 
  
 
Abertzaletasun
esentzialistatik
dialektikora (I)
Egilea: Unai Apaolaza 
 
 Sorrerako ETA
Hiru zatiei sarrera 
Hiru zatitan aurkeztuko dudan lan honek,
 abertzaletasunak 60. hamarkadan izan zuen aldaketa azaltzea du xede. 
Lehenengo atalean ETA-k bere sorreran zuen ideologia aztertuko dut, 
bigarren atalean berriz, Krutwigek idatziriko Vasconia 
liburuari begiratuko diot eta azken atalean, ETA-ren V. Batzarraren 
inguruko ekarpen ideologikoak aztertuko ditut. Lan hau egiteko nire 
doktoregoko ikerketa lanaren zati batzuk baliatu ditut.
Arreta, naziotasuna gauzatzeko moduan 
jarri dut; hau da, naziotasuna esentzia batzuen arabera ulertzetik modu 
dinamikoan ulertzeko eman zen jauzian. Azken aste eta hilabeteetan izan 
dugun eztabaidaren terminologiari jarraituz, identitate nazionala 
“izatetik” “eraikitzera” egin zen bilakaera aztertu dut. Norbaitek 
pentsa lezake eztabaida hutsala dela, ez duela ezertarako balio, baina 
ikuskera bat edo bestea izateak eragina izan du Euskal Herriko azken 
hamarkadetako alor sozial, politiko, ekonomiko eta kulturalean.
Bilakaera hau neurri handi batean ETA-k 
eta bere inguruan sortu zen mugimendu politiko, sozial eta kulturalak 
egin zuen 60. hamarkadan. Nik ideia politikoak aztertu ditut, 
naziotasunaren eta ezkertiartasunaren ikuspegiari garrantzia eman 
diodalarik. Hala ere, iraultza-bilakaera hau beste edozein alorretatik 
aztertzea ere posible da (kultura, artea, folklorea, ekonomia…), neurri 
handi batean ikuskera orokorraren (kosmobisioaren) aldaketa izan 
baitzen   iraultza hau eta ondorioz  euskal jendarteak zituen  espresio 
asko aldatu baitzituen.  Finean, abertzaletasunaren zati handi batek 
bide zaharrek inora ez zeramatela sumatu zuenean bere burua berrasmatu 
eta bide berriak ireki zituen, horretarako molde estatikoetatik 
dinamikoetarako jauzia egin zuelarik.

Historia pixka bat 
1936. urteko gerrak galtzaileentzat 
bilakaera oro errotik moztu zuen. Kulturala, soziala, ekonomikoa eta zer
 esanik ez politikoa. Gerraren amaierak erbestea suposatu zuen euskaldun
 askorentzat eta Euskal Herriko Hegoaldean gelditu zirenentzat 
errepresioa. Erbestean eta errepresiopean Herri baten garapena ezinezkoa
 egiten da.
Abertzaletasun edo euskal 
nazionalismoaren ideologiari  dagokionez, hau ere garapenik gabe gelditu
 zen; hala ere gerra bukatu eta hurrengo urteetan askapenerako 
estrategiak fase ezberdinak izan zituen. Beltzak, El nacionalismo Vasco en el exilio 1937-1960
 liburuan abertzaletasunak garai horretan izan zituen estrategiaren fase
 ezberdinak denboran mugatu eta berauen berezitasunak aztertzen ditu.
• 1937-1945. Gerra 
galdu eta gero erbesteko bidea hartu zuten koadro abertzale gehienek. 
Erbeste hau gogortu egin zuen  nazien zabaltzeak Europan zehar.
• 1945-1947.
 Euskal gobernuak berrantolatu eta erreferentzialtasuna eta errespetua 
berreskuratu zituen Hegoaldeko euskal erresistentzian, baita erbestean 
eta naziei aurre egin zien aliatuen artean ere. Euskal gobernuaren eta 
abertzaletasunaren estrategia, aliatuek eta aliatuen artean AEB-ek batez
 ere, Franco boteretik kendu eta Espainiako Errepublika berrezartzeko 
esperantzan oinarritzen da. Honela, Espainian Errepublika berrezartzeak 
autonomia emango bailioke Hego Euskal Herriari.
• 1948-1952.
 Garai honetan, Gerra Hotzaren aitzakiapean eta Komunismoari aurre 
egiteko argudiopean, Mendebaldeko potentziek, Francoren erregimenarekiko
 erlazioak normalizatzeko joera hartzen dute. Honek EAJ-PNV-ren 
estrategia nagusia hankaz gora utzi zuen.
• 1953-1960.
 Beltzaren aburuz, urte hauetan EAJ-PNV-k ez zuen gaitasunik erakusten 
jada porrot egin zuen AEB-en aldeko estrategiari aldizkatze bat 
eraikitzeko. Ez zuen Euskal Herriaren askapena lortzeko estrategiarik. 
Honek, EAJ-PNV-ren magaletik kanpo beste abertzaletasun mota bat sortzen
 lagundu zuen.
Abertzaletasun berri hau, ia ezerezetik,
 bide berri bat eraikitzen hasi zen; lehenik abertzaletasun klasikotik 
edanez eta pixkanaka erreferentzia berriak bilatuz eta hauek Euskal 
Herriko errealitateari txertatuz. Bilakaera ideologiko hau da aztertzen 
saiatuko garena.
 
