LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/02

Borroka garaia da! Eztabaidak (1)


BORROKA GARAIA DA!
EZTABAIDA BATEN OIHARTZUNAK (1)

Borroka Garaia da!

“Borroka garaia da!” oso blog interesgarria da, garai latz eta gogor batean elkartasun kritiko eta iraultzailea eman ziona LABeko Biltzarrean aurkeztu zèn Ponentzia Alternatiboari, ez ados zeudelakotz, eztabaidaren alde agertu zirelakotz baizik. Jarrera ireki eta zabala ukan zuten Euskal Herriko iraultzaile eta abertzale ezkertiarren arteko elkarrizketa eta iritzi trukaketaren alde. Bihoakie hemendik gure esker ona eta estimua. Bistan da, gure blog zerrendan agertzen da, eta biziki gomendatzen dizuegu!

Blog honetan argitaratutako “Komunista iraultzaile baten dekalogo kritikoa” testua hara bidali genuen, eta bertan argitaratu zuten. Polemika, eztabaida eta elkarrizketa bizi-biziak sortu ziren blogean, gure ustez zinez interesgarriak. Horregatik erabaki dugu orri hauetara ekartzea.

Lehendabizi dekalogoa bera emanen dugu, eztabaidaren haria segitzeko, eta gero jendearen erantzun eta iruzkinak.

Hamar galdera egin beharrekoak
 
24 Martes jul 2012



Borroka garaia da! webgunerako kolaborazioa, egilea: Fermin Santxez

KOMUNISTA IRAULTZAILE BATEN DEKALOGO KRITIKOA

1.- Zein izanen da oraingo Ezker Abertzaleak maiz aipatzen duen Euskal Estatuaren klase izaera? Estatu burgesa izanen da? Langileena? Zein izanen da ekonomia kapitalistaren tokia hor?

2.- Zein izanen da balizko Euskal Estatu horren hizkuntza-egoera? Zein izanen da Euskararen estatusa hor? Irlandako bidea hartuko dugu? Egun hauetan azken inkesta soziolinguistikaren emaitzak agertu dituzte… Etnozidioaren egoeraz eta tamainaz ohartzen gara? Ipar Euskal Herria hiltzen ari zaigu begi aitzinean… eta hego Euskal Herrian, Gipuzkoa kenduta, egoera hobea da?

3.- “Europa” aipatzen denean, izendatze geografiko hutsaz ari gara? Ala kokatze politiko eta ekonomiko batez, hots, Europako Batasuna, ekonomia kapitalista eta inperialista, OTAN, MDF, eta abar? Zer nahi dugu izan, Arnaldoren azken elkarrizketak irakurrita? Luxenburg basko bat? Andorra txapelduna? Corporación Mondragon eredua Euskal Herri osorat zabaldu? Euskal Estatuko enpresek Txinako langileak esplotatuko dituzte? Indonesiakoak? Vietnamgoak? Dena “ad maiorem gloriam Euskal Herriae”?

4.- Zein izanen dira LABek aipatzen duen Estatu Sozialistaren ezaugarrikak? Nola egituratuko da? Zer da Estatu Sozialista bat izatea Sobiet Batasuna, Txina, Vietnam, Korea, Kubako esperientzien argitan? Sozialismoa herrialde bakar batean posible dea? Nola? Zein dira trantsizio sozialistarako bideak XXI. mendean? Gure helburu estrategikoa Sozialismoa da, ala Komunismoa? Ekosozialismoan kokatzen gara? Deshazkundean?

5.- Zein da LABek eta oro har oraingo Ezker Abertzaleak proposatzen duen estrategia Estatu Sozialista hori erdiesteko? Iraultza Sozialista beharrezko izanen da? Nolakoa? Zergatik ez da hitz hori nehoiz aipatzen? Zergatik ez da Euskal Herri Langilea erramoldea sekulan erraten? Zergatik erabiltzen dira behin eta berriz burgesiaren hizkera hiperideologizatuak: “gizartea”, “hiritarrak”, “arduraz jokatzea”, eta abar? …

6.- Zein da oraingo Ezker Abertzaleak aipatzen duen “Iraultza demokratikoa” kontzeptua? Nola uztartzen da Espainiako Monarkia borboniko eta Frantziako V Errepublika jakobinoarekiko haustura demokratikoarekin? Zer egiten dugu bi Konstituzio kapitalista eta etnozidekin? Guri bortz axola? Haiek indargabetuko gabe gure Nazio proiektua egingarri dea?

7.- Mitchell senatari estatubatuarraren biografia politikoa ezagutzen du oraingo Ezker Abertzaleak? Militantziari helerazi zaio nor den benetan Mitchell jauna? Uste dute bere printzipioak neutroak direla duela 60 urte Euskal Herri Langileak abiatu zuen nazio askapen prozesuarekin? Ezagutzen ditugu inperialismo anglo-saxoiaren plangintzak eta egitasmoak? Jose Antonio Agirrek bereziki eta PNVk oro har II Mundu Gerran egindako aliantza politiken bilan historikoa egin dugu? Berriz errepikatuko ditugu akats berberak? Ingelesak eta estatubatuarrak hainbertze kanbiatu dira 70. urte hauetan?

8.- Zer bilan historiko egiten dugu Irlandako esperientziaz? Maila politikoan, linguistikoan, ekonomikoan… Zein da hango “peace process”i buruzko balantzea?

9.- Haratago, zer bilan historiko egiten ahal dugu munduan zehar gertatu diren negoziazio prozesuez? Ertamerika, Hegoafrika, Irlanda, Nepal… Nazio Askapen mugimenduak indarturik irten dira prozesuetatik? Iraultzak piztu dira ala itzali? Negoziazioa ez al da izan Inperialismoak maisuki erabili duen estrategia Herri Langileen borrokak zapuzteko?

10.- Kapitalismo Inperialistaren krisi global honetan, hats handiko eta uhin luzeko ateka dela jakinda, eta III. Mundu Gerran sartuta gaudela oharturik, zein da Euskal Herriaren tokia? Zein da Euskal Herri Langilearen kokapena? Zeren eta noren alde/kontra jokatuko dugu? Egoera geopolitiko honetan zein dira gure aukerak Euskal Herri independente, sozialista, birbatu eta euskalduna eraikitzeko? Eta nola?

 
Autoreak egiten dituen galdera asko zeharka Ezker Abertzalearen estrategia berriarekin lotzen ditu. Ni ez naiz gai batere gai sentitzen botatako galdera askori erantzuteko.
Ezker Abertzaleak orain dela 2 urte arte eramandako estrategiaren barnean egongo bagina idazleak izango al lituzke bota dituen galderentzako erantzunak?
Indefinizio, kezka eta zalantza guztiak Ezker Abertzalearen estrategia berriari zor al zaizkio?

 
Aupa! Fermintxo naiz, “autorea”, zuk erraten duzun bezala. Arrazoi duzu neurri handi batean, indefinizio estrategikoa beti egon da Euskal Nazio Askapen Mugimenduan, lehengo garaietan ENAM (Espainolez MLNV-Frantsesez, MLNB) deitzen genuèn hartan. Nahiago dut izendapen hori, Ezker Abertzalea baino. Eta zuk aski ongi diozun bezala, estrategia berria dagoenez, hots, eten eta haustura estrategiko bat izan denez, nahiago dut “lehengo/oraingo Ezker Abertzalea” erramoldea erabili. Dena eztabaidagarria da, bainan hauek dira ene izendapenak.

Umore bako iraultza ... gorringo bako arraultza!!!

Seguraski, indefinizio teoriko eta estrategikoak saihetsezinak dira mugimendu iraultzaileetan, den-dena ezin da aldez aurretik lotu, eta errealitatea dialektikoa denez, etengabe ari da mugitzen eta eraldatzen. Hain zuzen ere, hori da eztabaida eta formazio teoriko-ideologikoaren garrantzia: etengabeko gogoeta piztea, etengabeko kritika/autokritika bultzatzea, eta etengabeko diskusio taktiko eta estrategikoak sustatzea. Nire kasuan, hamar galdera hauek egiten dizkiot oraingo Ezker Abertzalearen estrategiari, baina bistan da, lehengo estrategiei ere egin behar zaizkie! Jakina! Kontua da euskal iraultzaile gisa lehentasuna oraingo koiuntura nahasian dugula, ez duzu uste? Gure iragana kritikoki aztertzea ezinbertzekoa dugu, bistan da, bainan oraina, gaur egungo egoera da irauli behar duguna. Biak elkarren osagarriak dira, noski, baina batak prioridadea du, zalantza izpirik gabe, ene ustez.


Afera pertsonal bat: hamar galdera hauek erabat autokritikoak dira, nire praxi militante osoa (1984an sartu nintzen ENAMen, HBko kide gisa…) kuestionatzen eta zalantzan jartzen duena. Eta noski baino noskiago, ezagutzen nautenek badakite hanka ederki sartu ohi dudala aunitzetan! Kontu jakinak dira, bainan aldi berean erran beharrekoak…

Hori bai, nire ustez, 1958-1978 urteetan ildo batzuk argiago zeuden: iraultza sozialistari zegozkion guztiak, adibidez. Bainan ez ziren argitu bapatean, mirari batez, zerutik etorritako aingeru baten ahotsez, baizik eta gogoeta eginez, idatziz, eztabaidatuz, aunitzetan liskartuz, eta behin baino gehiagotan zatituz. Hori da gure historia eta denetarik dago hor: ona, txarra, okerrena eta hoberena. Kontu batzuetan, Euskararen eta berreuskalduntzearen alorrean, adibidez, hagitzez argiago dago praxia (teoria + praktika) orain, duela hogei-hogeita hamar urte baino. Horretan aurrerapausoak nabariak eta garrantzitsuak izan dira. Dialektika, dialektika eta berriz ere dialektika! Ezin da Marx ulertu Hegel serioski eta sakonki estudiatu gabe… Bainan oraingo Ezker Abertzalean Marx irakurri-estudiatu-eztabaidatu egiten da? Lehen gutti, bai, bainan orain? Gainontzeko komunista iraultzaileak ahantzi gabe: Engels, Rosa Luxemburg, Lenin, Korsch, Pannekoek, Trotski, Stalin, Lucaks, Mao, Gramsci, NIn, CHE… “Nazio Askapenerako Euskal Erakunde Sozialista Iraultzailea” … sozialismo iraultzailea izan da orain arte gure definizio teoriko-ideologikoa. Oraingo estrategia berria sozialismo iraultzailearekin uztartzen da?


 
1979-2009 urteetan aldaketa taktiko eta estrategiko luze eta paulatinoa gertatu zen, negoziazioaren bidean sartu ginelakotz, planetako Nazio Askapen Mugimendu gehienak bezalaxe. Eta horretaz bilan historiko bat egin behar dugu, ez duzu uste? Eta horregatik egiten da 9. galdera. Nik neurea egin dut, prefosta, eta hortik irten da dekalogo hau. 1967an, CHE Bolivian hil zutelarik, ildo estrategiko bat indargabetu zen, eta bertze bat, Sobiet Batasunetik zetorrena, alegia, negoziazioaren estrategia, “elkarbizitza baketsua”ren ildotik (espainolez, “la coexistencia pacífica”;Frantsesez “la coexistence pacifique”) abiatu zen. Badakigu zer pentsatzen zuen CHE Guevarak honetaz guztiaz, eta nire ustez, denborak, hots, praxiak, arrazoia eman dio goiti-beheiti. Jakina, hori egin beharreko eztabaida bat da. Egin dugu? Horregatik idatzi dut dekalogoa, eztabaida gure artean pizteko.

 
Azkenik, bainan ez azkena: zure galderei isilpeko arrazoi bat darie, nire ustez. Hau da: “indefinizio hauek beti egon direnez, afera ez da larria. Fermintxok ez zuen tutik ere erraten lehen, estrategiarekin ados zegoelakotz, bainan orain erabat kontra dagoenez… Estrategi berriak bi urte bakarrik dituenez…” Laburbilduz: dekalogoari erantzuteak ez du merezi. Ez du merezi burua hausten ibiltzeak. Eztabaida sakon eta mamitsu horietan sartzea, zertarako? Lehen ere arazo horiek baziren, baina Fermintxok ez zuen fitsik erraten, beraz…

Nire erantzuna: haustura estrategiko erabakiorra gertatu da Ezker Abertzalean, Mitchell printzipioak Altsasuko prentsaurre tamalgarri hura egin zenetik (data zehatz bat aipatzearren) eta ez da taxuzko eztabaidarik izan. Ni ez nago oraingo estrategiarekin bat ere ados, Euskal Herri Langilearen borroka independentista eta sozialista (hau da, iraultzailea) Sistema kapitalista eta inperialistan zeharo integratzera eramaten duelakotz. Beraz, galderak plazaratzen ditut oraingo Ezker Abertzaleko militanteek (nahi dutenek, bederen) eztabaida estrategiko hori egin dezaten, nahi duten bezala, eta nahi dutenekin. Jakina, galdera hauei erantzunak baditut, neureak, pertsonalak. Ez ez dut uste zure gustokoak izanen zirenik. Bainan hori bertze upeleko sagardoa duzu! 

Eztabaida teoriko-ideologiko eta taktiko-estrategikoa sustatzeko, eta hori gure hizkuntza nazional bakarrean egin ahal izateko, blog bat abiatu dut:
euskaliraultzasozialista.blogspot.com.es
Zure kritika guztiak (gogor eta gupidagabeenak barne), eta zer erranik ez, zure ekarpen eta iruzkin oro ongi etorriak izanen dira!
Izan ongi!

Adeitasunez,
Fermintxo.

3.- Anónimo:  25/07/2012 a las 19:05
 
Nik uste dut han dagoela koxka. Estrategia aldaketa egon da, inongo funtzezko eztabaidarik gabe (ez naiz ari zutik, mugarriz ala dena delakoaz, baizik eta estrategia hau aurrera eramatea erabakitzen den unetik). Benetan konturatzen gara zer nolako aldaketa eman den ezker abertzalean?…Eta orain zer? Sortu bezalako erakunde berriak, ondo. Banketxeak erre baino, okupatu, ondo ere bai.  

Hauteskundetan txapo eta gure alternatiba irudikatzeko milaka modu ta prentsaurreko, berriro ere ondo… Agian batzuentzat horrelakoetan hasi eta amaitzen dira eztabaidak baina ni, gutxienez, etorkizunari dagokionez, arras galdua nago.


Batzuetan pentsatzen dut eztabaida sakonetan murgiltzeko garairik onena ez dela (indar-metaketari mesede handia egiten ez baitiote), beste batzuetan ezjankintasuna handia dagoela, bestetan kortoplazoan aritzen garela…

Agian batzuek Sortun ikusiko dute nire kezka guztiak bideratzeko lekua. Baina nire kasuan zalantza handiak ditut horretan…


Agian gehiago itxaron behar dut ala dugu holangoan planteratzerakoan, batek daki! Ala askoz gehiago itxaroten badugu, jada beranduegi izango da, akaso?

 
Aupa laguna!

Arras galduta bazaude, irtenbiderik hoberena eztabaidatzea da, nahiago duzun jendearekin. Nik uste dut gehiegi itxaron dugula zinezko eztabaida taktiko-estrategikoa egiteko, eta bertze batzuk gure partez egin dutela, 2006az geroztik. Madrilgo epaiketan “lobby intergeneracional” bat aipatu zen, ez dakit metafota ote zen ala egia berdaderoa, batek daki. Bereziki hori erran zuenak, jakina. Berak argituko digu egunen batean, nahi badu, benetako eztabaida estrategikoa noiz, norekin eta nola egin zen. Eta bereziki nork erabaki zuen hau guztia.


Eta bai, tamalez eta zorigaitzez, uste dut beranduegi dela oraingo Ezker Abertzalearendako, kontu hauek guztiak lotuta daudelakotz, eta fini predikia. Horregatik LABeko Biltzarrean aurkeztu nuèn ponenztia alternatiboa (edota emendakin osoa, berdin dio) atzera bota zuten, ez Biltzarrean bertan, egin behar zen bezala, baizik eta lehenago, zentsuratuz, eztabaida sahiezteko, afiliazioa eta militantzia testu kritiko eta deserosoa ez banatzeko. Zer nahi duzu? Eztabaida beti izaten da deserosoa, inprebisiblea, nahasia… bainan ezinbertzekoa! Kontu jakina da: kontrol gabeko eztabaida ez zaio inoiz gustatu burokraziari, eta hori, XIX. mendeko alderdi sozialdemokratan, Alemanian (aupa Rosa Luxemburg eta Karl Liebknetch!); XX. mendeko alderdi boltxebikean, Sobiet Batasunean (aupa Aleksandra Kollontai eta Aleksander Shliapnikov!); eta jakina, XXI. mendeko Euskal Herrian… 

Bidenabar, erran dezadan niri ere egokitu zaidala burokratarena egitea maiz, AEKn bereziki (ezagutzen nautenak oroituko dira…), eta nire praxi horretaz arras iritzi autokritikoa dudala (bere garaian autokritika publiko eta kolektiboa izan zen, eta ondorioz, ardura guztiak utzi eta Euskarazko klaseak ematera joan ginen batzuk/asko, Nafarroan bereziki… bertze garaiak ote ziren? Ez dakit, bainan egin, egin genuen…)

Barkatu hain pelma (Pelma and Louise!) izateagatik, bainan eztabaidatu nahi baduzu, eta Euskaraz, prefosta, zabalik duzu ene bloga:

euskaliraultzasozialista.blogspot.com.es

Aunitzetan, gainera, euskaldunon artean eztabaida adeitsuagoa izaten da. Zorrotza, jakina, baina jendetasunez.

Besarkada bat, eta izan ongi! 

Fermintxo



iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina