LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/11

Lenin: Estatua eta Iraultza (1)




ESTATUA ETA IRAULTZA (1)
 
ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN

LENIN


Liburu miresgarri hau komunista iraultzaile orok sakonki, zorrozki eta arreta handiz irakurri eta estudiatu behar du, mugarria izan baitzen Teoria Iraultzailearen bilakaeran, eta eragin sakona izan baitzuen 1917ko Urriko Iraultzan. 


Praxi Iraultzailearen Filosofiaren adibiderik ederrenetakoa dugu Vladimir Ilitx “Lenin”-ek, 1917ko abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran, klandestinitatearen baldintza gogor eta latzetan idatzi zuèn testu sakon eta argigarri hau. Lenin orduan sasitarra zen, sasian eraman behar zuen aurrera bere militantzia komunista iraultzailea, Gobernu mentxebikeak atxilotu nahi zuelakotz. Beraz, liburu honetan Teoria (eta nolako maila teorikoa!) eta Praktika (nolako ausardia eta adorea!) uztartzen dira modu ezin distiratsuagoan, zinezko Praxi Iraultzailea osatzeko. 


Eguneroko lan militante isil eta esker txarrekoa mesprezatzen dutenei Leninek oroitarazten die Praktikaren ezinbertzea, “askoz atseginagoa eta probetxugarriagoa baita “iraultzaren esperientzia” bizitzea horretaz idaztea baino” (“Estatua eta Iraultza”, Azken hitzak lehenengo argitalpenari, Petrogradon, 1917ko azaroaren 30ean). Eta modu dialektiko batean, alderantziz, Teoria irakurtzeko, estudiatzeko eta ikasteko lanak eta nekeak mesprezatzen dituztenei, Vladimir Ilitxek gogorarazten die: “teoria iraultzailerik gabe ez dago mugimendu iraultzailerik” are gehiago: abangoardiazko teoria iraultzaile batek gidaturiko alderdi batek bakar-bakarrik betetzen ahal du abangoardiazko gudariaren eginkizuna” (“Zer egin?”, 1902).

Ez gara sobera luzatuko, zeren eta inportantea Leninen pentsamendua baita, bere praxi historikoa, eta ez gure kalaka. Atalez atal liburu mugarri honetako pasarterik garrantzitsu eta esanguratsuenak argitaratuko ditugu hemen. 

Eztabaida eragin eta sustatzeko, bi ziztada: Leninek berak “Estatua eta Iraultza” liburuan aldarrikatu zituèn neurri iraultzaile zintzo eta koherenteak aplikatu zituen gero, 1917-1924 urteetan, Sozialismoaren eraikuntzan? Eta aplikatu ez bazituen oso-osorik, zergatik? Zein izan ziren ondorioak? Zer azterketa kritiko egiten ahal dugun XXI. mendeko komunista iraultzaileok?


“Botere guztia Sobietentzat!!!” izan zen 1917ko Urriko Iraultza Errusiarraren leloa. Botere guztia Sobietentzat izan zen, ala Alderdi Boltxebikearendako? Langileen Biltzarrek botere guztia eskuratu zuten, Estatu burgesa suntsituz, ala bertze zerbait gertatu zen? Proletargoaren diktadura eraiki zen, ala alderdi iraultzaile batena? Zein izan ziren Leninen gogoeta autokritikoak honetaz guztiaz?


Komunista iraultzaile guztiendako berebiziko garrantzia dute galdera hauek, are gehiago marxista-leninista (sentitzen) direnentzat. Zeren eta marxista-leninista izateko, lehenik Marx ongi ezagutu behar da, jakina, eta ondoren Lenin hobeki ulertu. Ez da hala?

Zuen kritika eta ekarpenen zain gaituzue! A! Azpimarrak gureak dira, prefosta! Leninen hitzek gaurkotasun izugarria dute III. Mundu Gerraren atariko egun hauetan ...


ESTATUA ETA IRAULTZA

ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN

 Lehen argitalpeneko hitzaurrea, 1917ko abuztuan idatzia

Estatuaren auziak, gaur egun, berebiziko garrantzia hartzen du, hala alderdi teorikoan nola alderdi politiko praktikoan ere. Gerra Inperialistak modu harrigarri batean azkartu eta areagotu du Kapitalismo Monopolistaren eraldatze prozesua, Estatu Kapitalismo Monopolista bihurtuz. 


Estatuak, zeina kapitalisten elkarte ahalguztidunekin gero eta estuago bateratzen baita, masa langileei ezartzen dien zapalkuntza ikaragarriak gero eta neurri lazgarriagoak hartzen ditu. 

Herrialde aurreratuak -honakoa esatean beren “erretagoardiaz” ari gara- langileentzako presondegi militar bihurtzen ari dira.

Gerra biziki luze honen aurrekaririk gabeko izugarrikeriek eta hondamenek, jasangaitz bihurtzen dute masen egoera, beren amorrua areagotuz. Argi eta garbi, iraultza proletario internazionala umotzen ari da. Honek Estatuarekin duen jarreraren auziak garrantzia praktikoa hartzen du.


Garapen baketsu samarreko hamarkadetan zehar pilaturiko elementu oportunistek sozial - chauvinismoaren korrontea sortu zuten, zeina mundu osoko alderdi sozialista ofizialetan nagusitu baita. Korronte hau (Plekhanov, Potresov, Breshvskaya, Rubanovich, eta gero modu apur bat zainduagoan, Tsereteli, Txernov eta beste jaunak Errusian; Scheideman, Lergien, Davif eta besteak Alemanian; Renaudel, Guesde eta Valdervelde, Frantzian eta Belgikan; Hyndman eta fabiarrak, Ingalaterran, eta abar ...) sozialista hitzez eta chauvinista ekintzez, korronte hau, beraz, nabarmentzen da ez soilik “sozialismoaren buruzagiak” “euren” burgesia nazionalen interesetara morroien modu koldar eta doilorrean moldatzeagatik, , baizik eta, hain zuzen ere, “euren” Estatuen interesetara ere egokitzeagatik;  zeren eta duela denbora asko baita jada, potentzia handiak deritzen gehiengoak nazionalitate txiki eta ahul asko esplotatu eta esklabotzen dituela. 

Eta Gerra Inperialista, hain zuzen ere, mota honetako harrapakinen banaketaren eta birbanaketaren gerra bat da. 


Langile masak, orokorrean burgesiaren eta bereziki burgesia inperialistaren eraginpetik askatzeko borroka, ezinezkoa da Estatuaren inguruko aurreiritzi oportunisten aurkako borrokarik gabe.

Lehenik eta behin, Marxen eta Engelsen Estatuari buruzko teoria aztertuko dugu, era oportunista batean ahantziak edo desitxuratuak izan diren teoria honen alderdiak modu bereziki zorrotzean aztertuz.


Gero desitxuratze hauek ordezkari nagusiaren jarrera aztertuko dugu, Karl Kautskyrena, II Internazionaleko (1889-1914) lider ezagunena eta gaur egungo gerran zehar hain porrot penagarria jasan duena. Azkenik, 1905eko eta, bereziki, 1917ko Errusiako iraultzen esperientzien funtsezko bilana eginen dugu. Azken hau, itxuraz, momentu hauetan (1917ko abuztu amaiera), bere garapenaren lehen fasea burutzen ari da; bainan iraultza hau ezin da ulertu, ez bada Gerra Inperialistak eragindako iraultza proletarioen katearen zati bat bezala.

 

Honela, beraz, Estatuaren aurrean, proletalgoaren Iraultza Sozialistak duen jarrerak, ez du garrantzia politiko praktikoa soilik hartzen, baizik egundoko eta berebiziko garrantzia, masei, berandu baino lehen, Kapitalismoaren uztarripetik askatzeko zer egin beharko duten azaltzeko arazo gisa.


V.I. LENIN
1917ko abuztua

 



2 iruzkin:

  1. Espero det askenean ipinitako gogoeta hori ez izatea troskismo kontra-iraultzailearen propaganda pro-imperialistaren mezuan oinarrituta egotea.

    Bitxikeria bezala, "marxista-leninista" terminoa Josif Stalin-ek sortu zuen, langileriaren egiteko Historikoaren bide zuzena markatzen duen pentsakera finkatuz.

    Ez dut entzun troskismoak gidatu duen ez erresistentzia ez egiteko iraultzailerik. Kasualitatea ala kausalitatea?

    ErantzunEzabatu
  2. Aupa, laguna!

    Galdera eta gogoeta horiek nahita ipini ditut, kritikak eta iruzkinak eragiteko. Bidenabar, polemika horrek aukera emanen dit Leninen azken gogoetak Euskaraz (lehendabiziko aldiz, uste dut) argitaratzeko.

    Zeren eta laguna, marxista-leninista izateko, nire ustez, lehendabizi ongi estudiatu behar da Marx eta Engels, eta jakina, hobeki aztertu eta ikasi Lenin. Baina zorigaitzez, Historian zehar hamaika mila aldiz errepikatu ohi den bezala, ustezko "marxista-leninista" aunitz ez dute Lenin sakonki irakurri, eta are guttiago Marx eta Engels. Gabezia eta hutsune horren kontra eta formazio eta kontzientzia komunista iraultzailearen alde sortu zen blog hau.

    Polemikan sartu ahala agian hobeki ulertuko da zergatik Josif Stalinek berak sortu zuèn "marxista-leninista" terminoa, eta noraino kontsidera daiteke Stalinen pentsamendua marxista edota leninista. Eta garrantzitsuagoa dena, zein klase- interes material zeuden termino borobil horren atzean eta gibelean. Zeren materialismo historiko eta dialektikoaren metodologia marxismoari ere aplikatu behar zaio, zinezko teoria iraultzailea eta ideologia alienazailea bereizteko.

    Marx, Engels eta Lenine testuak eta dokumentuak aztertuko ditugu, benetakoak, jatorrizkoak, eta zuk zeuk erranen didazu ea "troskismo kontra-iraultzailearen propaganda pro-imperialistaren mezuan oinarrituta" dauden ala Marx, Engels eta Leninen zinezko pentsamenduak diren.

    Bihar arte, burkide!

    Adeitasunez,

    Fermintxo

    ErantzunEzabatu