 
Ikuskera esentzialista 
ETA-ren sorreratik I. Batzarra arteko ideologia aztertzeko, ezinbestekoa da Liburu Zuria deiturikoa eta asanblada honen karira kaleratutako erakunde sortu berriaren oinarrizko printzipioak biltzen dituen Zuzenbide dokumentua arakatzea. Liburu zuria ETA-ko militanteak formatzeko erabili zen liburuxka da; berau gauzatzeko EKIN-eko
 garaitik militanteen formakuntzarako osatu ziren koaderno ezberdinak 
berritu zituzten. Bi testu hauek oinarritzat hartuta sortu berria den 
ETA-ko ideologiaren ildo nagusiak marrazten saiatuko naiz.
Arestian aipatu bezala, ETA-ren 
abertzaletasunaren erreferentziak abertzaletasun klasikoan zeuden 
kokaturik, oraindik beste abertzaletasun motarik ez baitzen existitzen. 
Abertzaletasun klasikoko autoreen artean Sabino Arana da eragin nagusia 
duena. Hona hemen garaiko ETA-k Sabinori zion miresmenaren adibide bat:
"La inteligencia poderosa de Arana y Goiri penetró pronto en los arcanos del sentimiento patrio y no tardó mas su magnánimo corazón en sentirse cautivo por la belleza, por la justicia de la nueva Idea, con la emoción inenarrable del hijo que llega a conocer a su propia madre, abandonada al presagio de una muerte cercana. Y surgió ante su serena, inalterable, el gran problema: RESPONSABILIDAD."
Sabinoren ondare ideologikoa onartzeak, 
neurri handi batean ETA-k bere lehen urteetan izango zuen ideologia 
baldintzatuko du. Horrela ETA-k naziotasuna esentzia edo arima baten 
arabera ulertzen du. Euskalduna nolakoa den, zein den, nola jokatzen 
duenari erreferentziak etengabeak dira. Erakunde sortu berriarentzat 
badago euskaldunak euskaldun egiten dituen arima nazional bat; pertsona 
bat euskalduna den edo ez esaten diguna. Zeintzuk lirateke naziotasuna 
emango luketen faktore horiek?. ETA-ren formakuntzarako erabili zen Liburu zuriak
 kutsu esentzialista du, nahiz eta diskurtsoan ez oso koherentea izan. 
Liburuaren zati batean bereizgarri batzuk azaltzen dira eta gero 
desagertu egiten dira beste zati batean. Honen arrazoia, erakundea 
trantsizio momentu batean egotea izan daiteke, argipen ideologiko bila 
egotea. Baina, azter dezagun liburuan jartzen dituenak.
Erlijioa euskaldunek nola ulertzen duten
 azaltzen digu, hau konprenitzeko moduak beste herrialdeetatik bereizten
 gaituela esanez.
"Es verdaderamente notable la diferencia existente entre la religiosidad procesional española y las profundas del vasco, que se oponen igualmente por su generalidad y arraigo al tibio ambiente religioso francés."
Euskalduna bere esentzian demokratikoa dela ere esaten da.
"Políticamente el vasco siempre se ha basado en que la autoridad y las entidades jurídicas y políticas están al servicio de la persona humana, y no esta al servicio de aquellas. El vasco ha sido por esencia –y consecuentemente en su historia – democrático;"
Esentzia eta historiarekin lotura egiten
 du ETA-k, hau baita esentzialismoaren nahitaezko ezaugarria. Esentziala
 dena atenporala da, denboraz kanpokoa; ondorioz, historian zehar beti 
eman den, beti horrela izan den bereizgarri bati buruz ariko ginateke. 
Emakumearen egoera ere modu esentzialista honetatik azaltzen da.
"Frente al concepto tan generalizado de la mujer como promesa placentera, frente a la mentalidad de Don Juan. Frente al concepto de Dama (cosa bella e idealizada, pero despersonalizada), opone el vasco su concepción trascendente de la Mujer como Madre y Como Etxekoandre: es decir, como elemento fundamentalmente humano y de primera importancia en la organizacion social."
Bukatzeko, Euskara  jartzen du  euskal naziotasunaren oinarritzat.
Hizkuntza edo arraza
Aspektu ideologikoan azpimarratzekoa edo
 berria  dena (naiz eta EAE-ANV-k 1936.nean egin), naziotasuna 
gauzatzeko faktore ezinbestekotzat arraza beharrean hizkuntza jartzea 
da. Aranismoaren oinarrizko kontzeptu biologikoa den arrazak lekua uzten
 dio hizkuntzari. Arraza kontzeptua aipatzen da baina ez da funtsezkoa.
"Creemos que el Euskera es FACTOR ESENCIAL. No ya por razones teóricas. Que aquí no nos interesan excesivamente. Sencillamente: Euzkadi EXISTENCIALMENTE, entre España y Francia, y dado el grado de asimilación concreto que padece nuestro país, DESAPARECERA CUANDO MUERA EL EUSKERA."
Arrazari oinarrizko funtzioa kentzeak 
bide ematen dio erakunde sortu berriari arrazakeria salatzeko. Hau argi 
azaltzen du bere garaiko ideologia finkatzen duen Zuzenbide dokumentuan.
"Arrazakeria gaitzesten du; ortaz, ez du ontzat ematen erri baten edo besteren jatorrizko gaillentasunik. Kanpotarren erbesteratzerik edo bakartzerik ez du, beraz, on artuko, kanpotarrak Euzkadi´ren interesen eta eskubideen aurka jokatzen ez duten artean."
Horrela, immigrazioa jada ez da mehatxu 
bat beste arraza batekoa delako, masiboa delako baizik, eta azken hau 
euskal “arimarentzat” (Hizkuntza eta kulturarentzat bereziki) eraso bat 
izan daiteke. ETA-k immigranteari oraindik ez dio integratzea eskatzen 
Euskal Herria errespetatzea baizik.
"RECONOCEREMOS SUS DERECHOS SOLO A LOS INMIGRANTES QUE RECONOZCAN LOS NUESTROS. A los otros los consideramos maketos al servicio del genocidio español. Y los trataremos como agentes extranjeros."
Euskal Herriari errespetua eduki arren 
ez du immigrantea euskal nazioan integratzeaz hitz egiten. Hala ere, 
jada egin den saltoarekin, hots, faktore biologikoa den arrazaren ordez 
faktore linguistikoa den hizkuntza naziotasunaren oinarritzat jarriz , 
imigranteari euskal naziorako bidea irekitzen dio. ETA-k dagoeneko jarri
 ditu erreminta ideologikoak mahi gainean epe laburrean immigranteari 
euskal nazioko ateak irekitzeko. Horrela, hizkuntza ikasteak, euskal 
nazioko kide izateko nahia izateak edo bertako sentitzeak pertsona bat 
euskaldun egingo du. 
 
  
 
ETA eta ezkertiartasuna 
ETA-k 1962.neko maiatzean plazaratutako “Zuzenbide”
 dokumentuan, Komunismoa Faxismoarekin parekatu eta biak ala biak 
diktatorialak direla dio. Hau irakurrita Komunismoarekin ezer jakin nahi
 ez duela pentsa liteke, baina garai horretako testuak irakurriz gero 
guztiz horrela ez dela konturatuko gara. Komunismoari aurkakotasuna, 
abertzaletasuna baitan, 36.neko gerra eta gero oso zabaldua zegoen 
sentimendua zen. Sentimendu horren sorburua EAJ-PNV-k  Ameriketako 
Estatu Batuekin zeukan kolaborazioan eta gerra hotzean kokatu daiteke. 
Testuinguru honetan gogoratzekoa da EAJ-PNV-k, komunistak, Eusko 
Jaurlaritzatik bidali egin zituela 1948.neko maiatzean. 
ETA ere, 
sentimendu honetan harrapaturik dago; bere ideologia eraikitzen ari 
denez, oraindik abertzaletasun klasikoarekiko ezberdintasun ideologiko 
handirik ez baitu nabarmendu. Hala ere, Liburu zurian, munduan 
garaipenak lortu dituzten ideologia politikoak aztertzerakoan, Komunismoari lehentasuna ematen dio; ideologia bezala ez, baina metodo 
bezala interesatzen zaiola argituz.
"Más interesa sobremanera, conocer el método de acción de los que triunfan, y de una manera especial de aquellos que por su desarrollo, métodos de acción, etc., pueden tener alguna similitud con nuestra organización."
Erakunde sortu berriak Komunismoa ontzat
 ez emateko erabiltzen duen arrazoia, komunitateak norbanakoa zapaltzen 
duela da; eta hori ETA-ren ustetan euskaldunen izateko eraren, 
nortasunaren, kontra legoke. Beste behin ere arrazonamendu 
esentzialistak erabiltzen dira.
Kontuak kontu, defini al genezake 
garaiko ETA-ren ideologia ezkertiartzat? Ez dut ezkertiartasunaren 
definizioan sakonduko, baina orokorrean, eta neurri handi batean modu 
intuitiboz, erakunde sortu berriak ezkertiartzat hartu daitezken 
bereizgarriak aipatzen ditu; gero bakoitzak defini dezala ideologia hori
 ezkertiarra den ala ez. Lehenik eta behin ETA-k lehenengo batzarraren 
karira atera zuen Zuzenbide dokumentuan, bere burua nola 
definitzen duen ikusiko dugu. Hemen gauza kurioso bat gertatzen da, Euskarazko bertsioan ez bezala, Espainolezkoan, ETA-k bere burua 
iraultzailetzat definitzen du. Euskaraz hitz hori ez da inondik ageri.
"ETA Euskal erakundeak bi elburu edo xede nagusi artu ditu bere eginbidearen gidaritzat: Aberriaren azkatzea, eta Erriaren beraren Azkatzea. Abertzale Ekintzan sortua da, eta ez du iñolako zer-ikusirik lehenagoko partidu, erakunde edo elkargorekin."
"Euzkadi ta Azkatasuna (ETA) es un Movimiento Revolucionario Vasco de Liberacion Nacional, creado en la resistencia patriótica, e independiente de todo otro partido, organización u partido.
Interesgarria izango litzateke honen 
zergatia jakitea. Diferentziak diferentzia, Espainolezko bertsioari 
helduko diogu orain. Gurutz Jaureguiren ustez iraultzaile hitza 
erabiltzen duenean statu quo-aren iraulketaz ari zaigu, estatu frantses 
eta espainolaren menpeko egoeraren iraulketaz hain zuzen ere. Horrela, 
ez da “iraultzaile” hitzak hartu duen konnotazio ezkertiarra kontutan 
hartu behar, oinarrizko esanahiaren erabilera egiten baitu. Euskal 
Herria independente batez ariko litzateke.
Erakunde jaio berriak bestalde, bere 
burua definitzerako orduan pertsonen eskubideen aldeko mugimendu bezala 
definitzen du, federalismo europarraren aldekoa, arrazismoaren aurkakoa,
 akonfesionala, liberalismo ekonomikoaren aldekoa, oinarrizko sektoreen 
sozializazioaren aldekoa… Hau ikusirik, autore batzuen ustez, ETA-k ez 
du ezer berririk asmatu; Krutwigek 1936.neko ekainean EAE-ANV-k 
onartutako programarekin berdintzen du eta Gurutz Jaureguiren ustetan 
talde ekintzailearen programa ETA-rena baino aurrerakoiagoa zen.
"Contrariamente a la opinión de Krutwig, quien considera el programa social de la I Asamblea de ETA copiado del de la Asamblea de 1936 de Acción Nacionalista Vasca, Gurutz Jáuregui piensa que el programa de ANV era mas avanzado que el de la primera ETA, y que la influencia predominante en ella es la de la línea demócrata-cristiana avanzada del PNV."
Iker Casanovak horrela azalduko du 
hastapeneko ETA-k abertzaletasunaren lehenagoko esperientziekin 
konparatuz  berritasun handirik ez ekartzea:
Para algunos, estos principios no aportan novedad alguna con respecto a lo establecido por ANV antes de la guerra, pero lo cierto es que la posguerra había cortado la continuidad de este movimiento y ETA se encontraba en la necesidad de reivindicar el nacionalismo de izquierdas partiendo casi de cero."
Ondorioak
ETA-k urte hauetan egin zuen ekarpen 
ideologikoa testuingurutik kanpo aztertzea akatsa da. Garaiko Euskal 
Herriaren egoerako produktua baita oso-osorik. Itotzen ari zen eta ia 
hilzorian zegoen komunitate baten erantzun moduan ulertu behar da 
ETA-ren sorrera. Hortaz, distantziatik, berdin tenporal zein 
ideologikotik, erakunde jaio berriaren pentsaeran kontradikzioak 
bilatzen ibiltzea ezer ez ulertzea da.
Garai horretako ETA-ren bereizgarri bat 
aipatu behar bada, hori ekintzarako grina, akziorako gogoa, hau da, 
zerbait egiteko premia bizia, da. Bere Herria (kultura, ingurua, 
kosmobisioa) hiltzen ikusten ari denaren erreakzioa da ETA.
Beste bereizgarri bat formakuntzarako 
gogoa litzateke, Frankismoa bere gorrienean zegoenean, euskal hizkuntza,
 kultura… debekatuta zeudenean, hauek berreskuratu eta ideia berriekin 
txertatzeko gogoa.
Sortzen ari zen abertzaletasun berria 
trantsizio egoeran zegoen. Abertzaletasun klasikoak ez zuen asebetetzen,
 baina zerbait berria eraikitzeko zituen erremintak abertzaletasun 
historikoak emandakoak ziren. Diskurtso esentzialista batekin 
mugimenduan zegoen errealitatea azaldu nahi zuen; hau da trantsizio 
egoeran egotearen paradoxa, erreminta zaharrekin zerbait berria 
egitearena. Aurrerago ikusiko dugun moduan ETA-k erreminta horien bila  
kanpora joko du eta beste borroka esperientzietako ideologoak hartuko 
ditu eredu  (Marx, Mao, Che, Fidel, Fanon, Ho Chi Min…). Guzti honek, 
erakunde jaio berriaren ipar orratza ezkerraldera mugitzea ekarri zuen.
 
  
  
   
              
        
 
  
 

 
  
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina