LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/26

Gaur egungo Ezker Abertzalearen kritika (3)


NOR DA MITCHELL SENATARIA?


Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera, guk bederen, 2009ko azaroaren 14an kokatzen dugu, data mugarri gisa. 

Oraingo Ezker Abertzalearen sorrera oso prozesu luze, dialektiko eta korapilatsua izan da, eta ez da erraza “lehengo” eta “oraingo” Ezker Abertzalearen artean etena noiz gertatu zen. Bertzeak bertze, gaur egun bere baitan hegemonikoa den sektoreak bereak eta bi egin baititu haustura teoriko-politiko-estrategiko larri hau ezkutatzeko.

Korronte honek gidatzen du gaur egun Ezker Abertzalea. Jakina, Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren baitan betidanik existitu den korronte abertzale-erreformista eta sozialdemokrataz ari gara, zeinak klase baten frakzioa ordezkatzen duen: Euskal Herriko burgesia txikia, independentista edota subiranista, Kapitalismoa “ezkerretik” kudeatzearen aldekoa (beraz, sozialdemokrata), identitatez baskoa edota euskalduna (bietarik baitago, hala linguistikoki nola kulturalki ere). 

Korronte hau Herri Batasunaren sorreratik izan da ENAMen, eta ez zen inolaz ere desagertu Aralarren zatiketarekin. Aitzitik, erran daiteke Aralarrekin elementurik likidazionistenak, sozialdemokratenak, burgesia txikiaren sektorerik agerikoenak joan egin zirela, baina barnean gelditu zirela, isilean eta gorderik lanean, Arnaldo Otegik modu paradigmatikoan ordezkatzen dituen sektore sozialak. 


Sektore sozial horiek badute beren klase-proiektua, burgesia txikiarena, independentismo burges utopiko eta anakronikoa: “Euskal Estatua” edota, guk nahiago dugun bezala, “Estatu Baskoa”, zeren aspaldian Joxe Manuel Odriozolak maisuki frogatu zuen bezala, Ezker Abertzalearen nazio-paradigmatik atera daitekeen bakarra Irlandako etnozidio zipaioa da. 

Sektore sozial hori izugarri indartu zen Lizarra-Garazi garaian Alternatiba Demokratikoaren irakurketa erreformista eta burgesa eginez (bazegoen bertze irakurketa bat, iraultzailea, tamalez nagusitu ez zena...). Korronte hau emeki emeki eta urtez urte nagusitasuna erdietsiz joan zen, eta Loiolako prozesuan erabateko hegemonia estrategikoa eskuratu zuen. ENAMen baitan noraeza estrategikoa zegoelarik, Euskal Iraultza Sozialistaren oinarri eta printzipio guztiak herdoilduta eta lausoturik, korronte honek bazuen taktika eta estrategia garbia, eta zorrozki abiatu zuen. Prozesu erreformista eta likidazionista honen gailurra, 2009ko azaroaren 14ko prentsaurreko tamalgarri eta lotsagarri hura izan zen.

Egun horretan, eta barne eztabaida oraindik zabalik zegoela, modu unilateral batean, ordura arteko ENAMeko militante talde zabal eta handi batek prentsaurreko bat egin zuen Altsasun. Bertan, historikoki urte luzez mantendutako estrategia zein printzipio politikoak baztertu eta aldatu zituzten, guk dakigula inorekin kontatu eta kontsultatu gabe, eta Mitchell printzipioak onartu zituzten. Erabateko lurrikara estrategikoa, eztabaida amaitzeko oraindik hiru hilabete falta zirela. Hurrengo gertakariak burdinazko logika horren baitan kokatzen dira eta denondako jakinak dira. Gehienak, bederen. 

Aunitzetan ez da aipatzen aldi berean, Venezian izandako nazioarteko bilkura batean, orduko Ezker Abertzaleak gauza bera adierazi zuela. Egunen batez jakinen ditugu adierazpen koordinatu hauen xehetasun bitxi eta esanguratsuak. 


Zinezko eta benetako “Estatu kolpeaz” mintza gaitezke, ENAMeko erakunde eta antolakunde guztien gainetik pasata, “lobby intergeneracional” batek egin zuena. Madrilen egin zèn epaiketa gogoangarri hartan agertu ziren xehetasun gehienak, nor ziren delako “lobby” horretan ari zirenak (batzuk, gutxienez), zertan aritu ziren eta nola erdietsi zuten Ezker Abertzalearen “Titanic” (sic!!!) biratzea. Noren alde eta norantz? Nork bere iritzia ukanen du.

Bertze lan batean funtsezko agiri ezin garrantzitsuago horren azterketa xehea eginen dugu, oraingo Ezker Abertzalearen ideologiaren kritika sistematikoaren baitan. Baina gaurkoan, prentsaurreko horren mamiaz eta ardatzaz informazioa eta argibideak eman nahi ditugu. Zeren eta han izan zirèn gehienek, oker ez bagaude, ez baitzekiten ia tutik ere Mitchell senatari estatubatuarrari buruz, eta hagitz gutti bere printzipioez. Alta, gizon famatu honi buruzko informazioa erdiestea aski erraza da, aise egiten den zerbait. 

Hutsune hori betetzera heldu da artikulu hau, euskal militante iraultzaileek beren iritzia hobeki osa dezaten.

George John Mitchell

 

George John Mitchell, Junior, 1933ko abuztuaren 20an sortu zen Watervillen, Estatu Batuetako ipar-ekialdean kokatuta dagoen Maine estatuan. 79 urte bete berriak ditu, beraz. Gaur egun Barack Obama Esttau Batuetako lehendakariaren bidali berezia da Ekialde Hurbilean. Estatu Batuetako Alderdi Demokratako kide esanguratsua da. Estatu Batuetako Senatuko gehiengoaren bozeramalea izan zen sei urtez, 1989tik 1995era. 

2004ko martxotik 2007ko urtarrilera arte, The Walt Disney Companyko presidentea izan zen. Negozio munduan, multinazional askotan aritu da lanean: Federal Express Corporation, Xerox Corporation, Unilever, Staples, Inc., Starwood Hotels and Resorts eta The Boston Red Sox baseball Team. Nazioarteko abokatu bulego bateko zuzendaria izan zen: DLA Piper, harik eta Ekialdeko Bidali Berezia izendatu zuten arte. Belfasteko Queen Univertsityko errektorea izan da, 2009ra arte eta protagonismo berezia izan zuen Irlandako “peace process” delakoan.


Mitchell senatariaren aita, George John Mitcheel Senior, jatorri irlandarrekoa zen, eta erlijioz katolikoa. Libanoko familia kristau maronita batek adoptatu zuen. Kristau maronitak Ekialdeko kristau arabiarrak dira, Eliza Katolikoaren baitan daude, bainan autonomia gorde izan dute mende mende. Arabieraz eta arameraz (Nazareteko Jesusen ama-hizkuntza) mintzatzen dira, eta gehienbat Libanon, Sirian eta Palestinan bizi dira. Diaspora oso garrantzitsua dute Frantzian, Australian, Kanadan, Mexikon, Brasilen, Argentinan, eta Estatu Batuetan. 

Mitchell senatariaren ama, Mary Saad, libanoarra, 18 urterekin iritsi zen Estatu Batuetara, eta ehungintzako langilea izan zen. Bere aita ikastetxe bateko atezaina izan zen. Senatariaren hezkuntza, beraz, kristau maronita izan da, hots ekialdeko katoliko arabiarrena.

George John Mitchell 1954 bukatu zituen ikasketak Bowdoin College Unibertsitatean, eta Estatu Batuetako Armadan sartu zen, bi urtez. Tenientea izan zen (First Lieutenant), Inteligentzia zerbitzuetan, hain zuzen, non eta Gerra Hotzeko garaiko Berlinen... 1961ean Zuzenbide ikasketak amaitu zituen Georgetown Unibertsitatean. 

File:George John Mitchell.jpg

1960-1962 urteetan abokatu lanetan aritu zen Administrazio Federalean, Wasingtonen, eta 1962-1965 urteetan, Edmund Muskie, Maineko senatariaren aholkulari exekutibo gisa lan egin zuen. 1965-1977an abokatua zen Portland hirian, Mainen beti ere.

1974an Alderdi Demokrataren izenean aurkeztu zen Maineko gobernadore izateko, bainan hauteskundeak galdu zituen hautagai independente baten kontra. Hala ere, Jimmy Carter presidenteak Maine fiskal izendatu zuen 1977an, eta 1979ra arte horretan aritu zen, harik eta Maineko epaile federal izendatu zuten arte.

1980ko maiatzean Maineko senatari izendatu zuen estatu horretako gobernadoreak, Edmund Muskiek senatari postuari uko egin ondoren, Estatu Idazkaria izateko. 1982an hautatu zuten hauteskundeetan, eta berriz ere 1988an, oraingo honetan botoen % 81ekin. 

Estatu Batuetako Senatuan kargu eta ardura handiak izan ditu. 1988-1995 urteetan Alderdi Demokratako senatarien liderra izan zen. Bere ardurapean, Estatu Batietako Senatuak onartu zituen North American Free Trade Agreement (NAFTA) ituna, eta Merkataritzaren Mundu Erakundea (ingelesez: World Trade Organization edo WTO).

Senatua utzi ondoren, goi mailako abokatuen bulegoetan aritu da: Verner, Liipfert, Bernhard, McPherson & Hand, Washingtonen, Preti, Flaherty, Beliveau, Pachios, Orlick & Haley, Mainen, eta DLA Piper, mundu mailan.

1995ean Irlandako gatazkan inplikatzen hasi zen, zehazkiago okupatutako Sei Konderrietan (“Northern Ireland” terminologia inperialistan, “Ipar Irlanda”, alegia, blog honetako bertze sarreran (“Bobby Sandsen biografia (2), hain zuzen ere) erakutsi eta frogatu dugu termino hori erabat faltsu eta koloniala dela) Estatu Batuetako Bidali eta Bitartekari berezi gisa aritu zen. Batzorde batean aritu zen buruzagi, printzipio politiko batzuk adosteko, zeinak Irlandako alderdi eta indar politiko guztiek onartu behar zituzten. Geroago, 1998ko Ostiral Sainduko hitzarmenaren sinadura gidatu zuen. 2001era arte Irlandako “bakegintza” inperialean murgildurik izan zen.

File:Clinton Netanyahu Abbas Mitchell 2 Sep 2010.jpg

Ondoren, 2000an, Bill Clinton Estatu Batietako lehendakariak Ekialde Hurbileko gatazkari buruzko txosten bat egitea agindu zion. 2001ean argitaratu zuten bere ikerketa, beti ere Estatu Sionistaren kolonizazio estrategiaren aldekoa, bainan “itxura demokratiko eta moderatuarekin”.

2009ko urtarrilaren 22an, Barack Obama lehendakariak eta Hillary Clinton estatu Idazkariak Ekialde Hurbilerako Bidali Berezi izendatu zuten George J. Mitchell. Bake Inperiala antolatu nahian, eragile “guztiekin” elkartu zen, salbuespen nabari batekin Hamas, Gazako zerrendako alderdirik bozkatuena. “Terroristak” omen ziren. Alta, ez zuen inolako arazorik izan Estatu Sionistako lehendakaria zèn eta den Benjamin Netanyahurekin elkartzeko.

File:NetanyahuMitchell.jpg

2011an erretiroa hartu zuen eta bizitza pribaturat itzuli zen. Baliteke horrek 2007an diagnostikatu ziotèn prostata-minbiziaren ondorioz izatea, edota bere adinarengatik ongi merezitako erretreta hartu izana. Dena den, Kapitalismo Inperialistak zerbitzari argi, leial eta eraginkorra izan du. 

26 urtez ezkonduta egon zen Sally Mitchellekin eta 1987an dibortziatu ziren. Alaba bat dute, Andrea. 1994an Heather MacLachlanekin ezkondu zen, zeinarekin seme bat duen, Andrew. 


Hona hemen berak idatzitako liburuak:

  • Mitchell, George J., with William S. Cohen. Men of Zeal: A Candid Inside Story of the Iran-Contra Hearings . New York: Viking, 1988.
  • Great American Lighthouses (1989)
  • World on Fire: Saving  an  Endangered Earth (1991) 
  • Not For America Alone: The Triumph of Democracy and The Fall of Communism (1997)
  • Making Peace (1999 — 1ª edición de 2000)
Bere biografia:

  • Gould, Alberta. George Mitchell: In Search of Peace. Farmington, Maine: Heritage Pub., 1996.

 

Mitchell Printzipioak


Mitchell Printzipioak Irlanda eta Britainia Handiko gobernuek eta Inperio Britainiarrak okupatutako Sei Konderrietako alderdi gehienek onartutako oinarrizko sei arau dira. Printzipio hauek  Sei Konderrien inguruko negoziazio prozesuan parte hartzeko oinarriak izan ziren. Negoziazioetan parte hartu nahi zuten guztiek honakoa beteko zutela argi utzi behar zuten:

Negoziazioetan parte-hartzaile diren guztiek honakoa beteko dutela berretsi behar dute: 

a) Gatazka politikoak konpontzeko bide baketsu eta demokratikoak baino ez erabiltzea.

b) Talde paramilitar guztiak desarmatzea.

c) Ados egotea desarme hori batzorde independente baten egiaztapenaren eskuetan egotearekin.

d) Euren kabuz indarra erabiltzeari edo indarraren erabileraren mehatxuari uko egitea eta besteek erabiltzen badute aurka egotea eta alderdi guztien arteko negoziazioak horrela bultzatzea.

e) Alderdi guztien arteko negoziaketaz lorturikoa errespetatzea eta bakarrik bide demokratiko eta baketsuak erabiltzea adostasunean ez dauden puntuak aldatzen saiatzeko.

f) “Zigorrezko” erailketa eta jipoiak gelditu eta horiek gelditzeko bideak hartzea.

(Report of the International Body on Arms Decommissioning, 22 January 1996)

Sinn Féin alderdiak hau onartu zuenean, Mugimendu Errepublikar osoaren oniritzia izan gabe,  kritika larriak jaso zituen beste errepublikar batzuen aldetik eta banaketak egon ziren alderdiaren barruan eta IRAren baitan ere, nahiz eta gehiengo zabalak Sinn Féinen eta Mugimendu Errepublikarraren barruan jarraitu zuen. Uste dut honekin dena erranda dagoela.


Militante iraultzaile bakoitzak bere iritzia osatuko du datu eta data hauek jakitean.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina