LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/02

Borroka garaia da! Eztabaidak (4)


BORROKA GARAIA DA!
EZTABAIDA BATEN OIHARTZUNAK (4)




9.- nik neuk : 27/07/2012 a las 20:13
 
 Redios, Fermintxo… uste dudana bazara, eta apustu egingo nuke baietz… je, je, je… ez zara askorik aldatu azken hogei eta hamar urteotan… ASKn ezagutu genuen elkar eta orduan ere, orain bezala, nahikoa tokapelotasa zinen… ezta? Bizitzak jira-buelta ugari ematen ditu, jira-bueltan segitzeko… 

Egiari erreparatuz, zure dekalogoa baino Xabier Silveiraren azken idatzia eta hainbati entzundako taberna marmarrak nituen gogoan atzokoa idatzi nuenean… Arrazoi duzu garai bateko hutsek ez dituztela gaurkoak zuritzen diozunean… Egia da. Nire kezka, baina, beste bat zen. Izan ere, askok estatu kolpea, inposaketa eta antzekoak aipatzen dituzte ezker abertzalearen ziaboga arrazoitzeko. Eta horrek sumintzen nau. Atzo esaten nuen bezala, egia da erabakiak talde txikian hartu direla, eta bat nator zurekin hori ez dela bidezkoa. Baina aitortu beharko diogu elkarri egoerak ez zuela besterik uzten. Egunen batean ezagutuko ditugu erabaki guneetan izan ziren hika-mikak eta ostiak zenbaterainokoak izan ziren. Susmoa daukatu belarri puntak ere gorrituko zaizkigula lotsak hartuta… Baina tira… egia zor diogu bidelagun izan ditugun guztiei… Gauzak ez dira egin behar bezala, ados… Baina ez du balio hori salatzea, aurrekoak bere horretan utzita. Ez du balio kolpea guk ematen dugunean pozik hartzea, eta ematen digutenean, berriz, ozpintzea…. Irabazten bezala, galtzen jakin behar da. Eta joku-arauek ez badute balio, lehenago ere ez zuten balio. Eta bat nator, ez dute balio. 


Horregatik esaten nuen abagadune berriak aukera ia-ia guztiak utzi dituztela gure esku, libre garelako pertsola bezala, militante bezala, gure kontzientzia, gogo eta ametsen arabera jokatzeko, muga bakarra gure zintzotasuna eta nork bere ardurei erreparatzea delarik. Ezta? Gogoeta luzeagoa eta pentsatuagoa zor dizut.. bai? Datorren asterako. Gogoeta labur bakarra gaur, iraultzaile baten funtsa ez dago bihotzean, are gutxiago hankartean… inon egotekotan buruan dago. Hark agindu behar du… Eutsi goiari, burkide… laister arte….

 


10.- nik neuk : 01/08/2012 a las 19:12
 
 Fermintxo, agindu bezala hemen doakizu gogoeta landuagoa. Egia da aurrekoan “oraingo ezker abertzalea” esamoldearen atzean asmo maltzurrak baino ez nituela ikusi. Barkatu. 

Traizioa, saldukeria eta enparauak horrenbeste entzun ditut aspaldion, gogaituta ere banagoela askoren marmarrekin. Berehala pizten zaizkit defentsa-erasorako argiak. Azkarregi, beharbada. Bat nator Ezker Abertzaleak jauzi kualitatiboa eman duela esaten duzunean, baina ez da hau ematen duen lehena, eta ez da azkena izango. Armak hartu, edo ez… eta hartutakoan, zelan eta zertarako, batez ere zertarako… behin baino gehiagotan egon da ziaboga erakundea sortu zenetik. 

Otegik Madrilen “M”-a aipatu zuen, ez ETA, askok besterik ikusi nahi izan badu ere. Ez dut uste hala ere estrategia politiko-militarraren gaineko eztabaidan hasteak merezi duenik. Batez ere horretan zebiltzanek beraiek hartu dutelako bide hori uzteko erabakia eta, zeuk diozun bezala, garbi zegoelako estrategia hura egoera limite batera iritsia zela. Uste dut zerorrek asmatzen duzula eztabaidatu beharrekoaren muinean, galdetzen duzunean ea borroka armatuaren amaierak borroka iraultzaile sozial eta nazional guztien amaiera ote dakarren. Eta erantzunean uste dut bat etorriko garela. Ez, alajaina!

Norantza goazen, edo norantza joan nahi dugun erabaki aurretik, nondik gatozen ikusi beharko genuke, ibilbidearen azterketa kritikoa eginez. Uste dut, dena den, goizegi dela auto-kritika guztia agerian egiteko, oraindik orain zenbait mehatxu beldurgarri horietakoak indarrean dira eta. Ezin da argi eta garbi hitz egin, oraindik, ENAMek izan dituen erabaki guneen inguruan eta, hortaz, hobe daukagu –oraingoz, berriz diot- eztabaidaren zenbait pasarte edo isilean egin edo geroxeagorako utzi. Iruditzen zait, gainera, katarsi hori osasuntsua, aberasgarria eta emankorra izan dadin, lehenago barruan egin behar dugula. Egin, hori bai. Iraganaz ari natzaizu… Oraingoaz eta gerokoaz nahi beste hitz egin dezakegu eta. Eta hasteko aitortuko dizut harrituta nagoela han eta hemen ematen ari den hika-mika dialektikoarekin.


 Izan ere, badirudi ENAMen estrategiak hanka bi baino ez zituela, militarra eta instituzionala. Hau da, estrategia politiko-militarra esaten denean, bi bide osagarri horiei besterik ez zituela egiten Ezker Abertzaleak. Utikan! ASKk bere ibilbide politiko-zibilean hanka behin baino gehiagotan sartu zuela onartuko badugu ere, ezin dugu ahaztu, ezin dugu ukatu, herri mugimenduaren esperientzia, borroka zibilaren, desobedientziaren edota intsumisioaren eredua, eredugarri eta arestiko beste bi horien osagarri ez ezik, erabakigarria izan zela garaipen taktiko… ia guztietan esatera nihoan, baina ez… guztieetan. Lemoizen kontrako borroka daukak gogoan, hura izan zelako Euskal Herriak izan duen prozesurik eredugarrienetako bat eta, neroni dagokidanez, nire borroka eskola. Eta ASK aipatu dut, ni zu bezala kide izan nintzelako, ez horrek ordezkatzen edo biltzen zituelako bere baitan herri mugimendu eta ekimenaren aberatasun guztiak. Ezta urrik eman ere!

Horren esperientzia aberasgarria izanik ere, badirudi ahaztuta daukagula. Armak edo poltronak, besterik ez dela egon, alegia. Bitxia bezain tamalgarria, ezta? Eta ahanztura ia alde guztietan sumatzen dut, ez ontziaren gidaritza hartu dutenengan bakarrik. Egin diren apustu taktikoetan, egia da garrantzi larregizkoa eman zaiela orain arte hauteskundeei eta horien ondorioz lor daitezkeen zera guztiei. Epelkeria egotzi zaie gidaritza hartu dutenei, batez ere presoen eta iheslarien auzian ez delako jarrera tinko, irmo eta duina inondik ageri. Baina aitortu beharko diogu elkarri, ez dela ageri ez hor ez inon. Errepresioa are bortitzagoa zenean, egoera are zurrunagoa eta arriskutsuagoa zenean ere, hamaika ekintza, ekimen eta antzeko egin ziren, abaguneak uzten zuena baino mami ausartagoarekin garatutakoak. Orain, ezer gutxi. Eta ez du balio batak besteari ezer egozteak, besteak egiten ez duena norberak egitea daukalako. Aurrekoan esaten nuen bezala, ia-ia edozer egin daiteke gaur, inori baimenik eskatu edo mugimenduko parte izateari utzi barik.

 

Otegik berak zera zioen Argia-ri berriki emandako elkarrizketan: “Niretzat eta termino estrategikoetan planteatuta –egunerokotasunaren zurrunbilotik aterata– bi dira egin beharrekoak: bizi dugun zibilizazio krisiaren aurrean alternatiba integrala eraikitzea alde batetik, eta bestetik martxan ditugun borroka ezberdinei (instituzionala, ideologikoa…) funtsezkoa den beste bat gehitzea: desobedientzia zibila. Azken tresna honen bidez (itxialdi, okupazio, intsumisioa…) estatuen aurrean konfrontazioa planteatuz soilik lor dezakegu lehenik bere immobilismoa gainditzea eta gerora gure helburuak erdiestea”.

Sortu izango denaren inguruan asko dago eztabaidatzeko. Badakigu ez dela falta izango alderdi kutsu sozialdemokra, garaikide eta light egitea nahi izango duenik. Eta izango da, dudarik ez, ohiko alderdi marxista-leninista ortodoxoaren aldeko apustua ezinbesteko ikusiko duenik. Eta ez bata ez bestearen aldeko hautua egingo dugunak ere izango gara. Asko, gainera. Eta alderdia, erakundea, mugimendua… zer izango den oraindik zehazteko dago eta… izango da, izango dena; baina gauza bat daukat oso argi, Maltzagaraino behinik behin, hor barruan beharko ditugu, ezinbestean gainera, zer erantsi izango duten liberal, sozialdemokrata, sozialista, komunista eta baita autonomo eta anarkista guzti-guztiak. Euskal Herriko zein munduko egoeraren larria ikusita, ez dira txorakeriatan hasteko garaiak. Batasuna ezinbestekoa dugu. Borrokarako, jakina, baina bat eginik egin behar dugu bidea.

Badakit marraztuta dagoela dagoeneko ezker abertzaleak hartuko duen gutxi gorabeherako egituratzea, nahiz eta arestian esan dudan bezala, erabakitzeke egon oraindik. Egingo dira, egingo direnak. Alderdia, sindikatua, gazte erakundea… Horiek guztioriek… beharbada baino, seguru… lotu-lotuta etorriko zaizkigu. Eta? Desobedientzia saioak, borroka sektorialetan garatu beharreko lanak eta antzeko guztiak haien protagonista edo sustatzaile izango direnen esku egongo dira. Zer egin? Haiek erabaki beharko dute. Zeintzuk bitarteko erabili? Guztiok dakigun muga aintzat hartuz gero, edozein baliabide dago erabilgarri, nork bere ardurak eta erantzukizunak oso argi edukita. Ezta? Espero dezagun, hori bai, herri mugimenduari dagokionez, ez dela zure idatzian aipatzen duzun garai bateko esku-hartze zurrun hura errepikatuko. Hor izango da nahi beste lan eta borroka egiteko aukera. Egitura ofizialetatik at, edo egitura horietan egiten denaren osagarri. Lehenago ere izan ziren halako esperientziak. Gogoan daukat, esaterako, Jarraik “soldaduntza honi ez” esanez beste baten alde egin zezakeela iradokitzen zuen garaietan, izan zirela ezker abertzalean -ez egituretan baina bai egituretako jendea- Ta Sugea Taldea bezalako ekimenak bultzatu zituztenak, intsumisioa sustatzeko.

Prestakuntza ideologikoaren ingurukoak aipatu nituen aurrekoan eta, hor ere gauza asko egin daiteke ezker abertzalearen burokraziaz paso eginez. Esperientzia xume batzuk badira sarean, eta horiek herri, auzo, eskola eta lantegietara eramatea libre da. Aspaldian perretxiko legez sortutako zelula komunistetako kideek egin ohi zuten bezala, inork ezin digu galarazi edozein liburu, gai edo proposamenaren inguruan nahi dutenak elkartu, eztabaidatu eta proposamenak egiten hastea. Edo bai? Euskal Herriaren, langile mugimenduaren, erakundearen edo dana delakoaren historiaren inguruko hitzaldiak edozein kultur-etxe, gaztetxe edo institutuan antolatu daitezke, inori baimenik eskatzen ibili barik. Eta hamaika tokitan halakoak egin direnean, indar horiek guztiak elkartuz eta batuz Herri Unibertsitate baten hazia loratzen hasten bada, nori egiten dio horrek kalte ez bada etsaiari? Aurrekoan Matxino Eskolak aipatzen nituen. Horiek ideiak dira, egiteke egon arren egingarriak direnak. Esaterako. Eta badakit oso erraza dela hori esatea edo idaztea, eta azkoz ere gaitzagoa egitea.

Fermintxo, esaten dizut hori guztiori jakinaren gainean zu ez zaudela jada Ezker Abertzale honetan. Eta niri zer? Niretzat zu eta zulakoak beti izango zarete burkide. Azken batean, gertuago sentitzen zaituztet, batzuk bai bederen, ustez kide ditudan asko eta asko baino.

Eta aitortzen dizut gaur egun borroka nahiak eta askatasun gogoak elkartzen gaituela gehiago ideologia zehatz batek baino. Ni neu ere ibilia naiz munduko bandera gorri guztiak dantzan ipintzen, eta dogma sakratu larregi defenditzen. Nola ahaztu soldadutzaren inguruko eztabaidetan Lenin zenaren testuak baliatzen genituela batzuk eta besteek muturreko jarrera kontrajarriak defenditzeko… je, je, je… Gaur ezin dut. Eta ez beste mundu bat posible ez ezik, ezinbestekoa denik ukatzen dudalako. Ez da hori. Gertatzen da ideologia zena, lan tresna izateko sortua zena, xede bihurtu zutela askok. Dogma. Ikusi ditut, sufritu, hamaika komunista fin eta sutsu, bizkar gainetik begiratzen gintuztenak lainezak hartuta Ezker Abertzalean epelegiak ginelako gure gorritasunean, gaur etsaiaren eskuetatik bazkatzen dutenak. Marxista-leninista larregi ezagutu ditut Euskal Herrian bertan, eta baita Galizan, New Yorik hirian, Nikaraguan eta Sovietar Batasunean ere, Kapitalaren kapituluak buruz errepikatzeko gai izan arren, ez didatenak ezer irakatsi. Zenbat eta gehiago aipatu Lenin, orduan eta mesfidantza handiagoa hartzen diet batzuei.

 

Pasadizo bat kontatuko dizut. Moskun gertatu zitzaidan. Bertan hiruzpalau aste neramatzala txundituta nenbilen batetik bestera Lenin zenaren irudiak, bandera gorriak, igitaia eta mailuak nonahi ikusita. Tontotuta argazkiak egin eta egin ibili nintzen ezker aldean dudan bihotzak odol ezin gorriagoarekin masailak koloratzen zizkidala, Kremlinera sartu nintzen arte. Hor barruan diren elizetako batean nengoela goitik zetorkidan argiari erreparatu eta, hara non agertu zitzaidan Jesunen aurpegia. Hark ireki zizkidan begiak. Ez dut uste azaldu behar dizudanik une hartakoak, ezta? Lenin Moskun, Txe Habanan… sustrai bako irudiak bihurtu dituzte, iraultzaile horiei mamia kenduaz irudi hutsarekin jendea lozorrotzeko. Pose larregi dago. Eta esaten dizut, nik ere izan dut halakorik.

Ez hori bakarrik. Baditugu gurean marxismoa baliatzen dutenak edozer gai aztertzeko, ulertzeko eta pontifikatzeko. Edozer. Ekologiaz gehien dakitenak dira, eta berdin feminismoaz, langileen estrategiaz edota… nik zer dakit… Guztiaz teorizatzen dute, argi utziaz arrazoia beraiena dela marxismoaren argiak iluminaturik bizi direlako. Ba, horri guztiorri gehitzen badiozu erakunde komunistek, oposizioan egon direnean bezala botorea kudeatu izan dutenean, hainbat gai edo borroka sektorialekiko izan dituzten jarrerak… Zer esan? Horrexegatik esan ohi dut ni neu gero eta larrosagoa naizela… Larrosatasunaren zentzurik likitsenean, gainera… je, je, je…

Gu zer gara, galdetzen duzu… “ezkerrekoak” ala sozialista iraultzaileak? Gu? Ezkerreko sozialistak esango nuke. Bere horretan. Iraultzaileak? Batzuk bai… Oso gutxi batzuk. Iraultzaile izateak dakarren zama astunegia baita horren eroso bizi garenontzat. Eta gutxi horietako batzuk, gainera, ez dute beren burua iraultzailetzat aitortzen. Bestalde, zer da gaur, XXI. mendean iraultzaile izatea, Europa baitan? Zertan datza gaur, hemen, kontraesan nagusia? Euskal Herriko langileek bertoko burgesiarekin daukaten auzian, edo… Europako herritar orok garatu bako herrialdeetako gizon eta emakume esplotatuekin daukagun harreman lotsagabean? Belgikako maoistek garatu bako herrialdeetako mugimendu iraultzaileen baitan zeuzkaten itxaropenak, haiek askatuta Europa hankaz gora jarri eta beraiek zerbait egin ahal izango zutelakoan, edo. Ez dakit. Gero eta bortxa handiagoz indartzen ari den eredu ekonomiko basatiak zer ekarriko duen etorkizun hurbilerako, auskalo. Baina erronka horiei erantzutea da ezkerreko erakunde baten erantzukizuna. Iraultzailea edo ez… Agian posibilismoaren gaitzak jota naukazu. Auskalo hori ere…



Esango dizut, hori bai, zer ez den iraultzaile izatea. Ez da iraultzailea buruzagi batek bere herrikideei esatea “Atzerapausorik ez, ezta arnasa berritzeko ere!”, Fidel Castrok bere garaian esan bezala. Jarrera numantinoak oso epikoak izango dira, oso erromantikoak, baina ez iraultzaileak. Batez ere, handik gutxira atzera egin behar izan zutenean, halabeharrez, ez beraiek planifikatuta. Uste dut ardura politikoak edo estatu ardurak dituen iraultzaile batek ezin duela beti dotrinaren aginduetara egon, unean uneko eta indar korrelazioen arabera jardun beharko duelakoan nago. Eta hori egiten ere jakin behar da. Asmatu, bere projektua erreformista, sozialdemokrata edota likidazionista bilaka ez dadin.


Ikusten duzun bezala, ez zara plasta bakarra. Guztiok dauzkagu dudaren harrak erraietan dantzan. Eta zalantza barik bizi dena, bejondeiola! Zoriontsu biziko da eta. Ondo izan Fermintxo, ahal dela izan zoriontsu eta… redios, eutsi goari!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina