun garatzeko trebatuak izan: zentroa izateko ez gaituzte 
hezi, ezta arriskatzeko ere, hanka sartzeko, edota gure iritzia azken 
muturreraino mantentzeko... Emakume askori bereziki kostatzen zaizkigun 
berezko ezaugarriak dauzka bertsolaritzak.
Gai horiei buruzko gogoetak konpartitzeko, Plateruenekoa bezalako berbaldiak eskaini dituzue azkenaldian.
Bai, eta tailerretan parte hartu ere bai. Orain 10 urte, inork ez 
zuen honetaz berbarik egiten; orain ahotan darabilgu, behintzat. Izan 
ere, 2003an bildu ziren bertsotan eta bertsoaren inguruan zebiltzan 
emakumeak lehenbiziko aldiz. Beraiek euren nortasunari egozten zizkieten
 zenbait ezaugarri eraikuntza sozialaren ondorio zirela konturatu ziren:
 ez direla kasualitatea.
 
 
Zer eskaini dizu zuri begirada feminista horrek?
20-22 urterekin hasi nintzen kontzientzia feminista hartzen, eta 
aurkikuntza izan da niretzat: nire burua, bertsolaritza, bertsotan 
sentitzen dudana, eta mundua ulertzeko era. Feminismoak tresnak ematen 
dizkizu generoa deseraikitzeko, eta saiatzeko inertzietatik kanpo 
kantatzeko. Bertsolari bakoitzak pentsatu behar du nola kokatzen den, 
esaterako, sexuaren, harremanen, egoera politikoaren aurrean. 
Feminismoak eman dit talaia bat gauzei ertzetik, ezkerretik, modu 
sortzailean begiratzeko. Balio dit gai guztiei beste era batean 
begiratzeko.
Zein da hitzaldian transmititu gura duzuen ideia nagusia? 
Gure asmoa ez da inor epaitzea, gu lagundu gaituen teoria bat eta 
tresna batzuk plazaratzea baizik. Ideia nagusia da, ez dezagula pentsatu
 neutroak garenik; bertsolaritza ez da neutroa, bertsolariak ez gara 
neutroak, ezta entzuleak, epaileak, edo gaiak ere. Emakume eta gizonak 
oso modu desberdinean jarduten dugu, oso modu desberdinean epaitzen dugu
 gizon bat edo emakume bat, oso rol desberdinak espero ditugu gaietan...
 Hori dena feminismoaren tresnekin saiatzen gara ulertzen, eta deseroso 
sentiarazten gaituen hori aldatzen.
Zelakoa izango da berbaldia?
Teorikoa da, baina mami guztia anekdotekin eta adibide praktikoekin, 
gertatutako gauzekin azaltzen saiatzen gara. Anekdota asko oso 
graziosoak dira, eta jendeak barre asko egiten du hitzaldietan. 
Amaieran, iritziak trukatzeko aukera ematen dugu beti.
Esaterako, zelako egoerak kontatzen dituzue berbaldian? 
Hizkuntza ez dela neutroa esaten dugu, esaterako, eta hori anekdota 
batekin azaldu: Jon Maia eta biok geunden bertso afari batean, eta 
maleta handi bat atera ziguten txapel, peluka eta hainbat objekturekin. 
Momentu batean bibradore bat atera genuen maletatik: hasi ginen 
bibradoreari, zakilari buruz kantatzen. Oso erraz ari ginen, eta jendea 
barrez: oso ondo hartzen baitugu denok zakilaren inguruko umorea. Oso 
ohituta gaude. Une batean, baina, “egongo gara askatasunean zakilaz 
adina txiste aluaz egiten ditugunean” kantatu nuen, eta publiko guztia 
isildu egin zen, aulkietan deseroso mugitzen hasi ziren. Saioa 
amaitzean, Jon Maiak berak esan zidan: “25 urte daramatzat plazetan, eta
 hau izan da ‘alua’ esan dudan lehenengo aldia”. Horrek ikustarazten du 
errealitate osoa: gizonen sexualitateaz eta desiraz etengabe kantatzen 
da; emakumeen desira beti da objektua.
 
 
  
 

 
ErantzunEzabatuEuskalgintza izango bada, feminista ere izan beharko da…
Api21 by barberenea
BLOGAK.GOIENA.NET/BARBERENEA
Egunotan egin dira jardunaldi feministak Arrasaten, Emakume Txokoaren 10. urteurrena ospatzearen aitzakiapean. Egitarau txukuna eta parte hartze ona, zentzu horretan bejondeiela antolatzaileei.
Halere, jardunaldiek utzi dute ere albo eztabaida eta kalapitarik. Arrasaten feminismoaz den ezagutza edo ezagutza ezaren adierazgarri. Eta zein izen da bada polemikaren sorburua? Arrasateko Gaztetxea erabiltzea emakumeentzat (soilik emakumeentzat) jai bat egiteko.
Ez noa orain polemika horretan sakontzera, jakin baitakit buelta eta errebueltak izan direna… Bakarrik gehitu nahiko nuke niri ez zaidala batere arraroa egin emakumeek jaia bakarrik ospatu nahi izana. Eta hau da ziurrenik nire bizitzan urte asko euskaldunon elkarteen bueltan eman ditudala, eta bertan aspaldian teorizatu da batez ere Txepetxen eskutik euskaldunon trinkotu beharraz egoera linguistiko asimetrikoari buelta eman nahi badiogu. Hots, kolektibo zapaldu baten boteretze fasea ulertzea errazagoa dela norbera koletibo zapalduren baten kide bada eta boteretze gogoetak edo saiakerak (euskalgintzaren kasuan TELP, elkartegintza, intsumisioa adib) egin baditu.
Noski, gehienok gara aldi berean kolektibo zapaltzaile/zapaldutako kide…
Bestalde, Txatxilipurdi elkartean “Haurren hiria” filosofia hausnartzen, barneratzen, kritikatzen eta aplikatzen ari gara azken hilabeteotan. Haurrak herritar gisa aintzat har ditzagun. Herri ereduaz (eredu sozial, ekonomiko, hirigintza eredu…) hausnartu dugu ere, haurren egoera hobetzeko herri eredua aldatu beharra ikusten baitugu. Eta noski, uste dugu honek ere hizkuntzari on egingo diola….
Horrenbestez, 2 ondorio atera ditut euskalgintzari aplikagarri zaizkionak:
1.-Kolektibo zapaldutakook batu beharra dugu, egun indarrean den jendarte eredu kapitalista eta hetero-patriarkalari aurren egin nahi badiogu. Galde diezaiogun gure buruari, egun euskalgintzak bizi duen emaitza eta mezu hedadura geldotzea ez al da izango bizi garen jendarte ereduaren erru? Hau da, ez ote gara iritsi jendarte eredu honek uzten digunaren topera?
Jendarte ereduari aurre ein nahi badiogu, ezinbestekoa dugu zapaldurik gauden guztiok elkartzea. Emakume, haur, euskal hiztu, LGTB mugimendua… Zapalkuntza ametitzen duen eredu ekonomiko eta sozial batek kalte egiten baitigu guztioi eta ez digu utziko muga estu batetik haratago joaten….
2.-Haurren kasuarekin ikasi dudan moduan, ezin gara etengabe gure zilborrera begira egon, guretzat soilik diren mezuak jaurtiz eta autarkia ideologiko batean biziz… Euskalgintzak herri mugimenduekin behar du lotua egon, eraldaketa soziala egongo bada euskaraz izango delako, EH-a euskalduna izango bada feminista ere izango delako eta haurren hiriak beste kolektibo zapaldu batzuen egoera ere hobetuko duelako.
Badakit ziurrenik ez dela ezer berria kontatzen dudana, baina bai gero eta argiago ikusten dudana bere garrantzia…