BORROKA GARAIA DA!
EZTABAIDA BATEN OIHARTZUNAK (6)
Sortzen ari den eztabaida ezin interesgarriagoa
aprobetxatuz galdera bat egin nahi nuke, betitik ezker abertzaleari egin izan
diodan kritika-autokritika baten iturri baita: Nola bizi izan zenuten 80.
hamarkadan militante zinetenok ezker abertzaleak mugimendu eta batez ere
komando autonomoen inguruan zuen jarrera? (F. Aoizen deklarazioak Casasena
gertatu ondoren, pasaiako sarraskiaren ondoren grebari boikota egitea zenbait
herritan…)
Harrokeria... hitz horrekin erantzungo nizuke…
Beharbada ez da oso politikoa, edo ez dio erantzuten sakoneko azterketa
politikoari, baina nik, garai hartako militante bezala, hitz horrekin zehaztuko
nuke kontu horien ingurukoak… Harrokeria gure aldetik, ENAMeko kideon aldetik,
bai, baina harrokeria, baita ere, beste talde iraultzaileen aldetik. Mundua
jateko geneukan, arrazoia geurea zen, eta geurea bakarrik, eta.. eta hori…
baina badiotsut, hori alde guztietan ematen zen. HBn ginenok nagusi izateak
ematen zigun harrokeriarekin, eta talde txikiak, are harroagoak euren
txikitasunean. Casas zenaren kontrako ekintza aipatzen duzula, nire iritzia
emango dizut. Nirea da, ez dut beste inon ikusi baina gertatu zenean horixe
errotu zitzaidan erraitean eta horrela bizi izan dut ekintza hura geroztik.
Ekintza egina izan zen moduagatik, aukeratutako helburuagatik,
testuinguruagatik eta enparauengatik, HBren kontrako bezala hartu nuen nik
ekintza. Nik. Zergatik hori? Konbentzituta egon nintzelako, eta oraindik nago,
Herri Batasunak hauteskundeen eta instituzioetan parte hartzearen alde egindako
hautuaren kontra autonomoek ezker abertzalea borrokara berbideratzeko ekintza
izan zela. Ekintza-errepresioa-ekintza zurrunbilo horretan, argi dago etsaiak
nori egingo zion eraso ekintzaren ostean. ENAMeko jendeari. Eta errepresioak
eraginda, berriro “zinezko borrokabidera” bultatu beharko zuen ezker
abertzaleak, halabeharrez. Nik horrela bizi izan nuen ekintza. Pentsa, uste
horiek nagusi nituela, zer pentsa nezakeen nik autonomoen inguruan. Ez ditut
gogoan Aoizen orduko hitzak, baina… apustu egingo nuke bere horretan hartu
nituela haintzat… Urteek ematen duten patxadarekin gauzak neurtuta, benetan
diotsut berdin-berdin pentsatzen jarraitzen dudala, ekintza hura, zeharka
jakina, HBren kontra zuzendua izan zela. Inoiz aipatu izan dut uste hori
kideekin eta guztiek esan izan didate oker nengoela. Burugogorra naiz…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina