BRIAN CURRINek:
"ETA ez da indarkeriara itzuliko, baina zatiketak izan litezke"
Jon Torner Zabala
2013-05-20
 Brian Currin abokatu eta Harremanetarako Nazioarteko Taldeko (HNT) kidea elkarrizketatu du Público egunkariak. 
ETAren barruan gerta litekeen zatiketari dagokionez, argi utzi du berak
 ez duela halakorik aurreikustera eraman gaitzakeen inolako 
informaziorik. "Beste leku batzuetan gertatu izan delako diot".
 Armak entregatzeari dagokionez, alde guztien arteko konpromisoa behar 
dela dio abokatu hegoafrikarrak, Espainiako eta Frantziako gobernuena 
barne.
 Hain justu, gobernuen immobilismoaz luze mintzo da Currin. 
Harremanetarako Taldeak bi gobernuekin inolako harremanik ez duela dio. 
"Ez dira haien esku zegoena egiteko prest agertu", dio. "Barne-mailako 
ekimen miresgarriak ere izan dira, Ipar Euskal Herrian abian jarritakoak
 adibidez".
 Bere hitzetan, PPren eta PSOEren estrategien artean desberdintasun 
gutxi dago: "Badirudi estrategia bera dutela, ez kolaboratzearen 
estrategia. Horrekin lan egiteko modua aurkitu behar dugu. Onartu behar 
dugu hori dela haien lan egiteko era, eta errealitate hori onartuta 
aurkitu behar dugu aurrera egiteko modua".
 Currinek dio bake prozesua "posible" dela orain, baina aurrera egiteko gobernuek esku hartze handiagoa izan behar dutela.
 "Bake prozesuak ez du arrakastarik izango, baldin eta presoen auzia 
aintzat hartzen ez bada", gaineratu du. "Alde guztiak adostasunera heldu
 behar dira, presoen auzian akordioa lortze aldera. Arrakasta lortu 
duten beste prozesu batzuetan hori gertatu da".
 Datorren astean Euskal Herrian izango dira HNTko kideak. "Prozesuak 
bizi duen geldialdia nola hautsi eta Madrilen eta Parisen jarreraz 
gaindi nola lan egin eztabaidatuko dugu", adierazi du Currinek.
 
  
 



 
  
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina