2013-05-02
Hesi arteko irritxoak
Kristina Getek eta Alaitz Iturriotzek ere badakite ez
dela erraza espetxean haur bat izan eta haztea. Trabak traba, erabakia
merezi duela diote: «Haurrak zoriontsu dira».
Hodei Iruretagoiena
Kristina Gete, Gesalarekin, Picassenteko Valentzia III espetxean (2007). / BERRIA
"Erabaki genuen ez zutela baldintzatuko gure bizitza», esan zuen Nahikari Otaegik joan den astean, zazpi hilabeteko haurrarekin espetxera aurkeztu aurretik. Hori bera askotan esan ohi zutela gogoratu du Itziar Iturriotzek. «Espetxeak nahikoa baldintzatzen gaitu bestela ere. Zure ilusioa amatasuna bizitzea bada, ez dezatela baldintzatu». Urte askoko ibilbidea dute Euskal Preso Politikoen Kolektibokoek Espainiako, Frantziako zein beste herrialde batzuetako espetxeetan. Bide luzea, eta hamaika errealitate. Adibidez, espetxean guraso izan direnena. Eta adin batera arte amarekin espetxean hazi diren haurrena. Kasu asko egon ez direnez, nahiko ezezaguna da errealitate hori, baita presoen kolektiboaren barruan ere.
Ezagutzen dituzte espetxe barruko amentzako moduluak Iturriotzek eta Kristina Getek. «Sehaska bat ematen dizute; baina, bestela, dena berdina da», dio Iturriotzek. Diotenez, aldea dago espetxe batetik bestera. Picassentekoa ezagutzen dute ondoen, han egon baitziren denbora gehien. «Hau da amen modulu bat?», galdetu zion bere buruari Kristina Getek, zazpi hilabeteko zegoela hara eraman zutenean. Ez dago «baldintzarik onenetan»: herdoilduta dauzka ateak, ohikoa da arratoiak eta labezomorroak aurkitzea, ez dago haurrentzako bainuontzirik, ur berorik ere ez askotan.
Susmoa bazuen, baina Iturriotzek ez zekien haurdun zegoenik atxilotu zutenean. Ibon Urrestarazu bikotekidearekin atxilotu zuten, 2004ko azaroan, eta zalantza handiak izan zituzten: «Hasieran, beldur asko dituzu». Zigor eskaera handiak zituzten biek. Hala ere, aurrera jotzea erabaki zuen, eta ez zaio damutu. Soto del Realetik pasatu, eta Brievara eraman zuten. Han ez zuten ginekologorik, eta ospitalera atera behar izaten zuten probak egitera, «horrek esan nahi duen guztiarekin». Ospitaleko tratua «oso ona» izan arren, poliziek, mehatxu bidez, «lotsagarri» utzi nahi izaten zuten. «Baina prestatuta zoaz, berdin zaizu zer esaten dizuten. Aurrera egin behar duzu, haurrarengatik». Brievatik Sotora eraman zuten sei hilabeteko zegoela, eta Gregorio Marañon ospitalean izan zuen Intza.
Espetxean zeudela erabaki zuten Josu Lonbidek eta Getek haurra izatea. Gogorra izan zen Geterentzat Gesalaz erditu zeneko gaua. Lau guardia zibil jarri zizkioten atean, eta mehatxuka aritu zitzaizkion gau osoan, haurra jaioberrien gunera eramango zutela esanez. «Eserita pasatu nuen gaua, haurra besoetan nuela». Hurrengo egunean, berehala eskatu zuen espetxera itzultzeko. Erditu zenetik hogeita lau ordu baino gutxiago pasatu arren, senda-agiria eman zioten. «Medikuak ez zidan sinesten gertatu zitzaidana. 'Sinesten dizut, bestela ez zenuke eskatuko espetxera itzultzea', esan zidan».
Eguneroko borroka
Espetxeko bizi-baldintzak ez dira inorentzat izaten errazak. Behar bereziak izan arren, ez dute erraztasun gehiago izaten haur batekin daudenek. Egunero borrokatu behar dute amek haurrengatik. «Beste norbait duzu zure ardurapean, eta zutaz ahazten zara», azaldu du Getek. «Pure batengatik ere borrokatu egin behar da». Iturriotzen esanetan, espetxe berean gizonezko presoak egon arren —beste modulu batean—, oso zaila zaie borroka horretan laguntzea. «Egunero hor ez bazaude, ez dakizu zein diren haurraren beharrak. Beraz, bakarrik zaude espetxearen aurka».
Hamabostean behin etortzen zen pediatra Valentzia III espetxera, eta sei ume bakarrik artatzen zituen, jaio berriak zirenak. «Tokatzen bazitzaizun ondo, bestela, hor konpon». Mediku bat bazegoen erizaindegian, baina, Iturriotzek azaldu duenez, «paso» egiten zuen. «Gainera, erizaindegian denetik dago. Askotan nahiago duzu ez atera haurra, infekziorik harrapa ez dezan». Arazoren bat izanez gero, umeak ospitalera ateratzea izaten da aukera bakarra. Gesalak bederatzi egun eman behar izan zituen ospitalean. Lehen gauean, lau guardia zibil izan zituzten ospitaleko gelan. Pediatriako zuzendariak bota behar izan zituen.
Espetxetik ateratzea, ordea, ez da samurra izaten. Anbulantzian egiten dituzte lekualdatzeak. «Anbulantzian, baina eskuburdinekin», gogorarazi du Getek. Nola edo hala moldatu behar izaten zuten haurra besoetan eramateko: «Beso batean haurra, eta bestea eskuburdinez barra bati lotuta». Polizien «zaintzapean» egon behar izaten zuten beti. «'Terrorista-kume' izaten zen gure haurrez esaten zuten finena».
Baliabide gutxi izaten zuten heziketarako ere. Kanpotik euskarazko ipuinak edo musika erostea, esaterako, debekatu egiten zieten. Hala ere, lortzen zuten zerbait sartzea, paketeetan. Jostailuak haurrei eskuetatik kentzen ere ikusi ditu Getek funtzionarioak. Pirritx eta Porrotxen kartel bat jarri zuten behin ziegan, eta kentzera behartu zituzten, «eta» jartzen zuelako. «Terrorismoa» goratzen omen zuen. «Besteei ez zieten halakorik egiten, guri bai. Guri aplikatzen zizkiguten kolektiboari aplikatzen dizkieten zigor guztiak, baina ondorioak haurrek jasaten zituzten», azaldu du Getek. Pailazoak etortzen zirenean, esaterako, honela esaten zieten: «Gaur pailazoak izango dira haur guztientzat, zuentzat izan ezik».
«Zu ezin zaituzte zigortu, esaterako, bakartze ziegara bidaliz. Beraz, haurrarekin hartzen dute mendekua». Hori xantaia moduan erabiltzen zutela diote. «Umeei esaten zieten: 'Zuen amek garbiketa egingo balute...'», gogoratu da Gete. Iturriotzen ustez, haurra kalera ateratzea da lortu nahi dutena, «izorratu» egiten baititu preso politikoak euren haurrekin egoteak. Guztiarekin ere, bat datoz biak borroka hori merezi duela. Naturaltasunez bizi dute haurrek espetxeko egunerokoa, hori baita ezagutzen dutena: «Haurrek sekulako gaitasuna dute zoriontsu izateko, nahiz eta giltzapean egon».
Amaren eta haurraren arteko harremana, berriz, «oso intentsua» izaten da. Kanpoan beste ume bat ere izan du Iturriotzek, eta azaldu du ez duela zerikusirik: «Kartzelan, zu eta bera da, hogeita lau orduz». Haurrak hiru urtera hurbiltzen direnean, prestatzen hasi beharra dago kalera irteteko unea. Psikologoen laguntza baduten arren, hori da «gogorrena», ama bien esanetan. Iturriotz eta Urrestarazu behin-behineko espetxealdian izan zituzten, eta ez zekiten zein izango zen jasoko zuten zigorra. Haurrak lau hilabete betetzen dituenean, kalera irten daiteke. Bi urte bete ondoren, asteburuetan ateratzen zuten Intza, familiarekin, kalera ohitzen joateko. Behin betiko ateratzeko sei egun falta zitzaizkionean, errugabetzat jo zituzten biak.
Presoen medikuek diotenez, kalera irten aurreko hilabetea da garrantzitsuena haurra prestatzeko. «Euren modura azalduta, dena ulertzen dute», dio Getek. Bisean biseko bisita batean atera zuen haurra, familiarekin. «'Zuk gero beste atetik atera beharko duzu', azaldu nion». «Beso bat kentzen dizutenean bezala» sentitu zen Gete. Hamaika urteko espetxealdiaren ondoren, bederatzi hilabete geratzen zitzaizkion betetzeko: «Eternitate bat izan zen. Espetxean luzeena egin zaidan denboraldia».
Aita presoaren ezintasuna
Haurrekin dauden amen egoera ez da erraza, baina espetxean dauden haien bikotekideena ere ez da gutxiagorako. Badira aitak seme-alabekin pasatutako orduak konta ditzaketenak. Baita hilabeteak haurra ikusi gabe pasatzen dituztenak ere. Oroitz Salegik, esaterako, oraindik ez du ezagutzen Allur bere semea, zortzi hilabete beteak dituen arren. Mansillan dute preso Salegi, eta Aranjuezko espetxean dago haurra, Lierni Armendariz amarekin. Espainiako legeriak ezkonduta dauden bikoteei espetxe berean egoteko eta «trabarik gabe komunikatzeko» eskubidea aitortzen dien arren.
«Afektiboki, sentimentalki, gogorragoa da aitaren egoera», dio Iturriotzek. Astean behin, berrogei minutuko bisitak izaten zituzten aitek amarekin eta haurrekin. Hilean behin, elkarbizitza bisitak, ordu eta erdi ingurukoak. Iturriotzek dioenez, ezintasuna da halako egoeran dauden aitek sentitzen dutena: «Gauzak kontatzen dizkiozu, eta berak ezin du ezer egin». Haurra hazten ari dela ikusten dute, denbora badoala.
Api!
ErantzunEzabatuamatasunak unkitzen nauen gaia da, baina irakurrita emakume hoiek pasa behar dutena bere umea espetxean edukitzeagatik, aurrera ateratzeagatik, unkitu egin nau oso osorik. Gora emakumeon borroka!
espetxeak apurtu!!!
gogor etsaiari!!
animo, eta aurrera beti! gurea da garaipena!
Ni ere bihotz zolaraino hunkitu nintzen erreportaia BERRIAn irakurri nuelarik, bi haurren aita naizelakotz eta ni ere preso eduki nindutelakotz. Horregatik erabaki nuen argitaratzea, emakume militanteen lana beti -edo gehienetan- bigarren lerro batean gelditzen delakotz. Horregatik argitaratu ditugu Marisol Mujika eta Blanca Salegiren aipamenak, oso xumeak badira ere, baita Uxue Albedirena ere, bertze alor batean.
ErantzunEzabatuBlog hau emazte abertzale eta iraultzaile aunitzek irakurtzen dutela badakigu, eta hemendik dei bat egin nahi dizuegu, zuen ekarpenak egin ditzazuen. Bloga denon artean indartu eta hobetuko dugu! Anima zaitezte, eta parte hartu zuen iruzkinak bidaliz, edota artikuluak idatziz.
Milesker aunitz aldez aurretik!
Fermintxo