LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2013/05/14

Politika VS biolentziA?


POLITIKA VS BIOLENTZIA?



Itxaso Urtiaga

Taupadek bizi gaituzte. Taupada bakoitzaz zuri-beltza kolorezta daitekeela ikusia dugu; taupaka, ametsak errealitate bihur daitezkeela. Taupadaz taupada herri oso bat batu eta aske-gune ederrak eraiki daitezkeela frogatu dugu, lar-arte arantzatsuenetan ere, udaberri indartsuak lora daitezkeela. AskeGunea beste gauza askoren artean horixe izan baita, askatasun beharraz kateaturiko herri baten taupada, etsipen grisean ito nahi gaituztenei desafiatzeko harresia; taupadaz-taupada, eskuz-esku eraikiriko herri-harresi itzela. Lagun batek esaten zidan zinez zaila zela hainbeste emozio kontrajarri kudeatzea, hainbeste sentsazio, pentsamendu eta bizipen prozesatzea. Eta hala da. Baina AskeGunea mugarri bat izatea nahi badugu ezinbestekoa da haren gainean pentsatzea, hausnartzea, halako esperientzia batek eman dakizuken irakaspenik txikiena ere jasotzeko. Ondorengo zirriborroak, bada, ezin bestelako pretentsiorik izan: AskeGunearen itzalean, politika kontzeptuaren gaineko eztabaida zabaltzea da nire asmoa.

Agnès Cugno-k “Violence et Politique. Biolentzia eta politika” idazkian ezin hobeki azaltzen duen moduan, sistema demokratikoetan biolentzia eta politika zuzenean elkar kontra jarriak direnaren sinesmena izaten da nagusi. Nola eratzen da sinesmen hau?
Laburki esateko, Estatu modernoak egituratzean, elkarbizitza kolektiboaren baitan sor zitezkeen kontrajartzeak modu baketsu eta justuan kudeatu eta bideratzeko eginkizuna beregain hartu zuten, teorian. Horretarako, batetik, guztientzat berdinak izango ziren joko-arau propioak ezarri ziren lekuan leku (eskubideak, betebeharrak, legeak, arauak…) eta bestetik, joko-arau horiek guztiengandik errespetatuak izateko bermeak finkatu ziren. Eginkizunok bete ahal izateko, Estatuak indarkeria fisiko legitimoaren monopolioa bereganatu zuen, Max Weberren esaldi famatuak dioen moduan. Legitimoa zaio, ustez, biolentzia hau estatu-kide guztien ongizatea bermatzeko soilik erabiliko duelakoan. Honela ezkutatzen da, bada, Estatu baten biolentzia legitimitatearen itzalean, jardun politikoaren izenenean kamuflatuz.

Biolentziaren ezkutatze eta aurpegi-aldatze honetatik eratortzen da politikaVSbiolentzia-ren sinismena. Dikotomia honetan bi ideia nagusi biltzen dira:
Batetik politika biolentzia ez denaren ideia. Era berean, baiezpen honetatik ia zuzenean atera daitekeen suposizioa da biolentzia ez dela politika.
Eta bestetik, politikak biolentziari kontra egiteko betebeharra duenaren ideia. Eginkizun hau bete ahal izateko, Estatuak(politikak) biolentzia zer den eta zer ez definitu beharko du, eta beraz, politikoa zer den eta zer ez finkatzeko ahalmena dauka… eta hau, lagunok, sekulako boterea izatea da.

Honarte esandako apurretik nahiko erraz ikusi daiteke batetikpolitikaVSbiolentzia dikotomia guztiz faltsua dela, erakutsi denez politika bera biolentzia baita (inork legitimoa kontsideratzeagatik ez baitio biolentzia izateari uzten eta gainera, legitimoa den horri sekulako kiratsa darion honetan, legitimotzat jotzekotan lehenik legitimitatearen inguruko eztabaida bat inposatzen dela esango nuke); eta bestetik, dikotomia horrek estatu bateko ordenua eta botere-banaketa babestu eta betikotzeko baliabideak ematen dizkiola, hain justu ere, botere politikoa duen horri. Izan ere, ‘biolentzia’ edota ‘politika’ zer den eta zer ez definitzeko ahalmena berak duen neurrian, ‘zer den legala eta zer ez’ edota ‘zer den zilegi eta zer ez’ erabakitzeko ahalmena baitauka. Esan gabe doa, ahalmen honek botere-postuetan betiko irauteko posibilitateak ematen dizkiola bati, edota baita gogoko ez duen edonori aukera hori ebazteko baliabideak ere. EHan badugu horren adibiderik: erreparatu besterik ez dago, esaterako, ‘partiduen lege’ santu horrekin errealitatea -demokratak (politikoak) VS biolentoen- artean sailkatuz ze proiektu politiko botere-gune ofizialetatik urrun mantentzea lortu duten.

Bada hasiera batean itxuraz definizio ariketa huts bat irudi zitekeena (zer den politikoa, zer biolentzia etabar zehaztea), egiaz, errealitatea ulertu, antolatu, aldatu edota mantentzeko modua dela ikus dezakegu, errealitatea eraikitzeko bidea, alegia. Horregatik, arreta berezia eskaini beharko genioke geure praktika politikoan alderdi diskurtsiboari, borroka dimentsio horretan zer hobetu asko dugulakoan bainago. Horren erakusle da, esaterako, urrutira joan gabe AskeGunearen atzeko auziaren harira behin baino gehiagotan entzun dudan esaldi batean sumatzen dudan akatsa. Zehazki,  “8 gazte lan politikoagatik espetxeratuak izango direla” dioen salaketaz ari naiz. Salaketaren formulazioaz, alegia.

Halako adierazpen irmoen bidez jendartean inpaktu gogor bat eragin asmo dela esango nuke, onartezintasunean sustraituriko erreakzio bat sortzea, hain zuzen. Komunikatiboki esaldi borobila izan daiteke. Argia. Sinplea. Laburra. Ulerterraza. Halaber, ez dakit jabetzen garen politika terminoaren erabilpen horrekin ‘politika’ kontzeptuaren zein kontsiderazio defendatzen edota sustatzen aurki gintezkeen nahi gabean.



Lan politikoa egin izanagatik espetxeratuak izatea onartezina dela esatean
…esaten ari garena da inor politika egiteagatik espetxeratzea ez dela justua, politika egitea ez delako delitu edota ez lukeela izan beharko bederen. Hau da, politika egitea legala dela edota izan beharko lukeela diogu. Honekin, indirektoki esaten ari garena da politika egitea ez dela biolentzia praktikatzea, jakin baitakigu biolentzia praktikatzea delitua dela eta gainera oso kontziente baikara herri honetan biolentziaren elementua bereziki erabilia (izan) dela ilegalizazio, kriminalizazio eta errepresio estrategiaren argudio bezala. Horregatik geure herriko testuinguruan jardun politikoa burutzea ilegala ez dela aldarrikatzea, politika egitea biolentzia praktikatzea ez dela iradokitzea da, eta honekin, biolentzia ez dela politika onartzen ari gara, zeharka bada ere (horrek suposatzen duen guztiarekin..: benetan uste dugu ekintza biolento batek ezin duela ekintza politikoa izan?).


Azken buruan, lan politikoa egin izanagatik espetxeratuak izatearen salaketa, orain eta hemen, politika eta biolentzia elkar antagonikoak direnaren suposizioan sostengatzen delakoan nago. Ondorioz, esaldi argi, sinple, labur eta ulerterraz horrekin nahi gabean politikaVSbiolentzia dikotomia (faltsua eta arriskutsua) erreproduzitzen gabiltza, bai eta dikotomia horrek inplikatzen duen entramado guztia zeharka ametitu eta elikatzen ere, denboran iraunaraziz.

Egungo gizarte-eredua legitimatu, blindatu eta iraunarazteko balio duten dikotomia eta kontzeptuak elikatu eta erreproduzitzera ez jauzteko beharrezkoa da kontzeptu gakoak identifikatu, auzitan jarri, aztertu, eztabaidatu eta definizio ariketa kritiko eta propio bat egin eta sustatzea. Horretarako, gaurkoan galdera zuzenak: zeri deritzogu politika? Zer kontsideratzen dugu, zehazki, jardun politikoa? Nola apurtu PolitikaVSbiolentzia dikotomia? Zerbait salbatu beharko al genuke dikotomia horretatik?

BIBLIOGRAFIA:

Ez da ba Ezker Abertzale Berriarentzat koherentea dikotomia (faltsu) hori onartzea? Ez du zentzu honetan bere kontzientziazio lana egin azkeneko hiru urte (gutxienez) hauen buruan? ''La 'm' sobra y estorba'', ''soilik bide baketsu eta politikoetatik'' eramaten d(ut)en estrategia berri honetan. Hala esan zen hasieratik. Erabat ados Itxasoren ideiarekin, baina ez gaitu harritu behar. Berez, esaldi horren (benetazko) mezua aski neurtuta dago eta.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina