LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/21

Lenin : Estatua eta Iraultza (4)


ESTATUA ETA IRAULTZA (4)


ESTATUARI BURUZKO TEORIA MARXISTA
ETA PROLETARGOAREN EGINKIZUNAK IRAULTZAN

LENIN


“Euskal Estatua”, “Navarra, el Estado Vasco” eta horrelako erramoldeak entzuten ditugu egunero Euskal Herrian. Hona hemen “Lapiko Kritikoa” webgunean irakurritako gogoeta batzuk, Oraingo Ezker Abertzalearen ildoarekin bat datozen hiru lagunen ahotan:

Xabier Makazagak:

“Nik, berriz ikusten dudana da Euskal Estaturik gabe euskarak, euskal kulturak, gure erroek … jai daukatela, eta zalantzarik gabe nahiago dut Euskal Estatua izan, kapitalismo inperialista horren baitan bada ere, gaur egungo egoera baino. Ezker abertzalearen betiko helburu estrategikoak independentzia eta sozialismoa izan dira. Horrek ez du esan nahi, ordea, derrigorrez batera lortu behar direnik eta bietako bat gaur egungo baldintzetan lorgarriago ikusten badugu hori lortzeari uko egin behar diogunik. Lor dezagun lehenik independentzia, horretarako baldintza egokiak baititugu, eta horrek zalantzarik ez dut sozialismoa ere lortzea erraztuko digula. Batzuk, ordea, nonbait uste dute sozialismorik gabeko independentzia lortzeak lehen helburua zaildu egingo duela, erraztu beharrean. Bada, horietako inork ez dit oraindik azaldu zergatik uste duten hori.”

Aitor Goñik:

“Zer daukagu orain? Zein da estrategia zuzena? Ideologia mailan, filosofian eztabaidak eztabaida, politikan efikazia behar da bestela JAI. Eta hor errealitatetik abiatzea ezinbestekotzat jotzen dut. Eta krisiak krisi, eta arrazoi gehiago oraindik, ari duenarekin XXI. mendeko sozialismoa oso oso oso urrun ikusten dut nik Euskal Herrian Europako parte den heinean. Agian erratuta nabil baina ez dakit … ni azken aldi honetan eszeptiko xamar nabil eta hasteko AITAPONTEKORIK GABE INDEPENDENTZIARIK EZ!!! Hori argi daukat. Askotan aipatu izan da herrialde asko independizatu direla azken urte hauetan baina denak ere herrialde boteretsu baten babes pean. Nola ez AEBen babesari esker. Sobiet Batasuna ohi eta Jugoslaviar ohiko herrialdeak adibide. Besterik EZ!!!! Quebec, Eskozia, Flandria, Irlandak ez dute oraindik lortu eta adibide Irlandaren aita-ponte AEBk ditugu.”

Andoni Olariagak: 

“Egungo egoeraren ageriko mugak eta kontraesanak aintzat hartu (eta egindako hanka-sartzeak, baina baita asmatutakoak ere) eta batez ere egoeraren aukera zabalei erreparatuz, zeruertza argia da, euskal estatuarekin arazo nazionalaren partida bukatzen da: egitura juridiko bat, ez gutxiago ez gehiago. Ez da gutxi. Horraino bidea elkarrekin egitea ez litzateke gutxi eskatzea.”


 



Horregatik, bereziki, hasi gara Leninen “Estatua eta Iraultza” atalka argitaratzen, eztabaida eta polemika horretan eragin nahian, eta militante iraultzaile euskaldunei beren iritzia osatu ahal izateko eta formazio teoriko komunista erdiesteko aukerak eskaintzeko.
Berriki Hego Afrikako gobernu burges eta kapitalistak langile meatzarien sarraski ikaragarria egin du. Gobernu burges-kapitalista horrek, ANC, “African National Congress” abertzale burges txikia (edota handia)ren, COSATU, Congress of South African Trade Unions sindikatuen batasunaren eta SACP, “South African Communist Party” izeneko erakunde “iraultzaile eta marxista-leninista”-ren laguntza du, bere garaian Errusiako gobernu “iraultzailea” mentxebikeek eta sozial-iraultzaileek oro har eta Kerenskyk bereziki osatzen zuten bezala. Auzi mingarri honetan ere Leninen hitzak gure ustez, argigarriak eta zinez iraultzaileak dira. Gaurkotasun handikoak, naiz eta betiko erreformista eta sozialdemokratei “iraganeko kontuak” iruditu.



Gaur bertan jakin dugu urriaren 21ean hauteskunde autonomiko espainolak izanen direla Mendebaldeko Hiru Probintzietan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, alegia, beti ere Konstituzio espainol burges-kapitalista eta borboi-monarkikoaren uztarripean. Leninen eta Engelsen hitzak ageri dira ondoko lerroetan, egungo egoerari ezin hobeki egokitzen zaizkionak, eta hala ere, gure arteko burges txikiei “iraganeko testu kanonikoetako kontu zaharrak” irudituko zaizkie, nola ez!   


Klaseen arteko borroka eta Estatu ororen klase-izaera iraganeko kontuak? Irakurle bakoitzak bere iritzia osatuko du, eta horretan Engels eta Leninen gogoetak hagitz lagungarriak dirateke. Guretako, bederen ezinbertzekoak dira!


3.- ESTATUA, KLASE ZAPALDUA ESPLOTATZEKO TRESNA


Botere publiko berezia sozietatearen gainean kokaturik mantentzeko, beharrezkoak dira zergak eta zor publikoa.

“ ... Indar publikoaren eta zergak biltzearen jabe - dio Engelsek -, funtzionarioak, sozietate organo bezala, honen gainetik kokaturik agertzen dira orain. Antolakuntza gentilizioko (klaneko) organoei libreki eta borondatez ematen zitzaièn errespetua jada ez zaie aski, ezta irabazi ahal izanen balute ere ...”

Funtzionarioen santutasunari eta immunitateari buruzko lege bereziak ezartzen dira. “Polizia mespretxagarrienak”, klaneko ordezkariak baino “autoritate” handiagoa du; bainan Estatu zibilizatu bateko botere militarreko buru batek, klaneko buru bat bekaiztu lezake sozietateak gordetzen ziòn “berezko errespetuagatik”.

 

Hemen, funtzionarioak Estatuaren botereko organo bezala duten egoera pribilegiatuaren auzia planteatzen da. Funtsean jakin behar dena zera da: Zerk jartzen ditu sozietatearen gainetik? Auzi teoriko hau 1871ko Parisko Commune-k praktikan nola ebatzi zuen ikusiko dugu eta nola 1912an Kautskyk erreakzionarioki estali zuen.

“ ... Estatua klaseen arteko antagonismoak mantsoagotzeko beharretik sortu zenez, eta aldi berean, klase hauen arteko gatazkaren erdian jaio zenez, lege orokor bezala, klase boteretsuenaren Estatua da, ekonomikoki dominatzailea den klasearena, honen laguntzarekin politikoki ere klase dominatzaile bihurtzen dela, hemendik klase zapalduaren errepresiorako eta esplotaziorako bitarteko berriak lortuz ...”

Antzinako Estatua eta Estatu feudala ez ziren esklaboen eta jopuen esplotaziorako organo bakarrak izan, “Estatu ordezkari modernoa” ere Kapitalak soldatapeko lana esplotatzeko erabiltzen duen instrumentua da. Hala ere, salbuespen moduan, badaude klaseak borrokan hain berdindurik dauden uneak, non Estatuaren botereak, itxurazko bitartekari gisa, momentu baterako independentzia hartzen duen bata eta bestearekiko ...” Hori gertatu zen XVII eta XVIII. mendetako monarkia absolutuekin, lehenengo eta bigarren Inperioko bonapartismoarekin Frantzian eta Bismarckekin Alemanian.

Eta hori gertatu da - gehitzen dugu geuk - Kerenskyren gobernuarekin Errusia errepublikarrean, langileria iraultzailearen jazarpena ekitera jo ostean, sobietak, demokrata burges txikiek zuzendurik izatearen ondorioz, jada indargabeak diren une batean, eta burgesia oraindik hauek, sobietak, alegia, garbi eta sinpleki disolbatzeko aski indartsua ez denean.

“Errepublika demokratikoan - jarraitzen du Engelsek - “aberastasunak” bere boterea zeharka gauzatzen du, baina seguruagoa den modu batean”, eta lehenik, “funtzionarioen ustelkeria zuzenaren bidez gauzatzen du” (Ipar Amerika) eta bigarrenik, “gobernuen eta burtsen aliantzaren” bidez (Frantzia eta Ipar Amerika).

Gaur egun, Inperialismoak eta bankuen aginteak, aberastasunaren botere ahalguztiduna defendatzeko eta praktikara eramateko bi metodo hauek arte harrigarri bihurtu eta “garatu” dituzte errepublika demokratikoetan. 


(...)

“Aberastasunaren” botere ahalguztiduna Errepublika demokratikoetan seguruagoa ere bada, ez baitago mekanismo politikoaren akats baten edo bestearen menpe, ezta Kapitalismoaren estalki txarraren menpe ere. Errepublika demokratikoa Kapitalismoa jantz daitekeen estalki politiko hoberena da; eta horrenbestez, Kapitalak, denetan hoberena den estalki hau kontrolatzen duenean (...), bere boterea hain modu seguruan, hain tinkoan zimendatzen du, ezen Errepublika demokratiko burgesaren barreneko inongo pertsonen, instituzioen edo alderdien aldaketek ere dutela inarrosten.

 

Gainera, ohartarazi behar da, Engelsek, zehaztasunik handienarekin, sufragio unibertsalari burgesiaren dominazio-instrumentua esaten diola. Sufragio unibertsala, dio Engelsek, jakina, sozialdemokrazia alemaniarraren esperientzia luzean oinarrituz, “langile klasearen heldutasunaren erakusgarria da. Ezin du iritsi eta ez da inoiz gehiagorat iritsiko egungo Estatuan.”

Demokrata burges txikiek, gure sozial-iraultzaileen eta mentxebikeen moduan, eta bere haragizko anaiek, Europa Mendebaldeko sozial-chauvinista eta oportunista guztiek, sufragio unibertsaletik, noski, “gehiago” espero dute. “Egungo Estatuan”, sufragio unibertsala langileen gehiengoaren borondatea adierazteko eta hau praktikan jartzea bermatzeko gai den bitarteko bat deneko ideia faltsua tartekatzen dute euren artean eta sarrarazten diote buruan Herriari. 

Hemen ezin dugu ideia faltsu hau seinalatu besterik egin; agerian jarri Engelsen baieztapen hau, erabat argia, zehatza eta konkretua, lizundu egiten dela alderdi sozialista “ofizialen” (hau da, oportunisten) propagandako eta agitazioko pauso bakoitzeko. Aurrerago Engelsek hemen ukatzen duen ideia honen faltsukeria osoaren azalpen zorrotz bat aurkituko dugu, “egungo” Estatuari buruz Marxek eta Engelsek zituztèn ikuspuntuen inguruko gure azalpenean.

Bere lanik ezagunenean, Engelsek bere ikuspuntuen laburpen orokor bat egiten du ondorengo terminoetan:

“Beraz, Estatua ez da existitu betidanik. Bera gabe moldatu diren sozietateak egon dira, Estatuaren eta bere boterearen noziorik txikiena ere eduki ez zutenak. Garapen ekonomikoaren fase jakin batera iristean, hau nahitaez sozietatea klaseetan zatitzearekin loturik egonik, zatiketa honek Estatua behar bat bilakatu zuen. Orain, azkartasunez, ekoizpenaren garapen fase batera hurbiltzen ari gara, non klaseen existentzia, behar bat ez izateaz gain, ekoizpenarentzako oztopo zuzen bihurtzen den. Klaseak ezinbestean sortu zirèn modu berean desagertu eginen dira. Klaseen desagerpenarekin, nahitaez, Estatua ere desagertuko da. Sozietateak, ekoizpena ekoizle berdinen elkarte libre baten oinarriaren gainean berreraikiz, Estatuaren makinaria guztia orduan egokituko zaion lekurat bidaliko du: Zaharkinen Museorat, goruaren eta brontzezko aizkoraren ondora.


Aipamen hau ez da maiztasun handiz aurkitzen gaur egungo sozialdemokraziaren propaganda eta agitazioko argitalpenetan. Bainan hau aurkitzen dugunean ere, ia beti, ikono baten aitzinean erreberentziak eginen balira bezala izaten da, hau da, Engelsi omenaldi ofizial bat eskaintzeko, “Estatuaren makinaria guztia Zaharkinen Museorat bidaltze” honek Iraultzaren zer nolako zabaltasuna eta sakontasuna suposatzen dituen aztertzeko saiakera txikienik ere gabe. Kasurik gehienetan ez da ikusi ere egiten Engelsek Estatuaren makinaria esaten dion horren ulermenik ere.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina