LEHEN ORRIALDEA

Euskal Iraultza Sozialistaren bidean...



Aupa denok! Ongi etorri!

Blog honen helburua Euskal Iraultza Sozialistaz gogoeta eta eztabaida egitea da.
Karl Marx militante komunista iraultzailearen esaldi maiteen bidean kokatzen gara:
"De omnibus dubitandum" : "Guztia zalantzan jarri"
"Nihil humanum a me alienum puto": "Humanoa den ezer, ez dut arrotzat jotzen".

Iritzi eta gogoeta guztiak, ados egon ala ez, ongi etorriak dira, adimen kolektiboa eztabaidatuz eraikitzen baita.
Baldintza bakarra: irainak eta zakarkeriak ez erabiltzea, eta eztabaida datuz eta dataz, arrazoiz zein argudioz egitea, jendetasunez eta adeitasunez.
Oroz gainetik, geure egiten dugu XVI. mendeko komunista iraultzaileen oihua:

OMNIA SUNT COMMUNIA!!!

2012/08/04

Eireko albisteak : blokeo informatiboa hausten (2)


THIOCFAIDH ÁR LÁ! (2)
PRESO POLITIKO IRLANDARRAK BORROKAN (1)

  
Ahaire delizius huntan bi bertset nahi tüt khantatü
                    Ene bizitzea mulde gaitza mund’orori deklaratü
                    Ihun sos bat ebatsi gabe, ez eskandalik txerkhatü
                    Hamar urtheren galeretan nahi ükhen naie sarthü”




Gaur egun 65 (bai, ongi irakurri duzu, laguna, hirurogeita bortz!) preso politiko irlandar daude, errepublikarrak, Irlandako espetxeetan: Portlaoise-n eta Maghaberry-n. Irlandatik kanpo Estatu Frantsesean eta Lituanian ere badira gatibuak.

 

Haien egoera eta bizi baldintzak gero eta gogorragoak dira, miaketa integralak jasaten baitituzte, biluzte osoak, alegia. Hori estrategia errepresibo britainiarra da haien duintasuna eta nortasun politikoa hausteko. Umiliazio bortitz horri uko egiten diotelarik, jipoituak izaten dira, eta zenbait egunez ziegatik irten gabe egotera zigortuta. Horren kontra, Maghaberry presondegian bereziki, zikinkeria greba egiten ari dira, pasa den mendeko 80. hamarkadan Bobby Sands-ek eta bere burkideek ere egin zuten bezalaxe. Zein izanen da haien erresistentzia heroikoaren hurrengo urratsa? Bertze gose greba bat bururaino?


Albiste eta informazio hauek ez dira Euskal Herrirat maiz iristen, interes politiko izugarriak baitaude jokoan: inperialismo sionistak eta anglosaxoiak bultzaturiko “peace proces” horien lilurakeria eta ameskeria kolektiboen legitimitatea zein errealitatea kolokan jartzea, alegia. Eta III. Mundu gerran sarturik garela (sartu gaituztela), bake faltsuaren gezurra zabaldu eta hedatu behar da Europako Herri Langileen kontzientzia, inperialismo kapitalistak mundua su eta gar menderatzen duen bitartean: Afganistan, Irak, Palestina, Libano, Libia, Siria ... 


Presoen artean, badira, Euskal Herrian bezala, bere larritasunarengatik nabarmentzen diren kasuak: Marian Price (eri eta gaixo, pneumoniak jota, berriki ospitaleratua eta egoera ezin larriagoan), Gerry McGeough (hau ere gaixorik), Brian Shivers (eri hau ere),  eta Martin Corey, adibidez.

   



 

Euskal Herrian ez dakiguna da ez zela amnistarik izan Irlandan, eta bereziki okupatutako Sei Konderrietan: presoak kalera joan ziren baldintzapean, edota baimenaz, eta “arrisku publikoa dakarren jarduera politikoa” burutuz gero, berriz espetxeratzen ahal zituela Botere kolonial britainiarrak. Eta halaxe gertatu da behin baino gehiagotan. Bake faltsuaren aurka agertu izan diren preso politiko errepublikarrak berriz ere atxilotuan izan dira, eta gartzelarat eramanak. Ez borroka armatuan berriz aritzeagatik, ez! Baizik eta jarrera militante kritiko eta koherentea aitzina eramateagatik. “Disidenteak” haien hizkera ustelean. Guk benetako errepublikarrak, zinezko abertzale irlandarrak eta egiazko sozialista iraultzaileak direla aldarrikatzen dugu, gezurtero eta manipulatzaile politikero guztien aurka!

Bitartean, Armada Britainiarrak 5000 soldadu mantenzen ditu Sei Konderrietan, Aire eta Itsas Armadetako efektiboak kontuan hartu gabe. Britainia Handiko zerbitzu sekretuek, aldiz, MI5, alegia,  400 kide inguru ditu.

Bitartean, Sinn Fein probisionaleko arduradunek, Gerry Adanms eta Martin McGuinness buru, Britainia Handiko erreginari eskua ematen diote, edota erresistentzia armatuko kideak salatzera animatzen dute Irlandako Herri Langilea, edota eguneroko hamaika mila jarduera kolaborazionista egiten dituzte. Den-dena, “peace process”-aren izenean, prefosta! Doinu horretan Euskal Herrian ere batzuk ederki ikasi dute kantantzen eta abesten azken hilabeteotan. Ez dea hala?


Gaur kasu larri eta paradigmatiko bat ekarri nahi dugu orriotara: Marian Price militantearena.

Marian Price 1954an sortu zen eta 58 urte ditu gaur egun. IRAko militante historiko baten alaba da Albert Price. Ezkondu ondoren, Marianek  McGlinchey abizena ere erabili izan du, bere senarraren deitura.

1973ko martxoaren 8an atxilotua izan zen Ingalaterran, Dolours Price bere ahizparekin batera. Egun hartan bertan IRAk ofentsiba gogorra burutu zuen Inperio Britaniarraren bihotzean: Londresen, The Old Bailey ( Epaitegi kriminal zentrala eta Gobernuren eraikina) eta Whitehall (Armada Britaniarraren errekrutamentu egoitza)  lau bonba autoz erasotuak izan ziren: 200 zauritu eta gizon bat hilda, bihotzekoak jota. Ekintza izugarriak Ingalaterrako hiriburuan.


Hamaika atxiloketa egin zituen Polizia Britainiarrak, haien artean Price ahizpak, Gerry Kelly eta Hugh Feeney, IRAko unitate militarreko arduraduna  ere. Marian eta bere ahizpak biziarteko bi espetxe-kondena hartu zituzten. Gerry Kellyk, orduan 19 urteko gazteak, bertze hainbertze. Hugh Feeney buruzagi militarrak, lau. Marian Pricek ere 19 urte bertzerik ez zuen. Dolours, bere ahizpak, eta Hugh Feeney-k berak, 22.

Espetxerat iritsi bezain laster gose greban hasi ziren militante guztiak, bortz eskakizunen inguruan:

         1.- Preso politikoaren estatusaren alde.
         2.- Beren jantzi zibilez beztitzeko eskubidearen alde.
         3.- Isolamendurat berriro ere eramanak ez izateko garantien alde.
         4.- Espetxeko lan ez egiteko eta ikasten aritzeko eskubidearen alde.
         5.- Irlandako espetxe batera eramanak izateko arrazoizko epe batean.

Gose grebak 200/205 egun iraun zuen. Gose grebaren 33. egunean presozainak bortxazko elikadura erabiltzen hasi ziren, eta tortura hau 167/170 egunetan zehar mantendu zuten, harik eta gose grebalari bat, 24 urteko Michael Gaughan, 1974ko ekainaren 3an, bortxazko elikaduraren torturapean hil zuten arte. Hurrengo artikulu batean Marian Priceren testigantza ezarriko dugu, bortxazko elikadura zer den, jatorrizko hizkuntzan, Ingelesez, eta Euskarazko itzulpenarekin. Horrekin batera, Michael Gaughan azken mezua ere bai.


Espetxetik irten zen eta 90. hamarkadan Sinn Fein-en politikaren kontra agertu zen argi eta garbi. Ortziral Sainduko Hitzarmenaz hauxe erran zuen: : "It is not, certainly not, what I went to prison for.". “Ni ez nintzen inolaz ere espetxera joan honen alde”. 

IRA eta Sinn Fein zatitu zirenean, berak “32 Konderrien Subiranotasunaren aldeko Mugimendua”n buru belarri sartu zen, Bobby Sandsen arrebarekin batera. Preso errepublikar irlandarren aldeko mugimenduko bozeramalea izan zen.

2009ko azaroaren 17an atxilotu zuten, 2009ko martxoan kaserna britaniar batean egindako ekintza batean (zeinean bi soldadu hil baitzituzten) parte hartu zuelako akusaziopean. 

2011ko maiatzaren 11an espexeratu zuten berriz ere, Owen Paterson “Ipar Irlanda”ko Estatu Idazkari britainiarrak bere baldintzapeko askatasuna bertan behar utzi zuelakotz. Arrazoia: Irlandako Aberri Egunean Benetako IRAk irakurritako agiria. Maian Pricek orriari eutsi zion IRAko sasitarrak dokumentua iraurtzen zuèn bitartean. Owen Patersonen ustez, Marian Pricek sortzen zuèn arriskua “handitzen ari zen”.


Marian Price isolamendu absolutuan eduku zuten Antrim konderriko Maghaberry presondegian 2011ko maiatzetik 2012ko otsailera. Orduan Hydebank espetxeko ospitalerat eraman zuten. Depresioak jota zegoen, isolamenduaren ondorioz. 2012ko maiatzean, Gerry McGlinchey, bere senarrak erran zuen bere izaera eta nortasuna hausteko zorian zegoela, itzuliezinezko puntuan.

https://blogger.googleusercontent.com/img/b/R29vZ2xl/AVvXsEhPo4Iu9qPFpAYFlwLUdyTXfP-et3qro6n7xDh2T3DojFMS-bpYmEIwSRH_LvdYHlsulyo7eMJVeL1T9KZK7ceTLUQTYcfITgSl6agQJ0DgS-a3BOtts7TuDUXq4f3JscZSdLGfiRX6VjM/s1600/INTERNEDISOLATED.jpg

Hilabete horretan bertan Derryko Epaitegiak bertan behera utzi zituen bere kontrako akusazio guztiak. Hala ere, Owen Paterson gobernadorearen manuz eta aginduz, gartzelan dute oraindik. Jauntxo feudal britaniar batek, “overlord” batek, legea egiten du, jaun eta jabe da Irlanda okupatuko Sei Konderrietan!

2012ko ekainaren 22an Marian Price Hydebank-eko espetxetik atera zuten eta Belfasteko hospital zibilerat eraman zuten, bere osasun egoera gero eta larriagoa zela ikusirik. Presozain britainiarrek zurezko taulez bere logelako lehioak bloketatu zituzten, harik eta mediku zen erizainek protesta biziak egin zituzten arte.


Gaur, 2012ko abuztuaren 4an, Marian Price, pneumoniak jota, oso larri, hilzorian dago Zaintza Berezietako Unitatean. 

Deialdi berezia egin nahi diot euskaldun iraultzaile eta iraultzaile euskaldun orori: mugi gaitezen Marain Priceren bizitza salbatzeko! Mugi gaitezen militante eredugarri, miresgarri eta koherente honen alde! Mugi gaitezen Irlandako abertzale, errepublikar eta iraultzaileek pairatzen duten blokeo informatibo imperialista hausteko! Zabal eta heda ditzagun informazio hauek Euskal Herrietako lau haizeetara!

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina